“Ñabardurarik gabe baldarkeriari zabaltzen zaizkio ateak”

  • Zarauzko (Gipuzkoa) kaleak hutsik dira. Herriak itxura fantasmagorikoa du orduotan. Goizeko seiak eta erdi dira eta hotz egiten du. Urtarrileko goiz grisa da. Itsasoa bizi dago, baina ez haserre. Hura entzuten da soilik. Pauso azkarrean eta burua txano beltzez estalita iritsi da Narros jauregiaren parera; malekoitik hasi dugu bidea. Ilun da oraindik. Anjel Lertxundiren (Orio, Gipuzkoa, 1948) hitzek argituko dute bidea, ordea. Hiru zati izan ditu elkarrizketa-txangoak. Zarauztik Getariarakoan ibiltzeak bere sorkuntzan duen eraginaz aritu gara eskuarki; baina beti azaleratzen dute muturra gainerako gai mugakideek ere, olatuetako korrokei arrainek bezalatsu.    


2020ko otsailaren 22an - 05:58
Argazkia: Dani Blanco.
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Narros jauregitik abiatu gara. Leku egokia literatur lan baten kokapen nahiz testuingururako.

Bai, Azkenaz beste (1996) liburuko azken partea kokatua dago Narros jauregian, hain zuzen ere. Pertsonaia nagusia itsasoan sartzen da, jauregitik aterata. Belaontzi bat ikusten da eta ez dakigu hara doan edo bere buruaz beste egiten duen.

Noiztik duzu ohitura egunero-egunero ibiltzeko?

40 bat urte badira oso goiz jaikitzen naizela, eta 25 bat urte, ibiltzen hasi nintzenetik, baina modu intermitentean egin izan dut, beti izaten baitira bestelako zereginak ere. Edo baita alfertu egin zarelako ere. Egunero hain goiz ibiltzeko arrazoia da, behin ibili eta gero egun osoa duzula zuretzako, eta batez ere, argitasun mentala ematen duela. Beti jaiki izan naiz oso goiz. Seminarioan pasatako urteek izango dute zerikusia, diziplina hori beti mantendu izan baitut. Magisteritza eskolan irakasle nintzenean ere, beti eskatzen nituen lehen orduko klaseak, nigatik eta ikasleengatik, beraiek ere lehen orduetan egoten baitira erneen.

Horren goiz jaikitzeak zerikusi gutxi dauka idazle bohemio tunantearen irudiarekin. Baina bada idazle paseozalearen prototipoa ere, Baudelaire, Walter Benjamin, Robert Walser, Vila-Matas...

Bai, bada XIX. mendeko paseoko literatura edo ibiliaren literatura, frantsesezko flâneur delako hori. Banuen lagun min bat, Claudio Rodriguez poeta. Ez zen poeta ibiltaria, ez baitzegoen ibiltzeko baldintza fisikoetan ere. Zarautzen izaten zen maiz, bera Zamorakoa izanik. Esaten zuen bere poema asko eta asko ibilian sortzen hasitakoak zirela. Eta ibilian markatzen zuela gero poemek izango zuten erritmoa, tempoa. Pausoen arabera antolatzen zituela poemak. Ni ez naiz poeta, baina ibiliaren erritmoa inportantea da idazteko ere. Oso azkar baldin bazoaz nekez lortuko duzu kontzentratzea, ez bada ibilian bertan. Baina burura ideiak etortzen bazaizkizu, laster makaltzen duzu ibilia ere, eta beste erritmo bat hartzen duzu.

Paseatzeak berak berekin dakar denboraren pausatze bat, eta horrekin denboraren jabetze bat, sortzailearentzat onuragarri datekeena.

Bai, nik bereiziko nituzke, hala ere, paseatzea eta ibilia. Paseatzea da arreta jartzea zure inguruko guztiari. Itsasoaren ondoan gaude, eta itsasoari erreparatzen diot, haren soinuari, olatuei, indarrari… Trafikoa baldin badago, aldiz, trafikoa madarikatzeari, eta ibilian zabiltzanean soilik erreparatzen diozu ibiliari.

 

 

 

Argazkia: Dani Blanco.

 

 

 

Itsasoa uneoro daramazu ondoan eguneroko pasiera hauetan. Nola eragiten dizu?

Eguneroko lagun bidaidea dut, baina badu egunero zerbait berria. Beti berdina, baina beti berritua. Egunero diferente dago. Eta horrek markatu egiten dizu egunaren hasiera: zakar baldin badago, edo bare-bare… gertuago ala urrutiago. Dira atzemanezin diruditen gauzak, baina bizitasuna adierazten dutenak. Naturaren bizitasuna adierazten dute.

Ez duzu eramaten musikarik, irrati tramankulurik, egunkaririk?

