Heteroarauaz beste egiten, elkarrekin

  • Lau hamarkada luzeko ibilbidea du Euskal Herrian bolleren borrokak; garaiko lesbiana feministen oinordekoak dira. Desira eta identitate sexual hutsa baino askoz gehiago da bollerismoa: sistema zisheteropatriarkal eta koloniala borrokatzeko estrategia politikoa, gorputzetik eta egunerokotik arituz, eta taldean eraikiz.

     

Argazkia. FOKU. Natalia Gardeazabal, Elene Lopetegi eta Jenofa Berhokoirigoin.
Artikulu hau CC BY-NC-SA 4.0 lizentziari esker ekarri dugu.

2024ko uztailaren 03an - 07:26
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.

‘Inoiz ez da berandu bollera izatea erabakitzeko’, ‘Bollera da bide bakarra!’...hainbatetan irakurri eta entzun ditugu aldarri horiek, nagusiki mugimendu feministaren eskutik. Ez dira lelo hutsak; hargatik, akaso, deserosotasuna eta hazkura eragiten dute maiz. Zer da, ordea, bollera izatea? Zergatik ez erabili ‘lesbiana’, eta kitto? Ez al da ba bakoitzaren desiran hasi eta bukatzen? Eta hala bada, zergatik ez gorde norberaren intimitaterako?

“Bollera naiz, ezin naizelako bestela izan. Bollera identifikatzen naizenetik ulertzen dut hobeto mundua”, dio Elene Lopetegik (Donostia, 1995). Hala dira Natalia Gardeazabal (Basauri, 1967) eta Jenofa Berhokoirigoin (Gamarte, 1985) ere. Honela gogoratzen du azken horrek: “Momentu batez ulertu nuen sistema, heteroaraua identifikatu nuen, eta hori identifikatzerakoan ulertu nuen nire lekua zein zen. Desira lesbiano hutsetik harago zegoen horrek sortzen zidan interes handiagoa”.

Harago dagoen hori da, hain justu, heteroaraua bere osotasunean borrokatzea, Lopetegiren arabera: “Bollera da emakume-gizon binomiotik urruntzea, eta gatazkan bizitzea zure desirekin: izan lagunekin zenbat denbora pasatu nahi duzun, zein etxetan bizi nahi duzun, nolako harremanak dituzun, zein gauza dituzun lehentasunezko... Zutaz espero den hori ez egitea, edo behintzat, zalantzan jartzea”. Horregatik, bollerismoa hautu politiko bat da, eta gorputza, egunerokoa, mundua ikusteko eta bertan egoteko modua... zeharkatzen ditu.

 

«Lesbiana feministaren gorputz hark eta egungo bollera gorputz horrek helburu eta helmuga bera dute. Hitzak aldatu dira, baina bakoitzak bere berritasunak, irakurketak, kritikak eta autokritikak ekarriz, bide bera segitzen dugu; subjektu iraultzaile bera da garaiko lesbiana feminista eta gaur egungo bollera»

 

“Heteroaraua denean dago, eta hain omnipresentea izanik, ez da ikusten, identifikatzen eta galdekatzen. Bollera batek ikusten ez den hori mahai gainean jartzen du, galdekatu eta deseraiki; beste bide batzuk sortuz. Ez bazara heteroarauan, ikusten duzu zenbateraino dagoen eraikia dena. Eta horrek galdera berri batzuk ekartzen ditu”, azaldu du Berhokoirigoinek. Eta, galderak egiteaz gain, politizatzea eta eraikitzea ere badute xede Gardeazabalek adierazi moduan. “Ez da niri gertatzen zaidan gauza bat, gustatzen zaidan zerbait; bizitza politikoa da. Gure borroka izan da hori ikusaraztea”.

