Nork zainduko ditu etxean dauden umeak?


2020ko urriaren 19an - 15:37
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Ezagutzen ez dudan telefono zenbaki batetik dei bat. Susmo txarra igarri diot uneari. Momentu batetik bestera egunerokotasuna aldatzen zaigu: haurrak hamar egunez konfinaturik egon behar du. Hamaika galdera botatzen dizkiot beste aldean dagoenari: baina musukoa jantzita bazuen, metro eta erdiko distantzia bazegoen, 50 minutuko klasea bazen, zergatik eman behar ditu hamar egun etxean? Hala dio protokoloak.

“Haurrak hamar egunez konfinaturik egon behar du. Orain zer? Nor geldituko da etxean lau urteko umearekin? Nola moldatuko gara bizitza “normaltasunez” egiten jarraitzeko?”

Telefonoa eseki eta bigarren galdera datorkit burura: orain zer? Nor geldituko da etxean lau urteko umearekin? Nola moldatuko gara bizitza “normaltasunez” egiten jarraitzeko? Ni bezala ehunka familia daudela badakit, baina ez dut inon kexa edo antolakuntza izpirik ikusten. Eta oso sentsazio txarra hartzen diot egoerari. Ez da kontu berria; konfinamenduan zehar horren falta sumatu nuen oso modu agerian. Kexa batzuk, txioak, testuak... baina ez du mamirik hartu horrek guztiak.

Pandemiaren fase honetan, kontziliaziorako zailtasunak, zainketen gatazka eta sistemaren mugiezintasuna irmoki salatzeko beharra dut; baina hori baino gehiago, inguruan antolatzeko eta kalera ateratzeko gogoa topatu nahiko nuke.

Iruñean, 90eko hamarkadan, edozein gatazka txikiren harira modu autonomoan mugimendu, asanblada edo plataforma bat sor zitekeen. Orain oso zaila da hori; urteen poderioz egiturek bereganatu dute “antolakuntza soziala”, eta “herri mugimendua” bilakatu da. Horrekin, gauza asko gelditu dira bidean.

Eta COVID-19ak eragindako krisia heldu denean, tresnarik gabe, “keinuak” ahaztu ditugu. Urteak pasa dira eta kide zaharrak telefonoetan baino ez ditugu topatzen, eta... abailduta, krisiaren aurrean galtzaile sentsazioa dugu, batez ere ezer ere egiteko aukerarik izan ez dugulako.

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Eguneraketa berriak daude