Inoiz izan dut tentaldirik hizkuntzak ikasteko programa horietako bat entzunez joateko. Badakizu, hizkuntzak herdoildu egiten dira. Frantsesa aspaldian abandonatua neukan, eta behin edo behin kaskoak jantzi eta nobela errezitatu bat-edo entzunez joan izan naiz, baina ez da batere esperientzia emankorra izan: ezinezkoa! Edo bata edo bestea. Eta musikarik ere sekula ez. Bestela badut ohitura musika entzuteko, batez ere musika klasikoa, lanean dihardudanean, baina ez ibilian.

Nahiko ekintza poetikoa da egun ibiltzea bera. Poesia idazteko urratsa ez duzu sekula eman. Betirako baztertua duzu?

Poema solteren bat edo beste idatzi izan dut, eta oraindik ere saiotxoren bat egiten dut, baina ez modu diziplinatu batean. Tira, poesia ezin liteke modu diziplinatuan idatzi, ez bada akabera emateko orduan-edo. Oso idazkera desberdina da prosarenetik, niretzako behintzat. Nire idazkuntza formarengatik gehiago tentatu izan nau prosa poetikoak poesiak berak baino. Ziur aski poesia egiten ez dakidalako, nahiz eta nik lehenbizi idatzitako gauzak poesia izan ziren, eta gaztelaniaz gainera. Mutil koxkorretan ez bainuen euskara alfabetaturik ere, gure belaunaldi guztiak bezala. Aurrerago etorri zen euskaraz idazteko erabakia. Gaztelaniaz egiten nuen hartan nire ahots poetikoa sentitzen nuen, baina euskaraz ez dut sentitu, ez dut topatu ahots hori. Ez dut segurtasun hori lortu.

Eta zeri egozten diozu hori?

Arrastorik ez. Plazer estetikoa ez da gauzatzen modu berean norberaren barne zirkuituetan, eta hizkuntzak ere berdin, norberaren esperientziaren arabera.

Behin betiko alboratua duzu poesia, hortaz?

Ez, alboratua ez daukat, baina segurtasun handia beharko nuke, hankak lur seguru samarrean sentitzea; jada ibilbide luze bat samar bat egina duzunean ez zenuke egin nahi zerbait zuk zeure buruari jarri diozun neurria baino txikiagokoa.

Poesia irakurlea bazara. Zer nola ikusten duzu euskal poetika berria?

Narratiba adina ez dut jarraitzen poesia, eta zaila egiten zait erantzun orokor bat ematea, baina bai esango nuke oso gauza interesgarriak irakurtzen ari naizela azken urteetan. Eta bereziki ari naiz gustura irakurtzen emakumeek egindako poesia; niri ez zait gustatzen gehiegi poesian eta literaturan emakumezkoek eta gizonezkoek egindakoa bereiztea, baina ikusten baduzu konstante bat poesian, hainbat gai tratatzerako orduan eta indar espresiboan, berritasuna dakartenak, arreta piztu dizuten autoreak emakumeak izanik, esaten duzu: “Hemen zerbait badago”. Hortik aurrera nik ez dakit teorizatzen, baina hori bai nabarmenduko nuke.

Urte askoan egunero zutabe bat idatzi zenuen Berria-n. Orduan ere egiten zenituen paseoak?

Normalean gustatzen zitzaidan oheratzea jakin gabe biharamunean zer idatziko nuen. Nekagarria da hori, baina niri laguntzen zidan egunerokoari adi egoten. Burua bizi mantentzen duzu. Horregatik sekula santan ez nuen izaten hozkailuan ezer gordea, salbu kanpora joaten nintzenean lau-bost egunetarako. Bai, paseatzen nuen eta ideiak freskatzen laguntzen zidan eguneroko paseoak. Inoiz apuru galantak pasa ere bai.

Faltan duzu orain eguneroko zutabea?

Oraindik ere askotan zutabeak egiten segitzen dut. Hamalau urteko jarduna ez da burutik joaten brastakoan. Batzuetan zerbait burura etorri eta pentsatzen dut nire baitarako: “Kaben zotz, lastima ezin zutabea idatzia!”. Tentaldiren bat izan dut… baina, pasa zen garai hura. Pozik nago egindako lanarekin, eta orain beste erritmo batean aritzen naiz. Hilean behineko kontuak-eta idazten ditut, eta bitxia da, hileroko horrek ia lan handiagoa ematen baitit eguneroko hark baino.

 

 

 

Argazkia: Dani Blanco.

 

 

 

Talaia berri honetatik, nola ikusten duzu euskal kazetaritzaren bilakabidea? Diozu liburuan ez direla xehetasunarentzat garai onak. Kazetaritza zerbait izan liteke ñabardurarik gabe?

