Mikel Noval: "AHTa egiteko 10.000 milioi euro bideratzea ez da lehentasun bat"

  • Ekainaren erdialdean ELAko kongresuan Mikel Noval deustuarra berriz aukeratu zuten Gizarte Politikako, Azterketa Bulegoko eta Ingurumeneko arduraduna izateko. Beste lau urtez jardungo du karguan eta bere bulegoan hartu gaitu Indarberritzen leloa zeukan kongresuaz eta kongresuaren ondorioez berba egiteko. 

Uriola.eus @uriolaeus
2017ko uztailaren 04a

Kongresuaren leloari erreparatuta nahitaezko galdera: indarberrituta atera al da ELA? 

Kongresua aprobetxatu dugu militanteekin egoeraren inguruko hausnarketa sakonagoa egiteko eta sindikatua indarberritzeko. Aurretik egindako hausnarketa baten ondorioz, kongresuan bide beretik jarraitzeko helburuarekin atera ginen. Langile klaseak, eta gizartearen gehiengoak oro har, oso egoera zaila bizi du eta gure helburua da tresna baliagarria izatea jazotzen ari garen eraso neoliberalari aurre egiteko, hau da, lantokietan, prekaritatearen aurkako borroka antolatzeko eta aurrera eramateko tresna izan behar dugu gizarte ereduaren inguruan politikak aldatzeko, baita subiranotasun prozesuan aurrera egiteko ere. 

Gizarte Politikako, Azterketa Bulegoko eta Ingurumeneko arduraduna izateko aukeratu zaituzte berriz kongresuan eta bertan esan zenuen gizarte politikak goitik behera aldatu behar direla. Zein izango litzateke aldatuko zenukeen lehena? 

Guk uste dugu arlo sozialean eman behar diren aldaketak eman daitezen zergetan eta diru bilketan aldaketa bat gertatu behar duela. Aztertzen bada Europa mailan zer egoeran dagoen herri bakoitza ikusten da toki bakoitzean errealitate ezberdina dagoela, ezin dela Europako ongizate estatuari buruz hitz egin, eta hori guztiz lotuta dago zergekin. Ez badago dirurik ezin da osasunean, hezkuntzan, gizarte zerbitzuetan ditugun beharrak bete, eta ELAk beti planteatu du gizarte ereduaren gainean eztabaidatzean lotura bat egon behar dela inbertsioa eta diru-sarreren artean. Askotan esan dugu, gainera, zergetan dagoen egoera onartezina dela eta bi ondorio dituela: batzuek ordaintzen dugu eta beste batzuek ez, eta ez dela diru nahikorik biltzen gizartean dauden beharrak asetzeko. 

Zein da zuen planteamendua? 

ELAk programa oso bat dauka non planteatzen dituen aldaketak inbertsio sozialetan zein zerga sisteman. Gainera, hemengo erakundeek aldaketak egiteko eskuduntzak dauzkate, iruzur fiskalaren aurkako borroka egiteko edo sozietateen zerga beste modu batean arautzeko, adibidez, baina ez dago borondate politikorik eta azkenean aplikatzen diren politikak neoliberalak dira. 'Neoliberalismo lokala, planteamendu globala' aplikatzen ari da esparru guztietan eta horri aurre egiteko aldaketa sakonak egin behar dira, ez bakarrik diru-sarreretan, gastuetan edo inbertsio sozialetan; baizik eta aldaketa kulturalak edo beste motatakoak, kongresuan planteatzen ditugunak.   

Kongresuko Ponentzia Orokorrean argi diozue aliatuak bilatu behar dituzuela, baina nor? 

Ponentzian argi diogu gu sindikatu bat garela eta gure lehengo aliatuak sindikatuak izan behar direla. Norekin ikusten dugun aliantza hori? LABekin, UGT eta CCOOrekin ez dagoelako eredua aldatzeko aukerarik. Prozesu bat egiten ari gara aliantza lantzeko eta sendotzeko sindikatu batek dituen esparru guztietan: lan-esparruan, gizarte ereduan eta subiranotasun prozesuan. Gure aliatu nagusia LAB bada ere, beste sindikatuekin ere (STEILAS, ESK…) aliantzak egiteko aukera planteatzen dugu ponentzian eta bi baldintza jartzen ditugu: goitik beherako aldaketa egin behar dela defendatzea eta Euskal Herriaren markoa defendatzea. 

