"Negoziazioak hastapenetan dira MAS eta kolpisten artean"

  • Azken hamaika urteetan aritu da ministro lanetan. "Klandestinitatean" bizi da estatu kolpeaz geroztik, eta bere gordelekutik mintzo da ARGIArekin eta Hala Bedi-rekin –elkarrizketa azaroaren 15eko gauean grabatuta dago–. Bolivian ziurgabetasun handiko uneak bizi direla dio. Batetik, errepresio gordina da kalean. Bestetik, MASen eta kolpisten arteko negoziazio ”konplexuak” hasiberri dira. Bien bitartean, mugimendu indigenek eta herritarrek hartu dute protagonismoa kolpearen aurkako borrokan, eta alderdien gainetik egin dezakeen agenda propioa garatzen ari dira.

Istiluak gertatzen ari dira Evo Moralesen aldekoen eta estatu kolpearen aldekoen artean.

2019ko azaroaren 18an - 13:07

Urriaren 20an hauteskundeak egin zituzten Bolivian. Comunidad Ciudadana alderdiko Carlos Mesa eta Movimiento al Socialismoko (MAS) Evo Morales ziren hautagai nagusiak. Bozen zenbaketa prozesua eten egin zen iluntzean bat-batean, %84a zenbatua zegoela, Moralesen aldeko zazpi puntuko abantailarekin. Egun bat beranduago behin betiko emaitzak eman zirenean, aldeak  hamarreneko batzuengatik gainditzen zuen %10a, bigarren itzulia egiteko edo ez egiteko langa. Sektore sozial eta politiko batzuek iruzurra salatu eta protestak antolatu zituzten, gobernuak emaitzen zilegitasuna defendatzen zuen bitartean. Egoera polarizatuz joan zen hurrengo asteetan. Azaroaren 10ean, armadaren buruak presidenteari gobernua uztea “iradoki” eta gero, Moralesek dimisioa eman zuen. Beste estatu kolpe berri bat Abya Yalan [Amerika indigenenentzat].

Azaroaren 11n dimisioa aurkeztu zenuen Hezkuntza Ministro bezala, Moralesek gauza bera egin eta hurrengo egunean. MASen gobernuko goi karguen aurkako erasoak izan dira, baita haien senideen aurkakoak ere. Zein da zure egoera pertsonala?

Ministro eta ministrorde askok babesa bilatu dugu. Diktadura garaian esaten zen bezala, klandestinitatera jo behar izan dugu. Ezkutuan gaude eta ezin dugu kalera irten. Gobernu Ministro berriak diktaduran ohikoa zen "ehiza" hitza erabili du aurreko gobernuko goi karguen aurka egingo duela iragartzeko.

Estatu kolpera eraman duten protestak iruzur salaketengatik hasi ziren. Iruzurra egon zen urriaren 20ko hauteskundeetan?

Erantzuna zuzena da: ez zen iruzurrik egon. Arazo teknikoak bai izan ziren, Hauteskunde Auzitegiak berak seinalatu zituen. Iruzurraren zurrumurrua hauteskundeen aurretik zabaldu zuten, aurreikusten zen Moralesen garaipena lehen unetik auzitan jarri asmoz. Urriaren 20an, behin-betiko emaitzen aurretik hasi ziren iruzurraz hitz egiten, jendartearen zati baten erreakzioa hauspotzeko. Protestak hasi ziren, oposizioak askatasunez egin ahal izan zituen ez zelako poliziaren edo militarren errepresiorik bideratu haien aurka. Amerikako Estatuen Erakundeak (AEE, OEA gaztelaniaz) gardentasun gabeziak seinalatu zituen txosten batean, baina gerora erakunde independenteek salatu dute txostena manipulatua dagoela. Azkenean poliziak eta militarrek oposizioaren ekintzak lagundu zituzten.

Roberto Aguilar Boliviako Hezkuntza Ministro ohia, aurretik unibertsitateko irakasle eta errektore izan zen La Pazen. (Artxiboko argazkia)

Lehen egunetako protestak oso jendetsuak izan ziren. Zeintzuk dira mobilizatu ziren sektoreak?

