Nork dauka ezohiko egoera honen errua?

  • Alerta egoeran gaude eta errua bota nahi diogu norbaiti edo zerbaiti, denok leporatu dugu errua guregan egon ez dadin. Hau azaltzeko modu asko daude baina oraingoan gure pentsamenduak dituen bi sistemen bidez azalduko dut nire iritzia emanez eta hausnarketa bat eginaz.


2020ko martxoaren 30an - 11:04

Azkenean iritsi gara inoiz pentsatu gabeko egoerara.  Ikusi genuen bazetorrela, entzun genituen kasuak eta hala ere gure “garaiezintasun ilusioaren” ondorioz ez genuen ezer egin. Ez genuen uste ezer gertatuko zitzaigunik eta hemen gaude errua ahal den lekura botatzen, kanpora den bitartean. “Ez zegoen saihesteko modurik”, “errua beste herrialdeetatik ekarri duten pertsonek dute” eta antzeko esaldiak irakurri daitezke sare sozialetan; ezin dugu onartu errua guregan, karga psikologiko handia baitu. Deserosoa da erru hori guregan izatea eta sistema inkontzienteak (1. sistema deitua) kanporatu egiten du ahalik eta modu azkar eta sinesgarrienean.

Guretzat hau guztia hilabete bateko gauza den arren (oraingoz), Txinan gertatutakoaren ondorio osasun ministerio eta gobernuek lehen abisua 2019ko abenduko azken egunean jaso zuten eta larrialdiaren berri urtarrilaren 30erako bazekiten. Mezu horien aurrean, munduko gobernuek guk hasieran eginiko bera egin zuten: ezer. Intentzioa ez da gobernuei errua leporatzea, ez litzateke justua izango, beste askok eginikoa baita. Intentzioa hau zergatik eman den ulertzea da, zer pasa den beraien burutik hartutako erabakiak hartzeko, zer gertatu zaigun herritarroi eman diren egoerak azaleratzeko.

"Guretzat hau guztia hilabete bateko gauza den arren (oraingoz), Txinan gertatutakoaren ondorio osasun ministerio eta gobernuek lehen abisua 2019ko abenduko azken egunean jaso zuten eta larrialdiaren berri urtarrilaren 30erako bazekiten"

Aurretik aipatutako 1. sistema (Daniel Kahneman-ek Thinking, Fast and slow liburuan definitzen duen bezala) azkar, erraz, automatikoki eta inkontzienteki erantzutea eragiten digun sistema da. Sistema honek askotan modu irrazionalean jokatzea eragiten du eta horrek ekarri gaitu gauden egoerara. Hortaz gain, 2. sistema ere badaukagu; kontzientea, kontrolatua eta geldoagoa da baina gauzak bi aldiz pentsatzen ditu eta inferentzia eta ondorio hobeak ateratzen ditu. Nire iritziz eta gertatu dena aztertuz, argi ikus daiteke larrialdi mezua jaso zen momentutik herrialde desberdinetako gobernuko pertsonen 1. sistema martxan jarri zela. Egoera ikusita ez zuten uste larriegia izatera iritsiko zenik, ez zuten arrisku bezala interpretatu eta hartutako erabakiak garrantzi eta indar gabeak izan ziren. Egoera serioagoa bihurtzen joan zen, Italian kasu kopurua igo zen eta gure gobernuaren 2. sistemaren aktibazioa martxan jarri zen, aholkuak ematen hasi ziren eta martxoaren bigarren-hirugarren asterako “Estado de alarma” moduan ezagutzen duguna eta jadanik asko entzun dena jarri zuten abian. Hortik aurrera 1. sistemak ez du gobernuan eraginik izan, ez behintzat modu nabarmen batean.

