Lan esplotazioa egotzita bi enpresari atxilotu dituzte Bilbon

  • Asteko zazpi egunetan bederatzina orduz lan eginda, hilean 200 euro ordaintzen zizkieten. Langileak egoera irregularrean daudenez, enpresariek baldintza horietan lan egitera behartzen zituzten, bestela Poliziari abisatu eta herrialdetik botako zituztela mehatxu eginda.


2023ko maiatzaren 24an - 12:28
Azken eguneraketa: 15:02
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Bi enpresari atxilotu dituzte Bilbon, bost langile esplotatzea egotzita. Langileek asteko zazpi egunetan bederatzi orduz egiten zuten lan, hilean 200 euroren truke. Ametzola auzoan dago arropa josteko lantegia.

Atzerritarrak dira langileak, eta egoera irregularrean daude. Haiek Poliziari adierazi diotenez, enpresariek baldintza horietan lan egitera behartzen zituzten, bestela Poliziari abisatu eta herrialdetik botako zituztela mehatxu eginda. Azaldu dutenez, inspekzioak saihesteko atea barrutik ixten zuten.

Espainiako Poliziak, Bizkaiko Lan Ikuskaritzarekin batera, joan den ostegunean egin du operazioa, Europa Press-ek gaur jakitera eman duenez. Delituak demostratzen badira, langileen eskubideen aurkako delitu penala eta zigor ekonomikoa ordaindu beharko dute enpresariek. Hain zuzen, langile bakoitzeko 13.000 euro; 10.000 euro baimenik gabeko langileak izateagatik, eta 3.000 euro Gizarte Segurantzari iruzur egiteagatik.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Langile borroka
2025eko azaroaren 5
Gorka Perez de Mendiola. Lorezaina sei hilabetez greban
"Grebaren amaiera bidearen hasiera besterik ez da"

Eguneraketa berriak daude