CAN

CANi buruzko ikerketa batzordearen premiaz

  • Hitzetik hortzera dabiltzan bi gai landu dituzte Geroa Baiko Jokin Castiella, EH Bilduko Bakartxo Ruiz eta Ezkerrako Joseba Ezeolaza parlamentariek, Juan Kruz Lakasta kazetariaren gidaritzapean: Nafarroako Kutxako ikerketa batzordea eta Espainiako hauteskundeak.

Artikulu hau CC BY-SA 3.0 lizentziari esker ekarri dugu.

2016ko apirilaren 28an - 09:44

 

CAN ikertzeko egin zuten lehenengo batzordea izan du gogoan Castiellak. "Batzorde hura egin bazen, ia-ia iraungitze epearekin egin zen. Izan zen PSNren jokaldi elektoralista", esan du. Horregatik, bigarren bat abiatzeko beharra azpimarratu du. "Nafarroako Kutxa ez da nafar guztion kutxa... Nafarrok ez dugu azalpenik jaso. Alderdi politikoen erantzukizuna da nafarroi argitzea zer gertatu zen, iazko batzorde hura antzerkitxo bat izan zelako".

Bat egin du Ruizek Castiellaren irakurketarekin. "Beste elementu bat" gaineratu du: "Nafarroako Kutxaren Fundazioaren esku dagoen informazio guztia". UPNk hautatu zituen fundazioan dauden pertsonak, eta "lehenik eta behin traba hori gainditu beharko da".

Zeintzuk osatu duten bigarren ikerketa batzordea. Hori da beste gakoetako bat, Bilduko kidearen irudiko, erregionalistek lehen lerroko politikariak jarri ez dituela deritzo. "Luis Casado, Esparza, Adanero... ez egoteak harritzen nau".

Ezeolazak testuinguruan jarri du mira. "Kontuan izan hartu behar da [CAN] gure erreminta ekonomiko garrantzitsua zela", gogorarazi du, aipatuz, egun, galdu egin duela indar hori. UPNren ardura delakoan dago, kutxa "haien eredu ekonomiko eta politikoaren isla izan delako".

Espainiara begira, zer?

Espainian, "gobernurik ez osatzeko borondatea" egon da, Geroa Baiko parlamentariaren begietara. "Ezgaitasuna" da agerian geratu dena, Ruizek dioenez, eta Ezeolazak esan du "politikaren fama kaxkarra" indartuko duela errepikapenak. Ezkor mintzatu dira hirurak.

Balizko aliantzen inguruan, iritzi bateraturik ez. Nafarroako Gobernua osatzen duten lau indarrak batera aurkezteaz egin du solas Ruizek. Hauteskunde horiek Bildurentzat "jokalekurik errazena" ez direla onartu duen arren, "aukera paregabea" dira, "nafarren hitza" eramateko Madrilera. Laurak batera joateko, alegia.

Ez dio hari mutur horri eutsi Ezkerrako parlamentariak, izan ere, Podemosekin joatearen alde azaldu da haren alderdia Espainian. "Helburua ez da diputatu gehiago ateratzea, baizik eta ezker soziala indartzea", esan du. "Ibilbide eta historia antzekoak eta lehentasun sozialak dauzkatenekin" joanen da Ezkerra.

Geroa Bai eta EH Bildu biak batera joan daitezkeela ere iragarri dute hedabideek azken asteotan, parlamentariek, ordea, ez dute sakondu gaian. "Hori nagusiek jakinen dute", esan du txantxa tonuan Castiellak: "hauteskundeetara aurkeztuko garela argi dago. Zein formatutan, hitz egin behar da". Ruizek argitu du EH Bilduk ez duela gaia "aztertu".

Albiste hau Euskalerria Irratiak argitaratu du eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra


Kanal honetatik interesatuko zaizu: CAN
Nafarroako Kutxaren auzia behin betiko artxibatu du Espainiako Auzitegi Nazionalak

Ebatzi gabe geratzen zen azken zirrikitu judiziala da artxibatu duena. Ikerketak iraun dituen sei urteren ondoren, epaileak, kasua istea erabaki du irregulartasunik ez dagoelakoan, Diario de Navarra-n jaso dutenaren arabera.


CANeko ikerketa batzordearen ondorioak Fiskaltzara igorri ditu parlamentuak

Nafarroako Kutxaren desagertzean "orain arte jakin gabeko datuak" eskuratu direlako eta adierazgarriak izan daitezkeelako helarazi dituzte ondorioak epaitegietara.


Nafarroako Kutxaren desagertzea Goñiren eta UPNren kudeaketaren ondorioz izan da

Diario de Noticias egunkariak aurreratu ditu Nafarroako Kutxa ikertzen duen batzordeko ondorioak. Alderdiek diote CANek aurrera segitu ahal izanen zukeela bere bidea bakardadean eta ondarearen hondatzea txikiagoa litzatekeela.


2019-01-23 | ARGIA
Miguel Sanzen jarrera CANen ikerketa batzordean: dena ukatu eta abertzaleak seinalatu

Miguel Sanz Nafarroako presidente ohiak Nafarroako Parlamentuan CAN auzia ikertzen ari den batzordean hitz egin du asteazken honetan. Nafarroako Kutxan ustelkeria kasurik izan zenik ukatu du.


2018-05-22 | ARGIA
Kontuz elkarteak diru bilketa hasi du Zamoraren lau auziei aurre egiteko

Patxi Zamora Kontuz elkarteko eleduna lanetik bota zuten Guardia Zibilak hegazkinean sartzeko baimena kendu eta gero. Lau auzi ditu abian eta 20.000 euro beharko dituztela kalkulatu du elkarteak.


Eguneraketa berriak daude