Darpon fitxatu duen enpresak 350.000 euro jaso ditu Jaurlaritzatik azken hiru urteetan


2019ko abenduaren 04an - 10:31
Jon Darpon eta Arantxa Tapia, Keralty enpresarekin lotutako Mizar bisitatzen 2018ko urtarrilean (argazkia: Irekia).

Jon Darpon Osasun sailburu ohiak Eusko Jaurlaritza utzi zuen 2018ko Osakidetzako enplegu eskaintzan izandako irregulartasunengatik eta horren ondoren enpresa pribatu batek "fitxatu" zuen. Keralty da enpresa horren izena eta 2016tik diru-laguntza publikoetan enpresak jasotako 350.308,26 euroak hizpide dira Eusko Legebiltzarrean.

Keraltyk –lehen Sanitas Internacional– eta zuzenean edo zeharka harekin lotutako beste enpresa batzuek –Biokeralty/Biopraxis, Praxis, Biopharma Praxis edo Mizar– finantzazio publikoa lortu dute kontratu gisa edo, batez ere, laguntza gisa. Guztira, 98.941 euro dira Osasun Sailetik datozenak eta beste 2.014.502,75 Ekonomiaren Garapenerako sailaren diru-laguntzetatik lortuak, funtsean osasun-arloan I+G proiektuak garatzeko. Informazio ofiziala da, EH Bilduko Josu Estarronak eskatuta Eusko Jaurlaritzak Legebiltzarrari bidalitakoa eta ElDiario.es-ek argitaratu duena.

Aurtengo martxoan Darponek EAEko osasun publikoaren buru izateari utziko ziola baieztatu ondoren, azkar eman zuen Keraltyn sartzeko urratsa. Bi hilabete baino gutxiagoan fitxatu zuen nazioarteko aseguru-etxe pribatu horrek, zeinaren egoitza Arkautin dagoen, Gasteiz kanpoaldean. Keralty taldeko Eurasiako zuzendaria da orain Darpon eta operazioen arduraduna ere bada. Joseba Grajales –Forbes zerrendaren arabera, Espainiako Estatuko 64. pertsonarik aberatsena– da presidentea eta Jon Azua –Osasun sailburu ohia eta lehendakariorde ohia– ere zuzendaritza postuetan dago. Grajales familiak sektoreko beste enpresa batzuk ere kontrolatzen ditu, hala nola Biokeralty –lehengo Biopraxia–, Praxis, Biopharma Praxis edo Mizar, 3Dko inprimaketan aritzen dena aplikazio medikoekin. New Health fundazioa ere lotura gisa agertzen da, baina horren inguruko daturik ez da bidali Legebiltzarrera.

Gobernuak Legebiltzarrera bidalitako informazioaren arabera, Keraltyk 350.308,26 euroko diru-laguntzak jaso ditu 2016tik. Laguntzak ez dira osasun-arlokoak, Garapen Ekonomikoko arlokoak baizik, eta, zehazki, berrikuntza bultzatzeko funtsetakoak, Hazitek programakoak, adibidez. Diruz lagundutako ekimenen artean dago tratamenduei teknologia aplikatzea edo historia klinikoak kudeatzeko blockchain sistema garatzea.

Keraltyk ez du izan Darponek zuzendu zuen eremuko esleipenik 2013 eta 2019 artean, baina Biokeraltyk bai. Bigarren enpresa horren kudeatzaileak eta egoitza Keraltyren berdinak dira. EAEko Osasun Sailak 46.641 euroko ekarpena eman zion 2018an, paziente onkologikoetan datuen analisiaren aplikazioa ikertzeko. Garapen Ekonomikotik, Biokeralty/Biopraxisek beste 378.713,98 euro jaso ditu. Era berean, jasota dago sozietate horrek 4.000 euro eman zizkiola Bioef fundazio publikoari, babesle gisa egindako ekimenetako batean parte hartzeko.

Praxis taldeak Miñaoko parke teknologikoan du egoitza, eta 46.500 euro jaso ditu Osasun Sailetik eta beste 930.612,66 euro Garapen Ekonomikorako departamentutik. Horiei Praxis Biopharmak emandako diru-laguntzetan lortutako 180.419,79 euro gehitu zaizkie.

Azkenik, Mizar Healthek 5.800 euro lortu ditu Osasun Saileko kontratu txiki batetik eta 174.448,06 euro I+Gko diru-laguntzetatik. Mizar Keraltyren bazkidea da. Darponek, sailburu zen garaian, honako hau iritzi zion: "Funtsezkoa da osasuna rloko ikerketa eta berrikuntzan enpresen eta osasun-sistemaren arteko lankidetza-sinergiak sortzea, aberastasun eta garapen sozio-ekonomiko handiagorantz aurrera egin ahal izateko, eta, gainera, osasunean emaitza hobeak lortzeko euskal herritarrentzat", Jaurlaritzak bere webgunean jaso zuenez.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Ate-errotak
2020-07-15 | Mikel Eizagirre
PP utzita, Alfonso Alonsok José Blanco PSOEko ministro ohiaren aholkularitza enpresa zuzenduko du

EAEko PPko buruzagi ohiak ez zuen izendapenaren berri eman nahi azken hauteskundeak igaro arte, bere alderdi ohiaren emaitzetan ez eragiteko. Ez du askorako balio izan dena den, Iturgaiz buru zuen zerrendak lorturiko emaitza eskasak ikusita.


Ezetz asmatu Zubietako Arkaitzerrekan hildako arrainen misterioa nork argitu behar duen

Gipuzkoako erraustegitik behera doan Arkaitzerreka errekan ehunka aingira eta arrain aurkitu dituzte hilda joan den larunbatean. Geroztik jakin denez, Uraren Agentziak hartu du bere gain ikertzea horren jatorriarekin zerikusirik ba ote duen Gipuzkoako Ingurumen Parke deituan... [+]


Darpon Jaurlaritzako Osasun sailburu ohia osasun aseguru-etxe pribatu batean hasi da lanean

EH Bildu eta Elkarrekin Podemos alderdiek eta ESK eta LAB sindikatuek “ate birakarien” kasu berri bat dela adierazi dute.


2018-09-17 | Zero Zabor
Karrantzako Minda usteletik Zubietako erraustegira: nork ikertu behar ditu EAEko ate birakariak?

Bizkaiko Entzutegiak erabaki berri du Karrantzako Minda araztegiaren kiebrak badituela errudunak eta Bizkaiko bailara honetako azienden simaur-isuriak birziklatzeko proiektua antolatu zutenak kondenatu ditu, tartean Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza saileko zuzendari postutik... [+]


2018-05-15 | Axier Lopez
Josu Bergara (EAJ) Garraio eta Obra Publikoen sailburu ohiaren enpresari esleitu diote Donostiako AHTren geltokiko obra, 861.000 euroan

Arantxa Tapia Lakuako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura sailburuak, Eneko Goia Donostiako alkateak eta Iñigo de la Serna Espainiako Sustapen ministroak Donostiako Norteko geltokiaren birmoldaketa proiektua aurkeztu zuten astelehenean, Donostiako udaletxean. Obraren... [+]


Eguneraketa berriak daude