Normaltasunera itzulerarik gabe: pandemia osteko askapenaren alde

  • Gaur gaurkoz, elkartasun, elkar babes eta borroka forma berriak ari dira sortzen pandemian. Nola emango diete forma mundu post-kapitalistaren aldeko biharko borrokei?

(Argazkia: William Vaccaro)
Artikulu hau CC lizentziari esker ekarri dugu.

2020ko apirilaren 08an - 10:27

Grebak mugetan barrena eta grebak soldata altuagoengatik
Planetak eskuinerantz egiten du balantza ideologiak nahasten diren bitartean

Supituan errepresioa, eskubideen moratoria
Zer uste zenuten ekarriko zuela ba izuaren politikak?
Kalean pertsona batek soina goratzen du “lehenik eta behin segurtasuna”
Baina normalaren arazoa da beti egiten duela okerrera 
Bruce Cockburn, "Normaltasunaren arazoa"

 

2020 hasieretako COVID-19 pandemiaren iritsiera, lerro hauek idazten ditudan bitartean munduan hedatzen ari dena, aro aldaketa gisa gogoratuko da ziurrenik. Negu luze honetan, mugak ixten diren bitartean, blokeoak eta berrogeialdiak biderkatzen diren bitartean, pertsonak hil eta errekuperatzen diren bitartean, bada sentipen indartsu bat: halako batean udaberria helduko denean, erabat aldatutako paisaia batean esnatuko gara.

Orain isolamenduan gaudenon artean, gure beldurrak eta frustrazioak gorabehera, gure mina alde batera –mina hil diren edo hil daitezkeen horiengatik, behinola bizi genuen bizitzagatik, noizbait espero izan genuen etorkizunagatik–, itxita, eraldatzen, itxoiten, ametsetan ari garenaren sentipena ere badago. Egia da: izugarrikeriek mehatxatzen dute panorama globala, bereziki birusak –edo honen kontrako gure neurriek– gutariko zenbait arriskuan jarriko dituen moduak; gutariko zenbait, jendarte bezala abandonatuak edo debaluatuak izan gara. Gutariko asko baztergarriak gara jada. Gutariko asko orain ari gara hori ikasten, beranduegi. Eta badago, baita, neurri humanitarioen eta autoritarioen arteko marra lausotzeko arriskua ere. Pandemiaren armamentu geopolitikoa existitzen da.

Baina udaberria heltzen denean, behar duen eran, hibernaziotik irteten garenean, “normaltasunera itzultzeko” bulkadaren kontrako borroka sakon eta globalerako unea izan daiteke. Normaltasun horrek prestatu zuen tragedia honi tokia eman dion eszenatokia, eta “normaltasun berria” are okerragoa izan daiteke. Presta gaitezen ahalik eta hobekien, mundu bat baitugu irabazteko.

Normaltasun berriaren mendekua

Imajinatzen dut oraindik iristeko diren borrokak “normaltasunera itzultzeko” bulkada desesperatuak definituko dituela, edo normaltasun horrekiko errefusa handiak. Baina honakoa ez da melodrama manikeoa.

Batetik, mendeku globaleko ordena kapitalistara itzul gaitezen bilatuko duenik egongo da, ohituko ginen horretara: metaketa globalean oinarritutako sistema nihilista, ematen duena gutako askoren aurka mendeku hartzen ari dela inolako arau judizialik gabe, beharrik gabe, malizia partikularrerako intentzio indibidualik gabe, eta mendeku politika motarik okerrenari bide emanez.

Hibernaziotik irteten garenean, “normaltasunera itzultzeko” bulkadaren kontrako borroka sakon eta globalerako unea izan daiteke.

Noski, beti bezala negozioen bidez irabazteko guztiak dituzten sistema horren onuradunen –aberatsak, elite politikoak– mendekuzko normaltasunera itzultzeko eskakizunak espero beharko genituzke. Baina aldi berean eskakizun hori espero beharko genuke, baita ere, sistema horrek zapaldu, esplotatu eta alienatu dituztenen partetik, pertsona horien biziak heriotza motelera mugatu dira sistema horren mendean.

Kaos, isolamendu eta beldurrez beteriko hilabete ugariren ostean, normaltasunera itzultzeko desira ikaragarri indartsua izan daiteke, normaltasuna abusuzko sistema izan arren. Agertokia prest dago desira horri errebantxa frenetikoz laguntzeko. Bota nahi izango al diogu norbaiti errua, bereziki senideren bat galdu dugunok? Odola isuri beharko al da, modu figuratiboan edo literalean? Suzko bataioa ordena zaharrak –izurrite hau hain suntsitzailea izatea eragin duten austeritate eta desberdintasunak sortu dituena, jakina– izan dezan era purifikatuan berpizteko aukera.