Gorputza da gudu-zelaietako bat: “Sistemak bere egina duen territorio bat da, heteroarautua erabat, txikitatik. Nahiz eta gauzak identifikatuak izan, deseraikitze hori luzea da, eta ez da baitezpada erraza. Jendearen begiradak ere asko eragiten digu”, adierazi du Berhokoirigoinek. Horregatik, borrokarako tresna ere badira gorputza eta estetika. Gardeazabalek dioenez, aldaketa nabaria da horretan: “Lehen patroi oso finkoak zeuden; luma zenuen ala ez. Zergatik? Askoz joko gehiago behar duzu. Hor ere garapen polita gertatu da”. Zentzu horretan, bollera ez da identitate bakarra eta finkoa, Berhokoirigoinen aburuz: “Ni Gamarten edo Leitzako bollotopaketetan ez naiz berdina, ez nuen berdin performatzen”. Bollerismoak badu performatibitatetik eta estetikatik, beraz.

Borrokaren genealogia

Gorputzari ez ezik, hizkuntzari ere loturik dago bollerismoa, Gardeazabalen arabera: “LGTBIQ+ historian joan dira hizkiak gehitzen. Arraroen mugimendu horretan subjektu asko daude, eta horietako batzuek izan dute presentzia eta hizkuntza gehiago. Gu ukatuak eta menpekoak izan gara gaurdaino”. Haren ustez, azken urteotan L (lesbiana) hori B (bollera) bihurtu da, eta bilakaera interesgarria izan da: “Ez ikusgaitasunari dagokionez bakarrik, baita hizkuntzari eta errelatoari dagokienez ere. Hizkuntza da existentzia bera, izana bera. Gu subjektu izan behar gara geure burua ulertu ahal izateko, eta munduak gu ulertu ahal izateko”.

Horri tiraka, L eta B hizkiak egin ditu bere: “Nik neure burua bollera bezala definitzen dut. Baina nire belaunaldiarekiko zintzoa ere izan behar naiz, eta lesbiana hitza ez dut inoiz ukatuko”. Izan ere, lesbiana feministek ekin zioten bideari 1970 eta 1980ko hamarkadetan. 1969ko Stonewalleko istiluen hondarretatik, LGTBI mugimenduak astinaldi handia bizi zuen munduan, baita Euskal Herrian ere: kolektiboen sorrerak, Francisen heriotza, mobilizazioak... Giro horretan, 1983an, Euskadiko Lesbianen I. Topaketak egin zituzten Orereta/ Errenterian. 1985ean, Euskadiko Lesbiana Feministen Kolektiboa sortu zuten, ordura arte herrialdeka aritutako kolektiboen topagunea.

Lesbianatik bollerarako bidea prozesu bat izan dela azaldu du Lopetegik. “Duela 40 urte, lesbiana desira hutsetik ulertzeak berak ere bazekarren apurketa gizartearekiko. Baina, egun, hori diluitu egin da, eta desira hutsak ez zaitu ateratzen heteroarautik”. Egun ere lesbiana leku eta jende askorentzat baliagarria izan arren, “normalizatu eta normatibizatu” egin dela uste du. Berhokoirigoinek subjektua bera dela gehitu du: “Lesbiana feministatzat zuten euren burua aktibista haiek; ez ziren lesbiana gisa identifikatzen, lesbiana feministak ziren. Hori argi eta garbi zen patriarkatuarekin apurtzeko.

 

«LGTBIQ+ historian joan dira hizkiak gehitzen. ‘Arraro’-en mugimendu horretan subjektu asko daude, eta horietako batzuek izan dute presentzia eta hizkuntza gehiago. Gu ukatuak eta menpekoak izan gara gaurdaino»

 

Lesbiana feministaren gorputz hark eta egungo bollera gorputzak helburu bera dute. Hitzak aldatu dira, bakoitzak bere berritasun, irakurketa, kritika eta autokritikak ekarriz, bide bera segitzen dugu; subjektu iraultzaile bera da garaiko lesbiana feminista eta egungo bollera”. Aurten, lau hamarkada geroago, Leitzan egindako Euskal Herriko Bollotopaketetan aitortza egin diete, eta EHGAMek Urrezko Hirukia eman die 1983an Euskadiko Lesbianen Topaketak antolatu zituztenei.

