Korapiloak hartzen zaituenean

  • Zinemaldiaren seigarren eguna eta azken txanparen hasiera da. Asteazken honetan gauza harrigarri bat gertatu da: badakizue nola filmen aurretik jazz musika dirudienaren nota batzuk entzuten diren, zinemaldiko leit motiv antzera? Eta jendeak txalo egiten duen, erritmoa jarraitzeko... bada gaurkoan txaloak aretoan argia bera itzali aurretik hasi dira, eta ia behartuta sentitu da filmaren introa ikuslegoaren erritmora egokitzen. Badirudi Mahomak lortu duela mendia berarengana mugitzea.


2019ko irailaren 26an - 01:12

Mendia albo batera utzita kostaldera eraman gaitu Armando Capó zuzendari kubatarrak. Agosto filmaren emanaldia iraila bukatzear dela heldu da, nahiz eta astean zehar egindako tenperaturengatik ez genukeen gauza bera esango. Filmeko uda girora errazago sartzen gara negu gorrian egokitu diren beste Zinemaldiko pelikula batzuetara baino; gertutasun kontua da. Zuzendariak 1994ko uda berreraikitzen du lanean, baltseroen krisia delako garaian. Sobietar Batasuna erortzearekin eta mundu mailan zeuzkan blokeo guztiak kontuan hartuta, kubatar ekonomiak beherantz egin zuen urte haietan. Testuinguru horretan, Floridako (AEB) kosta atzeman nahian jendeak egurrezko baltsak egiteari ekin zion. Capóren filmean, 14 urteko mutiko bat nerabezaroan sartu berri da, eta bere gorputzaz eta sexualitateaz jabetuz doa pixkanaka. Bitartean, inguruko jendea desagertzen hasten da. Filmak, beraz, bi hari nagusi jarraitzen ditu; batetik, lehen maitasun-desioa; bestetik, bizitza ezberdin baten irudikapena. Capók berak ez zituen protagonistak baino urte gehiago izango garaian, eta bizi izandakoari zor zion lana dela dirudi. Ez da lehenengo aldia zinemaldi honetan nork bere iraganaren fikzioa egiten duela, eta uste dut baduela kutsu bat non zuzendariak ikuslegoari eskatzen dion lagun dezala orbanak sendatzeko ariketa horretan. Ikuslegoak aktiboki ekin nahi badio filmari, behintzat.

Gertaera politikoen ildotik jarraituz, Zabaltegi Tabakalera saileko saria irabazi zuen Jean-Gabriel Périot izan da Nos défaites filma aurkezten. Frantsesak 68ko Maiatzaren osteko pelikula zatiak antzezten jartzen ditu bigarren hezkuntzan dauden ikasleak, eta horren inguruan gogoeta egin dezaten proposatzen die ondotik. Kontrastea nabarmena da, gidoi politikoak jarraitzen dituzten uneetan erabateko ziurtasuna baitute beren hitzetan; beraien iritzi propioen inguruan galdetzen dienean Périotek, ordea, zalantzak hasten dira. Gailua ona da, gizartearen ispilua jartzen baitu jokoan zuzenadariak. Norberaren iritziarekiko ardura handiagoa izan dezakegu, baina horrek ez du kentzen ingurukoaren isla izaten jarraitzen duenik geure subjektibitate horrek. Interesgarria da, era berean, ikasleak jartzea mende erdi atzera ere ikasleak zirenen usteekin harremanean. Irudiak eta testuak ez du bat egiten, eta desinkronizazio hori begietatik sartzen da. Kontua da, honek guztiak, zertara daraman. Izenburuak berak, eman diezaguke espekulaziorako giltza. Galdutako borroken nostalgiak, nahiz belaunaldi berrien desinformazioaren argudioak ez du eramango egoerari buelta ematera. Galdera-erantzunen dinamika ere, zuzendariak kamera eskutan duela, ez da nola konparatu ikasleek interpretatzen dituzten filmetako gidoiekin. Ideiak film bezala funtziona dezakeen arren, ikuslegoarengana iritsi ez izanaren sentsazioa uzten du, akusazio edo moralean errazegi erorita.