Mobilizazioek izaera klasista nabarmena izan dute. Klase ertain eta ertain altuko sektoreak antolatu dira Moralesen gobernuaren aurka, burgesia eta burgesia txikia. Gazteak nabarmendu egin dira, nagusiki unibertsitate pribatuetako ikasleak. Hirietan mobilizazio esanguratsuak burutu zituzten.

Pixkanaka hauteskundeen bigarren itzuliaren eskaerak diskurtso kolpistari bide eman zion, eta mobilizazioak gero eta bortitzagoak bilakatu ziren. Kolpistek orokortua zen ondoeza kapitalizatu zuten?

Iruzurraren salaketa erabili zen Nikaraguako edo Venezuelako mobilizazioen modukoak sustatzeko, eta hirietan indarra izan zuten. Sektore herritarrak iruzurraren salaketaren aurka mobilizatzen hasi zirenean oposizioaren talde armatuak agertu ziren, eta poliziarekin elkarlanean errepresioa hedatu zuten.

"Eskuinak abiatutako prozesuak eskuin muturrera egin du"

Protesten erdian Carlos Mesa bizitza politikotik desagertzen joan zen eta haren lekua Luis Fernandez Camachok hartu zuen. Nor da Camacho?

Eskuinak abiatutako prozesuak eskuin muturrera egin du. Carlos Mesa eskuinekoa da, eta posizio horretatik klase ertainen eta klase oligarkikoen arteko konfluentzia bat eraiki zuen. Bozken %37 inguru lortu zuen. Hauteskundeak atzean geratu ahala protagonismoa Camachok hartu zuen. Camacho Santa Cruzeko enpresaria da, Boliviako eskuinaren sektore erradikalenekin lotuta dago. 2008an Bolivia zatitzeko ahalegina egon zen, talde militar baten bidez. Paramilitarismoarekin lotura duten talde eta pertsona horiek Mesa erabakietatik baztertu dute pixkanaka. Morales presidentearen dimisioa eskatu zuten egunean, Mesa aurka agertu zen konstituzioaren aurkakoa litzatekeela esanez. Hurrengo egunean bat egin zuen dimisio eskaerarekin. Camacho ikusi daiteke kolpistek egin dituzten goi karguen izendapen guztietan, eta aldiz Mesa ez da ageri. Prentsatik ere desagertu da.

Zer paper izan dute indar armatuek? Kolpea bultzatu zutela esaten da batetik, baina, bestetik, kolpistek boterea hartu eta jarraian poliziaren eta armadaren kupulak berritu dituzte.

Poliziaren eta armadaren jarrera erabakigarria izan da kolpea gauzatu ahal izateko. Presidenteak ez zuen odolik eta heriotzarik nahi, horregatik aurkeztu zuen dimisioa eta planteatu zuen hauteskunde berriak egitea. Oposizioak ez zuen hori onartu, eta Janeina Añez izendatu zuen presidente konstituzioa eta legedia urratuz, legebiltzarkideen heren baten babesarekin soilik. Eserlekuen bi herenak MASeko ordezkarien esku daude, eta ez ziren sesio horretara aurkeztu.

Boliviako armadaren buruak izendatu zuen presidente Janine Añez.

Eliza ebanjelikoak kolpea politikoki zein diruz babestu duela salatu dute zenbait komunikabidek.

Hauteskunde guztietan elikatu dute polarizazioa zenbait eliza ebanjelikok, Evo deabru bezala eta garaian garaiko oposizioko hautagaia jainko bezala irudikatuz. Kolpearen azken uneetan paper erabakigarria bete dute.

Deigarria izan da kolpistek boterea hartzean esplizituki agertu duten muturreko jarrera. Añez presidentea indigenak “satanikoak” direla esanez Biblia erraldoia eskuetan, Gobernu Ministro Murillo “ehiza” iragarriz...

Poliziaren eta armadaren kupula ordezkatu du Añezek, kolpea babestu dutenak ezarriz goi karguetan. Hemeretzi ministro berri ere izendatu ditu, Santa Cruzeko lurraldeari eta Boliviako eskuin muturrari lotuak. Gobernu kolpistan agintea hartu dutenak, nolabait esateko, ez dira eskuinaren onenen artekoak. Sektore erreakzionarioenak dira, euren adierazpen publikoak edo Twitter bitartez egindakoak lekuko. Camacho mesias izendatzera heldu dira, hitzez hitz. Mezu oso kontserbadoreak eman dituzte emakumeen eta indigenen inguruan.

