Kanaky herriak Frantzian segituko du, baina gora doa independentismoa

  • Botoen %53,3 lorturik, ezezkoa atera da garaile urriaren 4an burutu Kanaky herriaren independentziari buruzko erreferendumean. 2018ko bozketarekin konparatuta, baietzaren aldeko botoa 3,4 puntu igo da.


2020ko urriaren 04an - 15:47

%53,3 ezezkoaren alde, eta %46,7 baietzaren alde. Horra Kanaky herriaren independentziari buruzko urriaren 4ko erreferendumaren emaitza. Hori horrela, Kanakyk segituko du Frantziako Estatuaren baitan. Hala eta guztiz ere, aipagarria da boto independentistak egin duen emendioa: 3,4 puntu igo da baietzaren aldeko botoa bi urtean –2018an galdera bera luzatu zitzaien kaledoniarrei–. 2018an 18.500 botoren aldea baldin bazen baietza eta ezetzaren artean, aurten 9.950koa izan da.

Independentzia lortu ez badute ere, itxaropentsu dira independentistak: "Independentzia ez dugu gaur lortu, hirugarren erreferendumean lortuko dugu. Gaurko emaitzak errespetatzen ditugu", FLNKS koalizio independentistako Pascal Sawa militantearen hitzetan. Hainbat kanak kalera atera ziren gauean, pozik, dantzatzera eta kantatzera.

Kanaky herria hiru probintzietan banatua da eta aldi honetan ere argi geratu da botoa biztanleriaren araberakoa dela: kanakak nagusi diren probintzietan baietza atera da garaile alde handiarekin: Leialtasun Uharteetan %84,3 agertu dira independentziaren alde (2018an baino ia bi puntu gehiago) eta Iparraldeko probintzian %77,9 agertu dira baietzaren alde (2018an baino ia bi puntu gehiago baita ere). Hegoaldeko probintzian haatik ezetza nagusitu da botoen %70,8 bildurik (2018an baino 3,2 puntu gutxiago). Hegoaldeko probintzia horretan dira europar jatorrizkoak nagusi eta bertan bizi dira Kanaky herriko biztanleriaren hiru laurdenak; horrek dakar orokorki ezetza nagusitu izana. Hala ere, FLNKS koalizio independentistak baikorki baloratu du bertan baietzak egin duen “emendio handia”.

Frantziako Estatuak bideratu jendeztatze politikoa dela eta gaur egun gutxiengoan dira kanakak eta erreferendumerako bozkatzaileen %46 dira hauek. Hori horrela, ondoko erreferendumari begira kanakak ez direnak independentismora bideratzea izanen dute erronka nagusia baietzaren aldekoek. Hauek gabe, ez direlako nagusituko. Hala ere, kanak ez direnen artean ere badira batzuk –gutxiengoan baina badira– independentziaren alde egiten dutenak. Emaitzek hori frogatzen dute. 2018an jada hauetariko batzuk baietzaren alde egin zuten, batez ere prekaritatean eta langabezian zirenek. Goizegi da aztertzeko aldi honetan zer nolakoa izan den biztanleria klase horren bozketa, baina pentsa daiteke koronabirusak ondorioztatu krisiak ere horretara bideratu dituela kanak ez diren hautesle batzuk.

2018an bezala, “Nahi ote duzu Kaledonia-Berria burujabetza osora heltzea eta independente bilakatzea?” galdera luzatu zaie kaledoniarrei. Parte-hartze handia izan da: %85,64koa –2018an %81ekoa izan zen–.

Beste erreferendum bat antolatuko dute

1988ko Matignoneko akordioek bidea ireki eta 1998ko Noumeako akordioek finkatzen dituzte independentziari buruzko erreferendumak. Akordioei segi, hirugarren bat antolatzen ahalko dute, Kaledonia Berriko Kongresuak hau nahi izanez gero. Jakinik independentistak direla gehiengoan Kongresuan, aurreikusi daiteke hirugarren bat, berantenik hemendik bi urtera. Emmanuel Macron Frantziako presidenteak emaitzak baloratzeko egindako hitzartzean argitu du “Kongresuak eskatuz gero”, hirugarren erreferenduma antolatuko dutela.

Emaitzak jakin bezain laster, erreferenduma bideratuko dutela zehaztu zuen Roch Wamytan Kongresuko presidente independentistak; horretan ere ezetzak irabaziz gero “independentziaren aldeko borroka” segituko dutela argi utziz:

 

Sei hilabete barru egin beharko du erreferendumaren eskaera Kongresuak eta hortik hemezortzi hilabete izango ditu Frantziako Gobernuak bozketa antolatzeko.

Emaitzen azterketa egiterakoan ondokoa argi utzi zuen Alderdi Laboristako Bilo Railatik ere: "Independentziaren dolua ez du sekula eginen kanak herriak. Hitz egiteko prest gaude, baina logikak dio erreferenduma hor dela herri kolonizatu bat duelako oinarrian".

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Kanaky herria
Frantziak kanaken autodeterminazio eskubidea zangopilatu duen urtea izan da 2021a

COVID-19ak eragindako osasun egoeragatik independentziari buruzko erreferenduma atzeratzea galdetzen zuten independentistek, hori gabe boikotatuko zutela abisatuz. Eskaerari elkor, hitzordu politikoa burutu zuen Frantziak abenduaren 12an. %96,49ak Frantziaren mende gelditzearen... [+]


2021-11-16 | ARGIA
Independentista kanakiarrek ez dute abenduko erreferendumean bozkatuko, COVID-19 dela-eta

Independentziaren hirugarren erreferenduma abenduaren 12an egingo da Kanakyn, baina independentistek ez parte hartzea erabaki dute, pentsatzen baitute COVID-19agatik ez dagoela baldintza egokirik. Frantziako Estatuak, ordea, hitzorduari eutsi dio, unionisten onerako.


Kanakyren independentziari buruzko hirugarren erreferenduma ukanen dute abenduaren 12an

Aste bateko negoziazioen ondorioz finkatu dute agenda politikoa Kanakyko loialisten, independentisten eta Frantziako Gobernuko ordezkarien artean. Noumeako akordioei segi, independentziari buruzko hirugarren eta azken erreferenduma ukanen dute Kanaky edo... [+]


Hirugarren independentzia erreferenduma eskatu du Kanakyko Gobernuak

Noumeako Akordioetan (1998) aurreikusitako hirugarren erreferenduma 2022ko udazkenean egitea eskatu dute Kaledonia Berriko Asanblean gehiengoa duten alderdi independentistek.


Lehen aldikoz, independentistak nagusi Kanakyko Gobernuan

Otsailaren 17 honetan bertako Kongresuko 54 hautetsiek erabaki dute osaketa berria: independentisten aldetik, UC-FLNKS eta UNI Independentziarako Batasun Nazionala taldeek hiruna aulki jaso dituzte, eta Frantziaren baitan egoteko gogoz dabiltzan L’Avenir en confiance... [+]


Eguneraketa berriak daude