Lagardek eta De Guindosek hipoteka igotzen dizute

  • Carlos Sánchez Mato Madrilgo Unibertsitateko ekonomia aplikatuko irakaslea da eta Ezker Batuko programazioa egitearen arduraduna. El Salto hedabidean idatzi duen artikulua euskaratu dugu. "Europako Banku Zentralak erabaki du diruaren prezioa 75 puntutan igotzea eurogunearen barruan eta horrek kolpe ederra ekarriko dizu", hasten da artikulua.


2022ko irailaren 13an - 12:34

Masa-komunikabideetan denbora okupatuko duen albistea Ingalaterrako Erregina hil izana den arren, zuri eragingo dizuna beste gauza bat da. Bai, Windsor familiaren burua oso zahartuta joan izanak, Forbesek 88.000 milioi dolar baino gehiagoan kalkulatzen dion dirutzarekin, ez dizu bizitza aldatuko.

Baina Europako Banku Zentralak (EBZ) euroguneko diruaren prezioa 75 puntu igotzea erabaki izanak kolpe handia emango dizu. Zuri eta Europako gehiengo sozial handiari eragingo die EBZk inoiz erabakitako tasen igoerarik handienak.

Zergatik egin dute orduan?, galdetuko diozu zeure buruari. Izan ere, EBZk, banketxeen banketxea denak, guztion jabetzakoa denak, ez du ezer egingo denok garen bere akziodunen kontra. Naturaren aurkakoa litzateke. Gainera, zerbaitegatik bereizten bada, "Independentea" delako da, sasiko interes politikoak baino ez dituzten herrialdeetako gobernuetatik kanpokoa.

Oinarrizko arrazoi bat badu horrela jokatzeko. Ortodoxia ekonomikoak beti esan du, prezioen igoeren kasuan, politika monetario gogor bat aplikatu behar dela interes-tasak handituz. Eta inflazioak urtea % 8,1ean amaitzea aurreikusten denez, horren arabera jokatu du.

Logikoa, ezta?

Ba ez.

Gertatzen ari dena kontatzen dizut, nahiz eta “albiste garrantzitsuaz” ari diren telebista guztietako irudiak galduko dituzun. Spoilerra egiten dizut: Ingalaterrako estatuburu berria Elisabet II.aren semea izango da. Alegia, herria jasoko duela herentzian. Eta EBZk apur batzuen interesak defendatzen ditu eurogunean.

Inflazioa duela urtebete baino gehiago hasi zen deskontrolatzen (Ukrainan ez zegoen gerrarik), zeren eta manipulatuta eta enpresa erraldoi gutxi batzuen esku dagoen merkatu elektrikoa urrezko egiten ari da gure kontura. Beraiek “liberalizazioa” deitzen diote. Herriari bizitza bera kostatzen zaio. Europar Batasuneko gobernuek ez zutenez egin prezioak modu marjinalistan finkatzen dituen merkatu batek elikatutako igoera zentzugabe horren aurka, hau da, elektrizitate guztia garestienaren prezioan ordaintzen dugunez, argindarraren prezioen igoera ekonomia osora igaro zen. Beste sektore asko ere sartu ziren “festan”, eta etekinak handitzeko aprobetxatu dute. Hor geneukan inflazioa burua galduta eta ezin zen ezer egin. Merkatua sakratua zen. Gogoratzen? Badakizue, prezioetan esku-hartzea komunisten kontua da, salbu eta dena beltz ikusten hasten badira eta Europako Batzordeko presidenteak proposatzen badu.

Prezioen igoera horiek oso negatiboak dira. Batez ere errenta txikienei egiten diete kalte, neurri handiagoan eragiten baitie lehen mailako produktuei, oinarrizkoei, ordezkatu ezin direnei. Ezin zaio egoera horri eutsi. Horregatik, Christine Lagardek eta Luis de Guindosek erabaki dute tinko jardutea.

Espainiako Estatistika Institutuaren ekaineko datuen arabera, premiazko ondasunen gastua %16 igo zitzaizula 2021aren aldean? Ba beraiek hipoteka %37 igotzen dizute konpontzeko. Ez zaie asko axola, zeren eta, kasualitatez, Lagarde Sarkozyrekin ekonomia ministro izan zen eta De Guindosek kargu bera izan zuen Rajoyrekin. Hara, Europako Banku Zentrala zuzentzen dutenak eta zuzendu izan dutenak ur hotzaren txorrota baino eskuindarragoak dira.

Neurri horiekin konponduko dute?

