Sua eta ura Zinemaldian

  • Ostiralez eman dio hasiera Donostiako Zinemaldiak zinema proiekzioei. Festibaleko lehiaketa ofizialaren irabazleak nortzuk izango diren hurrengo ostiralean jakingo dugu, baina Sail Ofizialetik kanpo ere Zinemaldi asko dago: beste festibaletako Perlak, gaur-gaurko gaiekin lotutako dokumentalak edo lan esperimentalagoak ikusteko aukera izan dugu lehen egunean.

     


2019ko irailaren 21an - 04:09

Veneziako Mostran estreinatu zen Ema filma aurkeztu du Pablo Larrainek Perlak Sailean. Txiletarrak reggaetoi dantzari baten bizitzako pasartea irudikatu nahi izan du pantailan. Ema, koreografo baten bikotea den gaztea, adopzioan hartutako umeari uko egin berria da. Honek dakarren dramaren baitan eraikitzen da politikoki zuzena ez den istorioa: haurra, gurasoen mugak bilatuz sortu zuen sute baten harira, bigarren bikote bati emana da adopzioan. Testuinguru horrek emango dio Emari bere bizitza birplanteatzeko aukera, galdutako umea berreskuratzeko eta familia eredua eraldatzeko saiakeran. Reggaetoiaren estetika eta dantza garaikidearekiko zubia iradokiz, sua elementu sinboliko bilakatuko da. Emak utzitako umea berriro aurkitzeko egiten dituen ahaleginak argumentu nagusitzat hartuta, gizarteak dituen kode hegemonikoak zalantzan jartzen dira pauso bakoitzean. Drama subertsibo gisa definitutako hura ikuslegoarekin talkan jartzen da, batez ere bakoitzaren moralak filma ikustean jokatzen duen paperari erreparatuta. Protagonista bere arazoen erantzule gisa ikusten badugu ere narrazioaren hasieran, harremanak beste modu batean eraiki nahi dituen ama ulertzera iritsi daiteke ikuslea filmaren amaieran. Dantza, sexua, familia eta norberaren helburuen inguruko istorioak Valparaiso du eszenatoki gisa.

Suaren sinbolismotik urarenera igaroz, ostiralean estreinatu du Helena Tabernak Varados, Mediterraneo itsasoan ezaguna dugun problematikari erantzuten dion lana. Altsasuarrak Grezian eginiko dokumentala da hau, bertan bizi diren errefuxiatuen baitan eraiki duena. Filmean hainbat errefuxiaturen egunerokoa islatzen da, eta horrela, masa gizarte baten inguruan entzuna daukagunari aurpegia jartzen dio. Atenas eta Lesboseko errealitateak kontrajartzeak badu zentzua; "Grezia" eta "errefuxiatuak" hitzen artean dauden xehetasunak arakatzen baititu. Etorkizunak orainean duen pisuaren inguruko hausnarketek girotzen dute lana geroaren promesan bizi den komunitatearen ahotan: une bat zeina trantsizio hutsa den. Eta aldi berean, askoz ere gehiago. Zentzu honetan, denbora da elementu garrantzitsuena. Dokumentalak egunerokotasunean zain bizi diren horien tempoa erreproduzitu nahi izan du, pantailatik haratago daudenen gertutasuna bilatu nahian. Aurkezpenean, Tabernak Europaren jarrera salatu du eta bere filmak "bestelako erabakiak har daitezen behartzeko" xedea duela esan du. Dokumentalen sorkuntzari dagokionez, gainera, alde batera gelditzen den zuzendariaren egoaren inguruan mintzatu da; bere ustez, fikzioak ez bezala, umiltasun keinu bat eskatzen du dokumentalak bestearekiko harremanari lotuta dagoena.

Uraz eta dokumentalez badaki zerbait bigarren aldiz Zabaltegi-Tabakalera sailean bere filma aurkezten duen Maddi Barberrek. Urpean lurrak ematen dio jarraipena iaz 592 metroz goiti izenburupean ezagutu genuen lanari, eta Itoitzeko urtegiaren espazio eta historian sakontzen du bigarren honetan. Urtegiaren aurkako borrokak egun dituen arrastoei begira, ametsen bidez sortzen dira filmean iraganarekiko zubiak. Artxiboko irudiak eta egungo paisaiak harremanetan jartzen ditu Barberrek, eta memoria kolektiboak espazio honetan jokatzen duen paperean hausnartzen du. Borroka gertutik bizi izan dutenen ametsak dira irudiak berresanahitzen dituzten errelatoak; hauen bidez urazaleratzen dira urtegiak hondoratutako minak. Bi irudien kasuan, kameraren atzean sumatzen den subjektibotasunak begira dagoen zuzendariaren ikuspuntua sortzen du: haren bitartez kontatzen zaizkigu Itoitzen gertatutakoak. Ametsak taldean partekatzearen ekintzak dimentsio ezberdin bat ematen dio norbanakoaren bizipenari, eta esperientzia kolektibo baten ispilu bilakatzen da filma. Barberrek leku egiten dio orainean iraganean gelditu ez den borroka duinari.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Zinemaldia 2019
Ken Loach, zine zuzendaria
"Zinemari eskatu behar zaio gutxienez esna egotea"

Keinuen segida bat da zinema, keinuen sekuentzia bat. Zinemagileak etengabe keinu egiten dio kamerari, haren aurreko paisaiari, pertsonaiari, objektuari. Keinua galtzen bada, galdu egiten da zinema, galdu gizatasuna. Zinema, keinua eta gizatasuna zaintzen dituen espeziekoa da... [+]


Izibene Oñederra Aramendi, zinemagilea
"Transgresioaren irudikapena egunerokotasunarekin lotua dagoenean interesatzen zait"

Satorrak bogan daude zineman. Izibene Oñederraren satorrek, euren sinbologia nahiz konnotazio propioak dituzte ordea, eta deitu ere, bere molde propio zein ederrez deitzen ditu. Animazio irudietan islatu ditu eta mikroipuinen gisara plazaratu du Lursaguak. Zinemaldian... [+]


Oliver Laxe, zine zuzendaria
"Denok gara errudunak, denok sinetsi dugu hirien erlijioa"

Salda edo zopa bero batekin alderatzen du bere zinema; soila eta konplexua aldi berean. Ez hain estimatua azukrez eta kimikaz jositako garai posmodernootan, baina aterpe bital bat eskaintzen duena. Cannesko jaialdian gozo hartu zuen kritikak zein publikoak O que arde filma... [+]


Analisia
Gazte despolitizatuak ala diskurtso higatuak?

Ez da izan inondik inora Zinemaldian gehien aipatu den pelikuletako bat, ukitzen dituen gaiak eta filma egina dagoen modua bera ere halakoak direlako, baina Jean-Gabriel Périot zuzendariaren Nos défaites-ek ikustaldi bat merezi du, artefaktu bitxia baita, ezohiko... [+]


Sua eta amatasuna

Sail Ofizialetik kanpoko filmetan sua izan da errepikatu den elementuetako bat, piromaniarekin lotuta O que arde lanean, eta istripu gisa planteatuta Ema film txiletarrean. Oliver Laxeren pelikularen kasuan sua koadro barnean sartzen da; Pablo Larrainenean, aitzitik, koadroz... [+]


Eguneraketa berriak daude