“Bederatzi hilabeteko greba batek marka uzten du, eta batez ere, emakumeengan”

  • Gipuzkoako ertzain-etxetako garbitzaileek greba deitu dute azaroaren 15etik 19ra. 42 langile dira, ia denak emakumeak, eta kexu dira Garbialdi enpresak eskari gutxienekoak ere ez dizkietela onartzen. Nekane Zabala langile horietako bat da. Badaki zer den greba egitea. 2018an bederatzi hilabeteko greba egin zuten eta kale garbitzaileekiko soldata arrakala desagertzea eskatu zuten. Zabalak azaldu digu aldarrikapen bera egiten jarraitzen dutela gaur egun ere.


2023ko azaroaren 15an - 13:25
Azken eguneraketa: 17:20
Azaroaren 15ean, Gasteizen, Eusko Jaurlaritzaren egoitzaren aurrean egin dute protesta polizia-etxeak garbitzen dituzten langileek. Argazkia: grebalariek utzia.

Azaroaren 15ean, Gasteizen, Eusko Jaurlaritzaren egoitzaren aurrean langileek kontzentrazioa egin dute. 16an Bergarako komisariaren aurrean egongo dira eta 17an Ondarretakoan.

Zergatik egin duzue greba?

Aurreko hitzarmena 2020ra artekoa zen. Bederatzi hilabete greba egin eta gero lortu genuen. 2023an ez dugu inolako igoerarik izan eta negoziatzen hasi ginen Garbialdi enpresarekin. Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Saila kontzesio berria prestatzen ari da eta guk nahi dugu ordurako hitzarmena sinatuta egotea, zeren bestela ez dizkigute gure lan baldintzak kontuan edukiko. Berriz ere lehengoan topatuko gara.

Enpresak 2023rako ez digu ezer eskaini, eta 2024 eta 2025erako KPIaren [kontsumo prezioen indizea] igoera baino ez digu proposatu. Ezin dugu horrela utzi. KPIaren arazoa aipatu dizut, baina guk beste arazo bat daukagu: lan berdina egiten duten gizonezkoekin alderatuta, kale garbitzaileekin alegia, oraindik %8ko soldata arrakala daukagu. Horri amaiera eman behar diogu, eta hortxe gaude, ezin aurrera egin.

Eusko Jaurlaritzarekin izan duzue harremana.

Esan genion greba egingo genuela, enpresarekin ez dugulako lortzen negoziaketarik. Gure sorpresarako, aurreko greban inoiz ez baitziguten deitu, oraingoan bilera eskatu ziguten. Esan ziguten, KPIaren igoera kontuan hartuta, agian enpresa justu ibiliko zela eta 400.000 euro gehiago jarriko zituztela kontzesio berrirako. Esan ziguten bileratik atera bezain laster hasteko enpresarekin negoziatzen, diru horrekin eman behar zigula KPIaren igoerarako eta gehiagorako. Hori jakinda ere, enpresak ez digu eskaintza hoberik egin.

2018ko greban, elkarrekin hitz egin genuenean, genero arrakala asko azpimarratu zenuen. Kale garbitzaile gizonezkoekin alderatuta soldata arrakala %13koa zen. Orain %8koa duzue. Aurrera egin duzue emakumeok lan baldintzetan eta emakumeen lanaren onespenean?

Lehen arrakala zegoela ikusten banuen, orain are eta garbiago ikusten dut. Lan berdina egiten dugu, eta oso nabarmena da soldata oso desberdinak dauzkagula. Eskerrak KPIaren igoera lortu dugun, hala arrakala %8ra jaitsi da. Igoera lortu izan ez bagenu, auskalo zenbaterainoko arrakala edukiko genukeen orain. Horregatik da guretzat hain beharrezkoa KPIaren igoerak lortzea, zeren bestela berriz ere behera goaz. Gizonezko garbitzaileek urtero dauzkate KPIari lotutako igoerak.

Emakume garbitzaileak gaude oso baldintza kaskarretan. Gure lana ez da errekonozitzen. Kale garbitzaileekin alderatzen gara, eta hala ere, ez dugu eskatzen haiek kalea garbitzeagatik duten plusa, guk oinarrizko soldatan jartzen dugu arreta eta hor arrakala dago. Eta oinarrizko soldataz gain, plusei begira hasten bagara, izugarrizko arrakala dago. Adibide bat jarriko dizut: guk 2, 58 euroko garraio plusa daukagu eta kale garbitzaileek 4,46 eurokoa daukate. Niri gasolina ez didate ematen merkeago. Baldintza guztietan horrela da, diferentzia dago, eta hala ere, ematen du beldurrez ibili behar dugula konparatzeko kale garbitzaileekin. Ez, ez. Badakit euritan eta eguzkitan lan egin behar dutela, baina plus hori badaukate. Guk ez dugu hori eskatzen. Pentsa, guk plus bat daukagu zeldak garbitzeagatik, 2018ko greban lortu genuen, asko kostata. Bada, hori kobratzeko ibili behar dugu idatzia egiten, desinfektatzeko eskaria egin duen ertzaina zein den jarri behar dugu, zenbat denbora pasa dugun garbitzen... Pasatako denboraren arabera ordaintzen digute. Kale garbitzaileek eguzkia dela, euria dela, ez dute idatzirik egin behar, guk dena zehaztu behar dugu. Ez badugu aurkezten, ez dugu kobratzen.

Beste adibide bat kontatu nahi didazu.

Garai batean, ertzain-etxeetan gizonak sartzen ziren autoak garbitzera. Egun osoz izaten zituzten auto garbitzen. Orain zer gertatu da? Emakumeak hasi direla autoak garbitzen. Egun erdia egiten du emakumeak barruko garbiketetan eta beste erdia auto garbitzen. Plus txiki bat jarri diete autoak garbitzen dituzten emakumeei. Aldiz, lehendik auto garbiketan ari ziren gizonezkoek, (oso gutxi dira), egun osoko jardunean aritzen zirenez, kategoria berezia daukate: peoi espezialista. Gu baino gehixeago irabazten dute. Guk garbiketa plus bat daukagu eta haiek gurea baino kategoria hobea. Horrelako gauzak beti egin dira gizarte honetan eta ondo ikusiak izan dira, gainera. 2018ra arte emakumeok ez ginen jabetu zelda bat garbitzeagatik plus bat merezi genuenik. Auto garbitzaileek ere ez zuten borrokatu, baina hasieratik onartu zitzaien berezitasuna. Gizonei beti soldata pixka bat hazten zaie, pentsaera dagoelako soldata eraman behar dutela etxera, eta gurea laguntzekoa da.

Gauzak kostata lortu behar izaten dituzuela diozu. Aurrekoan bederatzi hilabetez egon zineten greban.

Bederatzi hilabeteko greba batek marka uzten du, eta batez ere, emakumeengan. Asko kostatzen zaigu kalera ateratzea, aurpegia ematea, lana utzi eta greba egitea, oso gogorra egiten zaigu. Egin genuen. Orain berriro aterako gara, baina ez pentsa erraza denik. Emakumeoi asko kostatzen zaigu. Niri orain egiten ari naizen hau egitea ere asko kostatzen zait [elkarrizketa, alegia], baina ez badut egiten hortxe egongo gara, itzalita, ez gaitu inork ikusten.

Lehen, beldurra ematen zidan esatea kale garbitzaileekin parekatzea nahi nuela, gizarteak ere ez zuen ontzat hartzen, “nola konparatuko duzu zure lana kale garbitzailearenarekin?”, hori asko jaso dut. Orain, nire inguruan nabaritzen dut pauso bat eman dela, baita langileen artean ere, baina ez dut esango langile denek dutenik jarrera hori.

Zer itxaropen duzu greba egun hauetarako?

Ikustaraztea asko kostatzen zitzaigun lehen, ea egun hauetan hori lortzen dugun, eta Eusko Jaurlaritzak ere estutzen duen enpresa. Jaurlaritzak errazena egin du, eta ondo dago, dirua jarri du, baina esaten dizu enpresarekin negoziatzeko, baina bera da enpresa kontratatzen duena. Hainbeste aldiz esan dute berdintasunaren alde daudela, zergatik ez dute eskatzen kontzesioetan soldata arrakala bukatzea?

Soldata arrakalaren kontua emakume guztiei buruan sartu behar zaigu eta horren aurka borrokatu behar dugu. Gutxi batzuk lortzen ditugu hobekuntzak, eta ondo, baina denok merezi dugu, etxe atariak garbitzen ari diren emakumeek ere bai. Uste dut guk lortzen duguna haientzat ere badela.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Emakume langileen eskubideak
2024-02-27 | Leire Artola Arin
"Beloak egoiliarrak aztoratu ditzakeela" argudiatu du Iruñeko zaharren egoitza batek, garbitzaile bat lanik gabe uzteko

Arrazakeria, diskriminazioa eta islamofobia salatu ditu langileak, eta Iruñeko Lan Ikuskaritzaren aurrean elkarretaratzea egin dute, SOS Arrazakeriak eta LAB sindikatuak deituta. Ikuskaritzak salaketa itxi du, eta onartu egin du Misericordia enpresaren argudiaketa, dioena... [+]


Etxeko langile egoiliarren ia %98k ez du jaso lanbide arteko gutxieneko soldata 2023an

ELE, Etxeko Langileen Elkarteak emandako zifra da, Bizkaian egindako galdeketen emaitzak jasota. Urtero bezala, etxeko langile egoiliarren eta kanpo-langileen lan baldintzei buruzko txostena egin du. Egoera erregularrean zegoen %35,38k ez zuen jaso lanbide arteko gutxieneko... [+]


Gehiegizko berdintasuna

Berdintasuna, haurdunaldia bezalaxe, badago edo ez dago. Berdintasunik ez dagoenean, ezberdintasuna dago, hori da neurtu eta baloratu daitekeena. Akaso berdintasunaren ondorioak izan daitezke gehiegizkoak batzuentzat, baina horrek eztabaida ondorioetan kokatuko luke, sekulan ez... [+]


Itzalpeko emakume arkeologoen itzala

Errenteria (Gipuzkoa), 1892. Aizpitarte kobazuloetan Gipuzkoako lehen indusketa arkeologikoak egin ziren, Lersundi kondea buru zuen taldearen eskutik. Handik hamaika urtera, 1903an Alfontso XIII.a Espainiako erregeak bisita egin zuen aztarnategira, eta aitzakia horrekin argazkia... [+]


Eguneraketa berriak daude