Jakina, gauzak ez dira sekula “normalak” izango berriro: gutariko batzuk, pribilegiatuok eta aberatsok ilusio hori izatea baimen geniezaioke geure buruari, baina ilusio hori ziurrenik bizkarrean eramango du denbora gehiagoz, gogorrago eta gutxiagoren trukean lan egingo duen gehiengo batek; arrisku handiagoak pairatu eta ordainsari txikienak jasoz.

Kaos, isolamendu eta beldurrez beteriko hilabete ugariren ostean, normaltasunera itzultzeko desira ikaragarri indartsua izan daiteke, normaltasuna abusuzko sistema izan arren.

Pandemiaren zorrak, literalak eta figuratiboak, ordaindu egin beharko dira.

Bestalde, eta agian aldi era berean, espero genezake boteredunen zein gutariko gainerakoen artean “normaltasunera itzultzeari” uko egiteko deiak ere zabaltzea, baina are okerragoa den zeozer besarkatzeko. Posible da pandemiako kaosa eta heriotzak egoztea gehiegizko demokraziari, liberalkeriari eta enpatiari. Estatuak muskuluak makurtzen eta jendartearen gaineko erabateko kontrola hartzen ari diren honetan, askok ez diote horri uko egin nahiko. Oraindik ikusi genezake, krisi honen bidez, zibilen aurkako indar errepresiboen erabilera –migratzaileekin eta espetxeratutako pertsonekin dagoeneko erabiltzen ari diren bezala–, eta beldur naiz susmoa dut askok justifikatu egingo dutela; beldurraren Jainkoak elikatzeko giza sakrifizioa.

Pandemiaren ondorioz, ziur egon gaitezke faxistak eta erreakzionarioak saiatuko direla mobilizatzen purutasun, purifikazio, parasitismo eta kutsadura –arrazazkoa, nazionala, ekonomikoa– tropoak, errealitateari inposatzeko beren iraupen luzeko ametsak. Mugaren erromantze mendekariak, orain inoiz baino politizatuagoak, denok jazarriko gaitu datozen urteetan. Autoritario “berriak”, nabarmentzen dutena edozer dela ere –estatu totalitarioa edo merkatu totalitarioa, edo biak batera–, ekin eta ekin arituko dira guztiok aitor dezagun orain mundu bihozgabe eta lehiakorrean bizi garela –beti bizi izan garela– eta jendilajea blokatu eta kanporatzeko neurriak hartu behar direla. Beste batzuetan, autoritarismoa isil-gordeka etor daiteke, zientzia, liberalismoa eta guztion ongia darabilen erretorikarekin nahasita.

Bien bitartean, ia ziurra da jendartearen berrantolaketaren buru izateko eta berrantolaketa hori norabide neo-teknokratikoetan egiteko ahaleginak egingo dituztela azken hamarkadetan ikaragarri aberastu eta ahaldundu direnek, bereziki elkar lotuta dauden sektore teknologiko eta finantzarioen partetik, etekina ateraz beren eraginari ete baliabideei, baita instituzio tradizionalen ahultasun eta desordenari ere. Bizitza sozial eta politikoa “optimizatzeko” beren jagoletza, logistika, finantza eta datu inperio gizarteratu eta boteretsuen zerbitzuak eskuzabaltasunez eskaintzen jarraituko dute.

Bestalde, eta agian aldi berean, espero genezake boteredunen zein gutariko gainerakoen artean “normaltasunera itzultzeari” uko egiteko deiak ere zabaltzea, baina are okerragoa den zeozer besarkatzeko.

Distopia korporatibo horrek giza aurpegia izan dezake: oinarrizko diru-sarrerak, epidemia berrien hiper-zaintza, medikuntza pertsonalizatua. Dagoeneko ari dira iristen, larrialdi honetan laguntzeko opariekin: gaixotasun bektoreak arakatuz, desinformazioa debekatuz, herritarren datuen bidez estatuei laguntza eskainiz.

Maskararen azpian egongo da meta-algoritmo hiperkapitalistara hobeto egokitzeko jendartearen birrantolaketa, baina kontraesan kapitalistak bultzatuta denez, neofeudala izando da gutariko gehiengoarentzat: datu eta arrisku kudeaketa mundu bat, soilik gutxi batzuek aterako diotena probetxu.

Esango digute gure ongizatearengatik dela.

Gure mendekuzko ezezkoa

Emaitza fatidiko horien guztien aurka, egongo da normaltasunera itzultzeari edo “normaltasun berria” besarkatzeari muzin egingo dionik: “normaltasunaren arazoa okerrera egiten duela” dela dakigun horiek, alegia.

