"Oso garrantzitsua da gure gauzez ariko diren liburuak idaztea"

  • Eguna guztiz argitu da Getarian; frontoi irekian ez da inor ari jolasean oraindik. Kaioak entzuten dira. Bederatzietako kanpaiak jotzear dira. Itzulerako urratsa abiatu dugu; pauso lasaiagoan goaz, giro epeltzen hasiak eta gai libreagoan aritzeko aukerak hartaratuta.


2020ko otsailaren 23an - 05:22
Argazkia: Dani Blanco.

Walter Benjamin, Baudelaire, Vila-Matas… Robert Walserren Der Spaziergang (Paseoa) da paradigmatikoa. Hor ez baitu paseoa, edo ibilia, inspirazioarako erabiltzen, baizik eta literatur gai bihurtzen baitu bere paseo bat. Izan duzu halako tentaldirik?

Ez, oro har, ez. Zutaberen batean azaldu da nire paseorik, badaude aipamen inplizituak, ibilian sortutako ideienak eta abar, baina esplizituki ez dut inoiz egin.

Walserren Der Spaziergang ez dago euskaraz.

Ez, nik dakidala ez behintzat. Walserrena bakarra dago euskaraz: Jakob von Gunten (1909). Edorta Mataukok itzulia (Erein). Ondo legoke bestea ere euskaratzea…

Sekula ez duzu ikusi zeure burua langintza horretan?

Egin ditut itzulpen batzuk, baina neure burua itzultzaile bezala ez dut ikusten, ez. Gainera ni oso baldarra naiz beste hizkuntzetarako.

Baldarra? Lauzpabost hizkuntza menderatzen dituzu, eta latina…

Tira, menderatzea asko esatea da, moldatzen naiz, baina ez naiz azkarra kontu horietarako; azken urte luzeetan entzumen arazoak ere baditut, eta horrek ere asko eragiten du. Irakurtzeko moldatzen naiz errazago.

Jarriko bazina, zein liburu ekarriko zenuke euskarara?

Asko itzuliko nituzke, horietako batzuk badaude jada itzulita. Amets ia inposibletzat daukat, baina askotan pasatu zait burutik italieratik Carlo Emilio Gaddaren Quer pasticciaccio brutto de via Merulana ekarriko nukeela. Detektibe gisako liburu bat da, baina modu guztiz puskatzailean idatzia. Italierarekin jolas handia egiten du, modu sortzaile batean, era apurtzailean. Aparta da. Italieraz zaila da, eta euskarara ekartzea zaila litzateke. Badakit ez dudala sekula santan egingo, baina ariketa ederra litzateke, hizkuntzatik beretik sortzeko.

Montale euskaratu zenuen Munduko Poesia Kaierak bildumarako. Italieratik hura ere, poesian. Zer nolako ariketa izan zen hura?

Gogoratzen naiz Montaleren poema bat itzultzen ari nintzela konturatu nintzela bi klabetan irakur zitekeela ale bera: arrantzale giroko hizkeran irakur zenezake batetik, eta nekazari landatar hizkeran, bestetik. Poema horretako lexikoan hainbat hitz polisemiko baitago. Eta, berdin izan liteke lehorreko poema bat, edo itsas-girokoa. Adibide bat albero hitza da. Adiera bat du zuhaitza edo arbolarena, eta bestea, mastarena, itsasontziarena. Jolas hori da, hain zuzen ere, itzultzen zaila dena, eta erronka polita aldi berean. Jolas hori gabe poemak ez du balio handirik.

Itzultze ariketak egiten dituzu idazketarako trebakuntza modura?

Bai, hastapenetan asko egiten nuen, baina oraindik ere bai. Edozein liburu idazteko egiten baititut itzulpenak, handik eta hemendik, baita Itzuliz usu begiak saiakera honetarako ere. Aipu pila bat dago, izen abizenez aipatzen diren egileenak, eta erregistro desberdinetakoak, gainera. Beraz,  etengabe itzultzen ari gara. Hartzen diren aipuak nahiko kondentsatuak izaten dira normalean, eta horrek ahalegin bat eskatzen du itzultzeko. Oso laburrean asko esaten dutenak dira normalean, eta beren zailtasuna dute itzultzeko.

 

 

 

Argazkia: Dani Blanco.

 

 

 

Aipuak ekartzeko bi molde daudela diozu liburuan: bata Montaignerena, Axularrena bestea. Non kokatzen duzu zeure burua?

Montaignerekin kokatuko nuke, inon kokatzekotan. Montaignek aipuak itzuli egiten zituen. Axularrek, ordea, esplikazio eta guzti ematen zituen, modu didaktiko batean, baina ia sermoi bihurtuta, irakurleak bere horretan ulertuko ez zuen beldurrez-edo. Ideia bera bi edo hiru modutan esan eta abar… ez da nire moldea, ez.

Trebakuntzaz ari garela, liburuan diozu gazte bat etorriko balitzaizu gomendio eske, esango zeniokela itzulpen onak irakurtzeko. Baina parentesi artean gaineratzen duzu ez duzula uste inor etorriko zaizunik horretan. Zergatik diozu hori?

Ni ere ez nintzelako joan inorengana aholku eske gaztetxo nintzenean. Ezer esan beharko banio hasiberri bati esango nioke ez pentsatzeko inoiz hizkuntza bat badakienik. Pentsatzen baduzu, edo pentsatu gabe ere praktikan aritzen bazara hizkuntza bazeneki bezala, ez zara oso aurrera joango. Euskara gehiago ikasi dut azken hogei urteotan aurreko guztietan baino. 50 urte lanbide honetan, aldiro ikasten, eta oraindik horizonte zabal bat ikusten dut aurrean, eta hainbeste ikasteko. Denbora gutxi, ordea. Hor badago kontu bat sarri konturatzen ez garena: gu biziak nola garen, hizkuntza bat aldiro nola bizitzen dugun, nola moldatzen dugun, eta espresibitateak eskatzen digula aldiro moldatzea gainera: zuk norbaiti etengabe esaten badiozu “maite zaitut”, “maite zaitut”, “maite zaitut”… Hori ez da deus, hautsa besterik. Hizkuntzak mila molde ditu gauzak esateko, eta espresabide bat agortzen denean, ez duenean gehiagorako ematen, haustu egin denean, beste zerbait asmatzen dugu konturatu gabe ere.

Zein harreman duzu belaunaldi gazteekin? Saiatzen zara beraiek egiten dutena jarraitzen? Elkartzen zara beraiekin?

Idazle gazteen erreferentziak baditut, eta arretaz jarraitzen ditut. Irakaslea izan nintzen gaztetan, Ikastolan eta magisteritza eskolan ere bai. Ikasleekin harremana izanik zeuk ikasten duzu lehendabizi, hurbil zaude gazteengandik, eta bizirik sentitzen zara. Denboraren joanarekin galdu egiten da harreman hori, denbora gehiago pasatzen dugu etxean sartuta, komunikazioa galtzen da, ez bada oso hurbileko jendearekin, familiakoekin eta abar. Faltan sumatzen dut gazteekiko harreman hori, bai.

Izaten duzu aukerarik zure lanez jendearekin hitz egiteko, irakurle taldeetan dela, Zarauzko Garoa liburu-dendan dela…?

Bai, izaten ditut halako aukerak, baina ezin iritsi nahi nukeen leku guztietara. Eta, gertatzen da, halako lanek hainbatetan despistatu egiten zaituztela sorkuntza lanetatik. Hala ere, lehendabiziko aldia da nire bizitzan, nire ibilbidean, erabat sartuta egon naizena nire lanean, lantokian sartuta eta liburuaren idazketan erabat kontzentratua. Intentsitate handiko lana izan da. Pieza laburrez osatua dago, eta hor jardun dut, erritmoak, sakontasunak, erregistroak, ironiak, lantzen eta bilatzen. Erretiroa hartu aurretik, babarrunak irabazi behar izaten ziren, eta beti izaten nituen lanbide ogi irabazleak…

Eta denbora eskas.

Nik bi libururekin izan dut denbora osoa hari eskaintzeko: bat Otto Pette-rekin, eta bestetik, azken honekin. Liburu hau idaztea ez nuen posible izango erretiratua egon ez banintz. Zergatik? Intentsitatea eskatzen dizulako. Liburu honek ez duelako inondik ere ordainduko egindako lana. Saiakera batek ez baitu saltzen inolaz ere nobela batek bezala, eta gainera gutaz eta euskaraz ari den saiakera bat da, beraz, oihartzun gutxi izan dezakeena kanpoan, printzipioz. Gaia itzulpena izanagatik, inposiblea da itzulpena, paradoxikoki. Ez ezinezkoa delako, baizik eta interesik ez duelako. Otto Pette-ren kasuan beka bat lortu nuen Madrilgo Kultur ministerioan. Hori izango ez balitz, ezin izango nukeen egin. Esan eta aldarrikatu nahi dut literatura idatzi ahal izateko beka sistema serio bat behar genukeela gurean. Otto Pette ezin da egin asteburuetan idatziz. Nik behintzat ezin dut.

