Lanean inklusioa nola sustatu aztertuko dute enpresa eta eragileek Hernanin

  • Beterri Saretuz ekonomia eraldatzailearen ekimenak antolatuta, Esperientzia Trukeen hirugarren saioa egingo dute Hernanin asteazkenean, laneko inklusioaren inguruan. Hainbat gairen inguruan enpresen arteko ezagutza partekatu eta "elkar entzun eta ikasteko" saioak dira.

Sutargi enpresaren esperientzia azalduko dute, besteak beste (argazkia: Dani Blanco / ARGIA)

2022ko maiatzaren 09an - 10:33

Laneko inklusioaren inguruan hainbat esperientzia ezagutu eta enpresetan izan ohi diren galderak eta zalantzak partekatzeko saioa egingo dute Hernanin maiatzaren 11n, asteazkenarekin, Beterri Saretuz Beterri-Buruntzako ekonomia eraldatzailearen ekimenak antolatutako Esperientzia Trukeen barruan. "Gizarte bazterketa arriskuan dauden pertsonen inklusioa nola landu genezake gure enpresetan?" hori da erantzuten saiatuko diren galderetako bat. Hainbat gonbidatu ere izango dituzte, inklusioa nola lantzen duten azaltzeko.

Lasarte-Orian egoitza duen Sutargi irabazi asmorik gabeko lan-sozietateko Jennifer Alonso ariko da alde batetik. Sutargi 1992tik ari da bazterketa arriskuan dauden edo desgaitasuna duten pertsonekin lanean. ARGIAk elkarrizketa egin dio Alonsori horren inguruan: "Enpresa edo proiektuen ikuspegi eta balioen inguruan hausnartzen hasten garen unetik, gauza asko egin daitezke inklusioari dagokionez", azaldu digu.

Bestetik, Zabalduz kooperatibako Andoni Zulaikak ere hitz egingo du asteazkenean Hernaniko saioan. Zabalduzek, besteak beste, babesgabetasun eta zaurgarritasun egoeran dauden pertsonekin egiten du lan, eta inklusio soziolaborala du bere ildoetako bat. Gipuzkoako Foru Aldundiko Babes eta Inklusio sarean dauden gazteak enpleguratzeko Batzen programa kudeatzen du, esaterako.

Saioa Bogan kooperatiben taldeak Hernanin duen egoitzan egingo da, Ibaiondo industrialdean (Orbegozo eraikina), 11:00etatik 13:00etara, eta izen ematea zabalik dago oraindik.

"Bazkidetza prozesuen zikloa askoz luzeagoa da"

Pasa den astean beste esperientzia truke bat egin zuten, Hernaniko Iturola elkarlan sorgunean, bazkidetza prozesuen inguruan: "Aukera izan dugu enpresa eta eragile bakoitzak bere indargune, ahulgune eta kezkak elkarbanatzeko", azaldu du Maitane Barrenetxea Beterri Saretuzeko kide eta saioaren dinamizatzaileak.

"Bi gairen bueltan hartu dugu denbora gehiena. Batetik, bazkidetza prozesuak zein lotuta dauden hautagaitzekin; prozesua ez dela hasten bazkide izaten garen momentutik, zikloa askoz zabalagoa dela. Eta bestetik, bazkide izatea zerekin lotzen dugun".

Hirugarren saioaren ostean, zikloa ixteko, Beterri Saretuzeko eskualdeko emakumeen foroa egingo dute ekainaren 1ean.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Ekonomia eraldatzailea
Lau, hiru, bi, bat… Gora Olatukoop! Ekonomia eraldatzailearen festa Donostian

Ekonomia Sozial Eraldatzailearen Sareak, Olatukoopek, hamar urte bete ditu, eta larunbatean festa egin dute Donostian, sareko kide eta partaideen artean. Ekonomia eta kooperatibismoa beste ikuspegi batez landu litezkeela aldarrikatu (eta frogatu) dute: herrigintzatik, herritar... [+]


Olatukoop 10. urteurren ekitaldia
Ekonomia eta lurralde eraldaketarako konpromisoa berretsi du Olatukoopek

80 bat lagun batu dira Iruñeko Katakraken aretoan, ekonomia sozial eraldatzailearen erreferentzia bihurturiko Olatukoop sarearen hamar urteak ospatzeko. Ekonomia eta lurraldeak eraldatzeko proposamenak zehatz-mehatz aurkezteko ekimena izan da.


Olatukoop
Hamar urte lanean, denontzako bizitza oparoagoaren alde

Gizartea eraldatzeko helburuz jaio zen Ekonomia Sozial Eraldatzailearen mugimendua Euskal Herrian duela hamar urte, Olatukoop sarean bilduta. Denbora honetan ez da gutxi egindakoa: hamaika kooperatiba eta ekimen jarri dituzte martxan, eta sarea zabaldu egin da. Baina erronkak... [+]


Eguneraketa berriak daude