CANeko dieten auzia dela-eta Yolanda Barcina Nafarroako Gobernuko presidenteari dimititzeko eskatu diote milaka lagunek Iruñeko kaleetan. Auzia Nafarroan ikertzen jarraitzeko ere eskatu dute.
Kontuz plataformaren arabera, 10.000 lagun bildu zituen larunbatean egindako manifestazioak. Besteak beste, Sortu, Amaiur, Bildu, Izquierda-Ezkerra eta Geroa Bai alderdietako eta ELA, LAB, Eilas, EHNE eta CGT sindikatuetako kideek hartu zuten parte.
"Ez dizugu ukatzen zeure burua defendatzeko duzun eskubide legitimoa, zure errugabetasun presuntzioa ere errespetatzen dugu eta aukera ematen dizugu frogatzeko legearen arabera jokatu zenuela", zuzendu zitzaizkion Kontuzeko ordezkariak Barcinari, manifestazio ondorengo hitzaldian (pdf). "Baina gainerako herritar nafarrek egin beharko genukeen modu berean egin dezazula exijitzeko bildu gara hemen: pribilegiorik gabe eta Nafarroako epaitegien aurrean, hemen hartu baitzenituen erabakiak, hemen gauzatu baitzenituen erabaki horiek, hemen sinatu baitzenuen Nafarroako kutxaren heriotza agiria eta hemen jaso baitzenituen dietak eta opariak... labur esanda: Nafarroako epaitegien aurrean ematea kontuak".
"Gauza bakar batek ekidin dezake iruñean hasitako auzia madrilen ez bukatzea: Barcinak gobernuko presidentea izateari uztea, herritarrok aldi batera eman genion karguan jarraitzeari uztea. Gaur, tribuna honetatik, dimisioa eman dezala eskatzen diogu, duintasunagatik, baina ez bere duintasunagatik, gure duintasunagatik baizik. Dagokion tokian, Nafarroan, defenda dezala bere burua eskatzen diogu".
Ion Telleria Naiz.info-ko kazetariak sareratutako bideoa: