"Medikuak ez gara jainkoak; pribilegioak amaitu behar dira"

  • Mediku espezialisten hautaproben inguruko “debate sakon bat” behar dela adierazi dio Roberto Sanchez (Bilbo, 1974) anestesistak ALEAri.


2019ko urtarrilaren 28an - 09:00
Roberto Sanchez, Alearen erredakzioan. / A. Martinez de Luna

Debagoieneko ospitaleko Manoel Martinez eta Marta Macho lankideekin batera, "denen ahotan" zebilen iruzurra argitara ateratzeko salaketa egin zuten Osakidetzaren azkeneko LEParen atarian; hainbat proba geldiarazi eta arduradunen dimisioak ekarri ditu salaketak. Afera ixteko, ardura politiko eta penal guztiak argitu, eta hurrengo oposizioak "gardentasunez" egiteko beharrezko baldintzak eskatu dituzte.

Urte erdi igaro da hautaketa prozesuan irregulartasunak salatu zenituztenetik. Nolako balorazioa egiten duzu?

Nekatuta gaude, baina pozik. Zenbat aldiz irabazi dio Davidek Goliati? Eta hau sekulako garaipena izan da. Egia zure alde daukazunean, eta hau ospitaleko espezialitate guztietan beti gertatu izan dela dakizunean, ez diozu beldurrik ahoa zabaltzeari. Bagenekien lehenengo erreakzioa dena ukatzea izango zela, eta bagenekien hau herri txiki bat dela eta egia jakin behar zela. Lanean babes zabala dugu, baina badaude epaimahaikide izan direnak eta hilda ikusi nahi gaituztenak ere, edota plaza espero zutenak eta bat-batean plazarik gabe geratu direnak; haientzat traidoreak gara.

Zergatik erabaki zenuten pauso hori ematea?

Ongi ez dagoelako. Orain arte onartuta egon bada ere, ez du esan nahi ongi dagoenik. Monarkiarekin parekatzen dut nik; betidanik egoteak ez du esan nahi ongi dagoenik. Isilpean jende askok kritikatu du, baina ozen ez, beldurrez. Epaimahaietan zerbitzuburuak daude batez ere, eta hauek sekulako boterea dute erabakitzeko nork lan egiten duen eta nork ez; eta sailburuak beste aldaketarik egin ez badu, izan da beldurra dietelako. Izugarrizko boterea hartu dute zerbitzuburuek; haiek antolatu dituzte ospitaleak.

Giroa gaiztotu da lanean?

Ez, gainontzeko langile guztien babesa dugu. Erizainena, zeladoreena eta baita paziente askorena ere. Medikuen artean badaude aho txikiarekin esaten dizutenak hau norbaitek esan behar zuela, eta badaude haserre daudenak; badira sistema zilegi bat dela uste dutenak, gure profesioaren korporatibismoa mantentzeko sistema bat. Baina azken hauengan ere aldaketa bat sumatu dut; lehen traidoreak ginen, gaizto hutsak, eta orain euren burua justifikatzen hasi dira, hau betidanik egin izan dela... Ematen du trantsizio betean gaudela "demokraziaraino". Eta, uste dut, hamar bat urte barru, frankismoarekin gertatu zen bezala, "ni demokrata izan naiz beti" entzungo dugula denon ahotan.

Orain kontrolpean zaudetela salatu duzue.

Bai. EAJren karneta duen pertsona batek esan dit EBBn "zelatatuta" gaudela, eta alderdian oso haserre daudela. Batez ere, modua kritikatzen dute, "gerrilla metodoa", aktena nola egin genuen eta hedabideetan nola haizatu dugun. Bagenekien beste modurik ez zegoela txikiak hau irabazteko. Beste oposizio batzuetan saiatu izan dira hau legalki salatzen, salaketa bat jarrita hau gelditzen, eskandalua sortu gabe, eta ez dira inora iritsi. Are gehiago, alde egin behar izan dute beste erkidego batzuetara edo isilpean daude ordaina jaso dutelako.

Kiniela bat egin zenuten hautaproba salatzeko.