... 

Bai, denbora behar da kontzentratu ahal izateko. Bestetik, oso garrantzitsua da gure gauzez ariko diren liburuak idaztea. Sistema literarioak daukan alor merkantilak ez du aukerarik ematen literatura osasuntsu bat izateko, ez bada unibertsitateko sistema. Baina justu hura da dagoen sistema akademikoena, eta euskararen perspektibatik ia ezertxo ere esaten ez duena. Gure arazoez, gure klabetan eta literaturaren perspektiba artistikotik idatzitako lanek garrantzi izugarria dute.

Joera hartu duzu tesela deitzen duzunetan idazteko, testu zatikatuak, alegia. Zergatik?

Hor topatu dut modu bat gauzak kontatzeko. Duela dozena bat urte irakurri nuen Czeslaw Miloszen liburu bat, bere autobiografia moduko bat da, autobiografia intelektuala. Izena du Abecedario, gaztelaniaz emana. Egitura oso interesgarria egin zitzaidan: abezedario moduan ematen du. Abezedarioak logika du ordenamendu neutro batena, hitzen hasierako letrak antolatzen du ordena. Baina ze kuriosoa, saltaka zabiltza hitz horietan barrena, salto kronologikoak emanez, neurean baino areago gainera. Oraintxe zahartzaroa, oraintxe haurtzaroa… Dantzan zabiltza, liburuan aurrera zoazela, itzultzen zara kontu batera, baina jada beste zentzu bat hartzen du. Jolas hori oso interesgarria egiten zait.

Autobiografia aipatu duzu. Idatziko duzu inoiz?

Liburu hau idazten ari nintzela konturatu nintzen autobiografia praktikatu dudala, autobiografia intelektuala, nolabait esatearren, euskararen kontuen aldetik, batik bat. Aitorpen asko dago. Kezka sortzen zidan gehiegizko esposizioak, beharrik gabekoa izatea. Galdetzen nien ingurukoei, eta ezetz esan zidatenez, aurrera. Eskarmentuaren paperak (2010) ere idatzi nuen, eta bi horiekin badira elementu autobiografiko nahikoak. Demagun nire autobiografia intelektualaren elementu nagusienak ez garatuak baina apuntatuak badaudela.

Pasierak ematen duen tenplea. Garai hiperteknologizatu eta azeleratu hauetan pentsamendua ere aldatu zaigu. Nola eragiten dio Anjel sortzaileari garaiotako presak?

Paradigma aldaketa izugarri batean sartuta gaude, ia konturatu gabe. Neuk oso bizitza lasaia daramat normalean, baina ordenagailuaren aurrean egiten dut lana, eta sakelakoa daramat, eta nahi gabe ere horrek sortzen ditu interferentziak. Pasierak ematen dit sosegu bat bai, eguerdira arte esan nezake: “Denbora nirea duk”. Eta hori asko esatea da. Gure estruktura mentalak eta irakurtzeko moduak aldatzen ari dira. Modu fragmentario batean irakurri eta pentsatzen dugu. Italo Calvinok esaten zuen hori artean Internetik ez zela. Orain areago. Gazte idazleen lanetan ikusten dira egitura berriak eta abar. Denborarik ere ez dugu arnas luzeko gauzak irakurtzeko, zoritxarrez. XIX. mendeko nobela agortu dela ematen du. Hori hor dago, monumentu bat da eta asko eman du.

 

 

 

Argazkia: Dani Blanco.

 

 

 

Artean bederatziak direla iritsi gara Zarauzko moilara. Olatuek egunsentian baina indar gehixeago dakarte. Argazki batzuk egiteko baliatu dugu geldiunetxoa. Eskuinean Santa Barbara muinoa dago. Kazetariak kontatu dio bertan kokatua dagoela euskaraz inoiz irakurritako lehen liburua: Euskaldun bat Marten. “Ah bai, Zubeldiarena”, esan du brastakoan. Bestetik, aitortu dio kazetariak portu txiki horretan irakurri zuela bere lehen liburua nerabezaroko udaldi batean: Tobacco Days (1987). “Hara, uste dut idatzi dudan kaxkarrenetakoa dela!”, zintzotasunez. Ibilia amaitzera goaz, egin dugu joan eta itzulia, baina amaitu aurretik, gai arantzatsu bat atera da letren portura.

Peter Handkek kritika gogorrak jaso zituen Nobel saria jasotzean. Berriro plazaratu da obraren eta egilearen arteko bereizketaren gaia. Zenbaiten arabera banaezinak dira, beste zenbaitentzat korrekzio politiko eta moralak jan du egungo literatura zein artea. Zein iritzi duzu?

