"Zinemari eskatu behar zaio gutxienez esna egotea"

  • Keinuen segida bat da zinema, keinuen sekuentzia bat. Zinemagileak etengabe keinu egiten dio kamerari, haren aurreko paisaiari, pertsonaiari, objektuari. Keinua galtzen bada, galdu egiten da zinema, galdu gizatasuna. Zinema, keinua eta gizatasuna zaintzen dituen espeziekoa da Ken Loach zuzendari ingelesa (Nuneaton, Warwickshire, 1936). Donostiako Zinemaldian izan da aurten; Sorry We Missed You filma aurkeztu du Perlak sailean, aurrez Canneseko jaialdian publikoaren eta kritikaren oniritzia jasota.

Donostiako Zinemaldian izan da Ken Loach 2019an (argazkia: Dani Blanco).
Donostiako Zinemaldian izan da Ken Loach 2019an (argazkia: Dani Blanco).

Donostiako Victoria Eugenia antzokiko areto batean ari da elkarrizketak ematen, hiruzpalau kazetari hartu ditu aldiko. Egun osoa darama horretan. Zuzendari gehientsuenek egiten dute hori jaialdira datozenean, baina ez guztiek. Ohikoak izaten dira harrera eta jarrera distantea, zenbaitzuetan hotza eta harroxkoa ere bai. Ohikoa ez dena da, ia 83 urterekin halako freskotasuna izatea galderak erantzuteko orduan; ohikoa izaten ez dena da, kazetariak banan-banan agurtzea keinu adeitsuz, denborari ez erreparatzea –“utz iezaiezu beste galdera bat egiten, hartara bakoitzak hiruna egin ahalko ditu eta”, esanez prentsa arduradunari–, eta aldamenean izan duen langilearekiko errespetua azaltzea keinu umoretsu batez: “Nik lerdokeriak esaten ditut eta itzultzaileak konpontzen dizkit. Berak egin du lanik handiena gaur goizean”.

British Social Realism (Britainiar Errealismo Soziala) deitu eskolaren oinordeko nagusia da Loach, Mike Leighrekin batera. Zinema soziala, zinema politikoa egiten duela esaten diote. Ez du ukatzen, baina ñabardura dator ondotik: “Politikoki konprometitua izan banaiz gaztetatik, zinema soziala egin izan badut, jendearengatik da. Jendea, auzokoa, interesatzen zait”. Jendea, langile jendea, jende xehea izan du beti miran Ken Loachek bere zinema ibilbide luzean. Telebistarako hasi zen lan egiten, 60ko hamarkadaren lehen erdian, eta sona hartu zuten zenbait dokudrama zuzendu zituen, haietako ezagunena Cathy Come Home, 1966an filmatua. Bigarren Mundu Gerra osteko ongizate sistema britainiarrean etxebizitza bat lortzeak zituen zailtasunen inguruko filma zen. BBC-k ekoitzia izan zen eta etxerik gabekoen legea aldatzea ekarri zuen.

"Niretzat ezinbestekoa da kontatzen ari naizen istorioa neure sentitzea, bestela ez litzateke sinesgarri geratuko, eta ez litzateke iritsiko ikuslearengana"

