Prefetak ezarritako epemuga gaindituta, Ipar eta Hego Euskal Herri arteko mugak berehala irekitzeko eskatu dute EH Bilduk eta EH Baik

  • Urtarrilaren 14an itxi zituen Frantziako Gobernuak, “terrorismoaren aurkako borroka” argudiatuta. Erabakia inposatu zuen dekretuaren arabera neurria otsailera arte egongo zen indarrean, baina gaur gaurkoz mugak eperik gabe itxita jarraitzen dutela salatu dute bi indar politikoek.


2021eko martxoaren 1ean - 17:56
Hendaia eta Irun arteko muga. Argazkia: Sustatu.eus.
Zure babesik gabe independentzia ezinezkoa zaigu

Haserre agertu dira EH Bai eta EH Bildu prentsara igorritako ohar bateratuan. Gogoratu dute urtarrilean hartu zuela Pirinio Atlantikoetako prefetak Ipar eta hego Euskal Herri arteko zortzi pasabideak ixteko erabakia, “Espainiako Gobernuak Nafarroan eta EAEn dituen ordezkariekin hitzartuta”. “Terrorismoaren” aurkako borroka aitzakia izan zela diote bi indar politikoek, eta itxieraz geroztik Euskal Herria zatituta dagoela, “barne bizitza baldintzatuz eta libreki ibiltzeko askatasuna oztopatuz”.

Ezarritako epea gaindituta, itxierak jarraitzen du

Itxiera agintzen zuen dekretuak neurria otsaila amaiera arte luzatuko zela zioen, baina indarrean jarraitzen du eta horren aurka egin dute EH Bilduk eta EH Baik: “Gaur, martxoko lehen egun honetan, delako muga bide horiek noiz arte itxiak egonen diren ez dakigu. Noiz arte ukatuko diguzue gure herrian libreki ibiltzeko eskubidea? Noiz arte utziko duzue Euskal Herria setio egoera honetan? Noiz arte neurriz kanpoko poliziaren presentzia eta giro sekuritario hau?”. Mugak ixteko deliberoa “euskal militante politikoak kolpatzeko erabili dituzten” bestelako neurri batzuekin lotu dituzte, horien arteko azkena litzatekeelarik Frantzian berriki onartu den Separatismoaren Aurkako Legea. Euskal Herrian libreki mugitu eta bizitzeko eskubidea errespetatzeko exijitu diete Frantziako eta Espainiako Gobernuei.


Muga Politika kanalean gehiago
Eguneraketa berriak daude
ARGIAren Fototeka martxan da
100.000 argazki jarri ditugu publiko lizentzia librean
1960ko hamarkadatik gaur egunera arteko 100.000 argazki baino gehiago bildu ditugu.