Nazioarteko Justizia Auzitegitik Hegoafrika: “Gaza eta bere herritarrak suntsitzeko Israelen intentzioa argia da”

  • Hegoafrikaren izenean, sei abokatu aritu dira elkarren artean ongi harilkaturiko alegatua osatzen urtarrilaren 11ko goizean, Nazioarteko Justizia Auzitegian, Israelek Gazan buruturiko erasoek genozidio izaera dutela frogatu nahian. Gazako sarraskiari buruzko datu anitz, zenbait argazki eta bideo, Israelen ordezkarien adierazpen parrasta, Nazio Batuen Erakundearen oharrak zein Genozidioa Prebenitzeko eta Zigortzeko Itunari egindako erreferentzia xeheak... hiru orduz argitu nahi izan dute genozidioa dela Israelek Gazan buruturikoa.


2024ko urtarrilaren 12an - 08:58
Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu

Abokatuak aitzin hitz egin du Hegoafrikako Justizia ministro Ronald Ramolak eta Israelen jarrera historian kokatu du: "Palestinaren aurkako indarkeria eta suntsiketa ez ziren 2023ko urriaren 7an hasi; badira 76 urte palestinarrek zapalkuntza eta indarkeria sistematikoa pairatzen dituztela". Nelson Mandelaren hitzak oroitaraziz zehaztu ditu auziaren nondik-norakoak: Palestina herriari eskua luzatuta, osoki kontziente gara gizateria bakar baten parte garela". Ideia horri heldu dio Hegoafrikak Genozidioa Prebenitzeko eta Zigortzeko Ituna izenpetu Apartheid-aren biharamunetan eta hortik tiraka jarri dute Israelen aurkako salaketa Nazioarteko Justizia Auzitegian. Funtsean, Israelek ere izenpeturik du 1948an, Bigarren Mundu Gerrako Holokaustoaren biharamunean idatzitako ituna.

Genozidioaren frogak

Adila Hassim abokatak hartu du lehenik hitza, Genozidioa Prebenitzeko eta Zigortzeko Itunaren 2. artikuluan oinarrituta. Israelek Gazako Zerrendan –"1967az geroztik okupaturiko Palestinan"– buruturiko erasoen kutsu "sistematikoak" genozidio izaera osatzen duela dio. Hori horrela, eta jakinez urteak pasako direla genozidioari buruzko ebazpena jakin aitzin, berehalakoan Israelen erasoak geldiaraztea nahi du Hegoafrikak. Horra Hassimen hitzen pasarte bat:

"Azken 96 egunetan, gerra modernoaren historiako bonbardaketa bortitzenaren pean dauka Gaza Israelek. Itsasotik, airetik eta lurretik bideratu bonba azpian daude Gazako palestinarrak. Gosetea, deshidratazioa eta eritasunak –hots, heriotza– ere ate joka dauzkate, eta hori Israelek antolaturiko setioagatik da, hiriak suntsiturik dituztelako eta eskasegia den laguntza apurra ez zaielako iristen... hain zuzen bonbardaketengatik. Bizitza bermatzeko oinarrizko osagaiak ez dituzte eskura".

"Azken 96 egunetan, gerra modernoaren historiako bonbardaketa bortitzenaren pean dauka Gaza Israelek"
Adila Hassim

Tembeka Ngcukaitobi abokatak, berriz, genozidioa bideratzeko Israelen "intentzioa" frogatu du, Israelgo ordezkari andanaren adierazpenak plazaratuta. Besteak beste, Benjamin Netanyahu Lehen ministroaren adierazpenak –"Hamas infiltratu da komunitateetean eta horiek desagerrarazten hasi da [urriaren 7an] Israel"–. Israelek Hamas bakarrik ez, baina "palestinar herri osoa suntsitzeko" daukan asmoa frogatzen aritu da. Palestinarren heriotzaren parean, Israelen soldaduen poza eta harrotasuna ere aipatu ditu, bideo batzuk jarriz adibidetzat. Horrela bukatu du hitz hartzea: "Israelengatik da heriotza- eta etsipen-lurralde bihurtua Gaza. (...) Gaza eta bere herritarrak suntsitzeko intentzioa argia da eta Israelen politikan erroturik da. (…) Afera honen berezitasuna ez dago isiltasunean, alderantziz, genozidioaren aldeko diskurtsoa behin eta berriz errepikatzean dago, eta hori Israelgo Estatuaren esfera guztietatik".

