“Arbasoek ziotena errepikatzen ari gara: gu ez gara frantsesak”

  • Kanakyko Gobernuko kide gisa edo Parisekilako elkarrizketa-mahaiko kide gisa hitz egin zezakeen, baina argi utzi digu FLNKS Askatasun Nazionalerako Fronte Sozialista Kanakaren kanpo harremanen idazkari gisa mintzatuko zitzaigula. Hitz bakoitzak duelako bere pisua eta ondorena, eta helburu bera izanik ere, ez direlako baitezpada hitz berak erabiltzen ardura batean zein bestean.

Endika PORTILLO / Foku
Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu

Urrun gelditzen zaigu Kanaky herria eta Parisko komunikabide handietatik jaso ohi dugu hango berri. Nola zarete?

Azken urtea zinez gogorra izan zaigu: hildako andana ukan dugu, baita diskriminazio sozial, politiko zein ekonomiko anitz ere. Horrek segitzen du eta presentzia militarra ere handia da. Gure aldetik, elkarrizketari berriz lotzeko erabakia hartu genuen urte hastapenean burutu FLNKS-ren 44. kongresuan.

Ezinbestekotzat duzue nazioartearen babesa.

Herri ttipia gara, 300.000 herritar  gara 18.000 kilometro koadroko irla batean. Baina nazioartearen babesa dugu: 1986ko abenduaren 2az geroztik deskolonizatu beharreko herrien zerrendan sartuak gara. Zentzu horretan Frantziaren betebeharra da Kanaky herriaren deskolonizazioa. Horren alde doan ebazpen bat bozkatzen dute urtero NBEren biltzar nagusian. Oroitarazi nahi dut berritzailea eta modernoa den deskolonizazio prozesua dakarren [1998ko] Numeako Akordioak hor segitzen duela.

Hizketakide izan beharraren ardura presente dauka Frantziako Gobernuak? Badirudi azken urteetan aldatu egin dela bere jarrera.

Ez dago irakurketa bakarra. Hasteko, François Bayrouren gobernua elkarrizketari lotu izana azpimarratzekoa da. Manuel Valls Itsasoz Haraindiko ministroa elkarrizketari lotu zaio, auzia mahai gainean jarri du eta dirudienez presarik gabe erantzuteko jarrerarekin dago. Aitzineko Itsasoz Haraindiko ministroarekin elkarrizketa faltsu batean ginen. Kontuan hartu behar da gobernuak gehiengo erlatiboa duela, zentsura mozioei aurre egin behar diela, eta horrek ez diela bidea errazten. Horregatik dugu nazioarteko zuzenbidea lehen lerroan jartzen, subiranotasun osora heltzeko bidea markatzen digulako. Mundu ordena berrian kokatu nahi dugu, geopolitikoki lerroak mugituz doaz, eta inportantea da gu ere hor kokatzea. Herri ttipia izanik ere, gure ahotsa gure identitatetik entzunarazteko eskubidea dugulako.

Nola doaz negoziazioak?

Behar den denbora hartzeko jarrera bada, eta hori baikorra da. Numeako Akordioa zalantzan jartzeko borondaterik ez da eta horrek garrantzia handia du guretzat. Aterabide politiko bat atzemateko nahikaria ere sendi da. Hamar egun daramatzagu hemen [otsailaren erditsutan egindako elkarrizketa da], datorren astean Valls etorriko zaigu gurera. Argi gelditu dadila hala ere: elkarrizketari lotu gara, baina ez dugu mugagabean negoziatuko.

Berantenik 2025eko irailaren 24an izenpetu beharko litzatekeen "Kanakyko Akordioa" duzue helmuga, zeinak zehaztuko lukeen "burujabetasun osora heltzeko data".

