Lehen aldikoz, independentistak nagusi Kanakyko Gobernuan

  • Otsailaren 17 honetan bertako Kongresuko 54 hautetsiek erabaki dute osaketa berria: independentisten aldetik, UC-FLNKS eta UNI Independentziarako Batasun Nazionala taldeek hiruna aulki jaso dituzte, eta Frantziaren baitan egoteko gogoz dabiltzan L’Avenir en confiance alderdiak lau eta Calédonie ensemble-k bakarra.


2021eko otsailaren 17an - 10:12
Iazko erreferendumaren egunean harturiko argazkia

1998ko Noumeako Bake Akordioetarik geroztik ez zen sekulan horrelakorik gertatu: Kanaky edo Kaledonia Berriko Gobernuan independentista kanakak dira nagusi. Otsailaren 17 honetan bertako Kongresuko 54 hautetsiek erabaki dute osaketa berri hau: independentisten aldetik, UC-FLNKS eta UNI Independentziarako Batasun Nazionala taldeek hiruna aulki jaso dituzte, eta Frantziaren baitan egoteko gogoz dabiltzan L’Avenir en confiance alderdiak lau eta Calédonie ensemble-k bakarra.

Hori horrela, independentziaren aldekoak dira nagusi, eta hori hemendik bi urtera egiteko duten independentziari buruzko erreferendumaren testuinguruan. Kanakyk bizi duen krisi politikoaren eraginez antolatu behar izan dituzte bozketa hauek. Hain zuzen, gobernuan diren hautetsi independentistek haien demisioa aurkeztu zuten otsaila hastapenean. "Zailtasun ekonomiko zein sozialen errealitateak", "gero instituzionalari buruzko ez-jakintasuna", "koronabirusaren izurritea" baita nikelaren ustiapenaren sektorean dagoen gatazka gogorra ere dira talde-demisio honen arrazoien artean.

UNIk 14 boto eskuratu ditu –hiru aulki–, UC-FLNKSk 16 –hiru aulki–, L´Avenir en confiancek 18 –lau aulki– eta Caledonie ensemble alderdiak berriz sei –aulki bakarra–. 

EO Eveil Oceanien alderdiaren eragina

Txikia izanik ere, sekulako garrantzia eta eragina du EO Eveil Oceanien alderdiak. Wallis eta Futuna irletako komunitateen ahotsa entzunarazteko xedez osaturikoa da –kanakak eta jatorriz europarrak diren herritarren ondoan, Kanakyko hirugarren komunitatea da hauena–. Aldi honetan independentisten aldean kokatu izanak ahalbidetu die gehiengora iristea independentistei. Lurraldearen autodeterminazioari buruzko gatazkan "norabide aldaketa baten beharra" dagoela erranik, erabaki zuten UC-FLNKS talde independentistarekin bat egitea gobernurako hautagaien zerrenda aurkeztean. Alderdi hau ez da independentista, alta; adibidez, iazko erreferendumerako ez zuen boto-konsignarik eman.

Gauzak, ordea, ez dira aurreikusi bezala iragan: Alderdi Laboralista independentistako ordezkariak baita L’Avenir en confiance-ko hautetsi loialista batek UNI-FLNKSi botoa bideratu izanak egin du azkenean UC-FLNKSek hiru hautetsi dituela, ez eta aurreikusi bezala lau –eta gobernuan zeukan aulkia galdu du EO Eveil Oceanien alderdiak–.

2022an, independentziari buruzko erreferenduma

1998ko Noumeako Akordioetan adosturiko independentzia erreferenduma ukanen dute 2022 urte bukaera aitzin. Gobernuko gehiengotik, elkarrizketak bideratu beharko dituzte, bai loialistekin, baita Frantziako Gobernuarekin ere. Kongresuak apiriletik aitzina izanen du horretara deitzeko aukera –heren baten babesa nahikoa izanen denez, segur da antolatuko dutela hirugarren erreferendum hau–.

Aurrekoak, 2018ko azaroaren 4an eta gero 2020ko urriaren 4an, Frantziaren baitan gelditzearen aldekoek irabazi zituzten, baina bi urtez boto asko galduz: %56,7tik %53,3ra pasa zen independentziaren kontrako ahotsa. 2018an 18.500 botoren aldea baldin bazen baietza eta ezetzaren artean, iaz 9.950koa izan zen. "Kanaky herriak Frantzian segituko du, baina gora doa independentismoa" artikuluan irakurri daiteke iazko bozketari buruzko analisia.

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Kanaky herria
Frantziak kanaken autodeterminazio eskubidea zangopilatu duen urtea izan da 2021a

COVID-19ak eragindako osasun egoeragatik independentziari buruzko erreferenduma atzeratzea galdetzen zuten independentistek, hori gabe boikotatuko zutela abisatuz. Eskaerari elkor, hitzordu politikoa burutu zuen Frantziak abenduaren 12an. %96,49ak Frantziaren mende gelditzearen... [+]


2021-11-16 | ARGIA
Independentista kanakiarrek ez dute abenduko erreferendumean bozkatuko, COVID-19 dela-eta

Independentziaren hirugarren erreferenduma abenduaren 12an egingo da Kanakyn, baina independentistek ez parte hartzea erabaki dute, pentsatzen baitute COVID-19agatik ez dagoela baldintza egokirik. Frantziako Estatuak, ordea, hitzorduari eutsi dio, unionisten onerako.


Kanakyren independentziari buruzko hirugarren erreferenduma ukanen dute abenduaren 12an

Aste bateko negoziazioen ondorioz finkatu dute agenda politikoa Kanakyko loialisten, independentisten eta Frantziako Gobernuko ordezkarien artean. Noumeako akordioei segi, independentziari buruzko hirugarren eta azken erreferenduma ukanen dute Kanaky edo... [+]


Hirugarren independentzia erreferenduma eskatu du Kanakyko Gobernuak

Noumeako Akordioetan (1998) aurreikusitako hirugarren erreferenduma 2022ko udazkenean egitea eskatu dute Kaledonia Berriko Asanblean gehiengoa duten alderdi independentistek.


Eguneraketa berriak daude