Genozidioa saihesteko betebeharra

"Hegoafrikako eta Israeleko herriek sufrimenduaren historia dute komunean eta estatu bakoitzak  Genozidioa Prebenitzeko eta Zigortzeko Ituna izenpeturik du, hain zuzen, giza sufrimendu horren bukaerara ailegatzeko". Hitz horiek erranda hasi du bere hitz hartzea John Dugard abokatak. Nazioarteko Justizia Auzitegira jotzeko hautua azaldu nahian. Auzitegira jo aitzin, Hegoafrikak beste bide batzuk hartu dituela argitu du: urriaren 7az geroztik Israelek Gazan buruturikoa genozidioa dela ohartarazten aritu da, baina Israelek inoiz ez dio erantzun eta okerrago, gezurtatu ere egin du akusazioa. Hegoafrikak elkarrizketarako bideak proposatu dizkio Israeli, baina azken honek inoiz ez dio baiezkorik eman. Horregatik, bi estatuen arteko desadostasuna dela eta, jo du Hegoafrikak Nazioarteko Justizia Auzitegira, Ituneko 9. artikuluak ahalbideturik.

"Historiako lehen genozidioa da zeinetan biktimek beren hondamena zuzenean erakusten diguten, munduak zerbait eginen duenaren esperantzarekin, oraingoz alferrikakoa den esperantzarekin"
Blinne Ni Ghralaigh
Berehalakoan: Israelen erasoen bukaera

Palestinarren eskubideen urraketetan zentratu da Max du Plessis abokata, berehalakoan hartu beharreko neurrien –Israelen erasoen bukaera– premia azaltzeko. Oinarrizko eskubideen urraketa eta genozidio arriskua xeheki azaldurik, Israelen –"okupatzailearen"– jarrera deitoratu du gogorki: "Legea baino gorago eta legetik at dagoela uste du Israelek"; "nazioarteko legedia sakonki mespretxatzen ari da Israel". Israeleko Gobernuaren intentzioak azpimarratu ditu: "Israelgo arduradunen eta soldaduen adierazpenetan dauzkagu genozidio intentzio horren frogak".

Argiki hitz egin du Plessisek: "Hitzarmenak alde guztiak behartzen ditu genozidio oro prebenitzera eta zigortzera, baita herritar talde ororen babesa betetzera ere. Hitzarmenaren eta eskubideen urraketa oro epaitu behar da. Hori ez balitz gertatzen, orduan erran nahi luke palestinarrei duintasun txikiago bideratzen zaiela, Auzitegiak ez dituela bere eskumenak betetzen, bere jurisprudentziari bizkarra erakusten diola eta Gazan gertaturiko giza eskubideen urraketen aitzinean begiak ixten dituela".

Genozidioaren lekuko izanda ere, "gelditasunean"

Blinne Ni Ghralaigh abokatak Gazako errealitatea gordinki aurkeztu du, datu bidez deskribatuz Gazako herritarren eguneroko makabroa. Hori horrela, Israelen erasoa berehala gelditzeko neurria eskatu du berak ere: "Berehalako heriotza, kalte eta suntsiketa arriskua dela eta, behartzen gaitu horretara. Auzitegiaren fama, gaitasuna eta berdintasunean herritar oro babesteko nahikeria dago jokoan".

Gogor hitz egin du nazioarteko agintarien "gelditasunari" buruz: "Nazioarteak ez ditu kontuan hartu 2023aren urriaren 19az geroztik nazioarteko aditu batzuk plazaratu palestinarren genozidio arriskuaren abisuak. Nazioarteko komunitateak huts egin du, palestinarrei begira ez ditu bere betebeharrak betetzen –nahiz eta Israeleko ordezkarien genozidio adierazpenak eta Israelgo armadaren erasoak hor izan"–.