Orduz geroztik, 30 filmetik gora egin ditu, mende erditik gorako ibilbidean. Baina zehaztapen keinua hor ere: “Filmak ez dira nireak. Batetik, taldean eta elkarlanean egin izan ditudalako ia beti. Azken bolada luzean Paul Laverty izan dut lagun gidoien lanketan. Eta, bestetik, behin filmak egin eta gero ez direlako geureak, jendearenak baizik”. Paul Lavertyrekin elkarlana Carla’s Song-ekin hasi zuen 1996an. Ondoren etorri ziren My Name is Joe (1998), Bread and Roses (2000), Ae Fond Kiss (Just a Kiss) (2004), The Wind that Shakes the Barley (2006), It’s a Free World (2007), Route Irish (2010) eta I, Daniel Blake (2016), besteak beste. Eta harekin ondutakoa da Sorry We Missed You berriena ere. Eta jendea, jende xehea, prekarizatua, protagonista beste behin. “Kapitalismoa bere faserik basatienera iritsi da. Langilea bera da bere burua esplotatzen duena, horretara behartzen du sistemak. Ez nuke esklabotza denik esango, hitz horrek konnotazio oso lazgarriak baitauzka, baina esplotazioa deituko nioke”. Newcastleko auzo xume bateko familia du protagonistatzat filmak. 2008ko krisiaz geroztik ahalegin betean dabiltza ekonomikoki aurrera egin ahal izateko. Emazteak gaixoak eta adinduak zaintzen egiten du lan. Senarrak lan berri bat aurkituko du banatzaile modura, autonomo gisa. Euskal Herriko edozein familia izan liteke. Prekaritatea: orduak eta orduak lanean, denborarik ez familiarentzako, harremanetarako… Kapitalismoa eta itolarria.

Ingalaterrako familia xume bat erretratatu duzu; baina izan liteke Europako edozein familia xume ere.

Merkatu librearen praktikek eragin zuzena izaten dute familiarik xumeenetan; merkatu librearen tresna garrantzitsuena esplotazioa da, eta familia bateko kideak egunero 10-12 orduz lanean ari badira, horrek inguruko harremanetan eragiten du. Lanean eta nagusien aurrean irribarre egin zenezake, baina etxera itzultzean lehertzen dira kontuak, eta ez dira harreman sanoak eraikitzen bikotekidearekin, umeekin, lagunekin… Merkatuak eta esplotazioak dute errua, ez jendeak. Nekatuta bizi da langile hori, energiarik gabe, eta familiak sufritu egiten du. Estresa izugarria da, estres ekonomikoa, egungo gaitz nagusietakoa da, kapitalismoak elikatua eta bultzatua.

Familia xumeak dira ahaztu nagusiak zineman, filmetan?

Noren esku dago zinemaren industria, nork egiten du zinema, batez ere? Zineman erakusten dena ez dago baldintzatua horrenbeste gidoilari eta zuzendariengandik, baizik eta inbertsoreengandik, eta kapitalaren jabe handi horiek, inbertsoreek, ahazten dute familia xumea. Jende asko dago jende xehearen inguruko filmak egingo lituzkeena, neronek ezagutzen ditut, eta ez dira gutxi, baina batzuek bakarrik lortzen dute; normalean ideiak dituen jende horrek ez du baliabiderik izaten. Neroni eta Aki Kaurismaki salbuespenak gara.

Zinema sozialarekin zein da zure helburu nagusia, gertatzen dena erakustea soilik edo baita erreakzio bat, mugimendua, protesta eragitea ere?

Bertold Brechtek zera zioen Eta pentsatzen nuen beti poeman: “Beti pentsatu izan dut hitzik soilenak nahikoa behar dutela izan. Gauzak nola diren esaten dudanean jendearen bihotza birrinduko dela. Erori egingo zarela zeure burua defendatzen ez baduzu”. Eta horretan saiatzen naiz ni ere, gertatzen ari dena ahalik eta modurik soilenean eta zuzenenean kontatzen. Horrekin nahikoa behar du izan hartzailea triste jartzeko edo haserretzeko... Gero norberaren esku egongo da haserre hori, etsipen hori, mugimendu politiko edo sozial batera bideratzen duen ala ez, zer egiten duen.  Filmari, zinemari eskatu behar zaio gutxienez esna egotea, gertatzen denarekiko esna eta erne egotea.

Gizarte-egiturak zigortutako pertsonaiak izaten dira usu Ken Loachen filmetako protagonistak. Argazkian, 'I, Daniel Blake' filmeko irudi bat.

Pertsonaiekiko enpatia behar du zinemagileak?

