ESK sindikatuak Osakidetzako lan eskaintza publikorako hiru oposiziogile ikertzeko eskatu du

  • Anestesista espezialitaterako lan eskaintza publikoan azterketen filtrazioengatik “onurak” jaso zituztela, susmoa du sindikatuak. Datozen egunetan 24 lagunek epaitegietan beren lekukotza emango dute Osakidetzako 2016-2017ko lan eskaintza publikoan jazotako iruzur kasuaren harira.


2020ko irailaren 03an - 10:48
Osakidetzako oposaketa azterketa.

Iragan asterartean abiatu zen Osakidetzako 2016-2017ko LEP lan eskaintza publikoetako iruzurraren auziaren beste zati bat. Fase berri horretan, 24 lekukok dute hitzordua epailearen aurrean, LAB sindikatuak eskatuta. Oposaketetan parte hartzeko izena eman zuten hainbat lagun eta azterketaren antolatzakuntza jardueretan aritu ziren zenbait pertsona galdekatuko dituzte. Oraingoz ez da baztertzen lekukoren batzuek akusatuen eserlekuan amaitzea.

Une hartan Osakidetzako zuzendaritzan zeuden kideak inputatzeko eskatu dio LABek epaileari, hala nola, Jon Darpon, 2012 eta 2019 artean Jaurlaritzako Osasun sailburua izandakoa eta Maria Jesus Mugika Osakidetzako zuzendari nagusi ohia. Asteazkenean ESK sindikatuak eskaera berri bat egin zuen: anestesista espezialitateko LEPean parte hartu zuten hiru mediku ere iker ditzatela, filtrazioen onuradunak izan ote ziren ebaztea helburu.

Sindikatuak lekukoen testigantzak izan ditu oinarri: “Deklarazioen ostean, ESK-ek berresten du bere ikuspegia: onuradunak izan zirela filtrazioengatik, nahiz eta ukatu duten azterketa lehenago jaso izana”. Sindikatuaren iritziz, kontuan hartu behar litzateke azterketagile horiek jaso zuten nota, eta epaile aurrean aurkeztutako notario akta aztertzeko eskatu du, bertan azaltzen baita ikasle horien izena: “Gure ustez, klientelismo sare horren onuradunak izan dira, eta haien ekintzen bitartez sare hori iraunarazi dute”.

Medikuen egoera

Irailaren lehenean LABeko ordezkariek Gasteizko epaitegietara jo zuten, eta bertan azterketan izen ematen duten medikuen egoeraren berri eman zuten: “Osakidetzako langileen artean, behin-behinekotasunik handiena medikuen artean dago. Lehiaketa egitera doazenak badakite giltza zerbitzuburuak duela, eta, beraz, haiei men egin besterik ez dute askotan”. Horrenbestez, medikuak kaltetu nagusiak direla ondorioztatu du LABek.

Ostegun honetan jarraituko du lekukoen testigantzak epaile aurrean. Astelehenera bitartean, orotara, hamasei izango dira hitza hartuko dutenak.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Iruzurra Osakidetzan
2023-07-20 | Ilargi Manzanares
Osakidetzako EPE berriak “intzidentziekin” hasi dira

Erradiodiagnostikoko teknikari espezialistaren eta farmaziako laguntzailearen deialdietan hainbat galdera baliogabetu dira. Horiekin batera, joskintzako ofizialaren eta teknikari informatikoen azterketetan arazoak azaldu dira.


2022-10-07 | ARGIA
Osakidetzako aurreko zuzendaritza ez dute auzipetuko EPEaren filtrazioen harira

Arabako Auzitegiak atzera bota du LABen errekurtsoa. Hala ere, sindikatuak “aukerak” ikusten ditu epaiketa baterako.


2022-02-02 | ARGIA
LABek helegitea jarriko dio Osakidetzako LEPeko filtrazioen auziko azken autoari

Sindikatua pozik agertu da epaileak ikerketa sei hilabetez luzatzea onartu duelako, baina autoari ebazpena jarriko dio "autoa hobetzeko eta defentsen ekintzak baliogabetzea eragozteko".


2021-11-05 | Leire Artola Arin
ELAk salatu du 3.500 lanposturekin ez dela konponduko Osakidetzako 24.600 behin-behineko langileen arazoa

3.535 lanpostuko eskaintza egiteko asmoa adierazi du Gotzone Sagardui Osasun sailburuak. ELA sindikatuak, ordea, kritikatu du behin-behineko langileak 24.600 direla eta ez dela “arazoa konponduko”. 9.000 langilek gutxienez zortzi urte daramate aldi baterako... [+]


Osakidetzako filtrazioen auzian zuzendaritza taldeko Darpón eta Mugika ikertzeari uko egin dio magistratuak

LAB sindikatuak irailaren 1ean egin zuen eskaera auto bidez. Instrukzio auzitegiak Darpón eta Mugika aztertzea errefusatu du, baina hainbat espezialitatetako beste bederatzi kide ikertuko ditu. Auzia 2022ko urtarrilaren 29ra arte luzatuko da.


Eguneraketa berriak daude