Ondoko ideiarekin bukatu du bere hitz hartzea: "Gazan gertatzen dena telefono, ordenagailu edo telebista bidez zuzenean ikusten duen lekukoak gara. Historiako lehen genozidioa da zeinetan biktimek beren hondamena zuzenean erakusten diguten, munduak zerbait eginen duenaren esperantzarekin, oraingoz alferrikakoa den esperantzarekin. Gurutze Gorriak dioen gisara, 'moralezko hutsegitea' da Gaza. NBEko arduradunek azpimarratu duten gisara, hutsegite horrek ondorioak ditu Gazako herrian baita datozen belaunaldietan ere, inoiz ez dituztelako ahantziko 90 egunez gora pairaturiko infernua eta gizateriaren oinarrizko printzipioen urraketak".

"Ez du balio erratea zibilak saihesteko ahal duena egiten duela Israelek... Errealitateak kontatzen digu Israelek kontatzen digunaren aurkakoa"
Vaughan Lowe
 
"Ezerk ez du genozidio bat justifikatzen"

Vaughan Lowe abokata izan da hitza hartzen azkena. "Ez du balio erratea zibilak saihesteko ahal duena egiten duela Israelek... etengabeko bonbardaketek erakusten digute ez dela horrela. Errealitateak kontatzen digu Israelek kontatzen digunaren aurkakoa".

Gaza lurralde okupatu bat dela oroitarazirik, ondokoa ere zehaztu du abokatak: Nazio Batuen Legediako 51. artikuluak dakarren defentsa legitimorako eskubidea ezin daiteke gauzatu, hain zuzen, lurralde okupatua delako Gaza. Beste ideia garrantzitsu bat ere xeheki azaldu du Lowek: "Ezerk ez dezake justifikatu genozidioa". Hamasen urriaren 7ko erasoa salatu arren, argi utzi du munduan eta legedian ezerk ez dezakeela genozidio bat justifikatu.

Eskaturikoa, bederatzi puntutan

Herbehereetan Hegoafrikako enbaxadore Vusimuzi Madonsela-k hartu du azkenik hitza, Nazioarteko Justizia Auzitegiari eta Israeli Hegoafrikak galdetzen diena bederatzi puntutan laburbilduz. Israelen operazio militarren bukaera, laguntza humanitarioa ez trabatzeko deia Israeli, genozidioa gelditzeko/saihesteko neurrien gauzapena, genozidioari buruzko ikerketa ez trabatzeko deia Israeli –besteak beste, frogak ez desagerrarazteko manua–, horra zer eskatzen duen Hegoafrikak Nazioarteko Justizia Auzitegitik.

Urtarrilaren 12 honetan du Israelek bere alegatua.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Palestinarren aurkako genozidioa
Euskal Herriko hainbat musika taldek bat egin dute Spotify-ri boikot kanpainarekin

Naxker, Fermin Muguruza eta Bloñ musika taldeek, besteak beste, bat egin dute Musikariak Palestinarekin plataformak abiatutako Spotify-ren aurkako ekimenarekin. Hain justu, musika erreproduzitzeko aplikazio erraldoiaren jabe nagusiari, Daniel Ek-eik, egozten zaio Israelek... [+]


Hezkuntzan egun osoko grebara deitu dute urriaren 15erako, Hego Euskal Herrian

Haurreskoletatik unibertsitateraino, hezkuntza sistema osoan egun osoko grebara deitu dute sindikatuek Hego Euskal Herrian, Palestinarekin elkartasunez. Urriaren 15erako lantokietan deitu dituzten lanuzte eta mobilizazioak indartzera dator deialdia.


