Tantaka TV: "Herrigintzako gaiak ez dira agertzen komunikabide hegemonikoetan"

  • "Telebista soziala", horrela aurkezten du bere burua Tantaka TV komunikazio-proiektuak. Barrikan bizi den Tamara de Graciak eta Eneko Calle urduliztarrak azaldu dizkigute haren nondik norakoak.

Hiruka .eus  |  Unai Brea @unaibrea
2019ko otsailaren 12a
Eneko Calle eta Tamara de Gracia, Tantaka TVren sortzaileetako bi (Argazkia: HODEI TORRES)

Euskadi-Cuba, Mugarik Gabe eta Duintasuna Eta Bakea gobernuz kanpoko erakundeak 2016an hasi ziren lantzen telebista bat sortzeko proiektua. Egitasmoa Eusko Jaurlaritzari aurkeztu zioten, baina orduko hartan ez zuten lortu behar zuten finantzazioa. Bai ordea 2017an. 2018 gehiena euren burua prestatzen eman zuten, eta azaroan hasi ziren edukiak sortzen, lau laguneko lantaldeagaz. Aurreikusitako programazioaren erdiagaz jarri ziren martxan, baina daborduko lortu dute parrilaren %100 osatzea. Hamaika Telebistak utzitako estudioak baliatzen dituzte zenbat saio grabatzeko. Zabalkunderako, berriz, Internet.

Argi zeneukaten proiektuak telebista izan behar zuela. Zergatik?

TAMARA DE GRACIA: Ikusten genuelako gure arloan ez zegoela halakorik. Badaude gauza batzuk Ahotsa.info-n eta beste batzuetan, baina horiek gaurkotasunari jarraitzen diote. Guk bideoteka bat osatu nahi genuen... Tira, hori ere ez da, baina kontua da momentuz ez dugula gaurkotasuna jorratzen; hamasei saio daukagu, baina atenporalak. Gazteei begira ere nahi genuen aritu eta haiei zuzendutako saio batzuk sortu ditugu. Egin ditugu elkarrizketa eta solasaldi burutsuak, sakonak, baina beste mota batzuetako saioak ere bai, umorezkoak, arinagoak...    

ENEKO CALLE: Hegemonikoekin konparatuta, herri-komunikabideek daukaten gauza interesgarri bat da herritarrak informazioa kontsumitzetik ekoiztera pasatzen direla. Guk hori egiten dugu, eta sarean ipini. Euskadi-Cubak egiten duen Cuba Información bada aurretik ere hedabidea, eta guk, Bakea eta Duintasuna eta Mugarik Gabe GKEok, lehendik ere egiten genituen ikus-entzunezkoak… Tantaka plataforma bat da horiek guztiak sarean jartzeko. Badaukagu esperientzia hedabide batzuekin elkarlanean, beraz…

Zuen gaineko informazioa bilatuz gero, "alternatibo" berba ageri da behin eta berriro, baita "kontrainformazioa" ere. Zelan interpretatzen duzue hori? Zer da alternatiboa?

T.D.G.: Hedabide hegemonikoek kontatzen ez dutena esatea, edo gustatzen ez zaigun moduan kontatzen dutena gure erara esatea. Batez ere, dakitenei hitza emanez. Jende aditua ekartzen saiatzen gara, baina guztiek ulertzeko moduko hitzak erabiliz, gai konplexuak gizarteari hurbiltzeko.    

E. C.: Azaroan Tantaka TV aurkeztu genuenean, herri-hedabide batzuetan galdetu ziguten "zergatik beste hedabide bat? Esaten duzue Ahotsatik, Hala Beditik, Arrosa Saretik, Argia-tik… ikasi duzuela, edota haiei begira sortu duzuela Tantaka, baina zergatik beste hedabide bat horiek egonda? Zer hutsune ikusi duzue horietan, Tantaka sortzeko?". Eta gure erantzuna izaten zen hutsunerik ez dugula ikusi, gu horiek osatzera gatozela batez ere. Guk ditugun harremanek, kontaktuek, ezagutzek… lagundu egiten digute horretan.  

