“Oso ondo uztartzen gara mugimendu feministarekin, gure lanbideak bizitza jartzen duelako zentroan, ezinbestean”

  • Emakume Langileen Eguna dela-eta, galdera hau zuzendu die Eli Pagolak Egonarria saioko ikusentzuleei: "Zer datorkizu burura emakume langile hitza entzundakoan?". Ba al datorkigu emakume baserritarraren irudia? Alazne Intxauspe elkarrizketatu du, ekologikoan ari den baratzezaina, eta EHNE sindikatuko eta Etxaldeko Emakumeak taldeko kidea. Intxauspek bistarazi du ikusezina eta lan gisa aitortu gabea den laborantza lan asko egin izan duela emakumeak, baserria aurrera ateratzeko beharrezkoak izan direnak. Eta emakumea izan dela egun baloratzen den agroekologia ereduari eutsi diona, lurrarekin eta bizidun guztiekin errespetuzkoa dena. Mugimendu feministarekin duten lotura ere azaldu du: "bizitza erdigunean" lema kalera atera du feminismoak, eta emakume baserritarren eguneroko lana hain justu bizitza mantentzea da, lurrarena, animaliena, eta elikagaiak landuz, pertsonona ere bai.


2024ko martxoaren 06an - 13:00
Azken eguneraketa: 2024-03-07 09:56
Alazne Intxauspe ezkerrean makurtuta, Mozambikeko nekazariak eta Etxaldeko Emakumeak batu zireneko argazkian, Via Campesina mugimenduak antolatutako bisita batean. Argazkia: Etxaldeko Emakumeak.
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Hemen ikusentzun daiteke jario biziko elkarrizketa osorik:

Hainbat pasarte transkribatu ditugu:

Eli Pagola. Emakume Langilearen Eguna aintzat hartuta: Nekazaria izan aurretik bestelako lanetan aritu izan zinen eta gerora erabaki zenuen baserrira joan eta ortugintzan hastea. Lan molde oso ezberdinak dira laborantzakoak, baldintza, ordutegi, ardura aldetik. Zuk lana nola ulertzen duzu?

Alazne Intxauspe. Nire bikotekidearekin egiten dut lan eta etxebizitza eta lana nahastu egiten da. Eta historikoki ezagutu dugun guztiarekin, zaila da izendatzea zer den lan egitea eta zer ez, kontzienteki egiten ez bada. Justuki gure baserriak aurrera eramateko lan asko egin behar izan da, kasu gehienetan emakumeek aurrera eraman dituztenak eta lan ere kontsideratu ez direnak. Nik kontsideratzen dut lana dela azenarioak ereitea edo azenario horiek mehaztea edo belarrak kentzea, baina baita ere lana dela egunerokotasunean gure bezeroekin harremana edukitzea, eta lana dela baita ere azenario horietako batzuk gure mahaiko platerean entsalada batean jartzea. Lan asko dago baserria aurrera eraman ahal izateko.

Eli Pagola. Benetan gertatua da, baserri batean hirugarren alaba jaio zenean etxeko aitonak penaz negar egin zuela, mutilik ez zelako jaio oraindik. Zentzu horretan, zer da baserri batean emakume izatea edo emakume jaiotzea?

Alazne Intxauspe. Uste dut gertakari horrek eraikuntza sozial bati erantzuten diola. Lanaren banaketa sexual bat eman da eta horrek iruditegi bat eman du: gizonari gehiago lotu izan zaio eremu publikoa, ikusgarritasuna eta balorea dituena, ekonomikoki ere bai, hau da, traktorea, ganadua, batzarretara joatea eta aba. Eta emakumeari gehiago lotu zaio lan erreproduktiboa esaten dena, ikusgarritasunik ez duena, baliorik eman ez zaiona, hau da, umeak zaintzea, etxeko mahaian jana edukitzea, etxea txukun edukitzea... lan ere kontsideratu ez diren gauzak baina aldi berean beharrezkoak izan direnak baserria mantentzeko.