Berriz ere pitxer bat ur hotz botatzea tokatzen zait. Ez, ez da horrela konpontzen. Esan nahi dut ez dela baliagarria gaizki pasako duten familientzat eta enpresentzat. Hala ere, “zorte pixka batekin”, interes-tasen gorakada latzak jendearen kontsumoa murriztuko du (ez oinarrizko ondasunena, sentitzen dut) eta atzeraldian sartuko gara. Krisi sakoneko urte batzuetan, agian jaitsiko dira prezioak. Funtsean, EBZk gripeak jotako gaixoari sufrimenduak aurreztea erabaki du, eta jipoi bat eman eta hezurrak xehetu dizkio.

Ene zer egin behar den oligopolioekin, saltsan jaun eta jabe direnekin ez sartzeko. Horregatik izan behar du “independentea” EBZk. Izan ere, zugandik eta nigandik kanpo egon behar du, “beste interes batzuk” baititugu, eta beste modu batera konponduko genukeelako, iazko abuztuan prezioen igoera errotik moztuta. Baina horrek sufrimendua ekarriko zien enpresa handiei eta, batez ere, urteak zeramatzatenei EBZri interes-tasak igotzeko eskatzen. Bankuez ari gara.

Lagardek eta De Guindosek urte hasieratik trebetasun handiz gidatu duten goranzko rallyak %49an handituko dizkio diru-sarrerak bankuari urte oso batez. 14.630 milioi euro dira, familien eta finantziarioak ez diren enpresen eskuetatik EBZren benetako akziodunen poltsikoetara pasatuko direnak.

Baina noski, txoke-tratamenduak arazo larriak eragin diezazkioke ekonomiari. Gerta daitezkeen gauza batzuk dira gehien zorpetutako familiek eta enpresek maileguak ezin ordaindu ahal izatea, eta beste banku-krisi bat izatea, zorra ordaintzen ez dutenak ugaritu direlako.

Inor ez dadila kezkatu. Berriro erreskatatu beharko dira erakundeak, gaur atzo baino gehiago, erortzeko handiegiak direnak.

Azken batean, jokaldi biribila, baina gutxi batzuentzat:

A- Elektrizitatearen prezioa igo egiten da sektoreko enpresa handiek manipulatutako merkatu bategatik.

B- Inflazioa igo egiten da.

D- EBZk diru-pizgarriak kendu eta interes-tasak igotzen ditu, bankuek eskatzen zuten bezala.

E- Lagardek eta De Guindosek hipoteka igoko dizute.

Eliteentzako jokoa, set-a eta partida.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Europako Banku Zentrala
Dirua garestitzeari utzi dio AEBetako Erreserba Federalak, atzeraldiaren eta bankuen kolapso gehiagoren beldur

Erreserba Federalak interes-tasak bere horretan uztea erabaki du urtebetean lehen aldiz, orain arte etengabeko igoera egin eta gero. Argudio nagusia inflazioa jaitsi egin dela da, baina atzean badaude mamu gehiago, hala nola, atzeraldi ekonomikoa eragitea eta AEBetako finantza... [+]


EBZk interes tasak igo ditu eta krisi ekonomikoaren kostua herritarren bizkar uzteko planarekin jarraitzen du

Europako Banku Zentralak interes tasak puntu erdia igo eta %3,5ean jarri ditu. AEBetako Silicon Valley bankuaren kiebraren ostean zalantzak zeuden Frankfurtek zer egingo ote zuen, baina inflazioa jaitsiarazteko jarritako bideorriari eutsi dio, eta krisi ekonomikoaren kostua... [+]


"Otorduak ordaindu behar dira", Europako Banku Zentralaren abisua zor publiko handia duten herrialdeei

Neurri progresibo eta eraginkorrak hartzeko ohartarazi dute EBZren blog batean hainbat ekonomialarik; bestela, murrizketa gogorrak egin beharko dira etorkizunean, edo inflazio altuari apropos eutsi, herrialdeen irabaziak zorraren gainetik mantentzeko.


Interes-tasen igoera: "Langabezia handitu dezake, baina egin behar duguna egingo dugu"

Europako Banku Zentralak %2ra igo du ditu interes-tasak. Azken hilabeteetan hirugarren aldiz jarraian igoera handi bat egin du, inflazioari aurre egin nahian. Horrek, baina, hipoteketan eta herritarren poltsikoetan eragiteaz gain, atzeraldi ekonomikoa sor dezake aditu askoren... [+]


Desjabetuen klasea Europan
Ondarerik gabeko herritarrak, pobreziaren atzaparretan

Europako jendartearen gehiengoa pobretu egin dela diote azken urteotako datu eta estatistika guztiek. Europako Banku Zentralak eta antzeko erakundeek darabilten politika ekonomikoak zerikusi zuzena du horrekin; eta desberdintasun soziala gehiago handituko da ondare apur baten... [+]


Eguneraketa berriak daude