Zuen elkarteek jorratzen dituzten gaietatik, zer isiltzen dute hedabide hegemonikoek?

T.D.G.: Ia dena, esango nuke. Baditugu bizpahiru saio kontrainformazioaz, bat Zentsurabideak izena duena. Zentsura jasan dutenei hitza ematen diegu horretan, hori ezinezkoa da komunikabide hegemonikoetan. Beste saio batean aztertu egiten dugu nola osatzen dira hedabideen botereak, argi dago haiek ez dutela hori inoiz kontatuko.    

E.C.: Esango nuke herrigintzarekin zerikusia duten gaiak ez direla agertzen komunikabide hegemonikoetan. Bilbori buruzko informazioa, komunikabide horietan, turismoa izango da, hiriaren garapena… Eta beste gauza asko kanpoan geratzen dira: testuinguruak azaltzea, gatazka armatuenak esaterako; multinazionalen boterea, nola multinazional horiek dauden hedabide hegemonikoen jabegoan sartuta erabat… Horietan ez duzu entzungo Iberdrolaren kontrako albisterik, eta Tantakan berriz, bai.    

T.D.G.: Telebista nagusiek emango dizute, beharbada, BBVAren kontrako urteroko ekintzaren berri, baina zergatia sakon azaldu barik. Eta gauza bera munduko gatazkei dagokienez: Sahara, Kurdistan... Oso konplexuak dira, eta jendeak izenburu nagusia baino ez dakizki horietaz. Gu 5-10 minutuko saioetan ematen dugu haien berri, datuekin, irudiekin...

Egin daiteke hori, 5-10 minutuan?

T.D.G.: Bai. Denbora horretan nahikoa irudi hurbila eman daiteke egoeraz. Jende asko ez da egoten prest Palestinari buruzko ez dakit zenbat orrialdeko txosten bat irakurtzen hasteko, baina modu horretan azalduz gero ikusi egingo du...

Hizkuntza aldetik zein irizpide duzue? Helburua elebidunak izatea dela irakurri dut inon.

E.C.: Ez ditugu kontuak egin orain arte. Otsailean izango dugu lehenengo ebaluazio-bilera Kontseilu Politikoarekin [ikusi azpiko testu gehigarria], eta hori izango da irizpideetako bat. Baina esango nuke elebitasunaren helburutik hurbil gaudela, uste genuena baino errazagoa izaten ari da euskaraz ekoiztea. Hala ere, oreka horren barruan, saiatzen gara gonbidatzen ditugun pertsonei adierazten Tantaka Telebistak duen abantaila bat dela Euskal Herrian jaio arren estatuan ere oso jarraitua dela, baita Latinoamerikan ere. Eta gai batzuk gazteleraz jorratu nahi ditugu. Esaterako, tortura. Badira gai batzuk Euskal Herrian beti euskaraz lantzen direnak, ETB1en baino agertzen ez direnak, eta badirudi ETB2 ikusten dutenei, erdaldunei, ez zaizkiela interesatzen.    

T.D.G.: Tortura bera, motxiladun umeak...    

E.C.: Badakigu ahalegina eskatzen diegula gonbidatu batzuei, euskaldunak izanda gazteleraz egiteko eskatzen diegulako, gero beste kanal batzuetan zabaldu ahal izateko.

Bilbon egiten da Tantaka, baina Euskal Herri osokoa izatea da asmoa, ezta?

T.D.G.: Hala Bedik oso ondo esan zuen hori bere buruaz eta ez dakit zergatik gu ez garen umilak horixe bera esateko. Hala Bediren ikuspuntua Euskal Herri osokoa da, baina Gasteizen dago eta, beraz, Gasteizko gauzak hurbilago dauzkate. Gu Bilbon gaude, baina Euskal Herri osoan gertatzen diren gauzak kontatzen ditugu. Orain Altsasukoaz dokumentala aterako da, joan gara irunera Fermin Muguruza elkarrizketatzera, egon gara Gasteizko Errekaleor auzoan… Joan behar dugun lekuetara joaten gara. Ezin gara egon denbora guztian Tuteran, baina saiatzen gara kontatzekoak diren gauzak kontatzen. Momentuz Iparraldea daukagu ahaztuta; egiteke dauzkagun gauzetako bat Kanaldude telebistarekin harremanean jartzea da…

Eusko Jaurlaritzak emandako diruari esker hasi zineten martxan. Horrez gainera badaukazue bestelako finantzazio-iturririk?