Nire ustez, emakumeak historikoki eraikuntza sozial horretan egokitu zaizkion lanez gain, ustiategian ere lanak egin ditu. Eta ustiategiko lan horiek ere "laguntza" moduan egin ditu askotan, errekonozimendu ekonomiko gabe noski, baina lan ere kontsideratu gabe, "laguntza" moduan. Orain, alderantziz egin behar izan denean, esan nahi dut, etxean lan asko egon denean umeak zaindu beharra dagoelako edo, parekidetasun hori ez da eman. Hortaz, emakumeak lankarga gehitu bat eraman duela esango nuke, errekonozimendu gabea.

Hortik ulertu dezakegu baita ere, gizarte segurantzan alta ematea izan dela historikoki emakume baserritarren erreibindikazio nagusietako bat. Behintzat lan eskubideak edukitzeko. Eta aldi berean, gizonei eskatzea zaintzan parte hartu behar dutela eta denon eginbeharra dela.

Ez zait gustatzen "emakume"-az hitz egitea, bakarra balitz bezala, emakume askotarikoak daudelako. Baina uste dut aitortza bat egin beharra daukagula gizarte moduan, emakume baserritarrak egindako lan guzti horri, ikusi ez dena eta balorean ere jarri ez dena.

Gaur egunera begira, lan egiteko beste forma batzuk, kolektiboagoak, lantzen joan dira eta agian horiek ematen dute bide beste era batera antolatu ahal izateko, genero rol horiek pixka bat gainditzeko. Baina hor ere uste dut lanketa kontziente bat egin behar dela eta askotan inertzia, urgentzia gailentzen dela garrantzitsuaren aurrean. Oraindik ere, gizarte moduan, hor dugu erronka.

Eli Pagola. Etxaldeko Emakumeak taldea zein erronka eta beharretatik sortu zen?

Alazne Intxauspe. Nabarmendu nahiko nuke, ez gabiltzala gu ezer hutsetik sortuaz edo gu bakarrik sortuaz. Aipatutako aurreko emakume horien lan eta borroka guzti horren ondorio bat gara, eskubideak lortzeko egin zituzten beste elkartze batzuk aurretik eta historia kolektibo guzti horren ondorio da momentu honetan Etxaldeko Emakumeak.

Gaur egun gure aldarrikapen nagusia ez da gizarte segurantzarena, baina guretzat nagusiak diren beste aldarrikapen batzuk gure aurreragoko emakumeetan ikusitako berak dira: adibidez, elikagai ekoizle moduan, gure papera eta gure rola aitortzea. Emakume baserritarrari egin behar zaion beste aitortza bat da orain espazio askotan aipatzen den “agroekologia” edo baserri ereduarena. Eredu hori mantentzen lan handia egin dutenak emakumeak izan dira. Gure txikitasunean, gure etxe bueltako nekazaritza, gure tokiko elikadura osasuntsua, gure ekonomia lokalak indartzea, harremanak beste era batera egitea... Horretan emakumeek egin duten lana aitortzea eta horri balorea ematea, beste nekazaritza mota batzuen aurrean, hori da gure aldarrikapen nagusietako bat.

Beste aldarrikapen historiko bat zaintzarena da. Orain, zorionez, aldarrikapen hori erdigunean jartzea lortu da, baina baserri munduko emakumeek historikoki eskatu dute errekonozimendu hori, gizonari kontzientzia hartzea, parte hartzea etxeko lanetan. Zaintzari balorea ematea, zaintzak erdigunean jartzea, beste zaintza sistema kolektibo batzuk sortzea, orain ikusten ari garenak mugimendu feministaren eskutik... Hori guztia gure erreibindikazio bat izan da.

Eli Pagola. Baserri bakoitzean bada nahikoa lan, eta nola antolatzen zarete Etxaldeko Emakumeak taldean biltzeko?

Alazne Intxauspe. Guretzat garrantzitsua da elkartzea. Baserriak badu isolatuta egotearen fama, leku bakoitzean lan asko dago eta denbora gutxi beste gauzetarako... Guretzat auzolanak garrantzitsuak dira, emakume baserritarrak elkartzeko ("emakume" era guztietakoak, eta ez emakumeak bakarrik, baita ere beste dibertsitateak). Elkartu eta hasteko, besteari laguntzeko behar duen lanean, adibidez negutegia garbitzen edo oilategia pintatzen... Ondoren elkargune goxo bat izaten da, bazkari batekin, baina baita ere izaten da formazioa lantzeko modua, edo batek duen behar zehatz bati buruz hitz egitekoa... Hori da gure elkartzeko modua.

