Osakidetzako filtrazioen auzian zuzendaritza taldeko Darpón eta Mugika ikertzeari uko egin dio magistratuak

  • LAB sindikatuak irailaren 1ean egin zuen eskaera auto bidez. Instrukzio auzitegiak Darpón eta Mugika aztertzea errefusatu du, baina hainbat espezialitatetako beste bederatzi kide ikertuko ditu. Auzia 2022ko urtarrilaren 29ra arte luzatuko da.


2021eko irailaren 06an - 09:39
Azken eguneraketa: 11:43

Jon Darpón Osasun sailburu ohia eta María Jesús Mugika Euskal Osasun Zerbitzuko zuzendari nagusi ohia inputatzeari uko egin dio Gasteizko 2. Instrukzio Epaitegiak. Cristina Rodríguez Ruiz magistratuak azaldu duenez, 2016-2017ko Osakidetzako azterketetako filtrazioen kasuan, zuzendaritza taldeko bi kideek ez zuten “legez kanpoko jokabiderik egin edo sustatu”.

LAB sindikatuak irailaren 1ean kaleratutako autoan egin zuen akusazio eskaera. Fakultatibo espezialisten lan eskaintza publikoaren (LEP) iruzurrean, Darpón, Mugika eta Osakidetzako Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko (IVAP) beste kargudun batzuk inputatzea eskatu zuen. Bestalde, sekretuak ezagutaraztea, kontratazioan iruzur egitea, prebarikazioa eta delituak jazartzeari uko egitea egotzi zieten.

Epaileak, ordea, karguak errefusatu ditu. Rodríguez Ruizen esanetan, "akusazioak adierazitako pertsonak ez dira ezein elkartetako kide, salbu eta Eusko Jaurlaritza, Osakidetza edo IVAP elkartetzat hartu nahi badira, eta, era berean, erakunde horiek ez dituzte delituak egitea sustatzen edo erakunde-egiturak erabiliz legez kanpoko jokabideak sustatzen". Magistratuak akusazioak errefusatu ondoren, EAJtik babes osoa adierazi diote Darpóni.

Herri akusazio den sindikatuak, ordea, gogor kritikatu du zuzendaritza taldeak filtrazioen auzian daukan papera onartu ez izana. “Ez dugu konpartitzen elementu diskordante batzuek mundu guztia alde batera utziz jarduten zutenaren ideia. Alderantziz, ziur gaude Osakidetzako zuzendaritza izan dela filtrazioak bermatzeko estrategia eraginkorra diseinatu duena, baita bere inpunitatea ere”.

LABen ustez, zuzendaritzak “kezko gortinak” erabili ditu “praktika ustel hori” ezkutatu ahal izateko. Filtrazioak ezin izan ziren modu isolatuan gertatu; hori ahalbidetzeko sistema baten laguntza egon behar zela argudiatu dute. Horregatik, zuzendaritza taldea ikertzeko, epaiari helegitea jartzea aztertzen ari dira.

ESK sindikatuak ere herri akusazio gisa jardun du 2016-2017ko azterketen iruzurraren kasuan, eta LABen iritzi bera azaldu du osasun sistemako zuzendaritza taldearekiko. Patxi Nicolau ESKk Osakidetzan duen ordezkariak argitu duenez, sindikatuak ez du “oposiziogileen sorgin-ehiza” egin nahi. ESKren helburua osasungintzako lan-eskaintza publikoetan duela hamarkada batzuetatik ezarri den “bezero-sistema” salatzea da, eldiario.es komunikabideari esan diotenez.

Beste bederatzi  pertsona ikertuko dituzte

Zuzendaritza taldeari egotzitako delituak aztertuko ez badituzte ere, instrukzio epaitegiak onartu egin du hainbat espezialitatetako bederatzi pertsona gehiago ikertzea. ESK sindikatuak eskatuta, Angiologia eta Kirurgia baskular, Urologia eta Kardiologiako probekin lotura duten lagunak dira zerrendan sartuko direnak. Hauek kontuan hartuta, guztira, 20 pertsona daude auzian inputatuta, baina gehiago egon daitezke oraindik. 