Eguneko azkena Oliver Laxeren O que arde luzea izan da. Perlak sailean hautatua, Cannesen Un certain regard saileko epaimahaiaren saria irabazi zuen, eta iritzi onak jasotzen ari da Donostiako Zinemaldian baita ere. Argumentua ez da korapilatsua: Amador kartzelatik irteten da, sute bat eragiteagatik kondena bete ondoren, eta herrira itzultzen da. Bertan, amaren etxean geratuko da tarte batez. Beste sute bortitz batek, ordea, inguruak kiskali eta bere egoera aldatuko du. Lan honetan, halere, badira modu finean garatzen diren beste hainbat gai. Laxeren filmak Galiziako herrien egoeraz, populazioaren migrazioaz, landako belaunaldi zahar eta berrien talkaz eta turismoaz hitz egiten du, eta hirietan ezin uler daitekeen lurrarekiko atxikimenduaz. Lanaren gauzarik harrigarriena da, bigarren sutea iristen denerako, oharkabean guztiz sartuta gaudela istorioan pentsatu baino gehiago. Oro har filmak erritmo motela du, egunerokotasuna islatzen du, ez du gertaera handirik kontatzen... harik eta suak dena hartzen duen arte. Eta hor nabaritzen du bakoitzak nola sortu dituen atxikimendu propioak inguruarekin. Laxek lortzen du jada sinopsiak iragarri digun gertaerak ustekabean har gaitzan, eta bere mina senti dezagun. Galizian garatzen ari diren zinemaren beste isla on bat. Sutsua.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Zinemaldia 2019
Ken Loach, zine zuzendaria
"Zinemari eskatu behar zaio gutxienez esna egotea"

Keinuen segida bat da zinema, keinuen sekuentzia bat. Zinemagileak etengabe keinu egiten dio kamerari, haren aurreko paisaiari, pertsonaiari, objektuari. Keinua galtzen bada, galdu egiten da zinema, galdu gizatasuna. Zinema, keinua eta gizatasuna zaintzen dituen espeziekoa da... [+]


Izibene Oñederra Aramendi, zinemagilea
"Transgresioaren irudikapena egunerokotasunarekin lotua dagoenean interesatzen zait"

Satorrak bogan daude zineman. Izibene Oñederraren satorrek, euren sinbologia nahiz konnotazio propioak dituzte ordea, eta deitu ere, bere molde propio zein ederrez deitzen ditu. Animazio irudietan islatu ditu eta mikroipuinen gisara plazaratu du Lursaguak. Zinemaldian... [+]


Oliver Laxe, zine zuzendaria
"Denok gara errudunak, denok sinetsi dugu hirien erlijioa"

Salda edo zopa bero batekin alderatzen du bere zinema; soila eta konplexua aldi berean. Ez hain estimatua azukrez eta kimikaz jositako garai posmodernootan, baina aterpe bital bat eskaintzen duena. Cannesko jaialdian gozo hartu zuen kritikak zein publikoak O que arde filma... [+]


Analisia
Gazte despolitizatuak ala diskurtso higatuak?

Ez da izan inondik inora Zinemaldian gehien aipatu den pelikuletako bat, ukitzen dituen gaiak eta filma egina dagoen modua bera ere halakoak direlako, baina Jean-Gabriel Périot zuzendariaren Nos défaites-ek ikustaldi bat merezi du, artefaktu bitxia baita, ezohiko... [+]


Sua eta amatasuna

Sail Ofizialetik kanpoko filmetan sua izan da errepikatu den elementuetako bat, piromaniarekin lotuta O que arde lanean, eta istripu gisa planteatuta Ema film txiletarrean. Oliver Laxeren pelikularen kasuan sua koadro barnean sartzen da; Pablo Larrainenean, aitzitik, koadroz... [+]


Eguneraketa berriak daude