2021-02-01 13:03
Lan-istripu hilgarri bat gertatu da Gasteizen. FCC enpresako langilea Gasteizko kaleak garbitzen ari zen eta gaur hil da, istripu ez traumatiko baten ondorioz. Heriotza berri horrekin, dagoeneko 3 pertsona zendu dira 2021ean Euskal Herrian lanean, lehena Araban. Ez dugu ahaztu behar FCC enpresak Gasteizko Udalarentzat lan egiten duela azpikontrata gisa.

Hildakoaren senitarteko eta lagunei elkartasun eta babes zintzoena adierazteaz harago, egun langileek jasaten duten prekarietate egoera salatu nahiko genuke; Prekarietate hau, lan erritmo jasanezin, jardunaldi amaigabe, eta sektoreko hitzarmen nahiz prebentzio araudegiaren betegabetzeetan bihurtu ohi da. Are gehiago, hildako langileak Gasteizko Udalarentzat lan egiten zuen azpikontratatutako enpresa baten bitartez eta prekarizazio egoera hauek are larriagoak dira egoera hauetan.

Egoeraren larritasuna ikusirik, prebentzio legediaren betegabetzeen kontrol eta jarraipen neurriak berehalakoan ezarri ditzala exigitzen dio ELAk Eusko Jaurlaritzari, lantokietan antolatu eta urtean 50etik gora lagunen bizitza aurretik eramaten duen bidegabekeriaren aurka borrokatzeko deia luzatzen duen aldi berean.

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.