argia.eus
INPRIMATU
Astean zazpi lan egun eta 200 euro hilean
Lan esplotazioa egotzita bi enpresari atxilotu dituzte Bilbon
  • Asteko zazpi egunetan bederatzina orduz lan eginda, hilean 200 euro ordaintzen zizkieten. Langileak egoera irregularrean daudenez, enpresariek baldintza horietan lan egitera behartzen zituzten, bestela Poliziari abisatu eta herrialdetik botako zituztela mehatxu eginda.

Irati Irazusta Jauregi 2023ko maiatzaren 24a

Bi enpresari atxilotu dituzte Bilbon, bost langile esplotatzea egotzita. Langileek asteko zazpi egunetan bederatzi orduz egiten zuten lan, hilean 200 euroren truke. Ametzola auzoan dago arropa josteko lantegia.

Atzerritarrak dira langileak, eta egoera irregularrean daude. Haiek Poliziari adierazi diotenez, enpresariek baldintza horietan lan egitera behartzen zituzten, bestela Poliziari abisatu eta herrialdetik botako zituztela mehatxu eginda. Azaldu dutenez, inspekzioak saihesteko atea barrutik ixten zuten.

Espainiako Poliziak, Bizkaiko Lan Ikuskaritzarekin batera, joan den ostegunean egin du operazioa, Europa Press-ek gaur jakitera eman duenez. Delituak demostratzen badira, langileen eskubideen aurkako delitu penala eta zigor ekonomikoa ordaindu beharko dute enpresariek. Hain zuzen, langile bakoitzeko 13.000 euro; 10.000 euro baimenik gabeko langileak izateagatik, eta 3.000 euro Gizarte Segurantzari iruzur egiteagatik.