Niretzat ezinbestekoa da kontatzen ari naizen istorioa neure sentitzea, bestela ez litzateke sinesgarri geratuko, eta ez litzateke iritsiko ikuslearengana. Sorry We Missed You filmean familia prekarizatu baten larruan jartzen saiatu gara, esplotatua den horri ahotsa ematen eta euren alde keinu bat egiten. Autonomo faltsuen eta prekaritatearen gaia eguneroko ogia bihurtu zaigu, eta neronek ez nuen uste halakorik sekula ikusiko nuenik. Pelikulan ikusten da nagusi berriek nola nahi duten langileek euren gain har ditzaten ez dagozkien ardurak ere. Jendea ez da zoriontsu honela eta esperantza galtzera iristen da.

Esperantza aipatu duzu. Costa Gavras ere Zinemaldian izan da. Aipatu du Europan zein munduan ezkerrak hartutako jarrerarekin etsita dagoela. Zeu ere hala zaude?

Nik uste dut jendea konturatzen dela gobernatzeko ahalmena izateko lehenik batasuna behar duela ezkerrak. Egon daitezke, ikuspegi, taktika eta estrategia desberdinak botoak eskuratzeko, baina programa bat osatzerako orduan gutxieneko batasuna behar da, benetan lehentasunezkoa zer den ezartzeko. Ezinbestekoa da ardura politikoa, batasuna bilatzea eta topatzea ezkerrean; parean kapitalismoa daukagu, bere molde desberdinetan, baina hark batuta egiten du aurrera, komertzioarekin, merkatu librearekin, globalizazioarekin, eta behar izanez gero, faxismoarekin… Ingalaterrara begiratuta, hor dugu Corbyn. Eta esperantza ematen dit horrek. Tony Blairren guztiz bestelako pertsonaia da. Sindikalismoa indartu du, ezkerra batu du Erresuma Batuan, aurre egin die boteredunei. Hori guztia asko da. Nik uste dut posible dela batasun hori lortzea. Hor dago nire esperantza.

Baita Ingalaterratik kanpo ere?

"Ezinbestekoa da ardura politikoa, batasuna bilatzea eta topatzea ezkerrean; parean kapitalismoa daukagu, bere molde desberdinetan"

Ez nuen uste sekula hau esango nuenik, baina jarrai dezagun Ingalaterrako adibidea. Ezkerrari dagokionez, nahiko ondo ari dela uste dut. Eta esperantza dut bi arrazoirengatik. Batetik, herri xeheak beti egiten du aurrera, beti dago norbait borroka egiteko prest. Eta, bestetik, sistema kapitalista basatia lehertzen ari da, ez du gehiagorako ematen… Hortik gauza onak etor daitezke, ondo batu eta landuz gero. Bai, baina langile jendeak eta herri xeheak ere eskuinari, eta are, eskuin muturrari botoa ematen dio AEBetan, Frantzian, Espainian...

Langileek ere elementu erreakzionarioak izaten dituzte, ez dugu ukatuko. Guztiok dugu. Kapitalismoaren ideia oso gauza potentea da, bila ezazu zure arrakasta, indibidualtasuna… eta gauzak gaizki doazenean, jendeak beldurrez, eskuinera jotzen du. Baina mundua suntsitzen ari gara, eta ardurak agintari-klaseari eskatu behar zaizkio, ez langileari. Christine Lagardek esaten zuen “hazi egin behar dugu, hazi egin behar dugu”, baina hori absurdua da! Eta bai, langileak, telebistatik begira adora ditzake Trump bezalako agintariak, beste alternatibarik ez denean… Ideia oso sinplea dago atzean, zu pobrea zarenean zure ondokoa joko duzu erruduntzat, errazena hori delako, duelako azal kolore desberdina, edo lana hark duelako edo… baina horren aurka borrokatu behar dugu. Autokritika egin, aberastasun ametsak alboratu eta mobilizatu egin behar dugu bizi-duintasun eske. Nik uste dut, gainera, jende xeheak oraindik ere badituela elkartasun eta zintzotasun balioak; goikoek ez dute halakorik, elkartasuna alboratu dute eta gehienez ere karitatea eskaintzen dute.

