Lan prekarietateak eta prebentzio faltak hil egiten duela salatu dute Iruñean eta Bilbon

  • Lan Segurtasunaren eta Osasunaren Nazioarteko Egunean, gehiengo sindikalak manifestazioak egin ditu Bilbon eta Iruñean, lan ezbeharren kopuruak gorantz jarraitzen duela eta horren atzean prekarietatea dagoela salatzeko. CCOO eta UGT ere Bilbon mobilizatu dira.

Gehiengo sindikalak Bilbon (irudian) et Iruñean egin ditu manifestazioak, prebentzio neurriak bermatu daitezela eskatzeko (argazkia: ELA)

2022ko apirilaren 28an - 14:43
Azken eguneraketa: 15:52

Prebentzio neurriak bermatu ezean, "milaka langilek jarraituko dute behar besteko babesik gabe; bereziki, prekarioen daudenak", azaldu dute ELA, LAB, ESK, STEILAS, Etxalde eta Hiru sindikatuek Bilbon eta Iruñean ostegun honetan egindako manifestazio jendetsuetan. Lan Segurtasunaren eta Osasunaren Nazioarteko Egunean antolatu dituzte mobilizazioak, eta hildako langileei lore eskaintza ere egin diete.

Iaz, gutxienez 68 lagun hil ziren lanean, iturri sindikalen arabera, eta "modu kezkagarrian" egin du gora kopuruak: %10,2 gehiago EAEn eta %16,7 Nafarroan. Aurten jadanik 20 dira hildakoak.

"Modu kezkagarrian" egin zuen gora lanean hildakoen kopuruak iaz: %10,2 gehiago EAEn eta %16,7 Nafarroan

Laneko gaixotasunengatik hildakoak, bestalde, askotan ikusezin bihurtzen direla ere salatu dute, ez direlako "ondo erregistratzen". Eta datu esangurtasu bat ere eman dute, azpi-erregistro horretan amiantoak hildako 17 lagun daude gutxienez. 

Egoera are zaurgarriagoa da emakumeentzat. ELAko La Segurtasun eta Osasun Saileko Leire Herediak Bilboko Alondegian egindako jardunaldi batean azaldu duenez, "emakumeek jasaten duten behin-behinekotasun, jardunaldi partzial edo pobrezia handiagoak eragina du euren osasunean".

"Arreta jarri nahi dugu istripu eta gaixotasun horien jatorrian –azaldu dio Hamaika Telebistari Igor Arroyo LAB sindikatuko Idazkari Nagusiaren albokoak.–. Eta jatorria da prekarietatea, lan osasuneko eta segurtasuneko legediaren urraketa etengabe bat dagoela. Arazo nagusia da ez direla neurriak hartzen instituzioetatik horri guztiari erantzuna emateko".

Baja eragin duten 36.364 istripu EAEn

CCOOk eta UGTk ere mobilizazioak egin dituzte ostegun honetan. CCOOko kideak Confebasken Bilboko egoitzaren aurrean elkarretaratu dira, "gehiegizko azpikontratazioa" salatzeko.

UGTk, berriz, manifestazioa egin du segurtasun eta osasuna "oinarrizko eskubidea" direla gogoraraziz: "Momentu honetan azken bost urtetan baja eragin duten istripuen kopuru handiena daukagu eta Eusko Jaurlaritzari exigitzen diogu talka-plan bat abian jartzeko", adierazi du Raul Arza UGT-Euskadiko idazkari nagusiak. Beste datu bat ere eman dute: 2021ean baja eragin zuten 36.364 lan-istripu gertatu ziren Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan.

Ipar Euskal Herrian mobilizazioak egin dituzte sindikatuek. Donibane Lohizunen, esaterako, eraikuntza arloko FSU, CGT eta LABeko kideak elkarretaratu dira Lapix garabi enpresaren aurrean, eta martxoaren 9an Baionan zendutako Mohamed Kechoui langilea gogoratu dute, besteak beste.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Lan-osasuna
Azken zazpi urteetan bikoiztu egin dira buru osasunagatik hartutako bajak Espainiako Estatuan

Gazteen artean izan da nabarmenena igoera: 2019tik %91 hazi da baja kopurua. Emakumezkoen bajak, berriz, ia bikoitza izan dira gizonezkoekin alderatuta. Konfinamenduan jo zuen goia buru osasunagatiko baja kopuruak, baina aurtengo maiatzean kopuru hori gainditu egin da.


Amiantoagatik gaixotutako langile baten osasun arazoengatik Petronor eta Iberdrola zigortu dituzte

Legazpiko Patricio Echeverria enpresako langile ohi baten alargunari ere pentsioa onartu diote, senarra amiantoak eragindako gaixotasun batengatik hil zela onartuta.


2.829 laneko gaixotasunetatik seitan ireki zituen espedienteak Lan Ikuskaritzak 2022an EAEn

Mutualitateek identifikatzen dituzte gaixotasun profesionalak, eta gero gehienak gizarte segurantzara bideratu. LABek salatu du bide horretan enpleguarekin duten lotura ezkutatu nahi izaten dutela. Europar Batasuneko lan-istripuen eta lan-gaixotasunen portaeraren datuek... [+]


2022-10-11 | ARGIA
Amiantoak kutsatuta hil zen langile baten alargunari %40ko errekargua ordaindu beharko dio Fagor Ederlanek

Iruñeko Lan Arloko Epaitegiak frogatutzat eman du hildakoak amiantotik babesteko baliabiderik gabe lan egiten zuela. Aurretik ere antzeko kasu bategatik epaitu zuten Fagor Ederlan Tafalla enpresa.


2022-09-27 | ARGIA
Oñatiko Autlán EMD enpresa auzitegira eraman dute, langileek azido sulfuriko maila altuak jasan dituztelako

ELA sindikatuak jakitera eman duenez, berak sortutako Bidelagun fundazioak salaketa jarri du Oñatiko Autlán EMD (lehengo CEGASA) enpresaren aurka, "bere langileak behartu dituelako azido sulfurikoaren hodei azidoen eta manganeso hautsaren esposizio maila... [+]


Eguneraketa berriak daude