Mediku onak eta euskaldunak: Zumaian 1856an bazekiten nor hautatu

  • Koronabirusak zeharo aztoratu digu azkenaldian bizimodua, eta, gainera, zer etorriko zaigun ere ez dakigu; baina gure iraganari begiratuta, ikusiko dugu nahikoa ohikoak izan zirela izurriteak eta pandemiak: kolera, nafarreria, gripea… Gainera, horiei aurre egiteko profesionalak kontratatu behar zituztenean, euskaraz jakitea ere aintzat hartzen zuten orduan ere.


2020ko apirilaren 10an - 08:38
Zirujau-barberua lanean (argazkia: Internetetik hartua).

1855. Kolerak gogor kolpatu zuen Zumaia. Kutsadura saihestu nahian, neurri zorrotzak hartu zituzten agintariek: arrantza eta arrain salmenta debekatu, tomate landareak errotik aterarazi eta erre (gaitza horien bidez zabaltzen zelakoan), etxeetan gordetako olagarro lehorrak errearazi… Baina, hala ere, 122 lagun hil ziren Zumaian, tartean zirujau titularra, Zacarias Goya. Garai hartan, zirujau-barberua medikuaren mailatik beheragoko lanbidea zen, baina oso estimatua eta beharrezkoa; denetarik egiten zuen: gaixoak sendatu, bizarra egin, haginak eta odola atera, erditzeetan lagundu…

Kolerak nolako kalteak eragin zituen ikusita eta herriaren tamainagatik bazegokiolakoan, Eusebio Gurrutxaga alkateak proposatu zuen zirujauaz gain mediku plaza eta botikariarena ere ateratzea, eta halaxe onartu zuen Udalak. Iragarki hau jarri zuten Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean: “Hago saber que este Ayuntamiento ha acordado crear una plaza de médico con el sueldo anual de 9.000 reales vellón. Se halla también vacante la de cirujano dotada con 6.000 reales vellón anuales y además 16 reales por cada parto que asista. Los aspirantes podrán presentar sus solicitudes en la secretaría de esta villa, donde se hallan de manifiesto las condiciones, en el término de 30 días desde la inserción de este anuncio en el Boletín Oficial de esta provincia; advirtiendo que ambos profesores deberán poseer el idioma vascongado”[1]. Euskara eskatzearena, gainera, nahikoa ohiko jokabidea zen, eta erraz egiazta daiteke orduko buletinetan begiratuta: Lesakan, zirujaua: “en concepto de que deberán poseer el idioma vascongado”[2]; Angiozarren, zirujaua: “los aspirantes deberán saber el idioma vascongado”[3]; Anoetan, zirujaua: “Los aspirantes que precisamente deberán saber el idioma vascongado”[4]; Getarian, mediku zirujaua: “advirtiendo que el profesor deberá poseer el idioma vascongado”[5]…

Ildefonso Zabaleta Etxeberria donostiarra 1882an hautatu zuten Zumaiako mediku izateko. Abeslari (tenore) handia ere izan zen (argazkia: Javier Carballok emana, Badillo eta Ovejerorena).

Hautatu, hautatu zuten medikua, baina ez zuen askiko iraun, eta beste bat aukeratu behar izan zuten 1856an. Zinegotziek hiru hautagai zeuzkaten aukeran, eta bozkatu egin zuten, zein nahiago zuten; berdinduta geratu ziren, ordea: bi zinegotzi Manuel de Pedrazaren alde, eta beste biak Toribio Ibasetaren alde, hirugarren hautagaia (Mariano de Revilla) baztertuta; gaia hurrengo plenorako utzi zuten, baina orduan ere ez ziren ados jarri, bi eta bi geratu ziren; orduan, Udalak Gorteko Unibertsitate Zentraleko errektoreari txostenak eskatu zizkion Pedrazaren eta Ibasetaren ikasketen gainean, baita hark bidali ere: “las notas de ambos pretendientes son buenas, pero preferibles las del Señor Pedraza”; gainera, alkatearen ustez, kontuan hartu beharra zegoen eskarmentua: Pedrazak hamalau urte zeramatzan lanean; Ibaseta, berriz, hasi berria zen. Berriz ere bozketa eginda, atzera bi eta bi berdinduta geratu ziren. Ados jartzen ez zirenez, erabaki zuten gaia handixkiekin (“mayores pudientes”) egiten zuten bilerara eramatea, eta han erabakitzea.

Jose Ajuria Tauste (1882-1962) mediku aritu zen Zumaian 1916tik, eta gripe espainiarraren epidemiari aurre egin behar izan zion (argazkia: Javier Carballok emana, Ana Mª Olaizolak utzia).

 

 

Agerraldia Zumaiako osasun zentroaren aurrean, mediku eta pediatra euskaldunak eskatzeko, 2014an (argazkia: UEMA).