Krisiak eragin duen larrialdi egoeran ikusten ari gara nola sortzen diren ezohiko neurriak, erakutsiz erregimen neoliberalaren austeritate eta beharrizan eskakizunak, hein handi batean, gezur nabarmenak zirela. Merkatu jainkotiarra erori egin da, beste behin ere. Orain aste batzuk imajinaezinak liratekeen neurri sortak ari dira hartzen toki ugaritan. Neurriok barne bildu dituzte alokairu eta hipoteken etetea, doako garraio publikoa, oinarrizko diru-sarreren hedapena, zorren ordainketan pausak, pribatizatutako ospitaleak edo bere momentuan publikoak izandako azpiegiturak atzematea ongizate publikorako, espetxeratutako pertsonen askatzea, eta gobernuek industria pribatuak derrigortzea beren produkzioa beharrizan komunetara bideratzera.

Emaitza fatidiko horien guztien aurka, egongo da normaltasunera itzultzeari edo “normaltasun berria” besarkatzeari muzin egingo dionik: “normaltasunaren arazoa okerrera egiten duela” dela dakigun horiek, alegia.

Lan egiteari uko egiten ari den jende kopuru esanguratsuari buruzko albisteak entzun ditugu, lanari dagokionez neurri basatiak hartu eta modu erradikalean bizitzeko beren eskubidea exijituz. Zenbait tokitan, etxerik gabeko jendea etxe hutsez birjabetzen ari da.

Begiztatzen ari gara, askoren kontura gutxi batzuk aberastu dituen balio kapitalistaren paradigmaren aurka, zein lan diren benetan balio handikoak: zaintzak, zerbitzuak eta sektore publikoko lehen lerrokoak. Oinarrizko eskakizun erradikalen ugaritzea eman da zaintza eta elkartasun politikei dagokienez, ez soilik larrialdirako neurri gisa, baizik eta betikotasunari begira.

Think thank eskuindar eta kapitalistak izututa daude. Beldurra dute, ez ote den pikutara joango datozen asteetan eta hilabeteetan neoliberalismoaren beharraz –gure arimen transformazioa– gu konbentzitzeko mende erdiz egin duten lan arduratsua. Askatasunaren zapore gozoa –askatasun erreal eta interdependentea, ez merkatuaren askatasun bakartia– ahosabaian daukagu aspaldi ahaztutako oroitzapen gisan, baina berehala mingots bihurtzen da bere goxotasuna erretiratzen denean. Ez baditugu defendatzen lorpen material eta espiritual hauek, kapitalismoa etorriko da mendeku hartzera.

Bitartean, berrogeialdian edo erdi-isolatuta dauden pertsonak, tresna digitalen erabilera medio, gure komunitateetan gehien behar dutenei arreta eta elkar babesa eskaintzeko mobilizaziorako era berriak ari dira aurkitzen. Pixkanaka ari gara berreskuratzen galduak genituen bizitza komuneko botereak; bistara ezkutatuta zegoen gure herentzia sekretua. Espezie kooperatibo bilakatzeko berrikasten ari gara, homo oeconomicusaren azal klaustrofobikoa ezabatzearekin batera. Lehiakortasun, mesfidantza eta amaigabeko mugimendudun ordena kapitalistaren etenaldian, gure buru-argitasuna eta gupida berragertzen ari dira, laino toxikorik gabeko zeru askean txoriak nola.

Think thank eskuindar eta kapitalistak izututa daude. Beldurra dute, ez ote den pikutara joango datozen asteetan eta hilabeteetan neoliberalismoaren beharraz gu konbentzitzeko mende erdiz egin duten lan arduratsua.

Udaberria heltzen denean, borroka izango da tolesgabetasun eta gupida hori zaintzeko, hobetzeko, saretzeko eta antolatzeko, normaltasuna bueltatu ez dadin eta normaltasun berririk egon ez dadin exijitzeko. Mundu osoan, azken urteetan, aurrekaririk gabeko mobilizazio eta antolakuntza maila egon da mendekuzko kapitalismoaren aurkako mugimenduen partetik; batzuetan hauteskundeetako hautagaien bueltan –Corbyn Erresuma Batuan eta Sanders AEBetan, adibidez–, baina baita bestelako kanpainen bueltan ere: nekro-liberalismoaren aurkako protestak Frantzian, anti-autorismoa Hong Kong-en, korrupzioaren aurkako protestak Libano eta Iraken, austeritatearen aurkakoak Txilen, feminismoa Mexikon, gentrifikazioaren eta garbiketa urbanoaren aurkako borrokak mundu osoko hirietan, migratzaileekin elkartasuna Europan, Kanadako borroka indigenak, klimagatik borroka alde guztietan.

