“Pertsona homosexualak eta tradizioa adiskidetzea nahi dut”

  • 30 urte baino gehiago daramatza Zero Chou zinemagile taiwandarrak istorioak kameraren atzetik kontatzen, bai zinemarako, bai telebistarako. Aurten, Zinegoak jaialdiaren 22. edizioko ohorezko saria jaso du.


2025eko uztailaren 14an - 07:51
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Azalean aztarna uzteko tatuajea da zinema Zero Chou taiwandarrarentzat. Elkar hunkitzeko, iluntasunari eta frustrazioari erantzuteko eta queer munduaren edertasuna erakusteko modua aurkitu du zinemagintzaren bidez. 30 urte baino gehiago daramatza istorioak kameraren atzetik kontatzen, bai zinemarako, bai telebistarako. Lehenik dokumentalak egiten zituen eta orain fikzio-lanak: guztira hogei film baino gehiago zuzendu ditu. Taiwango LGTBIQA+ zinemaren aitzindari eta sexu eta genero disidenteen eskubideen defendatzailea da, eta Zinegoak zinema jaialdiko 22. edizioan ohorezko saria jaso du. Osasun arazo batengatik ezin izan zuen Bilbora etorri jaialdian zehar eta Hoho Liu argazki-zuzendariak jaso zuen saria bere izenean. Jaialdiak iraun zuen astean, Splendid float (2004), Drifting Flowers (2008) eta Spider Lilies (2007) filmez gozatu ahal izan genuen. Elkarrizketa hau posta elektronikoz egin dugu, itzultzaile bidez.

Nolakoa zen zinema sexu- eta genero-disidentearen egoera lanean hasi zinenean? Zerk bultzatu zintuen lanbide hau aukeratzera?

Nire ustez, duela 30 urteko Taiwanen ez zen gai lesbikoko filmik ikusten. Hala ere, argi zegoen nire inguruko pertsona asko, ni barne, lesbianak ginela. Horregatik hasi ginen emakume horien istorioak kontatzen. Fikziozko zineman aritzea aukeratu nuen, telebistako erreportari gisa lan eginez istorioak irudiekin sortu eta konta zitezkeela jakin nuelako. Idatzizko narratibarekin alderatuta, ikus-entzunezkoak erronka bizigarriagoak zituen, eta esanahiak transmititzen zituen, arrasto-gaitasun handiagoarekin. Hilabete batzuetako soldata aurreztu, kamera bat erosi eta neure kabuz esperimentatzen hasi nintzen. Dokumentalak grabatzen hasi nintzen eta gero editatzen ikasi nuen. Nire kabuz esploratu dut. Laster konturatu nintzen nire dokumentalek ez zutela eredu tradizionala jarraitzen; balio estetikoa eta sortzailea lehenesten zuten. Pixkanaka-pixkanaka konturatu nintzen zinema narratiboa zela nirekin bat zetorrena, eta 32 urte nituela, ausartu egin nintzen.

Hasiera hartan, zer zen garrantzitsua zuretzat istorioak nola kontatu erabakitzeko orduan? Erreferenterik izan al zenuen?

Begira, txikia nintzenean ez zegoen inolako erreferente queerrik norengana jo edo norengandik ikasi, eta gero konturatu nintzen ezagutzen nituen gehienak homosexualak zirela eta nortasuna bazterretan ezkutatzen zutela. Horregatik, nire lehen dokumentalak homosexualak kalezulo ilun bateko izkina batean ezkutatuta dagoen taberna gay baten istorioa kontatzen du. Corner ‘s (2001) izena du. Jendeak berotasuna behar duenean, nire zineman aurkitu dezala gustatzen zait.

“Kultura queerrak mundu zirraragarri eta ikusgarria osatzen du”
Tradizioek leku garrantzitsua dute zure lanean. Zinegoaken ikusi ahal izan dugun filmetako batean, Splendid float-en, pertsonaietako batek dio: “Ez dago tokirik guretzat tradizioetan”. Nola bizi dira elkarrekin tradizioak eta sexu eta genero disidenteen eskubideak Taiwanen?

Tradizioan ez dago lekurik arautik ateratzen direnentzat. Hala ere, denok atera gara eta hazi gara tradizio horietan, horregatik nahi dut homosexualak eta tradizioa adiskidetu daitezen, ez elkarri aurre egitea. Splendid Float-en, adibidez, protagonista maisu taoista da egunez eta drag queen gauez. Egunez, heriotzaren eta bizitzaren ying eta yang edo aurkakotasunean zehar igarotzen da, eta gauez, generoaren ying eta yang-ean.