Azken egunetan ematen du irudi epelago bat eman nahian ari direla.

Egia da. Wiphalak erre zituzten, herri indigenen eta inklusioaren sinboloa. Egun batean erre, eta bestean musu eman diote. Orain ekitaldi ofizial guztietan dago. Indigenekin tentsioak baretu nahi izan dituzte horrela, baina lortu dutena are gehiago sumintzea izan da.

“Mas eta kolpisten negoziazioen helburua da errepresioa gelditzea eta hauteskunde deialdiaren inguruko kontsentsua lortzea”

Añezek “lehenbailehen” hauteskundeak deituko zituela iragarri zuen, baina ez du eperik finkatu. Presidente izendatu eta hurrengo egunean, MASeko diputatuek eta senatariek Eva Kopa izendatu dute Senatuko presidente eta Sergio Choque Diputatuen Ganberako presidente, MASekoak biak. Akordio baten ondorioa dira izendapenak?

Legebiltzarrean gertatu dena oso konplexua da. Kolpearen lehendabiziko bi egunetan MASeko legebiltzarreko ordezkariei jardutea debekatu zitzaien. Gero legebiltzarkideek debeku hori gainditu zuten, ekimen politikoa berreskuratuz. Senatuko eta Diputatuen Ganberako zuzendaritza politiko berriaren izendapena akordio politiko baten ondorioa izan da. Aurreakordioa da, legebiltzarrak funtzionamendua berreskuratu dezan ahalbidetzeko. Izan ere, legebiltzarrak izendatu behar du Hauteskunde Auzitegia, legebiltzarkideen bi herenen babesarekin. Hauteskundeak deitzeko beste horrenbeste. Oposizioak ordezkarien herena du soilik, eta MASek bi heren. Eman dezakegun azken informazioa da negoziazioa ematen ari dela, hastapenetan dela, eskuineko eta eskuin muturreko ordezkarien eta MASeko legebiltzarreko sektore batzuen artean.

Aipatzen dituzun negoziazio horien helburua hauteskunde berriak dira? Horrela bada, Evo Morales hautagai izango litzateke?

Helburua da errepresioa gelditzea eta hauteskunde deialdiaren inguruko kontsentsua lortzea. Kontua da oposizio kolpistak bere baldintzak inposatu nahi dituela. Lehena da MAS hauteskundeetara ez aurkeztea. Hori onartezina da, gutxiengoak gehiengoari betoa ezartzea litzateke. Bigarren puntua da ea gure presidente eta anai Evo Morales hautagai izan daitekeen edo ez. Evok txio batean adierazi du bere desioa baketzea dela, Boliviako herriak sarraskirik ez sufritzea, eta horretarako prest egon daitekeela hautagaitzari uko egiteko.   

Estatu kolpearen aurkako protestetan hamarnaka pertsona hil dituzte indar armatuek.

Kalean zein da egoera?

Blokeoak eta martxa izugarri handiak egiten ari dira El Altoko mugimenduak, nekazariak, sektore kokaleroak eta meatzariak, Cochabamban eta La Pazen nagusiki. Mobilizazioen aurkako errepresioa izugarria da. Hauteskundeez geroztik hildakoak hamaika dira gutxienez, horietako zortzi kolpearen osteko egunetakoak, blokeo eta martxa ezberdinetan [elkarrizketaren hurrengo egunean, azaroak 16an, hildakoen kopurua 23ra igo dute kolpearen aurkako zenbait iturrik; aldi berean, indar armatuei zigorgabetasuna ematen dien dekretua onartu du gobernu kolpistak]. Horrez gain, militarrak kontrol puntuak ezarri dituzte kalean eta atxiloketak egiten ari dira. Azken orduetan Venezuela eta Kubako delegazio diplomatikoen aurkako errepresio gogorra ere abiatu dute. Hezkuntza eta osasun arloan laguntza ematen ari ziren kubatarrak Boliviatik kanporatu dituzte.

“Onartezina da MAS hauteskundeetara ez aurkeztea, gutxiengoak gehiengoari betoa ezartzea litzateke”

Zer espero daiteke hurrengo egun eta asteetarako?

