Sindikatuek Jaurlaritzari eskatu diote ikasgeletara itzulera nola egingo den haiekin adostea

  • Steilas, LAB, ELA, CCOO eta UGT sindikatuek sinatutako eskaera helarazi diote Jaurlaritzako Hezkuntza sailari. Prozesuan eta erabakietan parte izatea da, funtsean, eskatzen diotena: "Ikasturte amaierako plangintza zein eskoletara aurrez aurre itzultzeko baldintzak, osasuna bermatzeko protokolo eta prozedurak zein neurri zehatzak langileon ordezkariokin negoziatzeko eta adosteko prozedura abian jartzea". Hori egin bitartean, orain arte ikasturte amaierari buruz hartutako "aldebakarreko erabakiak" bertan behera uzteko eskatu diote.


2020ko maiatzaren 21an - 07:58

Sindikatuek eskaerarekin batera proposamenak helarazi dizkiote, eta orain arte Hezkuntzak iragarri dituen neurriei ikusitako hutsuneak ere adierazi dituzte txostenean (hemen osorik irakurgai). Proposamenen artean dago Hezkuntzak irizpide berak jartzea ikastetxe guztientzat aurrez aurreko eskolei ekiteko eta aurtengo ikasturtean ikasgeletara EBAU azterketa prestatu behar duten 2. Batxilergoko ikasleak soilik itzultzea ere proposatu dute. Arrakalaren ondorioz on-line ikasketatik deskonektatu duten ikasleentzako errefortzu klase presentzialak planteatzeko prest dira sindikatuak.

Ikastetxe bakoitzaren arrisku ebaluazioa egiteko eskatu dute sindikatuek

Hutsuneen artean aipatu dituzte, besteak beste, ikastetxe bakoitzean ez dela COVID-19aren arrisku ebaluaziorik egin, edo behintzat ez zaiela horren berri helarazi langileen ordezkariei, "eskaera gauzatu" duten arren. Ikasgeletan maskara ezinbestean erabili beharraren aurkako argudioak eman dituzte eta segurtasun distantzia 2 metrokoa izatea eskatu dute, orain arteko dekretu guztiek gainerako esparruetarako aipatu duten moduan, eta ez 1,5ekoa.

Garbiketa zein baldintzatan?

Sindikatuek ohartarazi dutenez, garbiketa langileek oraindik ez dakite aurrez aurreko eskoletara itzultzeak zer aldaketa ekarriko dituen garbiketa egiteko moduan: "Garbiketa eta desinfekzioa areagotu behar bada, garbiketa azpikontrataturik dagoen kasuetan enpresei zerbitzua handitzeko,  ikasleak dauden bitartean garbitzeko (ordutegia handitzea edota moldatzea ekar lezake honek) zein langile gehiago kontratatzeko eskaria egina  dagoen ez dakigu. Langile hauei oraingoz ez diete ezer jakinarazi. Hezkuntza Sailaren kontratupeko garbitzaileen kasuan ere, garbiketa eta desinfekzioa egiteko jarraibide eta prestakuntzarik oraingoz ez zaie eman".

Hainbeste saltsa, ikasturte amaiera ikastetxe askok erabakita eta klase asko bukatuta dituztenean?

Ez da txantxetako xehetasuna sindikatuek pedagogikoki planteatu duten hau: "Hezkuntza saila aurrez aurreko ikasketak hastea planteatzen ari  den etapa/kasu gehienetan 2019/2020 ikasturte lektiboa praktikoki amaituta dago, eta jadanik ikastetxeek antolatuta daukate ikasturtea, ebaluazioak etab. on line nola amaitu. Horrela, DBH4 eta Batxilergoko 1. mailako ikasturte lektiboa maiatzak 29an amaitzen da eta Batxilergoko  2. mailakoa berriz, maiatzak 19an".


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Covid-19 eta erantzun soziala
2022-02-15 | Estitxu Eizagirre
Pediatrek ikastetxe barruetan maskarak kentzea eskatu dute, modu progresiboan

Katalunian Societat Catalana de Pediatria elkarteak pandemia kontrolatzeko ikastetxeetan aplikatzen diren neurriak bertan behera uzteko eskatu du, neurri horiek haurrengan dituzten ondorio kaltegarriak argudiatuz. Tartean dago gela barruetan maskararen erabilera kentzea, modu... [+]


Bizitza

Beste hainbat bezala COVID pasearen aurka Bilbon deituta zegoen manifestaziora joan ginen aurrekoan. Bertan adin, kolore, janzkera eta hizkera askotariko zenbat jende zegoen ikusteak asko poztu ninduen, eta tartean topatu nituen unibertsitate garaiko batailetako lagunak edo... [+]


2022-02-01 | Estitxu Eizagirre
Covid pasaportearen auzia Zarauzko Udaleko osoko bilkurara eraman dute hainbat herritarrek

Zarauzko Udaleko urtarrileko osoko bilkuran, galdera erantzunen txandan sei herritarrek hartu zuten hitza, eta Covid pasaporteak eragindako diskriminazioa eta beren bizipenak azaldu zituzten; tartean, pasaporterik gabe kiroldegira sartzeagatik atxilotuta bukatu zuen... [+]


2022-01-24 | Garazi Zabaleta
Lurre Hurre
Migratzaileak nekazaritzan trebatzeko proiektua Bermeon

Bermeon jaiotako eta bertara etorritako herritarren artean hilean behin egiten zuten tertulia dago Lurre Hurre proiektuaren oinarrian. Elkar ezagutu zuen herritar talde horren harremanetik abiatuta, eta konfinamendu garaian migratzaile askok bizi zuten egoeraz jabetuta, egitasmo... [+]


2022-01-11 | Joseph Andras
Pase poliziakoa: ezkerraren amore emate bat

Joseph Andras (Le Havre, Frantzia, 1984) idazlea da. 2016an lehen eleberriagatik "Goncourt" sari famatua eman zioten, baina berak uko egin zion epaimahaiari esanda “lehia, konkurrentzia eta norgehiagoka arrotzak zaizkiela idazketari eta sorkuntzari”... [+]


Eguneraketa berriak daude