Ertz asko dituela Handkeren ibilera politikoak. Bere jarrera nire ustez positiboen artean hor dago mendebaldeko hainbat prentsaren eta politikariren hipokrisia kriminalari egindako kritika zorrotza, haien erantzukizuna azpimarratuz Balkanetako gerran. Baina Milosevicen alde agertu izanak bere hausnarketa interesgarri asko isilarazten ditu. Bere liburuetan daude. Nobela eta saiakera zorrotz askoak ditu Handkek. Hemingwayk ere nobela onak dituen bezala, nahiz bere gutunetan harrokeria osoz kontatu hainbat soldadu aleman armagabetu akabatu zuela. Memoriak bizirik dirauen bitartean zaila da artista eta obra disoziatzea. Baina nago ehun urte barruko irakurleek gaurkoek baino hobeto ulertuko dutela Handkeren dilema morala. Hemingwayren gutunetan ez da dilema moralik agertzen, idiozia morala baizik, hori da aldea.

Baina egun nagusitzen ari da obraren gainetik sortzailearen moraltasunean fokua jartzeko jarrera. 

Bai, uste dut zuzentasun politikoaren garaia bizi dugula. Uste dut errezeloaren gizartean bizi garela egun bete-betean. Kontzeptu hori ez da berria; Nathalie Sarraute nouveau roman-eko idazleak Bigarren Mundu Gerraren amaieran ostean idatzi zuen  L’Ère du soupçon (Susmoaren garaia), 1956an. Bigarren Mundu Gerratik gatoz, inor ez da inorekin fio. Eta hori areagotu egin da. Beste modu batera esanda, hipokrisiaren aroa bizi dugu. Irudiak du garrantzia, eta nork bere irudia saldu nahi du, pentsatzen duenaren kontrakoa esango badu ere. Politikoki zuzena izatea da irudia zaintzea: “Une honetan, zirkunstantzia hauetan hau esatea komeni zait, hau baita egun bogako dagoena eta...”. Gizarte kritikoa baino gehiago, errezeloan oinarriturikoa dugu, aztoramendu gehiegi eta denok denotaz errezeloa dugu, kontrolatzen gaituzte eta kontrolatzen dugu.

Hiru ataletan argitaratu dugun elkarrizketa honen aurreko bi zatiak lotura hauetan irakur ditzakezu:
- Zarautz-Getaria: "Ñabardurarik gabe baldarkeriari zabaltzen zaizkio ateak"
- Getaria: "Buru pentsalariak falta dira hor goian, euskaratik pentsatuko dutenak"

Kanal honetatik interesatuko zaizu: Euskal literatura
Otsoa dator!

Gizakiak istorio kontatzaileak gara, hainbeste, ezen esan ere egin daitekeen narrazio gaitasuna dela gizaki egiten gaituen ezaugarrietako bat. Kontakizunak behar beharrezkoak zaizkigu geure burua eta errealitatea eraikitzeko, eta bereziki aipatzekoa da ipuin klasikoek horretan... [+]


Uxue Alberdi. Hamarkada bi idazten (I)
Aulkitik aulkira, euli-giro eta Jenisjoplin, kontrako eztarritik dendaostera

Uxue Alberdiren lanari begira jarriko gara oraingoan. Lehenengo artikulu honetan helduentzako idatzi dituen ipuinak, eleberriak, saiakera eta kronika hartuko ditugu kontuan. Bigarren artikulu batean ilustratutako anekdotez, istorioez, filosofia liburuez eta idatzizko bertsoez... [+]


2024-02-12 | Jakoba Errekondo
Indi gaztainondoaren gerrateak

Zuloan sartuta egotea ez duk txarrena –esan zion Manuk–, txarrena duk ez jakitea noiz aterako haizen, edo inoiz aterako haizen ere. Lander Garroren Gerra Txikia nobelan, non gerra bateko iheslarien gorabeherak azaltzen dituen, pertsonaien artean, Anna Frank dakarte... [+]


2024-02-06 | Estitxu Eizagirre
Gorka Setien idazlea hil da

Gorka Setien Berakoetxea poemagile hernaniarra hil da otsailaren 4tik 5erako gauean. Bost liburu idatzi zituen, irrati libreetako ahotsa izan zen eta gozo entzuten eta zaintzen zekien. 2019an autoedizioan argitaratu zuen bere poema liburu berriena, Naufragoen altzoa.


Eguneraketa berriak daude