Sindikatuez gain beste eragile batzuekin aliantzak egiteko asmoa duzue. 

ELAk oso argi dauka, gainera, esparru sozialean eragile sozialekin ere elkarlana egin behar dugula beharrezkoa delako esparru sozial-sindikal potente bat, autonomoa, botere politiko eta ekonomikotik zein alderdi politikoetatik independentea eta mobilizaziorako indar gaitasun propioa daukana. Horregatik Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartan buru-belarri gaude. Adibidez, bihar (elkarrizketa ekainaren 28an egin genuen) diru-sarrera bermatzeko errentaren aldeko dinamika baten mobilizazio bat izango dugu, gero egongo dira TTIP/ CETAren aurkakoak eta abar.  

Gauza jakina da legeak legebiltzarretan egiten direla, beraz aliantza politikoak ere ezinbestekoak zaizkizue. 

Asko hitz egin dugu azkenaldi honetan eta ponentzian jasotzen da. Gure ustez ezkerrean dauden alderdi politikoek planteamendu argi bat egin behar dute eta momentuz ez dago halakorik. Ezker politikoa behar dugu, koherentea, planteamendu alternatibo bat, argia eta garbia, egiteko eta defendatzeko. Ez ditugu babesten EAJri akordioetara iristeko ezkerretik egiten zaizkion eskaintzak, politika neoliberal hutsa egiten duelako. Adibidez, Arabako aurrekontuetan EH Bilduk akordio bat egin zuen EAJ eta PSE-EErekin eta onartu ziren aurrekontuak neoliberalak ziren. Guk argi esaten dugu elkarlan bat egin nahi dugula politikariekin, baina gure planteamendua da mugimendu sozialetik eta sindikaletik politika interpelatzea eta planteamendu alternatibo batera bultzatzea. Noski, ezkerrean dauden alderdi politikoen gainean hitz egiten ari gara. 

Nori buruz ari zara? 

EH Bilduri eta Elkarrekin Ahal Duguri buruz, eta eztabaida estrategikoa daukagu beraiekin. Zentzu horretan ezberdina da guk momentu honetan daukagun aliantza esparru sindikal eta sozialetan; Kartan egiten ari garen interpelazio politikoa oso argia delako. Nafarroako Gobernuaren aurrekontuen inguruan mobilizazioak egin ditugu, Eusko Jaurlaritzaren aurrekontuen inguruan eta zerga politikaren inguruan ere bai. Funtsean, Kartan dugun programa soziala oso argia da, badaukagu planteamendu bat eta alderdi politikoei eskatzen diegu hori defendatzeko. 

EHUko Udako ikastaro batean AHTri diru publikorik ez jartzea eskatu zenien euskal erakunde publikoei. Zergatik ez dugu Euskal Herrian AHTrik behar? 

Laburbilduz, proiektu horrek ez die erantzuten hemen Euskal Herrian ditugun mugikortasun arazoei. Pertsonen mugikortasun beharrak eta garraioak dakartzan mugikortasun beharrak ez dira asetzen AHTrekin. Proiektu horrek ez dio erantzuten hemen dauden beharrei. Behar handiak ditugu.

Ez al da beharrezkoa Bilbok eta Madrilek bi ordutan lotuko dituen abiadura handiko tren bat? 

Ez da lehentasun bat eta horretarako 10.000 milioi euro bideratzeak ez dauka ez hanka ez buru. EHUko Ekopol taldeak egindako txostenean aztertuta dago, non errentagarritasun soziala eta ekonomikoa eta ingurumenean izango duen eragina aztertzen diren. Gainera, proiektua babesten dutenek esaten dutena ontzat emango bagenu ere, ematen dituzten datuetatik ez litzateke bat bera beteko. Zu edo ni agian inoiz Madrilera joango gara, baina hilean nik bidaia pilo bat egiten dut metroan, eta AHTa egiteko 10.000 milioi euro bideratzea, beste leku batetik kendu behar direnak, ez da lehentasun bat. Gainera, AHTren eztabaida bere osotasunean egin behar dela aipatzen dugunean, ikastaroan komentatzen zuten bezala, azterketak serio egin behar direla eta serio egin direnean 'aukera kostua' kontuan hartu dela diogu. Pentsa zer egin daitekeen 10.000 milioi eurorekin eskoletan. Baina hemen dago elite finantzario eta politiko bat erabaki duena hemen bai ala bai egin behar dela AHT eta ez buru ez hanka izateaz gain, guk ordaindu behar dugu, ordaindu beharko dugu, eta etorkizunean frogatuko da astokeria bat izan dela. 

