Filmak ulertzeko errezetak

  • Zinemaldia bere helmugara iristen. Ia film guztiek izan dute beren lehen emanaldia, eta haietako gehienek, medioetan kritika. Ikuslegoak, beraz, ez du ausaz jokatzen jada. Behin baino gehiagotan entzun ditut ondokoak esaten: "Hau ondo jartzen dute, ondo egongo da" edo "ez da gelditzen sarrerarik honetarako, eta damu naiz beste hau hartu izanaz". Predisposizioak bere papera du, eta ezin jakin genezake filmaren gainean duen eragina; ez dagoela inozentziarik, argia da behintzat.


2019ko irailaren 27an - 03:13

Monos filmak badu gaiarekin zerikusirik. Horizontes Latinosen ikusi ahal izan dugun Alejandro Landesen lana da, zeinak Amazonia inguruko paisaietan hartzen duen leku. Soldadu talde batek mendi tontor batean du basea eta bertan egiten dituzte entrenamenduak, jolasak, bilerak eta ospakizunak; finean, bizitza. Kode propio batzuek agintzen duten eremua da, eta tarteka mezularia hurbiltzen zaie agindu berriak ematera. Denek dute argi zein den taldearen helburua: antolakundearen estatubatuar bahitua zaintzea. Bien bitartean, gizarte batean ezinbesteko diren gatazkak gertatzen dira. Filmak estatu paralelo baten garapena islatzen du, non boterearen kudeaketa den elementu zentrala. Landesen lanean hari bat sortzen da non ezin den behin hasitako istorioa utzi; edukiak harrapatu egiten zaitu forman. Film motelak gustatzen ez zaizkienentzat aproposa, arnaserako denborarik uzten ez badu ere, aretotik pentsakor ateratzen uzten gaituena.

Boterearekin lotuta dago ere Delphine Lehericeyren Le milieu de l'horizon filma. New Directors sailean dago, bigarren aldiz, zuzendari suitzarra. Gidoia liburu batean oinarritzen da, eta landa eremuko 70eko hamarkadako mundu aldaketa islatzen du. Gus baserritar batzuen semea da, eta bere bitartez ohartzen gara familian eta baserrian ematen ari diren mugimenduez. Lehorte batek lana ezintzen die, eta sumendiaren labaren lehen tanta balitz bezala, arazo ekonomikoek ezkutuan zeuden beste asko leherrarazten ditu berekin. Semearen baserriarekiko interes eza, belaunaldiz belaunaldi erreproduzitzen den matxismoa, kanpotik datozen influentzia berriak... filmak hauek guztiek dakartzaten paisaia ederretako ekaitzak islatzen ditu. Ez da inuzentea, halere, gai hauek jorratzen dituen filma egitea gaur. Egun, errealitate bat izaten darrai baserritik bizitzeko zailtasunak, eta pixkanaka sortzen doazen lan-familia eredu berrietan dago hauen biziraupena. Fikziozko gidoi klasiko honen dramaren garapenak ez du ekarpenik egiten eraikitzen ari den errealitate honetan; istorioa argi eramana den arren, nago garrantzitsuagoa litzatekela datorrenerako giltzak ematen dituzten filmak egitea, baserri mundua zeinen zaila eta gogorra den irudikatzen duten lanak egitea baino.

Hamarkada antzekoetan kokatzen da gaurko azken filma, Made in Spain sailetik pasa den David Truebaren Si me borrara el viento lo que yo canto izenekoa. Frankismoaren azken hamarkadetan kokatua, fimak abeslari eta konpositore izan zen Chicho Sánchez Ferlosioren bizitza kontatzen du, baita honek Suedian argitaratu zuen Los gallos diskoarena ere. Emazte, lagun eta lankideen bitartez eraikitzen da bi foku dituen istorioa; Espainian, bat; Stockholmen, bestea. Chichoren kantu antifrankistek lagunduta, belaunaldi oso batek bizi izandako mugimendu eta errepresioa kontatzen da. Hasiera batean Espainiako Partidu Komunistako kide zenak, militatzeko modu ezberdinak esploratu zituen erresistentzian, kantagintza bera erabiliz protesta mezuak adierazteko. Belaunaldi bereko jendez lepo zegoen aretoa, eta zenbait kantaren zurrumurrua entzuten zen besaulkietan. Hainbat anekdota eta erreferentzia ditu filmak, non garaiko jendeak berehala uler zezakeen testuingurua. Ikusteko atsegina izan arren, ez dakit modu berean ukitzen duen pelikulak belaunaldi berekoa ez den jendea. Edo akaso, film bakoitza norberarentzat ezberdina den tesiarekin gelditu behar dugu, hauek ulertzeko errezetarik bilatu gabe.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Zinemaldia 2019
Ken Loach, zine zuzendaria
"Zinemari eskatu behar zaio gutxienez esna egotea"

Keinuen segida bat da zinema, keinuen sekuentzia bat. Zinemagileak etengabe keinu egiten dio kamerari, haren aurreko paisaiari, pertsonaiari, objektuari. Keinua galtzen bada, galdu egiten da zinema, galdu gizatasuna. Zinema, keinua eta gizatasuna zaintzen dituen espeziekoa da... [+]


Izibene Oñederra Aramendi, zinemagilea
"Transgresioaren irudikapena egunerokotasunarekin lotua dagoenean interesatzen zait"

Satorrak bogan daude zineman. Izibene Oñederraren satorrek, euren sinbologia nahiz konnotazio propioak dituzte ordea, eta deitu ere, bere molde propio zein ederrez deitzen ditu. Animazio irudietan islatu ditu eta mikroipuinen gisara plazaratu du Lursaguak. Zinemaldian... [+]


Oliver Laxe, zine zuzendaria
"Denok gara errudunak, denok sinetsi dugu hirien erlijioa"

Salda edo zopa bero batekin alderatzen du bere zinema; soila eta konplexua aldi berean. Ez hain estimatua azukrez eta kimikaz jositako garai posmodernootan, baina aterpe bital bat eskaintzen duena. Cannesko jaialdian gozo hartu zuen kritikak zein publikoak O que arde filma... [+]


Analisia
Gazte despolitizatuak ala diskurtso higatuak?

Ez da izan inondik inora Zinemaldian gehien aipatu den pelikuletako bat, ukitzen dituen gaiak eta filma egina dagoen modua bera ere halakoak direlako, baina Jean-Gabriel Périot zuzendariaren Nos défaites-ek ikustaldi bat merezi du, artefaktu bitxia baita, ezohiko... [+]


Sua eta amatasuna

Sail Ofizialetik kanpoko filmetan sua izan da errepikatu den elementuetako bat, piromaniarekin lotuta O que arde lanean, eta istripu gisa planteatuta Ema film txiletarrean. Oliver Laxeren pelikularen kasuan sua koadro barnean sartzen da; Pablo Larrainenean, aitzitik, koadroz... [+]


Eguneraketa berriak daude