T.D.G.: Oraingoz ez. Publizitatea? Ez dugu pentsatu etorkizunaz. Oraingo finantzazioa abenduan amaituko da, eta gure asmoa beste urte birako eskatzea da. Baina oraintxe ez dugu gogoa horretan.    

E.C.: Hor badago tentsio bat. Herrigintzatik sortu diren hedabide gehienak autogestionatuak dira. Hor talka bat dago: GKEak, diru-laguntzak eta autogestioa. Umm, ikusiko dugu. Tantakaren Kontseilu Politikoan dauden eragile batzuek autogestioaren alde egiten dute, uste dute Tantakak bide hori egin beharko lukeela. Baina nola egiten duzu bideragarri holako proiektu handi bat? Eztabaida hori hor egongo da, beti existitu da herri honetan. Zer puntutaraino administraziotik diru-laguntza bat jasotzeak baldintzatzen duen hedabide bat… Momentuz askatasuna daukagu, baina tentsio hori egon badago.

 

Baloreak zaintzeko, Kontseilu Politikoa

Lau baloreren arabera definitzen du bere burua Tantaka TVk: feminista, internazionalista, plurala eta jasangarria. Ildo horiek betetzen direla behatzeko eta proiektuak izaera kolektiboari eusten diola ziurtatzeko, Kontseilu Politikoa sortu dute, hainbat hedabidek, elkartek eta kazetarik osatua. Besteak beste, Pikara Magazine, Ekuador-Etxea, Resumen Latinoamericano, Joxemi Zumalabe Fundazioa, Reas-Euskadi, Ernai, Ekologistak Martxan, Hala Bedi, Komite Internazionalistak eta Feministalde daude Kontseiluan.

 

Telebista egiten ikasi

"Borondatea, ilusioa eta gogoa dauzkagu, baina lantaldearen erdiak ez du izan kazetaritza edo komunikazioan eskarmenturik. Azaroan edukiak sortzen hasi aurretik formazio trinkoa egin dugu, lau urteko karrera egin dugu hiru hilabetean, kar kar. 2019rako erronketako bat da guk ikasitakoa beste herri-eragile batzuei irakastea, eurek euren saioak ekoiztu ahal izateko".

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!

Kanal honetan artxibatua: Hedabideak

Hedabideak kanaletik interesatuko zaizu...
2019-02-17 | Santi LeonÚ
GAIZKI ERRANKA
Ardi beldurtiak

“Independentismo katalanak faxismoa itzarri du”. Esaldi bakarrarekin, nola zuritzen diren jarrera batzuk, nola banatzen diren ardurak: faxismoa indar naturala da, lo arina duen dragoi bat, Katalunia aldeko aldarrikapen neurrigabeek zirikatu dutena. Gauzak nola kontatzen diren.


Ia bi urte ETBn euskarazko lehiaketarik gabe

Hogei hilabete joan dira ETB1ek azkeneko lehiaketa emititu zuenetik —Burubero fest, 2017ko ekainaren amaieran—. ETB3k saiakera lotsati bat egin zuen 3txulo jokoan lehiaketarekin, baina 2017ko irailetik abendura baino ez zuen iraun. Ez dago euskarazko lehiaketarik telebistan, eta horrek alboko kalteak ditu. Telesailen faltak dituen ondorioen aldean, ez dira hain agerikoak; baina oso kezkagarriak, edonola ere.


2019-02-11 | Berria egunkaria
Rebeka Calvo, Tolosaldeko Ataria
"Bost urteotan, laukoiztu egin dira webgunean dauzkagun bisitak"

Urrian bost urte bete zituen, eta asteon 1.000. zenbakia argitaratu du 'Tolosaldeko Ataria'-k. Calvok esan du gazteengana iritsi nahi dutela, eta horretarako webgunea eta izaera multimedia indartuko dituztela.