Kolektiboaren indarra

Bide urratzaile haiei esker, egun badaude erreferente eta ereduak. Ordea, bestelakoa zen egoera Gardeazabalen gaztaroan: “15 urterekin ez nuen erreferenterik nire burua ulertzeko. Ondorioz, beste errelatoa hartu behar duzu: hegemonikoa, heterosexualitatearena. Behar dituzu erantzunak, zer egin sexualitatearekin, harremanekin, sentimenduekin... Handik eta hemendik hartzen dituzu gauzak, baina ez zara zu”. Berhokoirigoinek ere antzeko gomuta du: “Nik ez nuen erreferenterik. Nafarroa Behereko herri txiki batean sortu nintzelako, nire inguruan ez zegoen bikote gay edo lesbianarik, eta are gutxiago sexu-genero disidenterik”. Gogoan du bollerismora liburuen bidez iritsi zela, eta orduan jabetu zela bizi zuena auzi politiko eta sistemikoa zela. Gero, sexiliora jo zuen: “Monrealera joan nintzen, eta han bizitu ditudan urteak izan dira bolleren artean. Han osatu dut nire ni-a”.

Aldiz, Lopetegik izan du nondik edan: “Ernaik ZukGua prozesuan feminismoan beste apustu bat egin zuen. Niri, auzoan, inguru erosoa tokatu zitzaidan: nahiko neska ginen, giro ona, feminista... Oraindik ez nintzen bollera bezala identifikatzen, baina entzuten nituen gauzak: bollera izatea politikoa da eta Bilgune Feministaren hainbat kanpaina, Medeak... Bazeuden erreferenteak, eta hori izateko gogo bat”. Bollerismorako bidea egin zuen gero: “Bide pertsonal eta kolektiboago bat garatzen hasten zara. Zure inguruan identifikatzen hasten zara zer jende dagoen, zer kolektibo dauden bollera izatetik mugitzen. BALA sortu zen Gasteizen, Donostian saiakera egin genuen Tirorekin, gero Bollurria iritsi zen...”.

Erreferenteek nola, kolektiboak ere garrantzi berezia du. “Bollera identitate kolektibo bat da, eta hala funtzionatu behar du. Helburua heteroarauarekin apurtzea izanik, kolektiboan eragin behar da. Nik nire identitate hori ez dut talderik gabe ikusten, sare hori ezinbestekoa da”, azpimarratu du Berhokoirigoinek. Lopetegik azaldu duenez, bollerak geroz eta sare gehiago dituzte: “Bertso munduan, etxebizitzaren arloan... Nahiz eta ez izan mugimendu egituratu bat, eztabaidarako antolatutako espazio horietatik gogo bat sortu da proiektu eta hausnarketetarako”. Sare horiek, antolakuntzarako ez ezik, bizitzeko eta plazererako ere ezinbestekoak direla aldarrikatu dute.

 

Argazkia. FOKU. Natalia Gardeazabal, Elene Lopetegi eta Jenofa Berhokoirigoin.

Lotzekoak eta askatzekoak

Bolleren arteko sareak ez ezik, beste borrokekin eraiki beharrekoak ere ezinbestekoak direla diote. “Testuingurua ikusita, borroka ekologistan edo eskuin muturraren gorakadari aurre egiteko borroketan egon beharko dugu. Gure diskurtsoak beharko du leku bat”, nabarmendu du Berhokoirigoinek. Lopetegik arrazakeriaren aurkakoa gehitu du: “Mugimendu feministan egin da bidea kolektibo antiarrazista, eta kide migratu eta arrazializatuekin; kolektibo transmaribolloetan ere egin behar dugu”. Ezkerreko erreakzionarismoari erantzuteari ere beharrezko deritzo: “Gu ez gara ari borroka identitario bat egiten; gure identitate propiotik ari gara borrokan. Gure identitatea ez dugu ukatzen, hain justu, identitate hori zapalduz eraiki dutelako batzuek euren mundua”.