Izan ere, instrukzio epaitegiak  beste sei hilabetez luzatuko du ikerketa epea: 2022ko urtarrilaren 29an bukatuko da azterketen iruzurrak epaitegietan egingo duen bidea. Bestalde, Fiskaltzak hala eskatuta, bederatzi lekuko deituko dituzte deklaratzera.

Herri akusazioaren eskaerak

ESK sindikatuak uztailaren 26an salatu zuen iruzur “zantzuak baino zerbait gehiago” aurkitu zituela hamar kategoriatan. Horrela, zenbait espezialitatetako hainbat kide ikertzeko eskatu zuen: anestesiologiako lau oposiziogile, angiologiako bost, digestioko bost, traumatologiako bost, neurokirurgiako bost, neurofisiologiako bi, urologiako hiru eta kardiologiako beste hiru, eta anestesiologiako eta urologiako bi epaimahaikide. 

Ekainean, berriz, LABek egindako eskaera baten harira, beste lau pertsona ikertu zituzten, eta momentu hartan, hamaikara igo zen akusatu kopurua. Debagoieneko Traumatologiako zerbitzuburua, Kirurgia Plastiko eta Konpontzailearen lehen azterketaren egile bi eta Kirurgia Plastiko eta Konpontzaile kategoriako oposiziogile bat izan ziren azkenak. 

Halaber, sindikatuak argudiatu zuen IVAPek eta Osakidetzak epaitegiei gertatutakoa argitzeko informazioa “lapurtu” egin ziela: “Eragiketa horretan zehar gutxienez bi bilera eta zenbait mezu elektroniko ezkutatu dituzte nahita, era berean, azterketen notak aztertzen zituen txostena ezkutatu dute”. Hilabete hartan, Jon Darpónez eta María Jesús Mugikaz gain, zuzendaritzako beste hainbat kide ikertzeko eskaera egin zuten: Juan Carlos Soto, Andoni Arcelay, Xabier Balerdi eta Miriam Aparicio, besteak beste.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Iruzurra Osakidetzan
2023-07-20 | Ilargi Manzanares
Osakidetzako EPE berriak “intzidentziekin” hasi dira

Erradiodiagnostikoko teknikari espezialistaren eta farmaziako laguntzailearen deialdietan hainbat galdera baliogabetu dira. Horiekin batera, joskintzako ofizialaren eta teknikari informatikoen azterketetan arazoak azaldu dira.


2022-10-07 | ARGIA
Osakidetzako aurreko zuzendaritza ez dute auzipetuko EPEaren filtrazioen harira

Arabako Auzitegiak atzera bota du LABen errekurtsoa. Hala ere, sindikatuak “aukerak” ikusten ditu epaiketa baterako.


2022-02-02 | ARGIA
LABek helegitea jarriko dio Osakidetzako LEPeko filtrazioen auziko azken autoari

Sindikatua pozik agertu da epaileak ikerketa sei hilabetez luzatzea onartu duelako, baina autoari ebazpena jarriko dio "autoa hobetzeko eta defentsen ekintzak baliogabetzea eragozteko".


2021-11-05 | Leire Artola Arin
ELAk salatu du 3.500 lanposturekin ez dela konponduko Osakidetzako 24.600 behin-behineko langileen arazoa

3.535 lanpostuko eskaintza egiteko asmoa adierazi du Gotzone Sagardui Osasun sailburuak. ELA sindikatuak, ordea, kritikatu du behin-behineko langileak 24.600 direla eta ez dela “arazoa konponduko”. 9.000 langilek gutxienez zortzi urte daramate aldi baterako... [+]


2021-07-27 | ARGIA
Osakidetzako oposizioetako erantzunak jaso zituztela argudiatuta, beste 30 mediku inputatzeko eskatu du ESK-k

Osakidetzako 2018ko oposizioetan atzeman dituzten irregulartasunen sokari tiraka, azterketara aurkeztu ziren beste 30 mediku eta epaimahaikide jardun zuten bi bokal inputatzeko eskatu du ESK sindikatuak. Hainbat froga aurkeztu dituzte eta leporatu diete erantzunak aurrez eskatu... [+]


Eguneraketa berriak daude