Absolbitu egin dituzte Gasteizko klinika baten aurrean manifestatu ziren 21 antiabortistak

  • Gasteizko Zigor Arloko 1 zenbakiko Epaitegiak ebatzi du akusatuek “otoitz egiteko” soilik eta “modu baketsuan” bildu zirela. Haien biltzeko eskubidea defendatu eta errugabe jo ditu. Epaia ez da irmoa, Arabako Probintzia Auzitegian errekurritu daiteke.


2025eko abenduaren 9an - 15:00
2022an Gasteizko Mugimendu Feministak abortatzeko eskubidearen alde egindako kontzentrazioa, 40 días por la Vida-ren jazarpen kanpainaren aurka. Hala Bedi
Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu

Astearte goizean ezagutu da epaia. Akusazio partikularrak eta fiskaltzak koakzio edo hertsatze delitua leporatzen zieten 2022ko azaroan Gasteizko Errioxa kaleko Askabide klinikaren aurrean abortoaren aurka bildu ziren 21 pertsonei, baina epaitegiak errugabe jo ditu.

Epaitegiaren arabera “otoitz egiteko bakarrik” bildu ziren ekintzaile antiabortistak, eta ez zuten “ indarkeriazko jarrerarik agertu biktimak izan zitezkeenen aurka”. Akusatuen biltzeko eskubidea defendatu du epaiak: “Zalantzarik gabe, akusatuek biltzeko duten eskubidea erabili besterik ez zuten egin, abortuak egiten diren klinika batetik gertu dagoen leku bat aukeratuz; uste zuten aldarrikapenak leku horretan adieraztea eta modu horretan egitea zela biderik egokiena transmititu nahi duten mezua transmititzeko: bizitzaren alde otoitz egitea eta laguntza eskaintzea”. Argudiaketa horretan oinarrituta, epaimahaiak errugabe jo ditu akusatuak. "Ez da frogatu akusatuek indarkeriazko jarrerarik izan zutenik, ezta klinikako langileei edo pazienteei begira akusazioan aipatutako ekintzak egin zituztenik ere".

Eskubideak

Akusazio partikularrak eta fiskaltzak zigor berdina eskatzen zuten auzipetuentzat: bost hilabeteko kartzela zigorra, 10.000 eta 20.000 euro arteko kalte ordainak, eta urruntze aginduak.

Epaiketan, besteak beste, Naroa Iturri Askabide klinikako zuzendariak deklaratu zuen. Deklaratu ostean Berriari eginiko adierazpenetan, Iturrik ukatu egin zuen antiabortistek soilik otoitz egiten zutenik. Haren esanetan, “hiltzaileak”, “genozidak”, “zuek hiltzen duzue” edo “zuen zigor eguna iritsiko da” moduko mezuak jaso zituzten. Antiabortistek biltzeko eta adierazteko eskubidea dutela onartu zuen, “baina gure kliniken aurrean ez, gutxienez 100 metrora egon daitezela. Haiek beren eskubideak izan ditzatela, baina guk ere gureak”.

Gasteizko Zigor Epaitegiaren epaia ez da irmoa, eta fiskaltzak eta akusazio partikularrak Arabako Probintzia Auzitegian helegitea aurkezteko aukera dute.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Abortu eskubidea
Eguneraketa berriak daude