Familiarekin dolua egiteko ezintasunari heltzen diozu. Erritual horietan, filmeko protagonistak ezin du sentitzen duen tristura erakutsi bikotekidearen heriotzagatik, familiak eta herriko jendeak ez baitaki zein zen euren arteko lotura.

Pertsona homosexuala izatea gauza ederra da, ez litzateke izan beharko babesgabe edo umezurtz sentitzeko arrazoi. Gainera, kultura queerrak mundu zirraragarri eta ikusgarria osatzen du, ez al litzateke bikaina izango tradizio kontserbadoreak ikuspegia pixka bat zabaldu eta geure paisaien edertasunaz gozatzea? Mundu queerraren edertasuna erakustea eta bertan bizi direnen istorioak kontatzea da zinemarekin lortu nahi dudana.

Zure filmetan ikusi dudan beste gai bat familia da: pertsonaiek normatik ateratzeagatik sentitzen duten presioa eta errua. Drifting flowers-en, adibidez, Jingi sinetsarazten diote ezin duela bere arreba May zaindu bere bizimoduagatik. Edo Untold herstory-n (2022), emakumeen aurka xantaia egiteko arma bilakatzen da familia.

Familia samurtasun korapilo bat da, lotura eder bat. Gure irudimenean dagoen gauzarik hauskorrena da, horregatik sakrifiziora, errura eta xantaiara garamatza. Familia da maitasuna ezagutzen dugun lehen tokia, eta horregatik, hain zuzen ere, huts egiten duenean, galduta eta gorrotoz beteta sentitzen gara.

“Familia samurtasun korapilo bat da, lotura eder bat”

Zer sentitzen duzu ematen diela adiskidetasunak zure filmetako pertsonaiei?

Drifting Flowers, adibidez, hiru zatitako istorioa da. Bigarrenak zahartzaroan elkarri laguntzeko istorio bat kontatzen du. Pertsonaiak gizon gay bat eta emakume lesbiana bat dira, eta komenentziazko ezkontza batean elkartzen dira gazteak direnean. Heldutan, bat GIB positiboa da eta besteak alzheimerra du, baina haien adiskidetasunak laguntzen die oraindik ere. Bere buruaz beste egiten saiatu zen lagun seropositibo bat kontsolatzeko idatzi nuen istorio hau. Ez zekien nola bizi haustura baten ondoren, familiak abandonatu ondoren, lana galdu eta birusa hartu ondoren. Istorio hau berarentzat idatzi nuen eta erakutsi nionean negarrez hasi zen. Luze eta zabal egin zuen negar, eta amaitu zuenean galdetu nion ea indartsuago sentitzen zen eta ea animatzen zen eszena interpretatzera. Horrela bihurtu zen pelikularen zati horretako aktoreetako bat. Hoho [Hoho Liu, argazki-zuzendaria] eta biok berarekin egon ginen prozesu osoan zehar, bere eszenaren grabazioa barne. Gaur egun, hamar urte baino gehiago geroago, sendatuta dago.

Taiwan izan zen sexu- eta genero-disidenteon eskubide batzuk aitortu zituen Asiako lehen herrialdea. Hori zinemaren industrian irudikatzen al da? Zer identitate dira ordezkatuenak? Hierarkiak daudela sentitzen duzu?

Ordezkaritza handiena eta aktiboena duen taldea gizon gayena da. Lesbianei txantxa bat egiten digute: eskalada, katuak haztea eta haiekin jolastea besterik ez dugula egiten. Pertsona transak dira baztertuenak, gizarteak eta gay eta lesbianen komunitateak berak gutxien ulertzen dituztenak. Esate baterako, nire lehen filma, Splendid Float, grabatu nuenean, zenbait lagunek pertsona dragen bizipenak ez jorratzeko aholkatu zidaten, gutxiengoa direlako eta ez dutelako gure kolektiboa ordezkatzen. Grazia egin zidan aholku horrek. Hain zuzen ere, gutxiengoa direlako ikusarazi behar dira.

Elkarrizketa batean kontatu zenuen Untold herstory filmeko aktoreetako bati, filmaketaren ondoren, amonak kontatu ziola kartzela horretan preso egon zela. Zergatik uste duzu ezkutatu dela emakume horien memoria?