Ñabardurarik gabe baldarkeriari zabaltzen zaizkio ateak. Ñabarduretan ikusten dira diferentziak, baina ñabardurak lana ematen du. Esaterako, kontu ezaguna da Afrikan hegazkin istripu gehiago izaten dela Europan edo Mendebalean baino, baina kontatzen ez dena da zer dagoen horren atzean, baldintza ekonomikoak eta abar, ñabardurak.

Kazetaritzatik harago, ñabarduren falta horrek ez al ditu errazten totalitarismoetarako egungo joerak ere?

Totalitario batentzat ñabardura da etsaia. Ez zaio inondik inora interesatzen ñabarduretan sartzea. Jendea bere errotara ekartzeko manipulazioa erabiltzen du totalitarismoak, eta ñabardura da manipulazioaren justu kontrakoa. Ñabardurarik ez dagoenean ez dago ezer osorik, Ñabarduretan dago osotasunaren eta bizitzaren sekretua.

Euskal kultur munduan ere nabaritzen da ñabardura falta?

Garaiak dira halakoak, eta halako kontuak kutsatu egiten dira beti. Totalitarismoak aipatu ditugu eta ez dira ari ematen leku bakarrean; gertatzen ari dira Asian, gertatzen ari dira Hego-Amerikan, gertatzen ari zaigu Europan… Zaila da guri ere ez tokatzea halakorik. Efikazia politiko zein kulturala bilatzen dute, baina epe laburreko efikazia. Efikazia horrek jende asko lagatzen du atzean. Jende asko engainatzen dute horrela. Iraupen luzeko lanek lotura handiagoa dute xehetasunarekin, ñabardurarekin, eta ez manipulazio efektistekin. Berdin bizitza pertsonalean ere, berdin artean ere, zineman, literaturan…

Ñabardurarik gabe nekez egon liteke humanismo zantzurik. Egun ia inork ez du aldarrikatzen humanismo kontzeptua, zu zara aipatzen duten gutxienetako bat.

Izango da demodé bat naizelako. Nik ulertzen dudan modura, humanismoa Europa gidatzen eta gihartzen duen printzipio edo filosofia bat da, ekialdean budismoa izan litekeen bezala. Indarra gizakian jartzen duena. Begira oraintsu Bolivian gertatu dena erlijioaren eraginez. Guzti horietan ez dago humanismoaren arrastorik. Humanismoaz hitz egiten da behialako kontu bat bezala, “hura bai garai lasaia, eta orduan bai”. Baina bai orduan eta bai orain ere, erlijioen gerren erdian gaude. Orduan ere ez zen hain erraza izango humanismoa aplikatzea, kristautasunaren debaklearen erdian eta abar, baina orain ere kostatzen ari zaigu majo!

Hala ere, erlijioetatik ari ez direnek, are, ikuspegi eraldatzaile batetik ari diren gehientsuenek ere, ez dute humanismoa baliotzat aipatzen ia.

Nolabait gerraren izpiritua, zentzu zabal batean, nagusitu delako mugimendu eta jarrera askotan. Izpiritu hori mugatzen da irabaztera. Nire esparrua irabazi, nire kausa irabazi, nire diskurtsoak irabazi. Humanismoari ere horixe gertatu zitzaion, bazterrean geratu zela banderizoen eskemetan, ez batekoen eta ez bestekoen, sartzen ez zelako. Molestatu egiten duelako. Zubigintza beti da zaila, eta bide batez, itzulpena ere bai [barreak].

Hiru ataletan argitaratzen ari garen elkarrizketa honen bigarren zatia lotura honetan irakur dezakezu: "Buru pentsalariak falta dira hor goian, euskaratik pentsatuko dutenak"

Kanal honetatik interesatuko zaizu: Euskal literatura
Agustin Kardaberaz
‘Euskararen berri onak’: dagoenean dale, ez dagoenean bale

Parranda dezente egindakoa naiz Kardaberazen –Hernanin izen hori zeukan kalean, alegia–, baina ez nuen asko espero festa egin ahalko nuenik inoiz Kardaberazekin: a ze dibertimendua 1761ean argitaratu zuen Euskararen berri onak. Idatzi zituen beste lan gehienak ez... [+]


Joxe Azurmendi idazle eta pentsalaria hil da

Joxe Azurmendi (Zegama, Gipuzkoa, 1941-2025) idazle, filosofo eta saiakeragilea zendu da. Literatura eta pentsamenduaren arloan lan itzela egindakoa, intelektual gisa ez ezik, euskararen eta kulturgintzaren aldeko mugimenduetan engaiaturik eman zuen bizitza osoa. Besteak... [+]


Debako liburutegian haurrek jasaten duten diskriminazioa ezabatuko dute

6 urtez azpiko haurrek egunean ordubetez baino ezin zuten egon Debako liburutegian, eta egoera hori aldatzeko borrokan aritu da herriko ama talde bat. Udal gobernuak jarrera aldatu eta onartu du herritar guztiek, duten adina dutela, nahi dutenean egon ahal izatea liburutegian... [+]