Ziurgabetasuna handia da. Negoziazioan aurrerapausoak eman eta horrek errepresioa areagotzea ekidin dezake, eta akordio demokratiko bat lortzea. Baina bigarren gako bat piztu da egunotan, goranzko joera duena: mobilizazio herritarra. Izaera propioa hartzen ari da mobilizazioa, lidergo berriak sortzen ari dira, eta ezin da aurreikusi zer emaitza emango duen.

Esaten ari zara herritarren proposamen eta lidergo berriek MAS gainditu dezaketela, bestelako agertoki bat sortuz?

Aukera bat da, herri mugimenduak eta mugimendu indigenak euren planteamendu eta helburu propioak garatzen ari dira. Konponbide politikorako edozein negoziaziotan espazio propioa izan behar dutela aldarrikatzen dute, besteak beste. Alderdien markoa gainditu du egoerak, izaera herritar zabalagoa hartu du, aniztasun politikoa eta ideologikoa handia da. Esparru indigenan dauden jarrera oso erradikaletatik, MASen militantziara.

Moralesek esan du kolpearen helburua MASen lorpenekin eta politikekin amaitzea dela. Zuk zer balorazio egiten duzu gobernuaren 13 urteko jardunaz?

Evo Moralesen gobernuek egiturazko aldaketak egin dituzte ekonomian, estatu egituran, justizian, hezkuntzan, osasunean edo azpiegituretan. Hidrokarburoen nazionalizazioaren ostean Boliviako BPGa 9.000-10.000 milioi dolarretik 40.000 milioira igo zen, enpresek eramaten zuten dirua estatuaren eskuetara pasatu zelako. Diru sarrera horiekin ekonomia egonkortu da. Inbertsioak handitu dira, eta Latinoamerikako hazkunde ekonomiko altuena izan du Boliviak. Hezkuntzan analfabetismoa %13koa zen, eta une honetan %2aren azpitik dago. Hezkuntzarako eskubidea jendarte osora zabaldu izana da lorpen garrantzitsuetako bat. Helburua ez da Evo gobernutik ateratzea. Helburua aurreko eredura bueltatzea da, aberatsak aberatsago eta pobreak pobreago egiten zituena. Bolivia ekonomia egonkor eta indartsua bilakatu da, horrekin eta politika sozialekin amaitu nahi dute.

Argazki oina

Eskuina eta kolpistak alde batera utzita, ezkerretik eta mundu indigenatik kritikak jaso ditu gobernuak urte horietan. Hala nola eredu ekonomiko estraktibista mantentzea edo behetik gorako kritiken aurrean kooptazioa eta autoritarismoa praktikatzea. 2016an Moralesek erreferenduma deitu zuen konstituzioak ezartzen zuen mugaren gainetik berriz ere presidentegai izateko. Ezezkoak irabazi zuen, baina botere judizialak ahalbidetu zuen haren hautagaitza. Moralesekiko kritika asko piztu zituen horrek.

Kritika gogorrak izan dira. Baliabide ekonomikoak hidrokarburoen eta litioaren bitartez lortzeko politikari, esaterako. Bolivia bere industrializazioa bultzatzen ari da, gure industria ahula baita eta atzerriko ekonomiekiko zaurgarria. Industrializazioa bultzatzeko errekurtsoak hidrokarburoek eman dizkigute. Kritikarik zorrotzenak nekazaritza garapenaren alorrean egin dira, desprestigio kanpaina egin zen honen inguruan. Esaten zen abeltzaintza garatu nahi genuela Txinara esportatzeko. Eztabaida berezia da. Abeltzaintza sustatzea aldarrikatzen zutenak jabe handiak izan ziren, eta horiek bultzatu dute kolpea.

“Hirietako klase ertainaren artean galdu da babesa Evok eta galera hau erreferendumarekin lotuta dago”

Babes galera antzeman daiteke azken urteetan: 2014ko hauteskundeetan MASek bozen %61a eskuratu zuen, eta urriaren 20an %47a. Morales eta gobernua ahulago iritsi al dira hauteskunde hauetara, eta kolpe bat gelditzeko indar gutxiagorekin?

