ARGIA.eus

2021eko apirilaren 21a

"Lanaren sexu-banaketa" dago soldata arrakalaren atzean, LABen ikerketa baten arabera

  • 183 lan hitzarmen aztertu ditu LABek, soldata arrakalaren inguruan ondorio nabarmenak ateratzeko, besteak beste, gizonezkoen soldata emakumeena baino %29,4 lau altuagoa dela. Horren atzean arrazoi argi bat dagoela dio sindikatuak: egungo banaketak "balio ekonomiko, politiko eta sozial txikiagoa ematen die emakumeok egiten ditugunei".

Urko Apaolaza Avila @urkoapaolaza
2021eko otsailaren 25a

LABeko Idazkaritza feministako idazkari Eli Etxeberriak eta Ipar-Hegoa Fundazioko analisien arduradun Oihana Lopetegik aurkeztu dituzte LAB sindikatuak soldata arrakalaren eta lan banaketaren inguruan egindako ikerketaren ondorioak (pdf)."Okerragoa" hitzaren atzean zein errealitate ezkutatzen den jakin nahi izan dute, sektore feminizatuetan dagoen prekarietate eta diskriminazioa azaleratzeko.

Lehen hurbilketa bat egiteko hainbat galderari erantzun diete, hala nola: zeintzuk diren sektore feminizatu horiek, zein baldintzatan egiten duten lan, zenbat kobratzen duten, hitzarmenek babesturik ote dauden... "Gaur ere, emakumeok diskriminatuta eta esplotatuta jarraitzen dugu lan-merkatuan zein merkatutik kanpo, hor ez da aldaketarik egon", azaldu dute.

Ikerketak hainbat ondorio nagusi utzi ditu euren esanetan. Adibidez, lan ezegonkortasun handia sortzen duen behin-behinekotasun eta partzialitatea askoz handiagoak direla emakumeen artean, zortzi eta hogei puntu altuagoak, hurrenez hurren. 183 lan hitzarmen aztertu dituzte, ehundaka kategoria. LABen ustez gutxieneko soldata duina izan behar lukeen 1.400 euroko langa, sektore feminizatuetako 45 lan-hitzarmenetan dauden emakumeen hamarretik hiruk baino ez du pasatzen, kategoria askotan hilean 900 euro gordin ere ez dituzte izaten, adinekoen egoitzetako langile askoren kasua da hori.

Babes falta handia dago baita ere. Hala, hitzarmenik ez duten langileen %75 emakumea da; baina badira sektore ugari daturik ere ez dutenak eta ikertu ezin izan dituztenak, emakume migratu eta arrazializatuena kasu: "Estatistikek ez dizkigute datu horiek ematen, sistemarentzat ikusezinak dira".

Horren guztiaren ondorio orokorra da gizonezkoen soldata %29,4 altuagoa dela eta pentsiodunen kasuan %64 altuagoa. LABen esanetan "sexu-banaketarekin eta berak dakarrenarekin amaitzen ez dugun bitartean, oso zaila izango da soldata arrakala horrekin amaitzea".

Sindikatuak hainbat proposamen egin ditu gurpil horretatik ateratzeko, izan zaintzarako sistema komunitario bat eratzea, bidezkoa den lan-banaketa bat egitea, lanak birbaloratzea eta duintzea, etxeko langileentzako lan-hitzarmena lortzea, edo egoera irregularrean dauden langile "ikusiezin" horien situazioa erregularizatzea.

 

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!


Emakume langileen eskubideak kanaletik interesatuko zaizu...

Azkenak EGILEA
Argia buletina
Egunaren laburpena
zure e-postan
Eguneraketa berriak daude