 

 

Zinegotziez gain, herriko beste hamaika handixki elkartu ziren, eta azalpenak emateaz gain, alkateak hautagai baten (Pedrazaren) alde egin zuen, nota hobeak eta eskarmentu handiagoa zeuzkalako. Orduan, beste zinegotzi batek, Oikiako Sebastian Gartxoteneak, beste hautagaiaren (Ibasetaren) alde egin zuen; alkateari adierazi zion Pedrazak nota hobeak zeuzkala, baina Ibasetarenak ere ez zirela txarrak, eta Ibaseta hautatzeko arrazoi nagusia propio azpimarratu zuen: “espuso que aunque el Señor Pedraza fuese preferido por la Universidad y tenía más práctica que el Señor de Ibaseta en su concepto este debía ser preferido por cuanto posee el idioma vascongado”[6]. Orduan, beste handixki batek, Nicolas Gurrutxagak (alkatearen aitak), hitza hartu eta aurka egin zion Gartxoteneari, eta beste arrazoi bat eman Pedrazaren alde egiteko: “siendo el médico para curar o estudiar enfermedades, más bien debía atenderse a los conocimientos científicos y a la práctica que a la idioma y que no podía haber duda en la elección”[7]; orduan, Lino Uriartek hartu zuen hitza eta adierazi zuen Pedrazak nota hobeak zeuzkala, baina Ibasetarenak ere ez zirela txarrak, eta, beraz, nahikoa jakintza bazeukala, eta, gainera, euskaraz bazekienez, Ibaseta lehenetsi beharra zegoela.

Bozketa eginda, euskalduna hautatu zuten, zortzi Ibasetaren alde eta sei Pedrazaren alde, eta handik aurrera ere askotan azaldu zen hizkuntzaren/euskararen gaia antzeko hautaketetan. Aurrerago, horietako batean, Oikiako auzo alkateak zegokiena ez ordaintzeko mehatxua ere egin zuen: “los moradores de su valle de Oiquina, no contribuirán cosa alguna siempre que sea castellano el médico que les asista”[8]. Baina, normalean, antzeko lanpostuetan, Udalak propio adierazi eta eskatu zuen euskalduna izateko baldintza (edo lehentasuna eman). Hona hemen adibide batzuk:

1857an, medikua hautatzeko: “Una solicitud de un médico de La Rioja, mas siendo castellano este, no se podía agraciarle con la plaza vacante por la mala circunstancia que mediaba [euskaraz ez jakitea]”[9].

1860an, medikua: “y en el caso de haber un aspirante a la plaza vacante que hoy se halla aun cuando fuese castellano, acordaron no ser inconveniente para admitirle siempre que no hubiera vascongado”[10].

1865ean, medikua, “Siendo preferido el que posea el idioma bascongado”[11].

1866an, medikua: “siendo preferidos entre los aspirantes los que posean el idioma vascongado”[12].

1867an, medikua: “que entre los aspirantes sea preferido el que posea el idioma vascongado; en igualdad de aptitud y conocimientos”[13].

1870ean, botikaria: “Discutido el asunto detenidamente y teniendo presente que Don Juan Mayora reúne la cualidad de Guipuzcoano a la de su profesión, y siendo conveniente la lengua vascongada en esta villa, fue elegido por unanimidad”[14].

1873an, medikua, Antonio Almansaren gutuna, Bolañosetik (Ciudad Real): “en la Gaceta [de Madrid], he visto anunciada, la vacante de Médico cirujano de ese pueblo”, eta baten batek (idazkariak, seguru asko) oharra idatzi zuen, amaieran, azpian: “El 28 se le dijo que serían preferidos los vascongados”[15]

Medikuen eta botikarien adibideez gain, bestelako lanbideenak ere ugari daude, eta ia guztietan euskara propio eskatzen zuten edo lehentasuna ematen zieten euskaldunei: praktikantea (1900, 1924), albaitaria (1903, 1911, 1931), musika-bandaren zuzendaria (1903, 1919), elizako organista (1905), udaltzainak (1914, 1919), udal-idazkaria (1923), zerga-kobratzailea (1925), musika-irakaslea (1931)… Eta berariaz eskatzen ez zenean ere, seguru asko hautaketan aintzat hartuko zuten euskaraz jakitea.

Ikus daitekeenez, ez da oraingoa “Baina zer nahi duzu, mediku ona edo euskalduna?” galdera tranpatia, eta lehen ere bazeuden profesional onak eta euskaldunak.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Hizkuntza eskubideak
Donostiako autobus gidari baten jarrera euskarafoboa salatu dute

Donostiako autobus gidari batek maiatzaren 2an, bere hizkuntza eskubideak urratzeaz gain, erantzun euskarafoboa bota ziola salatu du herritar batek. Gertakari horren berri Hizkuntza Eskubideen Behatokiak eman du. ARGIAk pertsona horrekin hitz egin du, zer gertatu zen jakiteko.


2024-06-06 | Euskal Irratiak
Laborantza lizeoetan euskaraz ikasteko aukera ezbaian Parisen

Laborantza lizeoetan tokiko hizkuntzetako irakaskuntza sailen sortzea eztabaidatua izan da frantses legebiltzarrean. Legearen zuzenketa proposatu du Iñaki Etxaniz legebiltzarkideak.


Sugoi Etxarri Zabaleta, EHE-ko kidea
“Euskararen borroka gaztetzen ari da, oso azkar”

Euskal Herrian Euskarazek apirilaren 22tik 28ra egingo du lehen aldiz Harrotze Astea. EHEk bost ekintza nazional prestatu ditu, eta hortik aurrera, herriz herri hainbat dinamika antolatuko dituzte euskaltzaleek. Sugoi Etxarri EHEko kidea elkarrizketatu dugu. Haren ustez,... [+]


Behatokiaren hizkuntza urraketei buruzko 2023ko txostena
Hizkuntza muga eta urraketa berak hamar urtez

Hizkuntza eskubideen urraketekin lotutako 909 kexa jaso zituen Behatokiak 2023. urtean. Horien %75 baino gehiago administrazioari loturiko zerbitzuei buruzkoak dira: “Herritarrek salatzen dute urtero horma berdinaren aurka borrokatzen jarraitzen dutela”.


Eguneraketa berriak daude