Nik anestesia espezialitatea Gasteizen egin nuen, eta ongi ezagutzen nituen Araban plaza bat atera behar zutenak. Zortzi jarri nituen eta bete-betean asmatu nuen, aurkeztu ziren 250 bat lagun artetik. Beste zerrenda bat ere gordeta genuen, eta gertatutakoa ukatzen hasi zirenean atera genuen; traumatologiako jefeak, hitz egiten ez didan horietako batek, aukeratu behar zituen bost langileen zerrenda. ESK sindikatua eta Elkarrekin Podemosen esku utzi genuen, eta haiek joan ziren notarioarenera. Guk ez ditugu inoiz publikoki izenak eman, noski, haiek haserretu diren arren. Eta ulertu behar dute hau ez dela afera pertsonala; hau estrategia bat izan zen kasu hau irabazteko beste aukerarik ez zegoelako. Hainbat espezialitatetako probak geldiarazi zituzten, baina zerbait egiteagatik, irregulartasun hauek ospitaleko mediku guztien edo ia guztien espezialitateetan gertatzen direlako.

Fiskaltzaren aurrean 20 salatu ziren.

Estatistikoki ebidentzia ugari zegoen arren, horiek bakarrik salatu ziren. Baina gure asmoa dena gelditzea da; momenturen batean kausa orokor bat zabaltzea eta guztiz gelditzea. Hauetan lortzen ez badugu, hurrengo oposizioak guztiz garbiak izatea espero dugu.

 

 

 

Roberto Sanchezek hainbat urte egin ditu Gasteizen familia mediku modura, eta anestesista da egun Debagoieneko ospitalean.

 

 

 

Zure lana kolokan ikusi duzu?

Nirea ez, nolabaiteko babesa dudalako; bueltatu ezin den pertsona baten plaza egiten ari naiz. Baina Marta eta Manoelen kasuan bai, presioak izan dira haiek betetzen ari ziren lana beste langile batzuek ordezkatzeko. Nik orain lan murrizketa bat eskatu dut, seme-alabak zaintzeko, eta ikusiko dugu nori ematen dioten nire zati hori; logikoena Manoeli ematea litzateke, zerrendetan ondo kokatuta dagoelako eta Arrasaten bertan lan egiten duelako. Bagenekien, halere, gure bila etorriko zirela ahal zutenean. Egoera hau salatzeko deialdi bat egin du gure sindikatuak, ESKk, otsailaren 5erako; elkarretaratzea deitu du Debagoieneko ospitaleko ate nagusian, 10:30ean.

Afera honetan, nor da erantzule nagusia?

"Darpon da arduradun nagusia, beste batzuen atzean ezkutatu den arren"

Anestesia munduan sartu eta astebetera jakin nuen nola funtzionatzen zuen plaza banaketak. Jende guztiak jakin du Osakidetzan betidanik hau gertatzen ari dela. Hau onartu egin da, eta onartzeagatik eta aldatzeko borondaterik ez izateagatik, arduradunak dira epaimahaikide guztiak, etxean dagoen Osakidetzako giza baliabideetako zuzendaria, etxean dagoen Osakidetzako zuzendaria eta Jon Darpon bera; sailburua arduraduna da, omisioagatik. Ez du ezer egin eta ez du ezer egin nahi. Eta gertatutakoak gertatu eta jakinik sailburuak zer onartu duen, beharbada Darpon sailburua karguan mantentzen ari den Lehendakaria ere arduraduna da.

Hiru hasi zineten salaketarekin, eta horiek jarraitzen duzue.

Jendea ez da ausartzen, hain zuzen, zerbitzuburuek duten botereagatik. Ez daukate horrenbeste botere ospitale txikietan, eta gu libre mugitu gara. Arabako Unibertsitate Ospitalean zerbitzuburu batek ezinezko egin ahal dizu bizitza, eta ezagutzen dugu gurekin kolaboratu duen lagun bat eta laneko jazarpenagatik baja hartzear dagoena. Guk zortea izan dugu ideia berbera geneukan hiru lagun batu garelako ospitale txiki batean –Arrasaten–; pribatuan mezu pilo bat jaso dugu eta informazio asko. Baina ez dute izena eman nahi, beharbada denbora falta delako horretarako, trantsizio mental bat. Ofizioaren kontzepzio oker bat ere badago; batzuek uste dute pribilegioak onak direla, eta ez, onak eta beharrezkoak eskubideak dira. Pribilegioak dauzkazula uste duzunean sistema feudal baten barruan zaude, jefeak egiten dizkizun faboreen menpe.

