Ordizian kutsatutakoei buruzko datuak baino gehiago dira galderak

  • Uztailaren 8an eman ditu Jaurlaritzaren Osasun sailak EAEn COVID-19az kutsatutakoei buruzko azken datuak (uztailaren 1etik 7ra artekoak). Bertan agertu behar litzateke islatuta Ordiziko fokuaren bilakaera. Hauek aztertuta eta azkena argitaratu diren beste hainbat informazio kontuan hartuta, galdera asko geratzen dira airean, ordea.


2020ko uztailaren 09an - 08:58
Argazkia: @jonordoez.

Jaurlaritzak emandako datuek hauxe diote: Uztailaren 3an atzeman zuten lehen kutsatutakoa, kasu bakarra. Izan ere, ekainaren 23tik ordura arte 0 izan ziren kutsatu kopuruak (ekainaren 23ko asteko datuak beste txosten honetan emanak ditu Osasun sailak). Uztailaren 5ean beste 3 kutsatu detektatu zituzten, eta ondorengo bi egunetan, hau da, astelehen-astearte ziren uztailaren 6an eta 7an, PCR probak masiboki egiteko karpak ezarri zituzten denen bistan eta 1.700 PCR proba egin zituzten. Proba horien emaitza izan zen uztailaren 6an Ordiziako herritarren artean beste 6 kasu berri atzeman zituztela eta uztailaren 7an 11. Osasun sailak herrika emandako datu hauen arabera, uztailaren 7a arte Ordiziako fokuan detektatutako Ordiziako kutsatuak 21 lirateke.

Bailarako gainerako herrietan zenbat kutsatu?

Nekane Murgak egindako adierazpenen arabera, uztailaren 7an Ordiziako fokuan kutsatutakoak 35 ziren (19 positibo izan ziren uztailaren 7an detektatutakoak). Osasun sailak herrika emandako azken datuen taula begiratuta, ordea, zaila egiten da datuok ulertzea. Izan ere, uztailaren 7an Gipuzkoa osoan izandako kutsatu denak izan ziren 19. Gipuzkoa osoko egun horretako kutsatu denak ote ziren Ordiziako fokuak eragindakoak? edo beste lurraldeetakoak ere badaude Ordiziako fokuan kutsatutakoen artean?

Gauza bera gertatzen da Ordiziako fokuan uztailaren 7 arte kutsatutako 35ekin. Hau da, 35 direla Gipuzkoa osoan uztailaren 5etik 7ra izandako PCR positiboak (gogoratu uztailaren 5ean atzeman zirela Ordizian 3 kasu eta geroztik deitu zaiola fokua herri horri). Gipuzkoa osoko kasuak Ordizikoaren ondorio ote? Edo beste lurraldeetako herritarrak daude Ordiziako fokuan kutsatutako 35 horien artean?

Ordizia da noski fokuaren epizentro, baina arreta deitzen du inguruko herrietan eta elkarrekiko harreman handia duen bailaran orain arte hain eragin txikia sumatzeak. Herrika emandako azken datuon arabera, Itsasondoko 2 biztanle kutsatu detektatu zituzten uztailaren 6an (PCR masiboen lehen egunean) eta beste 2 herritar kutsatu uztailaren 7an. Guztira 4, beraz. Ordiziakoak diren 19ei gehituta, 23 lirateke. Gainerako 12ak nongoak?

Bailaraz gaindi, uztailaren 6an Villabonan atzemandako kasu positiboa Ordiziako fokuarekin lotuta dagoela jakin ahal izan du ARGIAk, baina ez Etxezarreta kalearen pasa zelako, Ordizia ez den Goierriko herri bateko enpresa bateko langilea delako baizik.

Zergatik ez ditu Osasun sailak jakitera eman Ordiziako fokuan atzemandako kutsatu bakoitza zein herritakoa den? Ez ote luke horrek erraztuko gainerako Udalek kutsadura saihesteko egin beharreko kudeaketa?

Kasualitate hutsa ote Ordiziako fokuan kontabilizatutakoak Gipuzkoa osoko egun horietako positiboak izatea?

Jakinik kopuru horren atzean PCR proba masiboak daudela, hau da, gainerako herrietan ez direla 1.700 proba egin bi egunean, Ordiziako birus kutsadura maila nolakoa da? Osasun sailaren azken txosten honen arabera, uztailaren 1etik 7rako astean 4.533 PCR test egin dira, eta horietatik 1.700 Ordizian egin badira, EAE osoan aste horretan 2.833 egin izango lirateke. Zenbat test egin da aste horretan lurralde bakoitzean eta herri bakoitzean?

Beste taberna bat itxi dute, ez Etxezarreta kalean, agian fokua baino lehenagoko kutsatu baten ondorioz

Berria-k argitaratutako informazioaren arabera, uztailaren 8 goizean beste taberna bat itxi dute Ordizian, "orain arte itxi dituztenekin zerikusirik ez duen beste bat, laugarrena, beste kale batean. Berria-k jakin duenez, horko zerbitzari batek positibo eman du". Tabernako jabeak Berria-ri adierazi dionez, "zerbitzari horri esan diote posible dela Ordiziako fokua sortu aurretik egotea kutsatuta". Beste datu hauek ere ematen ditu Berria-k, itxitako laugarren tabernaz: "Positibo eman duen langilea asteburuan ez zen lanean izan, eta astelehenean lau orduz aritu zen lanean maskararekin. Tabernako sukaldariarekin jardun zen, eta hark negatibo eman du PCR proban. Tabernaren jabea gaur (uztailaren 8an) joan da probak egitera, eta taberna ixtea erabaki du, bere kabuz".

Posible al da Ordiziako fokua baino lehen herrian birusa egotea, eta orain, PCR proba masiboak egin direnean, horiek guztiak azaleratzea? Hau da, Etxezarreta kaleaz gain, beste kaleetan ere birusa lehenagotik zabalduz joan izana?

Adur Ezenarro, Ordiziako alkatea: "Kutsatutako denak ez dira kuadrilla berekoak, kuadrilla bakoitzeko pare bat baizik"

Goierriko Hitza-k alkateari eginiko bideoan, kutsatuei buruzko adierazpen hau jaso du: "Ez ditugu datuak ezagutzen, baina badakigu 18-35 urte arteko gazteak direla kutsatutakoak eta iristen ari zaigun informazioaren arabea, badakigu positiboak ez direla kontzentratzen ari kuadrilla edo gazte talde bakarrean. Hau da, ematen ari zaigu kuadrilla batean positibo bat edo bi, beste kuadrilla batean beste bat... eta horrek dakar isolatutako kopurua izugarri haztea, kuadrilla osoak ditugu une honetan isolamenduan".

Uztailaren 9an Murgak beste azalpen hauek eman ditu

Artikuluan orain artean uztailaren 7 arteko datuak aztertu dira. Uztailaren 9 goizean Murgak uztailaren 8ko datuen berri eman du, jarraipen batzordea bigarren aldiz Zumarragako ospitalean bildu ostean. Batzorde horretan oraingoan udal hauetako alkateak bildu dira Jaurlaritzako Osasun eta sailarekin: Ordizia, Idiazabal, Itsasondo, Legorreta eta Tolosa. Goierriko Hitzak bildu ditu kronika honetan, Nekane Murga Osasun sailburuak emandako azalpenak:

Uztailaren 9 goizera arte, 58 kasu dira Ordiziako fokuarekin lotutakoak (uztailaren 8an baino 10 kasu berri gehiago). Kasu berri horiek beste herri eta bailaretan atzeman dituzte: Idiazabal, Itsasondo, Tolosaldea, Araba eta Bizkaian.

Uztailaren 6 astelehenetik uztailaren 9 arte 2.300 PCR proba egin dituzte eta dagoeneko 2.200 proben emaitzak badituzte. Azterketa horietan positibo emandakoak 35 dira, baina Murgaren azalpenen arabera, inguruko herrietakoak eta azterketa horiek egiten hasi aurretik izandakoak batuta, guztira 58 lirateke foku horri lotutako kasuak.

Uztailaren 8an Gipuzkoan 15 kasu berri agertu zirela dio Murgak eta horietatik hamabik dutela lotura Ordiziarekin. Hamabi horietatik sei, aurrez positibo emandakoen senide eta lagunen artean lokalizatu dituzte. Gipuzkoan agertu diren beste 3 kasuek, momentuz, ez dute Ordiziako fokuarekin loturarik, nahiz eta horiek ere aztertzen ari diren.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Covid-19 shockean adi
Hamar milioi euroko komisioak sortu zituzten Koldo García atxilotu duten maskaren operazioan

Guardia Zibilaren esanetan, Victor de Aldama enpresariak ordaindutako diru kopurua litzateke hamar milioi euroko hori, eta Espainiako Garraio Ministerioak pandemia garaian egindako salerosketei lotuta legoke. Ostegun honetan utzi dute aske García, epailearen aurrean... [+]


2022-03-29 | ARGIA
COVID-19aren aurkako pilulak iritsi dira Hego Euskal Herrira

Hego Euskal Herrira pilulaz betetako 722 kaxatxo iritsi dira, COVID-19a larri pasatzeko arrisku handiko gaixoentzat zuzenduta. Europar Patasunak COVID-19arentzako ahotik hartzeko gomendatu duen lehen pilula antibirikoa da Pfizerren Paxlovid eta Espainiako Gobernuak 253 milioi... [+]


2022-03-15 | ARGIA
Indarkeria matxista pandemian: erailketa gutxiago eta suizidio gehiago

Pandemiaren eragina indarkeria matxistan azterketa kaleratu berri du Espainiako Gobernuak. Bertan ondorioztatu dute eraildako emakume kopurua gutxitu egin dela, hauek kontrolatuta eduki dituzten denbora gehitu izanaren ondorioz. Baina emakumeen suizidioak gizonenak baino gehiago... [+]


2022-02-22 | ARGIA
Hipra txerto katalana merkaturatzear denean, patenteak kentzeko eskatu dute hogei erakundek

Merkatura ateratzear den Hipra txertoari patenteak kendu diezazkiola eskatu diote hogei erakundek Espainiako Gobernuari. Izan ere, Kataluniako multinazional honek COVID-19aren aurkako txertoa egiteko entsegu klinikoetarako diru publikotik gutxienez 15 milioi euro jaso ditu.


2022-02-20 | Estitxu Eizagirre
Eneritz Zubiaurre, COVID-19aren aurkako txertoak kaltetua
"Txertoa hartu nuenetik ia urtebetera, oraindik ez naiz gai bizitza normala egiteko"

Eneritz Zubiaurre irakaslea da, eta lan eremu horretan egin zen gizarteko lehenengotako txerto deiari erantzunez, ziztada hartu zuen 2021eko martxoaren 14an. Astra Zeneca egokitu zitzaion. “Inork, ezta txertoa jarri zidan erizainak ere ez zidan ohartarazi izan nitzakeen... [+]


Eguneraketa berriak daude