Soldata publikoak eta oligopolio elektrikoaren amarrukeria


2021eko abenduaren 28an - 10:09
Azken eguneraketa: 11:13

Estatuko Aurrekontuei buruzko Legean %2ko soldata igoera aurreikusi du langile publikoentzat Espainiako historiako gobernu ustez aurrerakoienak. Urte bukaeran %6ra iritsiko den inflazioak gaindituko du aipatu egoera. Horrek esan nahi du erosteko ahalmena %4 galduko dela. Galera horri 2010. urtetik ostutako guztia gehitu behar zaio, %13tik %18ra mailen arabera, azken urteetako soldata igoera txikiekin konpentsatu ez dena. Are harrigarriagoa da egoera hori, kontuan hartuta Defentsa Ministerioaren aurrekontua %7,8 handituko dela, eta estatuko segurtasun indarren soldata berriz, %21,5 hazi dela 2018tik 2021era.

Energiaren prezioen gorakada neurrigabeak eragin du inflazioaren igoera, hein handi batean, batez ere elektrizitatearen prezioarenak, bai eta produktu eta zerbitzu gehienetan sortzen duen domino efektuak ere. Bitxia da estatuko gobernuak nola esaten duen ez duela deus egiteko biderik; izan ere, dioenez, errespetatu behar du merkatu elektrikoa erregulatzen duen Europako zuzentaraua eta, horregatik, elektrizitate guztia ordaindu behar da gasaren ziklo konbinatuko zentraletan ekoitzitakoaren prezioan, hura baita garestiena.

"Prekarietateak eta erosteko ahalmenaren galerak gora egiten jarraitzen dute langile klasean; aldiz, biderkatu egin dira oligopolio elektrikoaren etekinak"

Zuzentaraua betetzeko ardura oso bestelakoa da aldi baterako enplegua erregulatzen duen beste zuzentaraua 22 urtez baino gehiagoz bete ez izanarekin, horrek interinitate tasa eskandalagarriak eragin baititu. Prekarietateak eta erosteko ahalmenaren galerak gora egiten jarraitzen dute langile klasean; aldiz, biderkatu egin dira oligopolio elektrikoaren etekinak. Adibidez, Iberdrolako administrazio kontseiluko presidenteak 12,2 milioi euro irabazi zituen 2020an, ia 33.500 euro egunean, 2019an baino %16,9 gehiago. 2021ean igoera are gaitzesgarriagoa izan da, pobrezia energetikoa etengabe larriagotzen ari den bitartean.

Estatuko gobernuak, adierazpen hutsalak egin arren, ez die mugarik jarri etekin gaitz horiei, eta ez du jaitsi elektrizitatearen ordainagiriaren BEZa eta beste zerga batzuk baino, bere diru sarrerak murriztuz eta zerga politika erregresiboan sakonduz, Ibex 35eko enpresei beti mesede egin nahian. Ate birakarien politika sistematiko eta ustelak ongi ibilarazten du sistema, nagusitu daitezen oligopolio elektrikoaren, bankuen eta inbertsio funts putreen interesak, langile klasearen bizi baldintzak hondoratzen diren bitartean.

Eta esandakoa gutxi delakoan, oligopolio horrek gutxituz doazen erregai fosilak energia berriztagarriekin ordeztu nahi ditu, lurraldea zapuzten duten poligono eoliko eta fotovoltaiko handiak instalatzeko proiektuekin, landa eremu askorentzat inpaktu oso larriak ekarriko baitituzte ingurumenaren, gizartearen eta ekonomiaren alorretan. Eredu energetiko banatua eragotzi nahi dute, energia zerbitzu publikoa izatea, eta giza eskubidetzat hartzea.

Klima larrialdiak eta erregai fosilen agortzeak deshazkundera garamatzate ezinbestean; horregatik, energia eta ekoizpen eredua guztiz birplanteatu behar da, jendarte eta ingurumen ikuspegitik eredu askoz justuagoa lortzeko. Handi-mandiek elektrizitatearen gaian egiten duten azpijokoa gehiengoaren interesen aurka doa, eta horregatik borrokatu behar dugu. Langileen erosteko ahalmenaren galerak ezin du finantzatu gutxi batzuen neurrigabeko irabazia. Lapurtutakoa langile publikoei itzuli beharko lieke benetako gobernu ezkertiar batek, energiaren sistema publiko eginez eta eraldatuz.

 

* Araceli Montes Clavo, Raúl López Ekai, Steilas sindikatuko kideak

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Iritzia
Materialismo histerikoa
Keinuak

Asmatuz gero, ziur asko, eraginkorragoa da keinu bat, hitz bat baino. Zenbat bider esan eta ezeztatu dugu mila hitzek irudi batek baino gehiago balio dutela. Barkatu, alderantziz da. Ez da bakoitzak zenbat balio duen, da zertarako. Zerbait ulertzen burua bihurritu nahi... [+]


2024-05-05 | Ula Iruretagoiena
Lurraldea eta arkitektura
Intimitatea

Etxe batean badira zenbait gune, gutxitan erakusten zaizkionak etxetarra ez den norbaiti. Esan trastelekua, ganbara, galdara gela, armairu bat. Askotan lurrazpiko etxeko oinean edo irisgarritasun gutxiko etxearen goialdean kokaturik dira. Etxearen txoko hauek lotsa,... [+]


2024-05-05 | Diana Franco
Teknologia
Nora begiratu?

Incel, cyberbullying, sexting, catfishing, ciberbating, doxxing, gaslighting, grooming, sextorisioa… Azkenaldian, gizakion jokabide ezkor guztiak eremu digitalean “tag-eatuak” izaten ari dira, badirudi eremu fisikoan genituen adierazpenek ez dutela balio... [+]


Joera kontrajarriak?

“Inoizko [EAEko] parlamenturik abertzaleena” vs. “Independentismoa minimo historikoetan dago”. Bi baieztapen horiek azken aldian entzuten ditugu, eta areagotu dira Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan apirilaren 21ean izandako hauteskundeen ondotik. Bi esaldi... [+]


Eguneraketa berriak daude