Eli Pagola. Iragan azaroaren 30eko greba orokor feministan, aldarrikapenetan leku esanguratsua izan zuten emakume nekazariek. Zer lanketa egiten ari zarete mugimendu feministarekin?

Alazne Intxauspe. Elikadura burujabetza feminismoz blaitu nahi dugu eta feminismoa elikadura burujabetzaz. Azaroaren 30era joanda, zaintza sistema erdigunera ekartzea edo zaintza sistema publiko eta komunitario bat egitea planteatu zenean, guk oso garbi ikusi genuen hor gure ekarpena: pertsonen zaintzaz hitz egiten dugunean, aurretik bizitzaren beraren zaintzaz hitz egin behar dugu. Ez dira bakarrik pertsonak, dira animaliak, dira gure haziak, gure lurraldeak, gure lurra eta abar. Hori da guk egunerokotasunean egiten duguna, hortaz, konexioa garbia da.

Zaintza sistema bat antolatzeko, beharrezkoa da elikadura sistema bat ere antolatzea. Hor ere konexioa garbi garbi ikusten genuen, guk elikagai osasuntsuak ekoizten jarduten dugulako. Grebako aldarrikapenen taulan sartu zen agroekologia babestea eta sustatzea. Guretzat garrantzitsua izan da aitortza hori.

Baina mugimendu feministarekin egiten ari garen lanketa ez zen iazko azaroan hasi. Guretzat puntu garrantzitsua dira aliantzak, eraldaketa bultzatzeko bakarrik ez goazelako inora. 2015ean Emakume Mundu Martxa pasa zen Euskal Herritik, eta hor elementu garrantzitsua izan ziren haziak: hazi bankua egin genuen eta mugimendu feministarekin elkarrengana gerturatu ginen, eta hortik aurrera jarraitu jarraikortasunez elkarlanean.

Eli Pagola. Askotan dikotomietara jotzen dugu: urbanoa edo rurala, feminista edo baserritarra... langile ikuspegira joanda, zertan da berezia lurrari hain lotutako lanbide bat izatea?

Alazne Intxauspe. Nik uste dut garrantzitsua dela ingurugiroarekin dugun interkonexioa, bizitza ulertzeko dugun modua bera. Eta horregatik elkartzen gara oso ondo mugimendu feministarekin. Gure lanbideak bizitza zentroan jartzen duelako, ezinbestean. Guk ez dugu natura gure menpeko egin nahi, interkonexio hori egunerokotasunean oso garbi ikusten dugu: behar dugu elkarbizitza bat, denon onerako. Hori da gure lanbidearen puntu klabe bat. Laborantza eredu jakin batetaz ari naiz, noski: lurrari lotutakoa, elikagai osasuntsuak sortu nahi dituen nekazaritza, zentroan kapitala jarri beharrean bizitza bera edo bizitzaren mantentzea helburu duen nekazaritza bat. Errespetuzko nekazaritza bat, bai pertsonekin eta bai ingurugiroarekin eta beste gainontzeko guztiarekin.

Eli Pagola. Leire Milikuak Lur gainean itzal azpian liburua atera zuen eta hor lantzen den gaia da emakume baserritarrek zer zailtasun dituzten parte hartze politikorako.

Alazne Intxauspe. Eraikuntza sozialaren ondorio da. Esan digute eremu pribatua dela gurea, eta esfortzu bat egin behar dugu horren aurka. Zaintza lanak, beti besteei emana egon behar hori, ordutegirik gabe eta abar, horren aurka egitea ere beste esfortzu bat da, eta ez da bakarrik denbora ateratzea, askotan gakoa da zer pentsatzen dugun eta zer karga mental ekartzen digun. Norbera hitza hartzeko gai dela, legitimatua dagoela sentitzeko ere esfortzu bat egin behar da... Horrek ez du laguntzen parte hartze politikoan, esfrotzu askori aurre egin behar zaio.