Gobernua alde batera utzita herritarrek izandako eragina eta jarrera azter dezakegu. Beranduago gertatu zen guztia gure artean, ez geneukalako gobernuak zeukan informazio guztia baina garun barneko prozesua antzekoa izan zen. Hasi zenean, gehiengoak ez zion garrantzi handirik eman; “gripe moduko bat da” asko zabaldu zen ideia izan zen. 1. sistemaren eraginaren mende geunden, ez genuen hurbilegi ikusten, beraz ez genion garrantzirik eman alarman egon ginen arte. Alarma egoera abiarazi zen momentutik jendea apurka arduratzen joan zen; hala ere, hasieran beldurra izan zen nagusi: supermerkatuak beteta, ahoko maskarak denean… Irrazionaltasuna nagusitu zen jendearengan, pertsona gutxi batzuk zirena herrialde guztira zabaldu zen. Borges-ek Melville-en liburu baten sarreran dioen bezala, ‘nahikoa da pertsona bat irrazionala izatea, gainerakoak ere kutsa daitezen, unibertso osoa bera ere irrazional bilakatuz oso-osorik’. Arrazoirik ez zitzaion falta, histeria eta izua nagusitu ziren kutsatze efektuaren bidez, aurretik ikusi ez dugun eta ikaragarria den abiadura batean. Hasierako ezinegona igaro ondoren, 2. sistema erabiltzea erabaki du gehiengoak eta etxean geratu gara, egoera ulertzen saiatuz, ideiak antolatuz eta eginiko guztia hobe pentsatuz.

Hemendik aurrera ez dakigu zer gertatuko den, kutsatuen kopurua esponentzialki handitzen doa, populazioren gehiengoa arduratuta dago eta oraindik ez gara kutsatze maximora iritsi. Datuak edonork ikus ditzake, martxoaren hasieran 100 kasu ingururekin hasi eta jadanik 50000 kasu baino gehiago ditugu. Aurreko guztia ikusita duela pare bat urte irakurritako liburu bat datorkit gogora, Albert Camus idazlearen La Peste liburua. Liburu horrek Oran izeneko herri batean emandako izurrite bat kontatzen du 1940-1949 arteko zehaztu gabeko momentu batean. Oranen hildako arratoiak agertzen hasi ziren, baina herritarrek ez zieten garrantzi handiegirik ematen kopurua gehiegizkoa zen momentua iritsi arte eta orduan ere ez ziren infekzio edo gaixotasunen agerpenaz arduratu, soilik arratoiak jasotzen zituzten, kalean hilda egon ez zitezen. Honen ondorio zuzena, izurrite beltzaren beste agerpen bat izan zen eskala txikiagoan. Aurretiko ezagutza zuten, bazekiten zer zen izurrite beltza baina 1. sistemak ez zela ezer adierazten zien kezkarik ez sortzeko. Kopurua handitu ahala 1. sistemaren arrazoinamendua ahuldu egin zen eta 2. sistema azaldu zen zalantza egoera kontrolatzeko, beldurra izan arren. Horren aurrean oso arau mugatzaileak erabiltzen dira askatasuna mugatuz, eritasunaren aurrerapena gelditzeko asmoz.

Gure gaur egungo egoera liburuaren isladapen nahiko zuzena da, medikuen lana eta borondate ona goraipatuz bi kasuetan. Istorioan erabilitako neurri eta arauak nahikoa izan ziren izurritea eteteko, orain guk zain egon behar dugu berdina gertatuko den esperoan eta pixkanaka ikusten joango gara pandemia honek eramango duen bidea.

"Hemendik aurrera ez dakigu zer gertatuko den, kutsatuen kopurua esponentzialki handitzen doa, populazioren gehiengoa arduratuta dago eta oraindik ez gara kutsatze maximora iritsi. Datuak edonork ikus ditzake, martxoaren hasieran 100 kasu ingururekin hasi eta jadanik 50000 kasu baino gehiago ditugu"