Berbaldi berean aipatu zenuen AHTren inguruan ez dela eztabaidarik egon. 

AHTrekin kritiko izan garen mugimendu sozial, sindikal eta politikoak behin eta berriro salatu dugu ez dela eztabaidarik egon. Momentu batean AHTa egin behar zela erabaki zen, eta horren inguruko eztabaida sortzen saiatu gara. Ez dago informaziorik. Adibidez, Eusko Jaurlaritzak webgunean ematen duen informazioa faltsua da eta ez da planteatu, egin behar zen bezala, alternatiba dagoenik. Protesta soziala egon dela? Bai, baina ez da eztabaidarik egon. Guk orain dela 20 urte planteatu genuen eztabaida ireki behar zela erabakitzeko zeintzuk diren hemen ditugun arazoak eta aurreko egunean portu, ubide eta bide ingeniaritza dekano batek esan zuen horrelako proiektu bat diseinatzean arazo bati erantzuna emateko diseinatu beharko litzatekeela eta hemen ez dela planteatu zein den arazoa. 

Alternatiba bila

Kongresuko ebazpenetan jasota dagoenez, alternatiba sozial eta ekologikoarekin parte hartzeko konpromisoa hartu eta Goiener eta Fiare proiektuetan sartu zarete. 

Kongresuan planteatu dugu kapitalismo honekin ez goazela inora, kapitalismo eta bizitzaren artean gatazka bat dagoela eta horrek hainbat ondorio eta hanka dituela. Orduan, guk bai planteatzen dugu politikak aldatu behar direla eta pentsatzen dugu Euskal Herrian badaudela ekimen alternatibo benetan interesgarriak eta potenteak martxan, eta Goiener horietako bat da. Oso adibide potentea da eta jendeak proiektua ezagutu behar du, jende gutxik ezagutzen duelako. Gainera, ELA aldaketarekin konprometituta dago, eta pedagogia egin behar dugu jendeak proiektu alternatibo hauek ezagutu eta parte har dezan, eta kongresuan aprobetxatu genuen hauek aurkezteko eta argibideak emateko jendeak alta eman dezan. Elkarlanean gaude hainbat eragile sozialekin eta azkenean bat egiten dugu ereduan. 

Hurrengo Alternatiben Herria ere martxan duzue, Iruñean 2018ko ekainaren 2an egingo dena. Zer berrikuntza ekarriko duzue? 

Azkenean Bilbon egin zena prozesu baten emaitza izan zen, ez zen aurretik sinatutako zerbait izan, eta ikusi zen parte hartu zuten eragile piloak antolatu nahi izan zuena. Berrikuntza baino, Bilbon egin genituen akatsak edo mugak gainditzeko aukera izango dugu eta benetan espero dugu arrakastatsu izatea eta jende eta eragile asko inplikatzea, Goiener bezalako proiektuak ezagutzera eman daitezen eta jendeak parte har dezan. ELAn Bilboko Alternatiben Herriaren balorazioa egin genuenean konturatu ginen militante askorentzat oso positiboa izan zela ekimen interesgarriak ezagutzeko aukera izan zutelako eta prozesuak elkarlanerako ematen dituen aukerak eta hortik aurrera horiek sendotzeko balio izan zuela Bilboko Alternatiben Herriak. Ez dakit Iruñekoa desberdina izango den, prozesua martxan jarri da, denboraz hasi gara eta espero dugu ondo ateratzea. 

Albiste hau Bilboko Uriolak argitaratu du eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!


ELA kanaletik interesatuko zaizu...
2018-10-18 | ARGIA
Presoen auzia konpontzea, egiteke geratu diren lanen artean

Harremanetarako Nazioarteko Taldeak bukatutzat eman du Euskal Herrian zuen egitekoa. Brian Currin abokatuak asteazkenean emandako prentsaurrekoan adierazi du badirela gai batzuk konpontzeke geratu direnak, nabarmenduz "preso politikoen auzia".


