Peru hegoaldetik Limaraino iritsi dira manifestariak, beste konstituzio bat eskatzeko

  • Ostegun honetarako manifestazio handia espero da Liman Dina Boluarte kargutik kendu, parlamentua desegin eta Perurentzako beste konstituzio bat eskatzeko. Herritar asko autobusez eta kamioiez karabanetan antolatuta iritsi da hegoaldeko eskualdeetatik herrialdeko hiribururaino.

Autobusez abiatu dira asko Limaraino, herritarren agur artean.

2023ko urtarrilaren 19an - 15:20
Azken eguneraketa: 18:17

Urtarrilaz geroztik protestak areagotu egin dira Perun, Pedro Castillok presidente ohiak parlamentua desegin eta konstituzio hauteskundeak deitzen saiatu ondoren sorturiko krisi politiko eta sozialaren ondorioz. Hegoaldeko eskualdeetan izan dute orain arte indar gehien mobilizazioek, Puno, Apurimac, Arequipa edo Cuzco bezalako Andeetako lurralde indigenetan.

Baina ostegun honetarako mobilizazio handia espero da Liman, probintzietako herritarrak egunak daramatzate herrialde bazterretako errepide blokeatuak igaro eta hiriburura eramango dituzten karabanak antolatzen. Salatu dutenez, poliziak hainbat karabanari igarobidea eragotzi die. Hala ere, asko dira abiatu direnak eta herritarren agurra jaso dutenak, sare sozialetan zabaldutako irudietan ikus daitekeenez.

"Limaren hartzea" edo "Lau Suyuen Marcha" ere deitua –suyu-ak inken inperioko puntu kardinalak ziren– mobilizazioa komunitate indigenek eta herritarren elkarteek deitu zuten hasiera batean, eta CGT Peruko sindikatu nagusiak, unibertsitate ikasle taldeek –Limako San Marcos Unibertsitate Nazional Nagusia epizentro dutela– eta beste hainbat erakundek babestu dute gerora.

Dina Boluarte behin-behineko presidentearen gobernuak ere egunak daramatza herritarrak ohartarazten, gerta litezkeen istiluen aurrean: "Esan dute odol-ibaiak egongo direla, ez dugu halakorik nahi", adierazi du genozidioagatik ikertua izaten ari den Boluartek. Horretarako, 10.000 polizia baino gehiago prest dituztela jakinarazi dute eta hiriko puntu nagusiak hesitu dituzte jadanik. Gainera, nazioarteko aireportuak ixten ari dira, Arequipakoa kasu.

Urtarrilaren erdialdean larrialdi egoera ezarri zuten hainbat eskualdetan eta Lima hiriburuan, protestak areagotu zirenean. Poliziaren oldarraldien ondorioz gutxienez 50 lagun hil dira protesta horietan –azkeneko biak astearte honetan bertan Punon–, eta hainbat hedabide independentek baieztatu dute giza eskubide urraketa larriak egin dituztela agenteek.

Indigenen estigmatizazioa

2021eko ekainean Castilloren alde bozkatu zuten hegoaldeko herritar xume eta nekazariek euren kontrako eraso gisa hartu dituzte geroztik Peruko Parlamentutik eskuinak beste politika berdinzalegoa batzuk aurrera eramateko jarritako oztopoak eta, orain, Boluarteren maniobra politikoak ere horrekin lotzen dituzte. Baina haserrea gehiago handitu da, protesten aurrean elite politikoek izandako erreakzio arrazistarekin.

"Lotura handia dago "egungo krisi eta deskontentu sozialaren eta herrialdeak dituen desberdintasun historiko eta egiturazkoen artean"

Amerikarteko Giza Eskubideen Batzordeak (CIDH) bisita egin berri du herrialdera, eta esan du komunitate indigenekiko arrazakeria eta estigmatizazioa sumatzen dela zenbait diskurtsotan. Nekazal indigenak "senderistak" –Sendero Luminoso taldeko jarraitzaileak– "terroristak" eta "indioak" direla errepikatu dute behin eta berriz agintariek eta hedabide nagusiek, edota narkotrafikoarekin lotura dutela.

CIDHko lehendakariorde Stuardo Ralónek adierazi du lotura handia dagoela "egungo krisi eta deskontentu sozialaren eta herrialdeak dituen desberdintasun historiko eta egiturazkoen artean".

Iragan kolonial horrek utzitako zauri arrazisten inguruan idatzi dugu, hain zuzen, aste honetako Net Hurbil sailean, Peruko hegoalde pobreak lurra du aldarrikatzen eta egurra du jasotzen izenburua daraman erreportajean.

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Desberdintasun soziala
Gizonen %44k uste du berdintasun-politikak "urrunegi" joan direla eta beraiek direla baztertuak

Espainiako Ikerketa Soziologikoen Zentroak (CIS) egindako lehen inkesta monografikoa da, “Gizonen eta emakumeen arteko berdintasunari buruzko pertzepzioak eta genero-estereotipoak” gaiari buruzkoa: ikerketan parte hartutako emakumeen gehiengoak (%65,5) dio baieztapen... [+]


Etxeko errefortzua kontuan hartu gabe emango bagenu klasea?

"Eskolan ikasgaia azaldu, etxean eskolako lanak egin eta azterketa jarri" formula aldatzea erabaki du José Antonio Herranz irakasleak: irakaskuntza-ikaskuntza osoa eskola-orduetara mugatu du, etxeko errealitatearen erruz ez daitezen ikasle batzuk atzean geratu... [+]


Eskolaz kanpoko jarduerak doan, Portugalgo gakoa desorekari aurre egiteko

6-10 urte bitarteko haurrek doan dituzte eskolaz kanpoko jarduerak Portugalen. Ekintza hauetan parte-hartze unibertsala bermatzea onuragarria izan da Portugalgo ikasleen arteko desoreka sozioekonomiko eta ondorioz akademikoei aurre egiteko eta eskola porrota txikitzeko, besteak... [+]


Arrakalaren enegarren aurpegia

338 eurotako alokairua edo 119.000 eurotako erosketa. Horiek dira 18 eta 44 urte arteko emakume batek batez beste ordaindu dezakeena bere kabuz bizitzen jartzeko EAEn. Beti ere, etxebizitzarako gorde beharrekoa gehienez diru-sarreren %30 dela kontutan hartuta. Eusko... [+]


Wimbledongo araudi orbangabea

Londres, 1877ko uztaila. All England Lawn Tennis and Crocket Club elkarteak antolatuta, Wimbledon tenis txapelketa jokatu zen lehenengoz, munduko tenis lehiaketarik zaharrena. Handik zazpi urtera, 1884an emakumezkoek ere parte hartu ahal izan zuten. Eta aurten amaitu berri den... [+]


Eguneraketa berriak daude