Fikzio eta dokumentazioak

  • Jada hiriarekin sinbiosi bat gertatzeko bidea har zezakeenean amaituko da astebete luze iraun duen zinemaldia. Akaso suitzar aktore batek Bagerak banatutako kanpotarrentzako euskara hiztegian ikasitako hitzak buruz esateko gai izan da gaur, edo abortuaren aldeko argentinar feministek ezagutu egingo zituzten jada euskal emakume taldeak. Agian, guztiz kontrakoa, hondartza inguruetako komertzioetako langileak kokoteraino daude ingelesez eskatzen duten atzerritar handiusteez eta desiatzen ari dira kontua normalitatera itzul dadin. Izan batera edo bestera, ez dago erabakiak hartzeko aukerarik; bihar izango dugu sarien berri, eta etorri bezala desagertu egingo dira filmen kartel erraldoi eta alfonbra gorriak. Ageriko diren arrasto horiek, behintzat.

     


2019ko irailaren 28an - 02:23

Kimuaken aurtengo aukeraketan egoteaz gain Zabaltegi-Tabakalera sailean lehiatzen den Leyenda dorada lanaren azken proiekzioa izan da gaur. Chema García Ibarra eta Ion de Sosaren 13 minutuko laburmetraiak Extremadurako herri batean du kokalekua. Bertan, uda da, eta igerileku batean bilduta dago herria. Hasieratik, hizketagai bereziak dituztela ohartzen da bat. Lanaren izenburuak ere pistak eman ditzake laburra begiratzeko moduari dagokionez, Erdi Aroan egindako erlijioarekin lotutako bilduma bati egiten baitio erreferentzia. Umore finez josten dituzte zuzendariek igerilekuan dagoen jendearen istorio txikiak. Azkenean, herri baten erretratua izatearen sentsazioa gelditzen zaigu, pertsonai bakoitzaren ekarpenekin osatua. Itotzen ari den norbait salbatu nahian igerilekura sartzen den pertsonaiak inflexio puntu bat sortzen du istorioan: uretan murgildu gabe, uraren gainetik oinez dabil. Ingurukoengan, ordea, ez du harridurarik sortzen aferak. Herrien eta sinesmenen inguruko hausnarketa izan daitekeen lanak hasieratik harrapatzen du ikuslegoa, eta giroaren parte sentiarazten du filma amaitu arte. Denbora laburrean gertatzen den istorioak, gainera, ondo funtzionatzen du ikus-entzunezkoan.

Almodovarren Dolor y gloria ere izan da aurtengo filmen artean. Zuzendari espainiarrak Salvador Mallo (Antonio Banderas) izeneko zine zuzendari baten erretiratze edo gainbehera erretratatzen du. Mallo, urte latz horietan, bere iraganera gerturatuko da inoiz baina gehiago. Autobiografia edo autofikzio artean koka daitekeen filma intimoa suertatzen da hartzen duen pisuagatik; hainbat elementuk lotzen dute Almodóvar bera filmako protagonistarekin. Pertsonaia honek drogekin, amarekin, herriarekin eta ikasketekin (izan) duen harremanak espazioa hartzen du gidoian. Abuztuaren amaieran Venezian Lucrecia Martelek zuzendariaren inguruan esandako hitzak ez dira kasualitatez, filmean argentinarraren La niña santa lanaren plano bati egiten baitzaio erreferentzia. Almodóvarren lanak zubiak eraikitzen ditu, beraz, beste batzuen lanen aipamen honekin. Finean, bera eta zinemaren arteko harremanaren inguruko filma dela esango nuke.

Zabaltegi-Tabakalera sailean lehiatu den zinemaldi honetako azken filmetakoa izan da Ana Sofie Hartmannen Giraffe filma. Danimarkako zonalde batetan tunel bat eraikitzen ari dira Alemaniarekin lotuko dituenak. Bertan, horrek inplikatzen duen prozesua dokumentatzen ari den emakumeak lotuko gaitu honen baitan mugitzen diren gai potoloekin. Gertakizun errealen gainean sortutako fikzio honek emigrazioa, progresoa, eta oharkabeko topaketen inguruan hausnartzen du, oso modu finean. Zuzendariak aktore profesional nahiz ez profesionalekin lan egiten du, filmetik kanpoan dagoenarekin oreka berezi bat mantenduz. Jirafa etxetik kanpo bizi den jendearen sinbolo gisa hartzen du Hartmannek, errodatzea gauzatutako lekuko bizilagun izateaz gain. Horrek ematen dio izenburu filmari, eta horren bidez azaltzen da duen tankerako desplazamenduen inguruko iritzia. Filmean sortzen diren harremanek orekatu egiten dute, justuki, bertako ez sentitzearen hori. Danimarkarrak sotiltasunez kontatzen du istorioa, horretarako duen gaitasuna erakutsiz.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Zinemaldia 2019
Ken Loach, zine zuzendaria
"Zinemari eskatu behar zaio gutxienez esna egotea"

Keinuen segida bat da zinema, keinuen sekuentzia bat. Zinemagileak etengabe keinu egiten dio kamerari, haren aurreko paisaiari, pertsonaiari, objektuari. Keinua galtzen bada, galdu egiten da zinema, galdu gizatasuna. Zinema, keinua eta gizatasuna zaintzen dituen espeziekoa da... [+]


Izibene Oñederra Aramendi, zinemagilea
"Transgresioaren irudikapena egunerokotasunarekin lotua dagoenean interesatzen zait"

Satorrak bogan daude zineman. Izibene Oñederraren satorrek, euren sinbologia nahiz konnotazio propioak dituzte ordea, eta deitu ere, bere molde propio zein ederrez deitzen ditu. Animazio irudietan islatu ditu eta mikroipuinen gisara plazaratu du Lursaguak. Zinemaldian... [+]


Oliver Laxe, zine zuzendaria
"Denok gara errudunak, denok sinetsi dugu hirien erlijioa"

Salda edo zopa bero batekin alderatzen du bere zinema; soila eta konplexua aldi berean. Ez hain estimatua azukrez eta kimikaz jositako garai posmodernootan, baina aterpe bital bat eskaintzen duena. Cannesko jaialdian gozo hartu zuen kritikak zein publikoak O que arde filma... [+]


Analisia
Gazte despolitizatuak ala diskurtso higatuak?

Ez da izan inondik inora Zinemaldian gehien aipatu den pelikuletako bat, ukitzen dituen gaiak eta filma egina dagoen modua bera ere halakoak direlako, baina Jean-Gabriel Périot zuzendariaren Nos défaites-ek ikustaldi bat merezi du, artefaktu bitxia baita, ezohiko... [+]


Sua eta amatasuna

Sail Ofizialetik kanpoko filmetan sua izan da errepikatu den elementuetako bat, piromaniarekin lotuta O que arde lanean, eta istripu gisa planteatuta Ema film txiletarrean. Oliver Laxeren pelikularen kasuan sua koadro barnean sartzen da; Pablo Larrainenean, aitzitik, koadroz... [+]


Eguneraketa berriak daude