ARGIA.eus

2021eko urriaren 15a

Lehen hezkuntzako haurrek laster ez dute musukorik erabili beharko Ipar Euskal Herrian

  • Frantziako Gobernuak iragarri du intzidentzia 50etik beherakoa den departamentuetan umeek ez dutela musukorik erabili beharko eskolan. Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan 62koa da kopurua, baina jaitsi egingo dela aurreikusi dute.

Iraitz Madariaga Etxebarria
2021eko irailaren 23a

Urriaren 1etik aurrera, Frantziako lehen hezkuntzako ikasleek ez dute musukorik erabili beharko eskolan. Gabriel Attal gobernuko bozeramaileak horrela iragarri zuen atzo Ministroen Kontseiluan egindako agerraldian. Kasu kopurua baxua den guneetan aplikatuko da aldaketa: azken zazpi egunetako intzidentzia 50etik beherakoa den departamentuak COVID-19 protokoloaren lehen mailan sartuko dira, eta klaseetan ez da maskara erabiltzera derrigortuko.

Pirinio Atlantikoen departamendua eremu gorrian dago oraindik. Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan 100.000 biztanleko 50eko muga gainditzen dute, kasuak 62 baitira. Baina kopurua jaitsi egingo dela aurreikusi dute, eta haurrek laster izango dituzte protokoloaren lehen mailak markatzen dituen osasun neurri malguagoak.

Attalek azaldu du Metropolitar Frantzian egoera hobea dela itsasoz gaindiko lurretan baino. Halere, oraingoz, Frantzia osoan mantenduko da osasun pasaportea: intzidentzia kopurua dena delakoa izanda ere, "baldintza berdinetan aplikatuko da".

Nafarroa eta EAE

Hego Euskal Herrian koronabirus kasuen kopurua beherantz doa. Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak atzo iragarri zuen iaz hasitako "zirkulazio epidemikoaren epea" bukatu egin dela: aurreko asteko intzidentzia metatua 32koa izan da.

EAEn, berriz, gaur bilduko da LABI teknikoa, pandemiagatik ezarritako neurriak murriztuko dituzten erabakitzeko. Jonan Fernández batzordearen zuzendariak azaldu du urriaren hasieran aldaketa nabarmenak egin ahalko dituztela, hiru baldintza betez gero: ZIUetan 40 gaixo baino gutxiago egotea, 12 urte baino gehiago dituzten herritarren %90 txertatuta egotea eta intzidentziak jaisten segitzea.

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!


Koronabirusa kanaletik interesatuko zaizu...

Azkenak EGILEA
Argia buletina
Egunaren laburpena
zure e-postan
Eguneraketa berriak daude