Mikel Zuloaga ‘Mikelon’, Global Sumud Flotillako partaidea
“Ezin dugu onartu Euskal Herrian inork holokaustotik etekinik ateratzea”

Astelehen gauerdian iritsi ziren Bilboko aireportura Mikel Zuloaga ‘Mikelon’, Jotas Osés, Itziar Moreno eta Abdel Karim el Khamlichi Global Sumud Flotillako euskal aktibistak, Israelgo Kiotz espetxean lau egun eta itsasoan hilabete eman ondoren. Astearte gauean... [+]


Israel Premier Tech: izena, nortasuna eta jabea atzean uztera behartua

Israel Premier Tech txirrindularitza taldeak datorren denboraldirako “egungo nortasun israeldarretik urruntzera” behartua ikusi du bere burua, Espainiako Vueltan hauspotu ziren protestengatik. Gainera, Sylvan Adams sionista ez da aurrerantzean proiektuaren buru... [+]


2025-10-07 | ARGIA
67.000 hildako, ia bi milioi desplazatu eta gosetea: genozidioaren bigarren urtemuga

2023ko urriaren 7an, Hamasen erasoaren ostean, palestinar herriaren kontrako genozidioari hasiera eman zion Israelgo Estatuak. Trumpen planaren negoziaketa betean, beldurgarriak dira bi urteotako sarraskiaren zifrak.


Hamas eta Israel astelehenean bilduko dira Trumpek proposatutako plana eztabaidatzeko

Ordezkariak Egiptoko Sharm el-Sheikh hirian bilduko dira, Sinai penintsulan, Trumpen lehen fasearen "mekanismoak eta xehetasunak" aztertzeko. Bien bitartean, bonbardaketek hildakoen kopurua handitzen jarraitzen dute; azken 24 orduetan beste 65 palestinar hil ditu... [+]


Flotillako ehunka atxilotuek tratu txarrak eta torturak salatu dituzte

Global Sumud Flotillako ontzietan zihoazen lau aktibista euskaldunak Atenasera Euskal Herriko 15:30ean heldu dira eta handik Loiura zuzenean hartuko dute hegaldia, 23:15ean iristeko. Jada aske utzi dituzten ekintzaileek kolpeak, umiliazioak, loaren galaraztea edo janaria eta ura... [+]


2025-10-06 | Ahotsa.info
Palestinaren aldeko aldarria ozen entzun da Iruñean

Palestinaren Elkartasuna taldeak deitutako manifestazio jendetsua Antoniutitik abiatu da, Israelgo Estatua desagertzearen eta erresistentzia palestinarraren aldeko aldarriak eta gobernu aurrerakoien aurkako oihuak eginez.


Arduraz

Palestinan gertatzen ari dena ikaragarria dela erraten du jende orok karrikan barna, “Onartezina da! Genozidioa da!” bilakatu dira azken aldiko entzunenak. Egoera salatzeko elkarretaratzea egin, ordea, eta bidegabekeria dela pentsatzen duten hamar horietatik lau... [+]


2025-10-02 | ARGIA
Ehunka bahituak Israelera eraman dituzte, eta Flotillak dio Gazako blokeoa apurtzen saiatzen jarraituko duela

Flotilla gelditu du Israelgo armadak, Gazara iritsi aurretik. Ontziak Israelek "arrisku eremu" gisa izendatu duen lekuan dira asteazken goizetik. Iluntzean, 20:30ak pasatxoan heldu dira ontzi militar israeldarrak lehen abordaiak egitera. Flotillako ontzietan zihoazen lau... [+]


2025-10-02 | ARGIA
Flotillako ontzietan zihoazen lau euskaldunak atxilotu ditu Israelgo armadak

Flotillako euskal ordezkaritzaren prentsa lantaldeko Ana Casconek ARGIAri baieztatu dio informazioa. Lau euskal herritar abiatu ziren Bartzelonatik Gazara bidean Global Sumud Flotilla nazioarteko ekimenean: Itziar, Jotas, Karim eta Mikelon (euren abizenak ez ematea erabaki dute).


Nazioarteko prentsaren irakurketa flotillaren aurkako erasoaren ostean

Mediterraneo inguruko komunikabideetan gertakariak presentzia handia du. Aldiz, Alemanian isiltasun handia dago, eta Erresuma Batuan nahiko atzean ematen dute notizia.


Eguneraketa berriak daude