Eskerrak lan handia egin den eta beti egon diren espazioak emakume anitzen artean elkartzeko, laguntzeko, elkarri indar emateko... Herrietako merkatuak emakumeak elkartzeko eta ahalduntzeko espazio garrantzitsuak izan dira. Adibidez, Etxaldeko Emakumeak taldean, batek jendaurreko agerraldi batean hitza hartu behar duenean, aurrez hainbaten artean landu izan dugu diskurtsoa. Ahalduntze horretan ikusten dira aurrerapen batzuk.

Legeari begiratu nahi badiogu, 2015ean EAEn Emakume Nekazariaren Estatutua onartua izan zen Legebiltzarrean ahobatez, eta bere ataletako bat da nekazal erakundeetan eta elkarteetan emakumeen parte hartze politikoa indartzea. Egun elkarte horietako ordezkaritzetan %40 emakumezkoak izan behar dute legez, diru-laguntza jasotzeko: ez bada hala, elkarte horrek ez du diru-laguntza lortuko. Horrekin bi alde dauzkagu: alde batetik, egia da emakumeek espazio horiek hartu ditzaketela, baina beste alde batetik, ez bada gizontasun eredu hegemonikoa kuestionatzen, uste dut benetako eraldaketa bat edo benetako parte-hartze eraginkor bat emateko oraindik pixka bat hankamotz geratzen dela, pauso batzuk gehiago eman beharra dagoela mentalitatean eta abar, parte-hartze hori benetan eraginkorra izateko.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Feminismoa
Festetako egitarauaren argazkia matxista dela salatu du Cascanteko emakumeen elkarteak

Candela emakumeen elkarteak eta PSNk eskatu dute argazkia kentzea eta udalak argitaratutako materialetan kontrol handiagoa egotea, ez egoteko estereotipo sexistarik.


2025-07-25 | Ana Morales
Esan barik ez doalako

Sasijakintsua, jakineza eta franco txikia: horiexek dira aurrekoan Gotzon Lobera jaunak, Bilboko kale batzuen izenak aldatzeko ekimenaren kariaz, Deia egunkarian zuzendu dizkidan epitetoak. Ez du nire izena aipatu, egia, baina neu izan naizenez urte eta erdi luzeko borrokan... [+]


Gizon heterosexualak eta literatura feminista: hausnarketa bat

Hasieratik argi utzi nahiko nuke ez naizela inolaz ere feminismoan, sexu- eta genero-teorietan ezta LGTBIQ+ komunitatearekin lotutako gaietan aditua. Gizon txuri heterosexual bat naiz, ezkertiarra esan dezagun, bere burua feministatzat hartzen duena (edo feministen aliatua,... [+]


2025-07-23 | June Fernández
Meloi saltzailea
Duintasuna

Langabezian geratu nintzen 24 urterekin, eta ezagun batek lan xelebrea eskaini zidan: ezkondu aurreko despedidak antolatzea. Logroñoko bere enpresa hedatu nahi zuen beste hiriburuetara, tartean Bilbora. Ezkongaien lagunen deiak jasotzen nituen, eta askotariko jarduerak... [+]


Gorputz hotsak
“Angustia handia sortzen dit ezer ez ikustera iritsi ahal izateak”

Euskal dantzak, pilates, bilobekin egon, gurutzegramak egin eta beste zaletasun asko ditu Grego Idiakez Kortak (Ezkio-Itsaso, Gipuzkoa, 1950). 62 urterekin iktus bat izan zuen, eta ordutik, ezin ditu nahi beste gauza egin. Iktusaren ondorioz, begi baten ikusmena galdu du, eta... [+]


Musikaren analisi feministak
Orbain bizien oinordeko, lerroarteak zabaltzeko

Bizi-biziak dira oraindik musikan dabiltzan emakume eta genero disidenteen azalean bizi izandako indarkeriaren orbainak. Ugaritu dira, halaber, orbain horiei buruzko ahotsak komunikabideetan, ikerketetan zein hainbat ekimenetan. “Asko dago egiteko oraindik”, diote... [+]


