Pentsioak lanaren ortzi-muga emantzipatzaile batetik pentsatu behar ditugu


2021eko azaroaren 29an - 14:51
Azken eguneraketa: 15:57

Lan-arloa koalizio-gobernu espainiarraren ekintzaren erdigunean kokatu da bere hasiera-hasieratik: Lanbidearteko Gutxieneko Soldataren igoera, enplegua aldi baterako erregulatzeko espedienteen orokortzea ekonomiaren geldialdi pandemikoari aurre egiteko, eta, jakina, pentsioen erreforma eta lan-erreformaren “indargabetzea/modernizazioa”. Parsimonia handiz, eta ez barne-liskarrik gabe, badirudi azkenean bitxilorea hostogabetuz doala 2021aren amaiera epemugatzat jarritako bi gai korapilatsu hauei dagokienez. Bata zein bestea Seihileko europarrak ezarritako kortsearen menpe daude zuzenean, Next Generation funtsen ahalbideratzea baldintzatuz, Euskal Herriak Kapitalari Planto! Plataformatik salatzen dugun bezala.

Lan-erreformaren “indargabetzea/modernizazioa” alde batera utzita, badirudi pentsioen arloan gobernuaren arimarik neoliberalenak pisu nabarmena daukala, BBVAren ingurune korporatiboan jatorria duen Escrivá ministroak gorpuztutakoa. Horrela, duela hilabete batzuk jasangarritasun-faktore antiherrikoi eta kaltegarria indargabetzeko asmoa iragarri ondoren (2013ko erreforman PPk bultzatutako pentsioen zenbatekoa murrizteko mekanismoa, azken finean plan pribatuak disimulurik gabe sustatzeko asmoz), gobernuak azkenean hura ordezkatuko duen tresna definitu du.

"Gero eta gertagarriagoa izango da zenbakiek ez ematea, edo zenbakiek emateko benetako borondaterik ez egotea, publikoaren zein komunaren etsaiek pentsioen partida behin betiko irabaziz"

Hein batean, erabaki horrek gobernuaren bokazio eraldatzailearen norainokoa markatzen du hain konplexua den esparruan. Konplexua zergatik? Euskal Herrikoa bezalako gizarteen zahartze esponentzialagatik, baby boom-eko belaunaldiaren erretiroagatik, botere korporatiboaren eta Europar Batasuna bezalako subjektuen pribatizazioaren aldeko presioarengatik, eta abar. Horregatik, lanaren kontzepzio komunitario eta sozialari dagozkion irismen luzeko begirada emantzipatzaileak aplikatzea eskatzen duen esparru bat da. Bestela, gero eta gertagarriagoa izango da zenbakiek ez ematea, edo zenbakiek emateko benetako borondaterik ez egotea, publikoaren zein komunaren etsaiek pentsioen partida behin betiko irabaziz.

Testuinguru honetan, “belaunaldi arteko ekitate-mekanismo” bat sortzea erabaki da. Mekanismo horrek enpresa eta langileen kotizazioak %0,6 igotzea suposatzen du, horrela “pentsioen itsulapikoa” berriz betetzen hasteko. Era berean, ministroak epe ertaineko ortzi-muga bat finkatzea proposatu zuen sistema berrikusteko; etorkizuneko pentsioen gaineko murrizketak planteatuz, epe horren bueltan jasangarritasuna oraindik ere bermatuta egongo ez balitz. PSOEren ezkerrera kokatzen diren hainbat sektorek aurrera pausotzat jo dute akordioa: azken finean pentsioen murrizketan oinarritutako ikuspegia alde batera uztea suposatuko luke, diru-bilketaren igoeran enfasia jartzen duten neurrien alde. Hori hein batean egia izanik (beti Bruselarekiko akordioen zehaztapenaren zain gaudelarik, hauek kontrako norabidean doazela baitirudi, pentsioen kalkulu-epea 10 urtetan handitzeaz ari diren heinean), uste dugu ez dela nahikoa. Arazoa etorkizuneko agertokietarantz geroratzera bideratutako proposamen baten aurrean gaude argi eta garbi, pentsioen arloko gobernantza hegemonikoarekin errotik apurtu gabe. Eta, jakina, bizkarra ematen dio esparru honek ezinbestez eskatzen duen begiraden zabalketari, ikuspegi emantzipatzaile eta eraldatzaileetan sustatutakoak.

2020an OMALetik argitaratutako Lan emantzipatuak ofentsiba kapitalistaren aurrean izeneko txostenean, parametro, apustu eta neurri zehatzak jartzen genituen mahai gainean lanaren ikuspegi berri bat elikatzeko. Menderatze, alienazio eta merkantilizaziozko logika sistemikoen aurrean, beharrizan sozial eta komunitarioei irtenbide demokratikoa eta berdinzalea ematea ardatz duten irizpideak, alegia. Zehazki, gizarte-premien asetzea desmerkantilizatu eta kolektibizatzea; eskubideekiko sarbidea deslaboralizatzea; eta sozialki beharrezkoak diren lanak berrantolatzea, birbanatzea eta balioestea proposatzen dugu hemen, kapitalismo patriarkal eta kolonialak inposatzen dizkigun irizpideekiko ikuspegi antagonikoetatik abiatuta.

