Osakidetza kritikatu dute Debabarrenako osasun langileek, eskualde osoan gizarte-langile bakarra dagoelako

  • ESI erakundeko langileek salatu dute Osakidetzan bi gizarte-langile izatetik bat izatera igaro izana 76.000 biztanleko eskualdean.

Eibarko Ospitalea / Argazkia: Garaolaza . Wikipedia CCSA 4.0

2023ko urriaren 03an - 10:38
Azken eguneraketa: 15:08
Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu

Debabarrena Erakunde Sanitario Integratuko (ESI) osasun langileak Osakidetzaren erabakiaren aurka agertu dira eskualde osoan bi gizarte-langile izatetik bat izatera igaro direlako. Osakidetzak, aldiz, lanposturik kendu ez dela azpimarratu du. Debabarrenak 76.000 biztanle inguru ditu guztira eta bere gain hartzen ditu Mendaroko eta Eibarko Ospitaleak, eta Ermua, Torrekua, Elgoibar, Soraluze, Mendaro, Deba eta Mutrikuko osasun zentroak.

ESIren asmoa aldi baterako kontratatuta zegoen pertsonari plaza finko bat ematea zen, hartara bi gizarte-langile izateko. Osakidetzak, aldiz, ezezkoa eman du. Gainera, SATSE, ELA, LAB, SME, CCOO eta UGT sindikatuek salatu dute Osasun Sailak 2.200 kontratu bertan behera uzteko asmoa duela. “Lanpostu horiek desagertzea eta lan talde are txikiagoa izatea da haien asmoa”, adierazi dute.

Gizarte Langintzako Gipuzkoa, Araba eta Bizkaiko elkargoek egoera “onartezina” dela salatu dute: “Gure gaitzespena eta kezka adierazten dugu Debabarrrenako ESIan Gizarte Laneko plaza bat kentzeagatik”. Osakidetzan lehen mailako arretako gizarte-langileak bermatuta egotea beharrezkoa dela adierazi dute, horrek egoera jasanezin batzuk detektatzea eta prebenitzea “zailtzen” duelako. Hala ere, Osakidetzak ezezkoa eman dio hartutako erabakia birplanteatzeko egindako eskaerari.

ESIk gizarte langileen balioa nabarmendu du: “Gizarte Laneko profesionalek gaixotasun-prozesuan sor daitezkeen zailtasun emozional, ekonomiko eta sozialei aurre egiten laguntzen dute, pazienteek behar dituzten baliabideak eta zerbitzuak eskura ditzaten erraztuz”. Bestalde, egungo egoeraren hausnarketa bat egitea “ezinbestekoa” dela adierazi dute.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Osakidetza
Eguneraketa berriak daude