Laura Macaya
“Indarkerian esku hartzeko marko hegemonikoek ez diete onik egiten emakumeak suspertzeko prozesuei”

Urte luzeak daramatza Laura Macayak indarkeria jasan duten emakumeei lagun egiten, arlo instituzionalean, militantzian, bai eta beste justizia-eredu batzuetatik abiatuta ere. Horri guztiari buruzko liburu bat kaleratu berri du: Gatazka eta abusua ez dira gauza bera (Katakrak,... [+]


Iñaki Mujika ('Handbike' txirrindularia)
“Uste dena baino askoz hobeto bizi zaitezke gurpildun aulkian”

Motorrez gainezka dago Iñaki Mujikak Altsasun duen tailerra. Ilaran daude denak, baina bada barreneko gelaxka batean aparte gordetako bat. Mujikak beretzat egokitu nahi duen motorra da. 2021ean igo zen azkenekoz motor gainera; istripu larria izan zuen moto-kros zirkuitu... [+]


Emakume sexualizatuak oholtzan eta Arrigorriagako polemika: askatasunaren eta eredu patriarkalaren artean

Norbere gorputzaren gaineko erabakiez, estetika heteropatriarkalaren morrontzaz, kontraesanez eta musikaren industriaz solastatzeko baliatu dugu Arrigorriagako polemika: herri horretako jai batzordeak Vulkano orkestra festa-egitarautik kentzea erabaki du, ikuskizuneko... [+]


ZERO CHOU
“Pertsona homosexualak eta tradizioa adiskidetzea nahi dut”

30 urte baino gehiago daramatza Zero Chou zinemagile taiwandarrak istorioak kameraren atzetik kontatzen, bai zinemarako, bai telebistarako. Aurten, Zinegoak jaialdiaren 22. edizioko ohorezko saria jaso du.


Kriminalizazioaren gainetik Lurrezko herria

Euskal Herrian zein munduan, gero eta ugariagoak dira lurraren defentsan sortzen diren mugimenduak, bizitzari eusteko ezinbestekoa den lurraren balioa aldarrikatzen dutenak. Borroka hauek ez dira soilik erresistentzia; itxaropenaren eta konplizitatearen oinarri ere bihurtu dira... [+]


Gorputz hotsak
“Drag-ari esker deskubritu nuen pertsona trans bat nintzela”

“Bohemioa”, “poeta”, “mozkorra” eta “amodioaz maiteminduta” dagoen drag bat da Travis Tea (2024, Travistonia planetakoa). Autopertzepzio bat dela dio, eta kanpotik “talenturik gabeko eta antigoaleko poetatzat” dutela... [+]


2025-07-09 | June Fernández
Meloi saltzailea
Jimenez Escudero

1925. urtea izango balitz, akaso emakume erraketistak izango lirateke Zeruko Argiako aktualitate orrialdeetako protagonistak. Agian haien kirolari merituak goraipatzeko, agian feminitate arauak desobeditzeagatik seinalatzeko. Nire buruari agindu diot haien izenak memorizatzeko... [+]


Hizkuntza inklusiboak “ikuspegi berdinzaleagoa” garatzen laguntzen du, ikerketa baten arabera

Emakundek babestutako Hizkuntza aldaketa sozialerako tresna: hizkuntza inklusiboaren erabileraren ondorio batzuen azterketa teorikoa eta enpirikoa ikerketak ondorioztatu du hizkuntza inklusiboa erabiltzea garrantzitsua dela genero ezberdintasunak ez areagotzeko.


2025-07-07 | Leire Artola Arin
ANALISIA
Jaiak ere, gizonenak?

Uda giroan barneratuta, heldu dira herriko festak, baita sexu erasoen salaketen gorakada ere. Gozamenerako guneak sortzeko hilabeteetako lana egiten dute jai eta txosna batzordeetako kideek, eta goraipatzekoa da espazio horiek bermatzeko herritar boluntarioek egiten duten... [+]


Eguneraketa berriak daude