2019-02-10 | Santi LeonÚ
GAIZKI ERRANKA
94

Beldurrezko zineman maiz errepikatzen den pasarte batean, pertsonaia nagusiek zonbien –edo banpiroen edo gizotsoen– eraso baten aitzinean froga ezin argiagoak dituzten arren, hildakoak nola berpiztu diren eta beren lagun bat zonbi bihurtu ikusi arren, gelatik kanpo aldetik –gela batean baitira, ezin ihes eginez– atean pilatuta sartu nahian dabiltzan ez-hildakoen gose intziriak bertzerik aditzen ez duten arren eta oraindik bizirik daudenak auskalo norena den odoletan blai... [+]


2019-02-08 | ARGIA
'111' literatur aldizkaria argitaratzeari utziko diote, arrazoi ekonomikoengatik

Baliabide ekonomiko faltagatik, 111 literatur aldizkaria argitaratzeari utziko dio 111 Akademiak, prentsari bidalitako ohar batean jakinarazi dutenez.


2019-02-04 | Zuzeu
I˝aki Beraetxe: "ETBk Tele5 begiratu beharrean hobe luke TV3 begiratu"

Donostiako Loiola auzoko txoko batean jarri digu zita Iñaki Beraetxe (Donostia, 1963) aktore eta bikoiztaileak. Lan baldintza eskasak direla eta greba hasi duen Bikoiztaile Euskaldunen Elkarteko kidea da Beraetxe, Richard Gere, Jack Nicholson, Clint Eastwood, Merlí irakasleari edo Shrek berari ahotsa jarri diona, besteak beste. Zoritxarrez baina, bere ofizioa galtzear da, ETBk inoiz baino ordu gutxiago kontratatuko baititu aurten, inoiz baino prezio merkeagoan. Anjel Lertxundik... [+]


2019-02-03 | Santi LeonÚ
GAIZKI ERRANKA
Vox kritikatu baino lehen, oroit zaitez Telesforo Monzon matxiruloa zela

Ez da lehendabiziko aldia. Abenduan azaldu zigun Iñaki Iriartek, Diario de Navarrako iritzi sailean hain zuzen, ez dela egokia Vox alderdia faxisten zakuan sartzea. Terminologiaren aitzakian gauza funtsezkoagoren bat erakutsi nahi dutenen milikeria terminologikoarekin, Iriartek erraten zigun Voxekoen ideologia ez dela 20ko hamarkadako faxistena. Voxi faxista deitzea ez da historikoki zuzena; alderdia arrakasta izaten ari bada, zentro-eskuinean [sic] inor adieraztera ausartzen ez zen... [+]


2019-01-30 | ARGIA
'Gara'-k 3 milioitik gora ordaindu beharko dizkio Gizarte Segurantzari, Garzonek ezarritako zor bidegabearen erruz

Gara egunkariak bizi duen egoeraren berri eman du asteazken honetan. Egunkariak zor bidegabe bati aurre egin behar izan dio azken 15 urteetan, Egin-ek Gizarte Segurantzan ordaintzeko zeukana agindu judizial baten bidez egunkari berriari ezarri ostean. Orain, aurreakordio batera iritsi dira, zor hori kitatzeko.


2019-01-29 | ARGIA
Info7ren oinordekoak 'Naiz irratia' izena hartuko du

FM bidez zabalduko da irratia Euskal Herriko eremu zabalean. Emisio probak egiten ari dira.


2019-01-28 | Hiruka .eus
Uribe Kostako 'Hiruka' hedabidea babesteko deia egin dute

Zapatu goizean eman genion amaiera "Zu zara giltza!" HIRUKAren aldeko kanpainari, ekitaldi xume baten bidez. 50 bat lagun elkartu ziren Algortako Portu Zaharrean, komunikazio-proiektu honi babesa adierazteko asmoz, guretzat "hil ala bizikoa" izango den urte honetan. 


Eguneraketa berriak daude