Albert Camusi erreferentzia egiteko etenaldia alde batera utziz, hasierako erruaren ideia hartuko dut berriro. Ikusi dugun bezala errua egozteko erraztasuna azaldu dugu guztiok larrialdi egoera honen aurrean, politikari zein herritarrek, gure burua baretzeko zein sare sozialen bidez kritika bat kanporatzeko. Hau guztia errua ez onartzeagatik sortu da, denok daukagu honen errua eta ezin dugu ezetzik esan, baina aldi berean ez daukagu errurik. Zergatik diodan hau azaltzeko modurik errazena berriro 1. sistemari heltzea da, izan ere berak dauka errua (eta ondorioz guk geuk); berak egin du gure erreakzioa exageratu zein lasaiegia izatea (egoera emozional hori akzio bihurtuz), berak eragin du gure arteko erru kanporaketa justifikazio gisa, dena lasai senti gaitezen baina egia ezkutatuz. Denok daukagun errua inkontzientea da, ezin digute leporatu gaizki egina, kontrolatu ezin dugun zerbait delako; dena den badago egin dezakegun zerbait eta hori 1. sistemaren erreakzioa zalantzan jartzea da ikuspuntu desberdinak kontuan hartuz, lasaitasunez pentsatuz eta 2. sistemaren erabilpena bultzatuz. Horrela ohartuko gara benetako egoeraz eta aurre egin ahal izango diogu beldur eta ezinegonari.

Azkenik, ez nuke amaitu nahi lagun batek gogoko duen esaldi bat egoera honetara ekarri gabe, aurkakoa egiten ari garelakoan bainago. Esaldiak honela dio: I’m strong enough to survive alone. I’m smart enough to want companions at my side (Indar nahikoa daukat bakarrik bizirauteko. Nahikoa argia naiz lagun/kideak nire alboan nahi izateko). Gauden ezohiko egoera honetan etxean bakarrik egoteko gaitasun nahikoa daukagu, baina lagunak, familia, bikotea… inguruan nahi ditugu. Ez dut esan nahi pertsona horiekin egotea gaizki edo ondo dagoenik, esan nahi dudana da ez dela beharrezkoa (gustuko dugun eta nahi dugun zerbait da, ez orain momentuan behar dugun zerbait) biziraupenerako, eta pandemia momentu honetan elkartzeak ez du gehiegi lagunduko kutsatzearen murrizketan. Nire iritziz, orain momentuan nahiko daukagu gure buruarekin egotearekin, gai gara bakarrik egon eta hau gainditzeko, beti ere 2. sistemari garrantzi eta presentzia minimo bat ematen badiogu.

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Iritzia
2024-04-28 | Karmelo Landa
Gernikaren berpiztea

Urte bat bestearen ondotik, 87 urte joan dira astelehen lazgarri hartatik, apirilaren 26 hartatik; azoka eguna Gernikan, heriotza eguna. Suzko eta berunezko egunak eta urteak ondoren. Hildako ugariren gainean porlana eta isiltasuna. Porrota eta sufrikarioa. Nortasun debekatua,... [+]


Hitzen piroteknia

Garai batean nire ustez naftalinaz gainezka zeuden esaldiak erabiltzen hasia naizela antzeman dut. Zahartzen ari naizen seinale ote? “Osasuna badugu behintzat-eta, gustura egoteko moduan gaude!” edo “gure garaian jan ez, baina barre...”. Eta tristuraz... [+]


2024-04-28 | Ahoztar Zelaieta
EAJko karguen senide harrobia

Azken hamarkadan, EAJk hiru harrobitatik datozen kargu publikoen esku utzi du Eusko Jaurlaritzako sailen kudeaketa. PwC eta Andersen bezalako aholkularitza-enpresetan aritu zen talde bat nabarmentzen da. Beste talde garrantzitsu bat karrerako funtzionarioek osatzen dute... [+]


2024-04-28 | Edu Zelaieta Anta
Duda-muda

Ramadana bukatzear zela sortu zen zalantza irakasleen artean: familia musulmana duten ikasle batzuek adierazia zuten, ramadanaren amaieraren ospakizuna zela eta, ez zirela egun horretan joanen gelara. Ekintza horren bidez –aipatu zuen irakasle batek– argi gelditzen... [+]


Eguneraketa berriak daude