Ibilgailuen Azterketa Teknikoko grebak jarraipen zabala izan du Nafarroan

Bulegoetako langileen %88ak egin du geldialdia, ikuskarien artean %80ak (Mercairuñea eta Arbizuko datuak). Mercairuñan 50 ibilgailuri egin diete azterketa teknikoa. Ohiko egun batean 500 egiten dituzte. TÜV Rheiland enpresarenak dira hirurak. Langile gehiago eta baldintza hobeak exijitzen ari dira.


2018-10-11 | ARGIA
Naval erreskatatzeko deia, langileen kontratuak eten eta ateak behin betiko ixtear dela

3.000 lagun inguru bildu ditu asteazken arratsaldean Naval ez itxi lelopean Sestaon egindako manifestazioak. Zuzendaritzak jakinarazi du hilabetea amaitu baino lehen etengo dituela 177 langileen kontratuak.


"Zahar egoitzetako langileek sektore maskulinizatuetakoek baino %30 gutxiago kobratzen dute"

Txomin Lasa ELAko erresidentzietako arduraduna da Gipuzkoan. 2017an negoziazio mahaiak ezer eman ez zuela-eta greba egunak jarri dituzte urria-azaroa-abendurako. ELAk sektore estrategikotzat du egoitzetakoa, adinekoen zaintzaz ari delako eta sektore feminizatu eta prekarizatua delako.


2018-10-04 | ARGIA
Alternatiba Tourra Donostian: Baiona helmuga, klimaren alde bizkortzea helburu

Urriaren 5ean, ostiralarekin, Donostiatik igaroko da Alternatiba Tourra. Ekainaren 9an Parisen hasi eta 5.800 kilometro egin ondoren Baionan asteburuan amaituko den bizikleta itzuliak klimaren aldeko bizkortzea du helburu, eta horretarako ekonomia eraldatzailea ezinbesteko dela diote ekimenaren sustatzaileek.


2018-10-02 | Xabi Anza
Historikoa: manifestazioetan elkartuko gara

Joan den irailaren 20an, politika orokorreko osoko bilkuran, Joseba Egibarrek EH-Bilduri eskaria egin zion: “Baietz esan behar da, busti egingo naiz, ELAk kargu hartuko badit ere”. Bozeramale jeltzaleak esan nahi zuen ezen, autogobernurako oinarrien akordioan aurrera egitekotan, EH-Bildu busti egin behar zela, horretarako DSBEaren (Diru Sarrerak Bermatzeko Errenta) erreforma onartuz (noski, PSErekin batera laguntza murrizte aldera adostuta dagoen moduan) eta aurrekontuei babesa... [+]


Adolfo 'Txiki' Mu˝oz:
"Urkulluren gobernuak sindikatuekin nahi duen harremana klientelismo petoa da, ez dugu sekula onartuko"

ELAko buru Adolfo Muñoz elkarrizketatu du Xabier Martinek Berriarako. Euskal sindikalismoak bizi duen egoera eta LABekin izandako hausturari buruz hitz egin du.


Gipuzkoako zahar etxeetako lehenengo greba eguna

Soldata igoera, atsedenaldi ordaindua eta ratio hobeak eskatzen dituzte. Eguberria arte dituzte finkatuta greba egunak.


2018-09-18 | ARGIA
Gipuzkoako komisaldegi eta egoitza judizialen garbiketako langileek greba egingo dute

LAB, ELA, UGT eta ESK sindikatuetako ordezkariok agerraldi bat egin dugu gaur Gipuzkoako komisaria eta egoitza judizialen garbiketa sektorean egingo ditugun mobilizazioen berri emateko. Hain zuzen ere, irailaren 19an hasi eta urriaren 3ra arte egingo dugu greba, Garbialdi enpresak langileekiko duen jarrera salatzeko.


Zuloan: bidaia bat AHT eta lan esplotazioan barrena
MULTIMEDIA - solasaldia

Urko Apaolaza Argiako kazetari eta "Zuloan: bidaia bat AHT eta lan esplotazioan barrena" liburuaren egileak hitzaldia eman zuen Donostiako Tabakaleran ingurumenaren egunean, ekainak 5, liburuaren osaketan izan duen esperientziaz eta ikasitakoaz.


Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude