Langile bat hil da Gasteizen

  • Astelehen goizean hil da Gasteizko FCC garbiketa enpresako langilea, 55 urtekoa. ELAk eta LABek “istripu ez traumatikoen” gorakadaz ohartarazi dute, lan baldintzen prekarizazioarekin lotura zuzena dutela salatuz.


2021eko otsailaren 01an - 14:56
Argazkia: eitb.eus.

Hildako langilea orgatxoarekin garbiketa lanetan ari zen Gasteizko San Martin auzoan eta kalean hilda topatu dute, LABek jakinarazi duenez. Sindikatuaren esanetan, litekeena da bihotzekoak jota hil izana. Astelehenekoarekin, bost dira aurten lanpostuan hildako langileak.

“Istripu hilgarri ez traumatikoak” eta prekarietatea

Gasteizko “lan istripu ez traumatikoa” dela adierazi dute ELAk zein LABek. LABek istripu mota hauen gorakada azpimarratu du: “Istripu ez traumatikoak bilakatu dira laneko istripu hilgarrien lehen arrazoia. Azken lau egunetan, hiru langile hil dira bihotzekoak jota. Ostiralean Bilbon, Sader enpresako 57 urteko langilea, eta larunbatean Derion, 52 urteko langilea, Bizkaiko Foru Aldundiko Errekalde zentroan". Goraka hori lan baldintzen ondorioa dela ziurtatu du: “Lan istripuak, traumatiko zein ez traumatikoak, ez dira zoriak edo kasualitateak sortuak; ematen diren lan harremanen, prekarizazioaren, lan arautegiaren eta azpikontratazioaren emaitza dira".

Hain zuzen ere, FCC azpikontrata bat dela eta bertako lan baldintzak prekarioak direla salatu du ELAk. Hildako langilea sindikatu horretako afiliatua zen. “Hildakoaren senitarteko eta lagunei elkartasun eta babes zintzoena adierazteaz harago, egun langileek jasaten duten prekarietate egoera salatu nahiko genuke”, adierazi du ELAk ohar batean. Lan erritmo “jasanezinak”, jardunaldi “amaigabeak” eta arautegien urratzeak salatu ditu, erakunde publiko batek azpikontratatutako lan bat izateak “are larriago” bihurtuko lukeena. Eusko Jaurlaritzari exijitu dio prebentzio neurriak betearazi ditzala.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Lan istripuak
2024-02-27 | ARGIA
Langile bat hil da Arrasaten; urtea hasi denetik, 17

Astelehen arratsean gertatu da ezbeharra, Arrasaten, hiru metroko sakonerara erorita.


2024-02-15 | ARGIA
Langile bat hil da Olaztiko zementu-enpresa batean

Ostegun eguerdian gertatu da ezbeharra Cementos Portland enpresan, Olaztin. Urtea hasi denetik 15 langile hil dira Euskal Herrian.

 


Hiru egunetik behin langile bat hil da Euskal Herrian, urtea hasi zenetik

Durangon 47 urteko langilea hil da asteartean eta jadanik istripuz hildako 14. behargina da aurten Euskal Herrian, LABek emandako datuen arabera. Fumbarri lantegiko teilatuan lanean ari zela erorita hil da langilea eta azpikontrataturiko enpresa batentzat ari zen. Sindikatuek... [+]


2024-01-22 | ARGIA
Lau langile hil ziren Euskal Herrian aurreko astean

Urizaharreko harrobian lanean ari zela hil zen behargin bat joan den ostiralean, makina batek harrapatuta. Urtea hasi denetik, zortzi langile hil dira.


2024-01-18 | ARGIA
Behargin bat hil da Errenterian aldamio batetik erorita, urteko zazpigarrena

Urtea hasi denetik lanean hildako zazpigarren langilea da. Astebeteko epean, bost behargin zendu dira.


Eguneraketa berriak daude