Arartekoarekin elkartu zineten azterketa egin aurretik.

Martxoan izan ginen harekin. Zer gertatzen zen eta zer gertatu behar zen esan genion, eta astebetera artxibatu zuen. EAEri gardentasun irudi bat emateko dago, baina ez du ezer egin. Eta ez dugu ezer espero bere aldetik. Justizia arruntak bere lana egitea espero dugu. Barne ikerketa bat ere abiatu zuen Osakidetzak, eta arazoa zein zen ikertu beharrean gure bizitza izan zen ikerketagaia.

Korapilo hau askatzeko zer behar da?

Arduradunak dimisioa eman behar du edo Lehendakariak kargutik kendu behar du. Darpon da arduraduna, beste batzuen atzean ezkutatu den arren – Maria Jesus Mujika, Juan Carlos Soto...–. Eta ardura politiko eta penalak argitu direnean, eztabaidatu behar da nolakoa izan behar den Osakidetzako giza baliabide politika. Justua da oposizio sistema hau? Debate bat behar da, baina gardentasun guztiarekin. Sistema ustel hau defendatzen dutenek antzinatasuna baloratzen dela diote; baina egia da, baita ere, gure ospitalean urtebete egin ez duen lagun batek plaza atera behar duela... Antzinatasunaren kontra ez dugu ezer, baina arautu dezagun, egin ditzagun gauzak garbi. Medikuei hausnarketa bat eragin behar diela uste dut; ez gara jainkoak, langile oso espezializatuak gara eta baloratu behar da, baina pribilegioak amaitu behar dira, eskubideak izan behar ditugu beste langile guztien antzera.

Elkarrizketa hau Arabako Aleak argitaratu du eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Iruzurra Osakidetzan
2023-07-20 | Ilargi Manzanares
Osakidetzako EPE berriak “intzidentziekin” hasi dira

Erradiodiagnostikoko teknikari espezialistaren eta farmaziako laguntzailearen deialdietan hainbat galdera baliogabetu dira. Horiekin batera, joskintzako ofizialaren eta teknikari informatikoen azterketetan arazoak azaldu dira.


2022-10-07 | ARGIA
Osakidetzako aurreko zuzendaritza ez dute auzipetuko EPEaren filtrazioen harira

Arabako Auzitegiak atzera bota du LABen errekurtsoa. Hala ere, sindikatuak “aukerak” ikusten ditu epaiketa baterako.


2022-02-02 | ARGIA
LABek helegitea jarriko dio Osakidetzako LEPeko filtrazioen auziko azken autoari

Sindikatua pozik agertu da epaileak ikerketa sei hilabetez luzatzea onartu duelako, baina autoari ebazpena jarriko dio "autoa hobetzeko eta defentsen ekintzak baliogabetzea eragozteko".


2021-11-05 | Leire Artola Arin
ELAk salatu du 3.500 lanposturekin ez dela konponduko Osakidetzako 24.600 behin-behineko langileen arazoa

3.535 lanpostuko eskaintza egiteko asmoa adierazi du Gotzone Sagardui Osasun sailburuak. ELA sindikatuak, ordea, kritikatu du behin-behineko langileak 24.600 direla eta ez dela “arazoa konponduko”. 9.000 langilek gutxienez zortzi urte daramate aldi baterako... [+]


Osakidetzako filtrazioen auzian zuzendaritza taldeko Darpón eta Mugika ikertzeari uko egin dio magistratuak

LAB sindikatuak irailaren 1ean egin zuen eskaera auto bidez. Instrukzio auzitegiak Darpón eta Mugika aztertzea errefusatu du, baina hainbat espezialitatetako beste bederatzi kide ikertuko ditu. Auzia 2022ko urtarrilaren 29ra arte luzatuko da.


Eguneraketa berriak daude