Hamahiru urte pasatxo izan dira gobernuan. Hauteskundeek babes galera agertzen dute. Baina garrantzitsua da bozen mapa politikoari begiratzea. MASek eta Evok babes handia mantentzen dute nekazal guneetan. Hirietako klase ertainaren artean galdu da babesa. Galera hau erreferendumarekin lotuta dago. Galera horrek egunotako mobilizazioetan eragina izan du? Maila batean bai.

AEBek esku hartu al dute kolpean?

Agiriak argitaratu dira, eta frogatzen dute AEBek kolpea zuzenean babestu eta finantzatu dutela.

Nola kokatu Boliviako gertaerak Abya Yalako testuinguruan?

Duela urte batzuk ezkerreko gobernuak ugariak ziren eta indartsu zeuden: Venezuela, Uruguai, Txile, Argentina, Brasil... Hori aldatuz joan zen AEBek Ekuadorreko, Txileko, Peruko edo Brasileko egoerak aldarazi zituztenean. Baina Brasil edo Argentinan argi geratu da ezkerreko posizioek indarra mantentzen dutela eta herriek ez dituztela eskuineko gobernuak onartzen. Testuinguru horretan, Moralesen gobernua eta inperialismoaren aurkako bere jarrera argia mehatxua ziren, herri txikia izanagatik erreferentzia handia zuelako. Baina argi izan behar dugu oinarri ekonomiko bat dagoela. Gasak garrantzia du, baina munduko litio erreserba handiena du Boliviak.

Euskal Herrian kolpearen aurkako mobilizazioak izan dira. Ba al duzu mezurik Boliviako gertaerak kezkaz edo amorruz bizitzen ari direnentzat?

Elkartasun asko jasotzen ari gara mundu osotik, aintzat hartzen eta eskertzen ditugu adierazpen horiek. Latinoamerikan eta munduan estatu kolpeak bueltatu ez daitezen borrokan jarraitzera deitzen dugu.

Elkarrizketa hau ARGIA eta Hala Bedi hedabide independenteen arteko elkarlanaren ondorioa da (elkarrizketaren audioa, Hala Bediren web orrian (idatzizko bertsioa luzeagoa da):

https://halabedi.eus/es/se-esta-realizando-una-suerte-de-dialogo-y-negociacion-entre-los-representantes-de-la-derecha-y-la-ultraderecha-con-algunos-parlamentarios-del-mas/


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Bolivia
“Denbora deskolonizatzea metatze kapitalistari uko egitea da”

Adriana Guzmán Arroyo herri-hezitzaile aymara eta Boliviako feminismo komunitario antipatriarkaleko erreferentearekin batu eta kolonialismoa, arrazismoa, estraktibismoa, nahitaezko heterosexualitatea, familia, komunitatea, Estatua eta pribilegioak izan ditugu mintzagai,... [+]


2022-09-06 | ARGIA
Deforestazioaren eraginez Amazoniak bizi duen egoera larriaz ohartarazi dute

Berreskuratzeko gaitasuna galtzen ari da Amazonia, deforestazioak eta degradazioak larriki kaltetuta. Egungo egoeran, planetaren birika berdea deitu izan denaren zati handi batean karbono gehiago isurtzen da airera, xurgatzeko gai dena baino. Berehalako neurriak eskatu ditu... [+]


2022-06-13 | ARGIA
Aurrekaria Hego Amerikan
Boliviako presidente auto-izendatu zen Añezi hamar urteko espetxe zigorra, estatu kolpea ematea egotzita

Asteburuan aurrekaria ezarri dute Bolivian estatu kolpea ematen saiatzen direnentzat, hamar urteko espetxe zigorra ezarriz Jeanine Añez senatari ohiaren, Williams Kaliman Indar Armatuetako komandante ohiaren eta Yuri Calderon Poliziako komandante ohiaren aurka.


2021-11-09 | Leire Artola Arin
Ketxua hizkuntza biziberritzeko plana osatzen ari dira Bolivian, Garabideren parte hartzearekin

Bolivian izan dira Garabide elkarteko hiru kide, plan estrategikoa prestatzeko lehen saioetan, eta euskararen biziberritzearen gakoak azaldu dizkiete ketxua komunitateko kideei.


Eguneraketa berriak daude