Transen aurkako oldarraldiari erantzutea ere lehentasuntzat dute: “Bollera subjektua zabala da, eta transfeminismotik ari gara eraikitzen, ezin da bestela ulertu. Frantziako Estatuan bada transen aurkako mugimendu bortitz bat, eskuin muturrak aurrera eramana, politikari eta komunikabideek bideraturikoa. Borroka minberatsu eta potolo bat hori izango da”. Lopetegik gogorarazi duenez, mugimendu bolleroak aterpe duen mugimendu feministan ere bada korapiloa: “Arazoa dago terf-ekin, eta heldu behar diogu. Zergatik kide trans batzuek utzi diote zenbait espaziotara joateari?”. Diskurtso esentzialistei aurre egin beharra aldarrikatu du Gardeazabalek.

Erronka eta korapilo horiek globalak dira, eta Euskal Herria ez da oasi bat. Halere, Gardeazabalen iritzirako, baditu berezitasunak: “Ez gara munduko zilborra, baina rara avis gara. Izkina txiki honetan, zailtasunak zailtasun, bagoaz aurrera. Non egiten dira 600 laguneko bollotopaketak?”. Eta, motel bada ere, euskal nazio askapen mugimendua eta prozesua ere borroka horietara zabaltzen ari dela uste du: “Pazientzia handiz, eta oso motel doa. Elefante handi bat mugitu behar da. Argi dugu hori, eta ez diogu gure buruari tranparik egiten; badakigu, eta horretan ari gara”.

 

«Bollera bada emakumegizon binomio horretatik urruntzea, eta gatazkan bizitzea zure desirekin: izan lagunekin zenbat denbora pasatu nahi duzun, zein etxetan bizi nahi duzun, nolako harremanak dituzun, zein gauza dituzun lehentasunezko... Zutaz espero den hori ez egitea, edo behintzat, zalantzan jartzea»

 

Lopetegik etxeko lanak ere ikusten ditu: “Prozesu batek abiadura hartzen duenean, eta gauzak inertziaz egiten hastean, ahazten dituzu gauza batzuk. Eta gauza horiek gu gara. Berdintasun politikak, LGTBI politikak... non daude gure txosten eta hauteskunde proposamenetan? Mugimenduan bertan, ikuspegi militantetik, egiten ditugun ekintzak edo antolatzen ditugun gauzak zeinentzako dira? Nor sentitzen da eroso? Ezin dugu utzi denontzat bizigarria izango den etorkizuneko Euskal Herri desiragarri baterako, hori lortzeko prozesua ere denontzako desiragarria izan behar da”.

Ados da Berhokoirigoin: “Ipar Euskal Herriko mugimendu abertzaleak behar du bere burua deseraiki. Guk eman dezakegu, baina parean behar da deseraikuntza prozesu bat. Lekua utzi behar da, eta ez naiz ari espazioaz bakarrik”. Herrigintzari ere erreparatu dio: “Oinarria homogeneoa bada, emaitza ere multzo horrentzako izango da. Oinarrian aniztasuna bada, pentsa daiteke sortuko den hori jende gehiagorentzat izango dela, eta jende gehiagok bat egingo duela horrekin. Eta biharko Euskal Herria nahi badugu jende guztiarentzat izatea, antolakuntzan ere behar da aniztasun hori”.

Hain justu, Ipar Euskal Herrian abiatu berri du transmaribollo mugimenduak bere bidea: “Ari da sortzen eta egituratzen gutasun hori. Indibidualki bollerismotik aitzina egiten aritu diren horiek gu hori baldin badute orain, bidea emankorra izango da”. Altxa Lili kolektiboaren ekarpena nabarmendu du: “Barnealdetik, baserri mundutik datoz, eta marika eta bollera identitateetatik ari dira”. Baionan ere sortu berri da Bitxi Bitxi kolektiboa, identitate bollera, marika, trans eta queer-etik. Horrek erronka berri bat zabaltzen du nazio ikuspegitik: zubiak eraikitzea. “Ezinbestekoa da iparraldea eta hegoaldea batzea, baita mugimendu feministan ere. Bolleren borrokan, baita feminismoan ere, hamar urrats aurrerago dira hegoaldekoak, baina ezinbestekoa da bien arteko elkarlana, bai herri eraikuntzatik, baina baita elkartasunetik ere”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Transfeminismoa
Zuriketa arrosa, indarkeria medikoa eta psikiatrikoa eta Palestinako genozidioa salatu ditu LGTBIAQ+ mugimenduak

Kaleak bete dituzte LGTBI Komunitatearen Nazioarteko Egunean. Salatu dute erakundeek aurpegia garbitzen dutela keinu sinbolikoekin. 


Maider Arregi
“Parafernalia eta politika ere bai, baina guk bertsotan egiten dugu”

Iaz, Señora Sariketa irabazi zuenean, Maider Arregik “inporta zaizkion jendea eta kausak” aipatu nahi izan zituen agurrean:Infernu auzokoak, bollerak, marikak, AHTren kontra dabiltzan lagunak, okupazioaren aldekoak…”. Horiek denak eta... [+]


“Gutun trukeak isolamendua apurtzen eta mina eta borroka kolektibizatzen laguntzen digu”

Zigor sistemak gizartean eragiten dituen ondorioez mintzatu da Naiara Perea, larunbat honetan Gasteizen izanen diren espetxeen aurkako jardunaldi transfeministen asanbladako kidea.


BOLLOTOPAKETAK
Bollera subjektua erdigunean jartzera datorren hitzordua

Apirilaren 26, 27 eta 28 hauetan iraganen da Euskal Herriko bolleren topaketa, Leitza herrian. Izenak argiki dioen gisara bollerei irekitako jardunaldiak dira, baina, oro har, sexu/genero disidente oro da gomitaturik. Egitarau aberatsa eta askotarikoa ondurik, taldean... [+]


2024-04-02 | Euskal Irratiak
Maialen Berra Zubieta: “Baionan ere queer mugimendua bada”

Bitxi Bitxi queer kolektiboa sortu dute hogei bat kidek berriki Baionan. Queer izatea, heteronormatibitatetik kanpo izatea da besteak beste. Baita genero ezberdinen adierazpena sustatzea ere.


Hitanoak generoan eragiten dituen zapalkuntzak, gogoetagai

Zergatik ari dira gizonak, lagun talde batean, euren artean hitanoa erabiltzen, gizonak ez diren bestelako gorputz eta identitateak ere zirkulu horretan baldin badaude? Zer esan nahi du horrek? Zer sentsazio sortzen dira? Eta horri aurre egiteko, emakumeek ere hitanoa erabiltzea... [+]


2024-01-02 | ARGIA
80 pertsonak dastatu zuten Bermu Okerra

Arabako Mendialde eta inguruetako identitate disidenteek osatzen duten Asteriskes kolektiboak Bermu Okerra musika jaialdia antolatu zuen abenduaren 28rako. Araba eta Nafarroa arteko mugan kokatuta dagoen Kontrasta herrian egin zuten, eguerdian. Antolatzaileek azaldu dutenez,... [+]


2023-12-19 | ARGIA
Abenduaren 28an identitate disidenteek antolatutako Bermú Okerra musika jaialdia Kontrastako tabernan

Arabako Mendialde eta inguruetako identitate disidenteek osatzen duten Asteriskes kolektiboak antolatu du Bermu Okerra musika jaialdia abenduaren 28rako. Araba eta Nafarroa arteko mugan kokatuta dagoen Kontrasta herrian egingo dute jaialdia, eguerdian.


Eguneraketa berriak daude