Lanen birbanaketa neurri zehatz askotan gorpuztu daiteke, esanguratsuenetariko bat soldata-jaitsierarik gabeko lan-denboraren murrizketa delarik, zalantzarik gabe. Jorratzen ari garen gaira ekarrita, horrek jubilazio-adinaren jaitsieraren alde egitea esan nahi du, jasotako prestazioen zenbatekoaren murrizketarik gabe. Escrivá ministroaren aldetik ez dugu ezertxo ere entzun zentzu honetan, ezta PPren erreformak inposaturiko 67 urte arteko igoerari atzerabuelta emateko ere. Kontrara, aldez aurretiko beste hainbat deklarazio aintzakotzat hartzen baditugu, 75 urte bete arte luzatzeko moduko enpleguaren kultura sustatzen du ministroak.

"Lanen birbanaketa neurri zehatz askotan gorpuztu daiteke, esanguratsuenetariko bat soldata-jaitsierarik gabeko lan-denboraren murrizketa delarik"

Aldi berean, eskubideekiko eskuragarritasuna deslaboralizatzeak eta “soldataren diktadura” gainditzeak pentsio-sistema publikoa blindatzea eta haren dimentsio ez-kontributiboa indartzea eskatuko luke. Escrivaren proposamenak ez du urrats sendorik ematen zentzu horretan. Egia da diru-bilketa handitzearen alde egiten duela, momentuz pentsioen zuzeneko murrizketa baztertuz. Baina planteatutako aldizkako berrikuspen-mekanismoak atea irekitzen die etorkizuneko murrizketa zein pribatizazio logikei, epe ertainean ziurtasun osoz gailenduko direnak neurri sendo eta ausartak hartu ezean. Ministroak plazaratu berri duen azkenengo proposamena –pentsioen osagarri gisa jokatuko lukeen borondatezko aurrezki-funts paralelo bat sortzea, alegia– agertoki hau mahai gainean dagoenaren froga nabarmena baino ez da.

Gainera, langileen kotizazioak handitzeak, soldata-debaluazioa ekartzeaz gain (are gehiago kontroletik kanpo dagoen inflazio-testuinguru honetan), pentsio-sistemaren kotizaziopeko logika kontributiboa indartzea suposatzen du, dimentsio ez-kontributiboaren rola eta presentzia zabaltzea inoiz baino beharrezkoagoa denean, kapitala eta ondarea zergapetzen dituen fiskalitate progresibo batean oinarrituta. Zentzu horretan, soilik langile klasearen lan-baldintzak hobetuz eta dimentsio kontributiboaren ikusmira estutik irtenda (batez ere, bizitzan zehar enplegu formalik izan ez duten hainbat emakumeri dagokienez, orain bizitza duin bat aurrera eramateko behar beste ez diren alarguntza-pentsioen mende daudenak), egin ahal izango diogu aurre etorkizuneko erronka honi.

Azken batean, proposamen instituzionalaren mezu kontraesankorren aurrean, herri-agenda ausart eta handinahi bat kokatu behar dugu erdian: lan-harremanen eta klase-borrokaren euskal esparruan lurreratutakoa, prestazioak murriztu gabeko jubilazio-adinaren jaitsiera eta fiskalitate benetan progresiboa uztartzen dituena, eta merkatu barruan zein kanpoan burutzen diren lan sozialki beharrezkoei buruzko eztabaida zabalagoan ikusmira jartzen duena. Abenduaren 1ean Hego Euskal Herrian egingo diren mobilizazioak espazio ezin hobea izango dira herri agenda hau defendatzeko. Erronka handiei, erantzun handiak. Jada ezin garelako boterearen hariak mugitzen dituztenen haserrearen beldur izan.

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Iritzia
Materialismo histerikoa
Erabakimena

Balirudike dena kontrolpean dagoela, badakitela guri nola sinetsarazi edozer, ez dugula inoiz, berez, guk nahi duguna egiten. Iragarki konstante batean bizi bagina bezala, esaten dugu “aukera berdintasuna”, eta pentsatzen dugu esaten ari garela “aukera... [+]


2024-04-21 | Ula Iruretagoiena
Lurraldea eta arkitektura
Eraikinaren gorputza

Baltimore ibai gaineko zubiaren erorketa urte bukaerako oroimeneko irudien artean jasoko da, zubi baten erorketa ikuskizun zirraragarri eta salbuespenekoa baita. Zeren eta zubiak eta eraikinak ez dira berez erortzen, lehergailu edo artefaktu baten eztandak bat-batekotasunaren... [+]


2024-04-21 | Diana Franco
Teknologia
Indarkeriatik deskonektatu

Eremu digitalak, gizakion dinamiketatik edaten duen heinean, gizarte eredu ezberdinetan aurkitu ditzakegun antzeko arazoak ditu. Pertsonen arteko arazo asko botere kontua izan ohi da; botere arazoek indarkeria dakarte zenbaitetan. Esate baterako, indarkeria matxista.

Eremu... [+]


Etxebizitza arazoa eta lan-mundua

Etxebizitza duina izatea gero eta zailagoa da. Berdin du esaldi hori noiz irakurtzen duzun, urteak pasa eta arazoa gero eta larriagoa da.

Nola izan daiteke bizitzeko oinarrizkoa den eskubidea, teorian hainbat legek babestutakoa, EAEn eskubide subjektibo moduan onartu berri... [+]


Eguneraketa berriak daude