'Sorry we missed you' da Ken Loachen azken filma.

Gizartearen errealitatea inoiz aldatuko balitz, bestelako zinema molde bat egingo zenuke?

(Barre egin du) Lan prekarizatuei buruz eta autonomo faltsuei buruz filmak egiteari uzten badiot, seinale ona izango da, ez da dudarik. Aldaketa eman dela esan nahiko du. Baina errealistak izanik, zinema egiten daramatzadan urte hauetan guztietan injustizia sozialen inguruko filmak egiten jarraitzen dut. Eta badaramatzat urte batzuk!

Umorea ez duzu galdu, hala ere.

Ez, garaiak izaten dira, eta batzuetan umore gehiago txertatzen dut filmetan. Sorry We Missed You-n ere badago umorea. Eta, esaterako, umoreko jartzen nau futbolak. Ahal dudanetan joaten naiz futbola ikustera, nire auzoan. Ingalaterrako laugarren mailan jokatzen du Bath Cityk. Komunitatea sortzen da haren inguruan, eta giroa ederra izaten da. Ez zait batere inporta lehen mailako futbolaren arrakasta [2015ean taldea zorrak janda zegoen, eta Ken Loachek berak ekimen bat bideratu zuen futbol taldea klub komunitarioa bihur zedin, eta parte hartzen zuen orok botoa emateko eskubidea izan zezan. Orduz geroztik jabetza komunitarioko taldea da Bath City].

 

Badaramatza urte batzuk zinemaren munduan, bai, 50etik gora, hain zuzen ere. Eta ez du galdu jende xumearekiko interesa, haiekiko ardura, artistikoa zein humanoa. Elkarrizketak amaitu berritan greban diren zahar etxeetako langileengana batu eta haiekin solasean aritu dela jakin dugu, “elkartasuna adierazi, eta bide batez, borroka horri ikusgarritasuna emateko”. Keinua.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Zinema
2024-04-28 | Julen Azpitarte
Gangster maritxuen banda

“Gay azpitestuak beti hobetzen du film bat”
Quentin Tarantino

Juan Dos Ramos idazle eta Alex Tarazón ilustratzaile valentziarrek Gangsters Maricas: Extravagancia y Furia en el cine negro (Gangster maritxuak: nabarmenkeria eta indarkeria zine beltzean)... [+]


Laburbira hasiko da ostiralean: euskarazko zortzi film labur, 35 herritan

Apirilaren 12an egingo dute XXI. edizioaren estreinako emanaldia, Bergaran. Maiatzaren 12ra bitartean, 35 herri bisitatuko ditu euskarazko film laburren ekimenak. Berrikuntza gisara, ikusleek film labur onena hautatzeko aukera izango dute.


Ecozine jaialdiak ingurumenaren inguruko filmak ekarriko ditu datorren astean Iruñeko Golem zinemetara

Apirilaren 8tik 11ra bitartean laburmetrai eta dokumental sorta emanen da, tartean Oskar Alegriaren 'Zinzindurrunkarratz' eta Goya sariaren irabazle 'To bird or not to bird'.


Palestinari, osasun mentalari eta transexualitateari buruzko filmak ikusi ahalko dira Giza Eskubideen Zinemaldian, besteak beste

Hilaren 12tik 19ra egingo dute 21. Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldia, eta askotariko filmak proiektatuko dituzte: osasun mentala, Palestinaren egoera, migrazioak, lanaren etorkizuna, Ukrainako haurrak eta transexualen eskubideak izango dira zinemaldiko film eta... [+]


2024-04-05 | Euskal Irratiak
Iparraldean ere, euskararen aukera ahalbidetu du Netflixek

Martxotik Frantziako Netflix plataforman euskarazko audio eta azpitituluetako filmak ikusgai dira.


Eguneraketa berriak daude