2020 aurreko borroka horiek banan-banan berez garrantzitsuak dira, baina uste dut oroituko direla entrenamendu eremu bezala belaunaldi batentzat, zeinari orain dagokion historiako inflexio puntu horietako bat bizkarreratzea. Indarkeriarik gabeko protesta bidez ekonomia kapitalista bat belaunikarazten ikasi dugu, zapalkuntza izugarri eta teknologikoki areagotuaren aurrean. Ikasten ari gara nola bilakatu gaitezkeen gobernaezin estatuen eta merkatuen aurrean.

Berdinki garrantzitsua izanik, estatuari edo autoritateei itxaron gabe elkar zaintzeko era berriak ikasi ditugu. Elkar babesaren eta elkartasunaren botereaz ari gara berriz jabetzen. Berriro nola komunikatu eta elkarrekin lan egin ari gara ikasten. Ikasi dugu nola antolatu, nola bizkortasunez erantzun, nola hartu erabaki kolektiboak eta nola hartu gure norakoaren gaineko erantzukizuna.

Estatuari edo autoritateei itxaron gabe elkar zaintzeko era berriak ikasi ditugu. Elkar babesaren eta elkartasunaren botereaz ari gara berriz jabetzen.

Epopeia eder guztietako heroiak nola, ez gaude prest, gure entrenamendua ez dugu erabat burutu, baina zoriak ez du itxarongo. Egiazko heroi guztiak bezala, daukagunarekin konformatu beharko gara: batak bestea, ezer gehiago ez.

Ametsa dirudien berrogeialdi arraro honetan murgiltzeko munduak begiak ixten dituen bitartean–gizateriaren zerbitzura atseden hartu ezin duten lehen mailako osasun, zerbitzu eta zaintzako langileak, edo amets egiteko leku segururik ez dutenak salbu–, zutik jartzeko prestatu behar gara. Sekulako gaitzespenaren gailurrean gaude, normaltasunera bueltaren eta normaltasun berri baten aurrean errefusa erakutsiz; mendekuzko normaltasun horrek ekarri zigun katastrofe hau, eta soilik eraman gaitzake katastrofe gehiagotara. Datozen asteetan, denbora egongo da negar eta amets egiteko, prestatzeko, ikasteko eta elkarren artean ahalik eta hobekien konektatzeko.

Isolamendua amaitzen denean, mendekuaren normalizaziorako erregimen lehiakorrak bata bestearekin gerran ariko diren mundu batean esnatuko gara; arrisku eta aukera handiko unea izango da. Altxatu eta elkarri begietara begiratzeko momentua izango da.

Max Haiven-en Mendekuaren Kapitalismoa liburuaren post-data da ondokoa: Inperioko mamuak, kapitalaren deabruak eta ordaindu ezinezko zorren likidazioa, maiatzean Pluto Press-en argiratuko dena.

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Covid-19ren biharamunari so
2023-07-04 | Ilargi Manzanares
Asteazkenetik aurrera ez da derrigorrezkoa musukoa Hegoaldeko osasun zentroetan

Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean amaituko da musukoaren beharra, eta COVID-19 pandemiak eragindako murrizketak amaituko dira. Hainbat salbuespen izango ditu: zainketa intentsiboetako unitateetan, onkologikoen eremuetan, ebakuntza geletan edo larrialdietan,... [+]


2022-04-12 | ARGIA
Downing Streeten pandemia garaian festak egiteagatik isuna jaso du Boris Johnsonek

Azkenean isuna iritsi zaio Boris Johnson lehen ministro britainiari, pandemia garaian egindako festekin COVID-19ko arauak urratzeagatik. Bere emazte Carrie eta Rishi Sunak Altxorraren idazkaria ere zigortutako 50 pertsonen artean daude.


2022-04-06 | ARGIA
Apirilaren 20tik aurrera Hego Euskal Herrian ez da maskararik beharko barrualdeetan

Aste Santuaren ondoren, apirilaren 20tik aurrera, maskara erabiltzea ez da nahitaezkoa izango barrualdeetan, ospitaleetan, erresidentzietan eta garraio publikoan salbu. Nafarroako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak hala eskatu zuten.


2022-02-11 | ARGIA
Osasun larrialdiaren amaiera iragarri du Jaurlaritzak

Horren arabera, datorren astelehenetik aurrera, orain arte COVID-19ari aurre egiteko neurriak bertan behera geratuko dira Eusko Jaurlaritzaren eskumeneko alorretan. Labi bera ere desegin egingo dute.


COVID-19 pasaportea 2022ko uda arte mantentzearen alde bozkatu du Frantziako Legebiltzarrak

Frantziako Gobernuaren lege-proiektua Senatuan eztabaidatuko dute urriaren 28an. Nahiz eta gehiengoak bat egin neurriarekin, hainbat herritar dabiltza neurri honen kontra borrokan, kolektiboki antolatuz.


Eguneraketa berriak daude