Testigantzen manerak

  • Euriak hasi eta bukatu du eguna, tartean eguzkia atera bada ere. Zinemaldia guztiz donostiartu da, auzo berri bat sortzeko prest egongo balitz bezala. Zinemazaleari pazientzia agortzen hasi zaio: nahiago du pintxoak jatera joan Abuztuak 31ra filma aspergarri bat ikusten gelditu baino. Bat baino gehiago ikusi dut aretotik altxatzen, saioaren erdian. Baina jaialdiak aurrera darrai.


2019ko irailaren 25an - 01:38

Marea berdea alfonbra gorrira ekarri nahian, Juan Solanas izan dugu gurean bere azken filma aurkezten Horizontes Latinos sailean. La ola verde (Que sea ley) lanak 2018an senatu argentinarrak bozkatu zuen abortuaren legearen inguruan hitz egiten du, baita horretara iristeko sortu zen testuinguruari buruz ere. Argentinak jarraitzen du izaten legezko abortatzerik ez duen azken herrialdeen arteko bat, eta hori aldatzeko mobilizazioak handiak izaten ari dira azken urteetan. Iazko senatuko gertaerak hari gisa hartuta, filmak gatazkan sartuta dauden hainbat pertsona eta talderen iritzi eta jarrerak erretratatzen ditu, ikuspegi bakoitzean dauden gakoak kontutan hartuz. Tartean elkarrizketatzen ditu inoiz abortu klandestinoren bat egin izan dituztenak, elizatik gertu dauden pertsonak, gaizki egindako abortu batek eraildako emakumearen familia... Haurdunaldia etetea legezko bihurtzearen alde daudenek bizipen eta analisiz josten dute pantaila, errelato gogorrak eskainiz kamerari. Emozioa bilatzeko egindako lana da, batzuetan morboa ematen duten irudietan erori arren, borrokarako gogoa pizten dutenetakoa. Finean, etxeko lanak beteta.

Film argentinarrekin jarraituz, eta testigantzekin, Ficción privadaren estrainaldi mundiala jaso du 67. edizioa duen zinemaldi honek Zabaltegi-Tabakalera sailean. Andrés Di Tellak XX. mendeko fabula gisa definitzen duen lanak bere gurasoek elkarri bidali zizkioten eskutitzak hartzen ditu motibo gisa. Izenburuak gordetzen du, bere baitan, paradoxa hori. Fikzioa bere osaeran publikoa da; bikote honen intimitatea, pribatua, ordea. Eta horrek sortzen du filmaren izaera inposiblea. Di Tellak bi gazte jartzen ditu bere gurasoen paperean, eskutitzen garaian izango zuten adinean daudenak. Bikotea poliki doa gutunak irakurri eta pertsonaiak ulertzen, eta eskutitzok errezitatu beharko dituzte gerora, bakoitzak mikro bat hartuta. Gazteen prozesu horrek, pixkanaka, gero eta harreman pertsonalagoa emango die Di Tellaren gurasoekiko, beren bizitza errealean eragitera iristeraino. Denbora bikoitzak zentzua hartzen duen unean (filmaren barnean prozesua, gurasoen iragana eskutitzetan) hartzen du perspektiba interesgarria filmak. Gurasoei egiten dien omenaldiak pertsonala gainditzen du, gu ere testigantza horien lekuko bihurtuz.

Eguna beste mundu mailako premierearekin amaitu da, Zuzendari Berriak sailean estreinatu den Maider Fernándezen Las letras de Jordi lanarekin, hain zuzen ere. Donostiarraren luzea garun-paralisia duen Jordirekiko harremanean zentratzen da. Fernándezek Jordi bizitzako pasarte batzuetan laguntzen du, eta hauetan filmatzen. Elkarrekin komunikatzeko alfabetoko hizki guztiak dituen plantila du Jordik, eta hantxe markatzen dizkio Maiderri esan nahi dizkionak. Hizki hauek bihurtzen dira bien arteko zubi, eta Maider bilakatzen da ikuslegoarentzako itzultzaile. Filmak baldintza horietan bizi den norbaiten erritmoa hartzen du, eta haren mundua eta daukan autonomia erakusten ditu duintasunez. Maiderrek Jordirekin duen hitz egiten duen moduak ez du kutsu infantilik, eta kameraren altuerak ere ez du goitik begiratzeko asmorik. Gailua kontuz eraikia izan da. Jordi eta Maiderren arteko harremana proiektutik haratago hazten dela ohartzen garen heinean datoz galderak: noiz arte elkartuko dira? Lanak dokumentalaren etikaren inguruko hausnarketak egitera inspira gaitzake, aretoan sortu diren konexioek argi uzten baitute filmaren zilegitasuna. Zuzendari euskaldunaren opera prima denak norbait berria ezagutu izanaren sentsazioarekin uzten gaitu, bere begien bitartez aurkitutako lagun berria, Jordi. Eta bere modura, testigantza.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Zinemaldia 2019
Ken Loach, zine zuzendaria
"Zinemari eskatu behar zaio gutxienez esna egotea"

Keinuen segida bat da zinema, keinuen sekuentzia bat. Zinemagileak etengabe keinu egiten dio kamerari, haren aurreko paisaiari, pertsonaiari, objektuari. Keinua galtzen bada, galdu egiten da zinema, galdu gizatasuna. Zinema, keinua eta gizatasuna zaintzen dituen espeziekoa da... [+]


Izibene Oñederra Aramendi, zinemagilea
"Transgresioaren irudikapena egunerokotasunarekin lotua dagoenean interesatzen zait"

Satorrak bogan daude zineman. Izibene Oñederraren satorrek, euren sinbologia nahiz konnotazio propioak dituzte ordea, eta deitu ere, bere molde propio zein ederrez deitzen ditu. Animazio irudietan islatu ditu eta mikroipuinen gisara plazaratu du Lursaguak. Zinemaldian... [+]


Oliver Laxe, zine zuzendaria
"Denok gara errudunak, denok sinetsi dugu hirien erlijioa"

Salda edo zopa bero batekin alderatzen du bere zinema; soila eta konplexua aldi berean. Ez hain estimatua azukrez eta kimikaz jositako garai posmodernootan, baina aterpe bital bat eskaintzen duena. Cannesko jaialdian gozo hartu zuen kritikak zein publikoak O que arde filma... [+]


Analisia
Gazte despolitizatuak ala diskurtso higatuak?

Ez da izan inondik inora Zinemaldian gehien aipatu den pelikuletako bat, ukitzen dituen gaiak eta filma egina dagoen modua bera ere halakoak direlako, baina Jean-Gabriel Périot zuzendariaren Nos défaites-ek ikustaldi bat merezi du, artefaktu bitxia baita, ezohiko... [+]


Sua eta amatasuna

Sail Ofizialetik kanpoko filmetan sua izan da errepikatu den elementuetako bat, piromaniarekin lotuta O que arde lanean, eta istripu gisa planteatuta Ema film txiletarrean. Oliver Laxeren pelikularen kasuan sua koadro barnean sartzen da; Pablo Larrainenean, aitzitik, koadroz... [+]


Eguneraketa berriak daude