Estaturik gabeko nazioen aitortzaren aldeko mezu bateratua zabaldu dute EH Baik eta Kanakyko FLNKSk

  • Frantziako Gobernuak estaturik gabeko nazioei begira duen jarrera politikoa solasgai hartuta, agerraldi publikoa egin dute elkarrekin EH Bai eta Kanakyko FLNKS koalizioak urriaren 22an.  

FLNKSko lehendakari Christian Tein, urriaren 22ko prentsaurrekoan. EH Bai

2025eko urriaren 23an - 12:31
Azken eguneraketa: 13:43
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

"Kanaky eta Euskal Herria milaka kilometrok banaturik eta errealitateak arrunt ezberdinak badira ere, bi nazio gara. Frantziako Estatuak beren etorkizuna libreki eta demokratikoki erabakitzeko eskubidea ukatzen dien bi nazio, hain zuzen. Baina ez gaitu soilik ukazioak batzen. Haratago, gure burujabetzaren aldeko borrokak eta elkarrekiko errespetuak zein elkartasunak batzen gaituzte". Horra EH Baiko ordezkariek Kanakyko FLNKS koalizio independentista ezkertiarreko ordezkariekin batera zabaldutako mezua.

Prentsaurreko bateratua eskaini dute asteazken honetan Baionako EH Bairen egoitzan, "Frantziako Estatu zentralizatuaren eta ukatzen dituen estaturik gabeko nazioen artean modus vivendi berri bat" aldarrikatzeko. Estaturik gabeko nazioen aitortza instituzionalean aitzina egitea dute iparrorratz.

Karia horretara, EH Baik bere elkartasuna bideratu die Kanakyko independentistei: "Egiazko aldaketa sakona aldarrikatzen dugu, Kanakyrentzat, Euskal Herriarentzat eta gainerateko herrientzat". FLNKSko lehendakari Christian Tein eta eta Dimitri Tein Qenegei kidea egon dira prentsaurrekoan. Iazko ekainean atxilotuak eta kartzelatuak izan ziren, irlan gertatutako matxinaden ondotik. Metropolitar Frantziako kartzelan zutela, iazko agorrilean izendatu zuten FLNKSko presidente Tein. Ekaina erditsutan aske utzi zituzten biak, baina Kanakyra itzultzea debekatuta zitzaien. Iragan astean lortu dute itzultzeko baimena, baina ez dute oraindik pasaportea eskuratu.

Probintziako hauteskundeak atzeratu nahian

Kanaky probintziako hauteskundeak hirugarren aldiz atzeratzeko bidea irekita du Frantziako Gobernuak. FLNKS eta EH Baikoek irakurketa bera dute: "Berriz ere, Kanakyko egoerari ematen zaion larrialdi izaera elkarrizketa politikoa baztertzeko erabiltzen da".

Hain justu, prentsaurrekoaren egun berean bozkatzekoa zuten atzerapena dakarren testua. Berez azaroaren 30a aitzin antolatu beharrak dituzten bozketak "maiatza-ekainera" atzeratu nahi ditu Parisek. Ez da, ordea, aurreikusi bezala pasa urriaren 22ko bozketa: hauteskunde probintzialen atzeratzea dakarren testua batzorde misto parekidera itzuliko da, Macronen aldeko bi diputatuk aurkezturiko gaitzespen mozioaren alde egin dutelako 257 diputatuk, eta kontra, berriz, 105ek. Ezker muturreko Frantzia Intsumisoa taldekoek aurkezturiko 2.000 emendakinei buruzko eztabaidak eta bozketak saihesteko bidea izan da hori. FLNKS koalizioaren alde kokatuta dago Frantzia Intsumisoa eta bozketaren atzerapena deuseztatzea dute helburutzat hartuta. Ipar Euskal Herritik, Peio Dufau diputatua ere da postura politiko horretan.

Hauteskundeen atzeratzearen kontra dira independentistak, hauteskundeak aurten izanen balira, hautesleria zabaldu aitzin izanen liratekelako. Hain justu, Parisek bozkatzaile kopuruaren igoera du xede, eta horrek loialistei eginen lieke mesede, independentziaren aldekoen ahotsa ahulduta. Gaur egun, 1998ko Numeako Akordioei segi, soilik 1998a baino lehen irlan zirenek eta haien ondorengoek parte hartu dezakete lekuko hauteskundeetan.

Hauteskunde erroldaren aldaketa gogo horrek zituen matxinadak piztu iazko maiatzean. Orduz geroztik, egoera blokeatuta dago, nahiz eta aterabide politiko bat atzemateko negoziaketa saiakerak egon. Azkenik, 2025eko uztailaren 12an izenpetu zuten gobernuaren, loialisten eta independentisten arteko Bougivaleko Akordioa, irlaren etorkizun instituzionala adosteko asmoz. Frantziako Estatuaren "instrumentalizazioa" salatzean gain, FLNKSk argitu zuen beraiek izenpeturiko dokumentua ez zela "akordio definitiboa", baizik eta "barne-instantzietatik pasa beharreko egitasmo bat". Hori horrela, atera egin dira akordiotik independentistak.

Ipar Euskal Herriarentzat autonomia

Ipar Euskal Herriari dagokionez, autonomiaren estatutuaren eskakizuna berresteko baliatu du agerraldia EH Baik. Autonomiaren beharra azpimarratzeko hainbat arrazoi plazaratu dituzte: euskararentzako ofizialtasuna lortzeko aukera litzateke, beren geroaz erabakitzeko eskubidea bermatzekoa, diru publikoaren "erabilpen eraginkorrago bat" bideratzekoa, tokiko errealitatearekin bat datozen politika publikoak gauzatzekoa; eta nola ez, Parisetik bideraturiko erabakiak Ipar Euskal Herriko errealitateari ez diotelako erantzuten.

Bilakaera hau aitzina eramateko, eragile ezberdinekin "elkarlanean" arituko dela jakitera eman du ezkerreko koalizio abertzaleak, "adostasun zabala lortuko lukeen eredu berri baten alde egiteko" xedez: "Anbizioz jokatu eta momentu politiko egokirako prest izan behar dugu".


 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Kanaky herria
Eguneraketa berriak daude