Astelehen goizean hil da Gasteizko FCC garbiketa enpresako langilea, 55 urtekoa. ELAk eta LABek “istripu ez traumatikoen” gorakadaz ohartarazi dute, lan baldintzen prekarizazioarekin lotura zuzena dutela salatuz.
Hildako langilea orgatxoarekin garbiketa lanetan ari zen Gasteizko San Martin auzoan eta kalean hilda topatu dute, LABek jakinarazi duenez. Sindikatuaren esanetan, litekeena da bihotzekoak jota hil izana. Astelehenekoarekin, bost dira aurten lanpostuan hildako langileak.
“Istripu hilgarri ez traumatikoak” eta prekarietatea
Gasteizko “lan istripu ez traumatikoa” dela adierazi dute ELAk zein LABek. LABek istripu mota hauen gorakada azpimarratu du: “Istripu ez traumatikoak bilakatu dira laneko istripu hilgarrien lehen arrazoia. Azken lau egunetan, hiru langile hil dira bihotzekoak jota. Ostiralean Bilbon, Sader enpresako 57 urteko langilea, eta larunbatean Derion, 52 urteko langilea, Bizkaiko Foru Aldundiko Errekalde zentroan". Goraka hori lan baldintzen ondorioa dela ziurtatu du: “Lan istripuak, traumatiko zein ez traumatikoak, ez dira zoriak edo kasualitateak sortuak; ematen diren lan harremanen, prekarizazioaren, lan arautegiaren eta azpikontratazioaren emaitza dira".
Hain zuzen ere, FCC azpikontrata bat dela eta bertako lan baldintzak prekarioak direla salatu du ELAk. Hildako langilea sindikatu horretako afiliatua zen. “Hildakoaren senitarteko eta lagunei elkartasun eta babes zintzoena adierazteaz harago, egun langileek jasaten duten prekarietate egoera salatu nahiko genuke”, adierazi du ELAk ohar batean. Lan erritmo “jasanezinak”, jardunaldi “amaigabeak” eta arautegien urratzeak salatu ditu, erakunde publiko batek azpikontratatutako lan bat izateak “are larriago” bihurtuko lukeena. Eusko Jaurlaritzari exijitu dio prebentzio neurriak betearazi ditzala.