Joxe Austin Arrieta. Irabazlearen errelatoaren aurka
“Memoria-ariketa da ‘Palinpsestoa’, ahal izan dudan zorrotzena eta zintzoena”

Belaunaldi oso baten liburua da Palinpsestoa. Idazten dakien modura idatzi du Arrieta Ugartetxeak, eta horixe dateke alde gaitza. Gainerakoan, hortxe gure iragan hurbila, gerra ondoa, apaiz giroa, euskara, militantzia… eta ez hain hurbila ere, senide nagusien gerra... [+]


111 Akademiak banatuko duen azken saria jaso du Miren Amurizak

Ostegunean banatu dute saria, Amasa-Villabonako Hika txakolindegian. Bertan jakinarazi dute 2024koa izan dela 111 Akademiak banatuko duen azken saria.


Ostiralean hasi eta urte bukaera arte iraungo du Arestiren ekarria ezagutarazteko Bilboko egitarau oparoak

Euskaltzaindiak, EHUko Gabriel Aresti Katedrak, Gabriel Aresti kultura elkarteak eta Bilboko Koral Elkarteak elkarlanean antolatu dute egitaraua. Ostiral honetan, adibidez,  Bilboko Udalaren Txistularien Bandak Aitaren Etxea emanaldia joko du Euskaltzaindiaren... [+]


2025-06-04 | Lander Arretxea
“Galdera da lan batek noiz balio digun, ez geuk distira egiteko, baizik eta kolektibo gisa”

Diziplina askotan ibilia da Amaiur Epher (Izpura, 1994). Aktore lanak egiten ezagutu nuen orain urte batzuk. Diabolo Kiwi edo Frigo taldeekin erritmo dantzagarriak joz ikusi eta entzun du, ziur, batek baino gehiagok. Eta idazlea ere bada. Bigarren liburua argitaratu berri du:... [+]


Trapu gorria, Arestiren omenez

Ekainaren 5ean 50 urte beteko dira Gabriel Aresti zendu zela, jaio zen hirian bertan, Bilbon. Ziutatearen tristeziak bestelako kolore bat duen garaiotan, belaunaldi berri batzuek Arestiren hitzak goratzeaz aparte, haren esanak gaurko egunetik aztertu dituzte hiri horretan... [+]


Bunkerretik ihes egiteko manifestua

Heriotzak Eduardo du izena

  • Egilea: Formol konpainia (eta Ander Lipusen manifestua)
  • Non: Modelo Aretoan, Zarautzen, Literaturia jaialdia
  • Noiz: Maiatzaren 23an.

-------------------------------------------------------------

Bunker batean garatzen da antzezlana... [+]


Haur irakurzaleek ere beren topaketa eguna izango dute

Dantza, xake edo kirol topaketak egiten diren bezalaxe, literatura gustuko duten haur eta gazteek ere zaletasuna partekatu, elkar ezagutu eta egunpasa ludikoa egiteko aukera izango dute, datorren igandean. Ikasturtean zehar elkarri gutunak idazten aritu diren 130 gaztetxo... [+]


Miren Amurizaren ‘Pleibak’, 111 Akademiako irabazle

Unai Elorriagaren Francesco Pasqualeren bosgarren arima liburua izan da lehiako bigarren finalista.


2025-05-13 | ARGIA
Aurelia Arkotxa omenduko du aurtengoan Ziburuko Azokak

Ekainaren 7an izango da Baltsan elkarteak eta ARGIAk elkarrekin antolatzen duten Ziburuko Euskal Liburu eta Disko Azoka. Seigarren edizio honetan Aurelia Arkotxa izango da omendua eta egitarau oparoa ezagutzera eman dute prentsaurrekoan. Ziburuko Azokaren uhina inguruko... [+]


Arnaut Oihernart
‘O.ten gaztaroa neurtitzetan’: nehor ere hura bezi

Orain denak aita santua baino frantziskotarrago bihurtu zaizkigunez, komeni da gogoratzea gure klasiko ez-sotanadunez. XVII. mendean izan zen bat, haren grazia zen Arnaut Oihenart. Eta ezin gaitezkeenez murgildu haren lan guztietan, gaur goretsiko dugu O.ten gaztaroa... [+]


2025-05-07 | Iñigo Satrustegi
Jon Miranderekin dantzan II
Zer egin Jon Miranderekin?

Aurreko tertuliako galderari erantzuteko beste modu bat izan zitekeen, akaso modu inplizituago batean, bigarren solasaldi honetako izenburua. Figura literarioaz gaindi, pertsonaia zalantzan jartzeko, edo, kontrara, pertsonaiaren testuingurua ulertzeko saiakera bat. Santi... [+]


Eguneraketa berriak daude