Neska horiek bizirik jarraituko balute, 80 edo 90 urte izango lituzkete. Gazteak zirenean, gizartea matxista eta kontserbadorea zen eta ospe txarra zuten presondegitik igaro ziren eta presoei ematen zitzaien tratua jasan zuten emakumeek. Gizarteak zalantza egiten zuen beren kastitateaz, ospeaz, jasoko zuten heziketaz eta  pentsamendu independienteaz. Pentsatzeko modu hori delitutzat hartua izan zen, delitu ideologikoa leporatzen zitzaien. Horregatik, garai hartan, espetxeratuen familiek aitzakiak asmatzen zituzten eta neskak non zeuden ezkutatzen zuten. Espetxetik atera ondoren, isilik egoteko eskatzen zieten, arbuiatuak izan ez zitezen eta ezkontzea lor zezaten. Aitzitik, gizonek ez zuten halako konplikaziorik jasaten, gehienez ere iritzi kontrajarriak zituztela uste zuten, eta hori ez zen espetxealdiaz zigortzen, ez zuten haien kastitatea zalantzan jartzen, eta ez zituzten gehiegi irakurtzeagatik zigortzen.

Era berean, entzun dizugu, Txinako Gobernuaren presioaren ondorioz, pelikulak filmatzea zaila egiten zaizula eta jende askori parte hartzeak beldurra ematen diola…

2016an Six Asian Cities Rainbow Project proiektua prestatzen ari nintzenean, Txina oraindik permisiboa zen online serieekin. Hala ere, ekoizpena amaitzen ari ginenean, Txinak online edukirako baldintzak gogortu zituen, eta Irrati, Zinema eta Telebistako Estatuko Administrazioaren aldez aurreko onarpena eskatu zuen. Beraz, Pekinen (Substitute) eta Chengdun (We are Gamily) filmatu berri genituen telesail gayek ez zuten Txinaren zentsura gainditu, nahiz eta beste herrialde batzuetan, Taiwanen kasu, oztoporik gabe zabaldu ziren.

“Filmak egiten ditut eta enpatia eta samurtasunaren indarra eskaini ahal dudala sentitzen dut”

Spider Lilies filmean tatuajea memoriarekin lotzen duzu: etxea eta familia suntsitzen direnean, tatuajeak erakusten die pertsonaiei gogoratzearen garrantzia.

Tatuaje bat egiteak min ematen du. Orduan, zergatik egiten dugu? Minaren bitartez oroitzapenak finkatzen direlako. Minak aukera ematen du gehien axola zaiguna, biziena, larruazalean finkatzeko. Azalean egindako ziztadak oroitzapen horrekin bat egiten dugula sentiarazten digu. Zentzu horretan, tatuajeak giza erritu emozional garrantzitsua dira. Nik ez daukat tatuajerik, filmak nire tatuajea direlako. Zinema da nire bizitzan marka uzteko erabiltzen dudan modua.

Zinegoak jaiakdiko sari banaketan esan zenuen: “Borrokatzeari uzten badiogu, baliteke berriro ilunpetan murgiltzea. Horregatik, zinema egiten jarraituko dugu “. Gizartea aldatzen saiatzeko, maitasun iraultzailearen garrantziaz hitz egin zenuen. Zer erronka edo behar sentitzen dituzu orain zinemagile gisa Taiwanen?

Entretenimendu hutsa baino ez den zinemak ez nau asebetetzen. Zineak konbentzigarria izan behar du, hunkitu egin behar du eta mezua izan behar du. Zinema queerra behin eta berriz egitearen arrazoia da erantzuna eman behar zaiola pertsona queer askok bizi duten iluntasun eta frustrazio sakonari, bereziki Asia kontserbadore batean, eta bereziki kalteberagoak direnei: gazte eta adinekoei. Sarritan kolpatzen naute pertsona horien guztien zaurgarritasunak eta minak, baina ez dut haiek banan-banan kontsolatzeko modurik. Filmak egiten ditut, istorioak kontatzen ditut, eta enpatia eta samurtasunaren indarra eskaini ahal diedala sentitzen dut.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Zinema
‘Between Goodbyes’ dokumentalak irabazi du Zinegoak 2025eko sari nagusia

Bilboko LGTBIQ+ zinema eta arte eszenikoen Zinegoak jaialdiak 2025eko edizioko sariak iragarri ditu. Between Goodbyes eta Alma del desierto dokumentalak izan dira palmaresaren irabazle nagusiak.


Zinegoak jaialdiak “erresistentzia eta afektuen sareak” aldarrikatuko ditu

Zinema eta arte eszenikoen LGTBIQ+ jaialdia Bilbon ospatuko dute ekainaren 23tik 30era,50 jarduera baino gehiagorekin.


80ko hamarkadako lau euskal film zaharberritzen ari dira, Zinemaldian emateko

'Ehun metro', Zergatik panpox', 'Hamaseigarrenean aidanez' eta 'Oraingoz izen gabe' dira zaharberritzen ari diren lanak. Zinemaldiko Klasikoak sailean ikusi ahalko dira.


