Musikariak eta sortzaileak izango dira lehen lerroan Kontseiluaren ekitaldian, abenduaren 27an

  • Euskalgintzaren Kontseiluak abenduaren 27an Bilbao Arenan antolatu duen ekitaldian parte hartuko duten kulturgile, sortzaile eta musikarien zerrenda jakinarazi du. Besteak beste, Anari, Gorka Urbizu, Gontzal Mendibil, Joseba Tapia eta Flako Fonki arituko dira. Itziar Ituño, Edurne Azkarate eta Ramon Agirre aktoreek hartuko dute parte, baita Sustrai Colina eta Ane Labaka bertsolariek ere. Ekitaldiaren gidari artistikoa Oier Guillan izango da.

Kontseiluak euskaltzaleei dei egin die abenduaren 27ko ekitaldira, "pizkunde berri bati" hasiera emateko. Euskalgintzaren Kontseilua

2025eko azaroaren 21ean - 16:42
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Kontseiluaren helburua abenduaren 27an euskaltzaleak biltzea da, eta euskarak biziberritzeko behar duen “pizkunde berrirako txinparta piztea”.

Milaka euskaltzale elkartuko dira Bilbao Arenan eta ekitaldiak kultur kutsu sendoa izango du. Euskaraz bizitzeko Pizkundea lelopean bilduko dira kulturgileak. Hainbat musikarik “hamarkadatan euskararen taupadaren parte izan diren” kantuak interpretatuko dituzte. Euskal Herri osoko musikariak izango dira, hainbat belaunalditakoak: Amets Aranguren, Anari, Beñat Goitia “Benizze” , Gontzal Mendibil, Gorka Urbizu, Joseba Tapia, Julen Goldarazena “Flako Fonki”, Maia Iribarne, eta Miren Narbaiza.

Zinema alorreko hainbat aktorek ere hartuko dute parte, besteak beste, Edurne Azkarate, Itziar Ituño, Miren Gaztañaga eta Ramon Agirre aktoreek. Bertsotan arituko dira Ane Labaka eta Sustrai Colina. Kulturgile gehiagok ere hartuko dute parte. Ekitaldiaren gidaritza artistikoa Oier Guillanen esku egongo da.

Sarrerak salgai daude

Ekitaldirako sarrerak (www.pizkundea.eus) hamar eurotan jarri ditu Kontseiluak. Erakundeak adierazi du sarreretatik jasotako dirua artisten lana eta ekitaldiaren gastuen zati bat ordaintzeko erabiliko dela.

Bilbon elkartzeko hiru arrazoi

Kontseiluak hiru arrazoi eman ditu abenduaren 27an Bilbao Arena betetzeko. Lehenik eta behin, helburua da “euskaltzaleon indarraren eta batasunaren erakustaldi bat” egitea. Bigarrenik, euskal gizarteari mezu bat helarazi nahi dio: “Egiturazko minorizazioan dagoen euskararen normalizazioa eta biziberritzea guztion ardura da, gizarte berdintasunarekin, justiziarekin eta askatasunarekin lotutako beste auzi asko bezala”. Eta hirugarrenik, eragile instituzional, politiko, ekonomiko kultural eta sozialei eskatu die erantzukizunez jokatu eta bakoitzak bere eremuan “ezagutzaren unibertsalizazioan eta erabilera normalerako baldintzen alde” lan egitea.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Kontseilua
2024ko urriaren 11
Ongi etorri Euskararen Mundura jardunaldiak
"Ederra litzateke euskaraz kalean ikastea"

Eguneraketa berriak daude