Suzko arma derrigor eduki beharko dute udaltzainek, Udaltzainen Batzordeak Legebiltzarrean proposatu duenez

  • Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako udaltzainek erabili beharreko oinarrizko materiala zein den zehazteko irizpideen txostena aurkeztu dute. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak aurten egingo du dekretua, txostena oinarri hartuta. Egun, sei udaltzainetik bostek daramate suzko pistola.

Astelehenean aurkeztu du Udaltzaingoak Koordinatzeko Batzordeak oinarrizko materialen proposamena. / Argazkia: Eusko Legebiltzarra.

2023ko otsailaren 21ean - 13:14
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Udaltzaingoak Koordinatzeko Batzordeko lantalde batek astelehenean Eusko Legebiltzarrean proposatu du zirriborro bat, Segurtasun Sailaren dekretua egiteko oinarri izango dena. Bertan, erabaki dute Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako udaltzain guztiek suzko armak erabiltzea. 9 milimetroko Parabellum kalibreko pistola eguneroko lan materialaren parte izango da, eta gutxienez hamahiru tiro emateko karga izango du armak. Udala arduratu beharko da horiek emateaz.

Baldintza batzuk zehaztu dituzte dokumentuan: zerbitzuan daudenean soilik edukitzea; pistola erabiltzea udaltzainen edo besteen bizitza edota “herritarren segurtasuna arrisku larrian” dagoenean, eta “egokitasun, beharrizan eta proportzionaltasun” printzipioen arabera. EH Bilduko Julen Arzuaga legebiltzarkideak zalantzan jarri du ea zeren arabera erabakiko den “proportzionaltasun” printzipioa. Txostenean jaso dutenez, pistolak erabiltzea “muturreko neurria” izango da, eta ezingo dira tiroak zerura bota, esaterako, pertsonak intimidatzeko.

Segurtasun Sailaren arabera, EAEko udalerrien %80etan suzko armak dituzte udaltzainek, alegia, sei udaltzainetik bostek (2.750 polizia inguruk).

Udaltzaingoak Koordinatzeko Batzordearen helburua izan da adostea zein diren udaltzainen oinarrizko materialak, “baliabide teknikoak eta defentsarako materiala”. Irizpide bateratu horiek bete beharko lituzkete udal guztiek, eta gutxieneko material hori eskaini. Pistolez gain, material hauek proposatu dituzte: babes txalekoak, ebakien aurkako eskularruak, esku-burdinak, porra zurrunak edo zabaldu daitezkeenak, besteren artean.

Pistolak eramateko betebeharraren aurka

EH Bildu eta Elkarrekin Podemos suzko armak eramatea derrigortzearen aurka agertu dira. EH Bilduko legebiltzarkide Arzuagak ohartarazi du “kezkatzen” dituen gai bat dela, kontuan izanda EH Bilduk agintzen duen udal batzuetako udaltzainek ere suzko armak erabiltzen dituztela: “Irizpide argiak ezarri nahi ditugu”, argitu du.

Gogorarazi du Eibar eta Tolosan derrigortu egin dituztela horretara, auzitegietatik, eta berretsi du “udalen autonomia” babestuko dutela gai honetan. Aurkeztutako proposamenaren lanketan parte hartzeko oztopoak jarri dizkietela kritikatu du, eta ez dietela utzi euren iritzia ematen. “Udaltzaingoan ez dira suzko armak orokortu behar”, salatu du.

Podemoseko legebiltzarkide Gustavo Angulok ere zalantzan jarri du udaltzain orok pistolak eramatea, eta kritikatu du gaiaren inguruan “gardentasun falta” egon dela. Eskatu du udal bakoitzak erabaki dezala suzko armak baimendu edo ez.

Gainerako alderdiek onartu dute pistolen erabilera, EAJk, PSE-EEk, PP+CC’s-ek eta Voxek, zehazki.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Eusko Legebiltzarra
Eguneraketa berriak daude