Historiak bidalitako keinu bati lotua da data –eta badakit euskaldunak ere historiaren keinuei lotuak zaretela–: 2023ko irailaren 24an bete zen gure lurren lapurketaren 170. urtemuga, eta hain justu, egun horretan lortu genuen gure lehen senataria [Robert Xowie]. Diputatuak ukandakoak ginen, baina 36 urtez ordezkaririk gabe egon ondoren, bat lortu genuen iazko uztailean [Emmanuel Tjibaou]. Hori guztia baikorra da. Negarretan gara, sufrikario anitz daukagu, baina lurraren eta arbasoen izpirituari segi, jakin izan dugu erantzuten. Horregatik ere itzuli gara negoziazio mahaira. Demokrazia mintzatu da, parte-hartze handia izan da eta independentistak atera gara garaile, 10.000 botoren aldearekin. 2024an Frantziako Estatua bortxaz pasatzen saiatu zen eta herriak bozketaren bidez erantzun zion.

Aspaldian ez bezala, preso politikoak dituzue, batzuk metropolian.

Iazko maiatzaren geroztik 80 eta 100 pertsona artean dituzte preso sartu. 1988az geroztik [Matignoneko Akordioa] ez genuela preso politikorik. Egoera ezkorra da, eta denbora luzea daramagu horrela, astuna da. Horregatik negoziaketei lotzeko ardura bideratua izan zaigu. Horregatik ere izendatu genuen Mulhousen [metropolian] giltzapeturik duten Christian Tein FLNKSko presidente. Frantziako Estatuari mezu argia bideratu nahi izan diogu: egin dezakezue munduko kolonia guztietan betidanik egin duzuena, baina guk aurkituko ditugu bide berriak, autodeterminazio eskubidea aldarrikatzeko, Frantziako Estatuak jarritako oztopoak argira ekartzeko eta nazioartean gure lekua egiteko.

Etxetik 16.000 kilometrotara, nola dira metropolian dauden presoak?

Lortzen dute aitzina egiten, baina zaila da, 16.000 kilometroetara daudelako. Nola ez, hurbilekoen bisitak bermatzeak kostu handia du, biziki garesti delako hemendik hara joatea. Klima ere ezberdina da, biziki hotz da. Aspaldi ez dugunez preso politikorik, nahi ala ez, doi bat ahantzia genuen presoen inguruko elkartasun horren antolaketa –juridikoa, finantzarioa, emozionala, morala–. Baina bagabiltza.

Hobengabetasun presuntziorik ez da egon, juridikoki dosierra hutsa da. Horietariko bi baldintzapeko askatasunean dira [baina metropolian]. Epaiketaren beha gara. Garaipen ttipia ukan dugu berriki: dosierra Parisko auzitegira bideratua izan da, Numeako magistratuak estatuaren aldekoak zirela frogatu delako. Ez dezagun ahantz kanak gazte batzuk hil direla, bala bana buruan, eta ez dutela sekulan aurkitu hiltzailea.

Iazko matxinada independentzia gosetik zetorren, edo gazteriaren ondoez sozial eta ekonomikotik?

Nahasketa da. 2023ko azarotik 2024ko apirilera manifestazio baketsuak egin genituen, baina ez ginen entzunak izan. Ezberdintasun sozioekonomiko handiak badaude. Gazteriak bizitzeko baldintzak beharko lituzke, baina ez dauzka. Aberastasuna bakar batzuen eskuetan gelditzen da. Hori guztia egun batez zartatu da, eta herria asaldatu da. Gazteriak ozen erran nahi izan du bere lekua baduela jendartean.

Gazteria independentista da ala segida lotzeko nekeziak dituzue?

Gazteriak bere lekua badu, eta formazioak bideratzen gabiltza. Maiatzaren 13ko mugimenduak baikorki eragin du independentismoaren aldeko dinamikan, eta interes eta inplikazio gehiago bada gaur egun.

Geroari begira, itxaropentsu zara?

Gauza berak errepikatzeaz nekatuak gara, baina herri oso baten esperantza daukagu. Gure arbasoek zioten gauza bera erraten gabiltza: gu ez gara frantsesak, kolonizatu gintuzten eta burujabetasunaren eskubidea aitortu behar zaigu. Lokalki hori galdatzen gabiltza, baita nazioarte mailan ere. Negoziazioetan parte-hartzea galdetu diogu NBEri.

Ze erantzun jaso duzue?

Ezin dizut gehiagorik zehaztu, doi bat sekretupekoa delako. 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Kanaky herria
Eguneraketa berriak daude