“Bi arnas” dokumentala emitituko du ETB1ek

Iratxe Sorzabalek sufritutako torturen gaineko testigantzak jasotzen ditu dokumentalak. Maiatzaren 20an emango dute dokumentala, 23:40an. Iaztik dago Primeran plataforman ikusgai, baina lehen aldiz emango dute telebistan.


From Ground Zero: genozidioa lehen pertsonatik kontatzen digun filma

2024ko urtarrilaren eta uztailaren artean Gazan filmaturiko 22 film laburrez osatua da From Ground Zero filma. Rashid Masharawi palestinar zinegilea dugu egitasmoaren oinarrian, eta 2023ko urriaren 7az geroztik Gazari buruz entzuten diren zenbakiei aurpegiak jartzeko asmoz lotu... [+]


Asier Urbieta, 'Faisaien irla'
“Guretzako mugarik ez dago eta horrela estreinatu behar zen: mugarik gabe”

Asteazkenetik aitzina Ipar Euskal Herrian, eta ostiraletik Hego Euskal Herrian; film oso gutxi estreinatzen dira horrela zinema aretoetan. Halaxe egingo du asteon Faisaien Irla-k. Fikzioa baitira mugak, horrela dio Asier Urbieta (Errenteria, 1979) zuzendariak: ez dira... [+]


2025-04-11 | Irutxuloko Hitza
Helena Tabernak irabazi du Giza Eskubideen Zinemaldiko Saria

Helena Taberna zinegileak jasoko du aurten Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldiaren Saria. Sariaren entrega ostiralean, apirilak 11, 20:00etan Viktoria Eugenia Antzokian ospatuko den bukaera emanaldian izango da.


2025-04-04 | Sustatu
Kneecap filma, orain euskarazko azpitituluekin

Ezagutzen duzue Kneecap filma? Oscar sarietarako hautatu zuten. Belfasteko hirukote baten istorioa da. Kneecap Hip Hop talde ezaguna da gaur egun, eta hizkuntzaren aldeko jarrera (gaelikoa) argia dute, IRAren osteko belaunaldiaren gorabeherak kontatzen ditu filmak; drogak eta... [+]


Askatu dute kolonoek jipoitu eta militarrek atxilotutako Oscar saridun palestinarra

No other land dokumentalaren zuzendari Hamdan Ballal kolono sionistek jipoitu zuten astelehenean bere herrian, beste hainbat palestinarrekin batera, eta Israelgo militarrek eraman zuten atxilo ondoren. Astarte goizean askatu dute.


Chantal Akerman eta urrezko 80ak

Donostiako Tabakaleran, beste urte batez, hitza eta irudia elkar nahasi eta lotu dituzte Zinea eta literatura jardunaldietan. Aurten, Chantal Akerman zinegile belgikarraren obra izan dute aztergai; haren film bana hautatu eta aztertu dute Itxaro Bordak, Karmele Jaiok eta Danele... [+]


Martxan dago euskarazko film laburren Laburbira zirkuituaren 22. edizioa

35 film aurkeztu dira lehiaketara eta zortzi aukeratu dituzte ikusgai egoteko Euskal Herriko 51 udalerritan. Euskarazko lanak egiten dituzten sortzaileak eta haiek ekoitzitako film laburrak ezagutaraztea da helburua. Taupa mugimenduak antolatzen du ekimena.


2024an Euskal Herrian estreinatutako 900 filmetatik bi baino ez dira euskaraz izan

Pantailak Euskarazek eta Hizkuntz Eskubideen Behatokiak aurkeztu dituzte datu "kezkagarriak". Euskaraz eskaini diren estreinaldi kopurua ez dela %1,6ra iritsi ondorioztatu dute. Erakunde publikoei eskatu diete "herritar guztien hizkuntza eskubideak" zinemetan ere... [+]


Animaziozko Film Onenaren Oscarra software librearekin sortutako ‘Straume’ pelikulak irabazi du

Gints Zilbalodis zuzendari letoniarraren Straume filmak irabazi du 2025eko Animaziozko Film Onenaren Oscar Saria. Pixar eta Dreamworks estudio handiei aurrea hartu dien filma 3D irudigintzarako software libreko Blender tresna erabiliz sortu dute.


Adimen artifizala zineman: legezkoa bai, baina bidezkoa?

Geroz eta ekoizpen gehiagok baliatzen dituzte teknologia berriak, izan plano orokor eta jendetsuak figurante bidez egitea aurrezteko, izan efektu bereziak are azkarrago egiteko. Azken urtean, dena den, Euskal Herriko zine-aretoak gehien bete dituztenetako bi pelikulek adimen... [+]


Eguneraketa berriak daude